Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 30. Igandea (A)
EBANJELIOA
Maita
ezazu Jauna, zeure Jainkoa eta lagun hurkoa zeure burua bezala.
+
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 22, 34-40
Dembora haietan, Jesusek saduzearrak hitzik
gabe utzi zituela jakitean, fariseuak elkarrekin bildu ziren, eta beraietako
lege-gizon batek galdetu zion Jesusi azpikeriaz:
–Maisu, zein da legeko agindurik nagusiena?
Jesusek erantzun:
–Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa,
bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz.
Hori da agindurik nagusiena eta lehena. Eta
bigarrena, ez garrantzi gutxiagokoa, hauxe da: Maitatu lagun hurkoa
zeure burua bezala. Bi agindu hauetan oinarritzen dira Liburu Santu
guztiak.
Jaunak esana.
HOMILIA
2014ko urriaren 26a
MAITASUNEAN
USTEA IZAN
Kristau-erlijioa sistema erlijioso
nekosoa iruditzen zaio jende ez gutxiri; batez ere, Jainkoaren aurrean bizi
ahal izateko, lege-sare nahasiegia. Ez ote diogu kristauok geure arreta eskaini
behar, beste ezer baino lehen, kristau-esperientziak duen gauzarik
funtsezkoenari?
Ebanjelioek Jesusen erantzun hau jaso
dute, Legearen agindurik nagusiena zein den galdetu dion fariseu-talde bati
emana. Hona nola laburtu duen Jesusek gauzarik funtsezkoen hori: «maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz
osoaz, arima osoaz eta zaren osoaz»; hau da bigarrena: «maita ezazu lagun hurkoa zeure burua bezala».
Argia da Jesusen baieztapena.
Maitasuna da guztia. Maitasuna da bizitza erabakitzen duena. Maitasuna da gauza
guztien oinarria. Lehenengo gauza, Jainkoaren eta gainerakoen aurrean
maitasun-jarreraz bizitzea da. Ez ginateke nahastu behar gauza akzidental eta
bigarren mailakoen sarean, funtsezkoenaz ahazturik. Maitasunari dariona da
gainerako guztia. Maitasunik gabe, dena da gelditzen galbideraturik.
Jainkoarekiko maitasunaz ari denean,
Jesusek ez ditu buruan gure bihotzetik sor daitezkeen sentimenduak edo
zirrarak; ez gaitu gonbidatzen geure errezoak eta otoitzak ugaltzera ere.
Honetan datza Jauna geure Jainkoa maitatzea: Jainkoa gure izatearen azken
Sorburutzat aitortzean, geuregan hark nahi duenarentzat atxikimendu osoa
esnatzean, Aita bezala gizon-emakume guztientzat duen maitasunari baldintzarik
gabeko fedez erantzutean.
Horregatik gehitu du Jesusek bigarren
agindua. Ezin duzu Jainkoa maitatu, haren seme-alabei dagokienez axolagabe bizi
bazara. Jainkoaren maitasuna predikatu eta sufritzen ari den jendeaz ahazten
den erlijioa gezur handi bat. Geure bidean aurkitzen dugun pertsona batean
aurrean izan dezakegun giza jarrera bakarra, hura maitatzea da eta harentzat
geure buruari opa diogun ongizatea bera bilatzea.
Irudi luke, hizketa hau guztia
zaharregia dela, ahituegia, eginkortasun eskasekoa. Halere, gaurko munduan ere
lehenengo arazoa maitasun-falta da; giza bizikidetasuna eraikitzeko ahaleginak
eta borrokak, bata bestearen ondoren, desgizatiartzen ari den maitasun-falta.
Duela urte batzuk, Jean Onimus idazle
frantsesak idatzi zuen: «Kristautasuna bere hasieran dago gaur oraino; bi mila
urte bakarrik daramatza gizakia lantzen. Astuna da jende-masa eta mendeak
beharko dira maitasunak hartzitu arte». Jesusek jarraitzaileok ez genuke ahaztu
behar geure erantzukizuna. Etorkizuneko belaunaldiei maitasunean ustea jartzen
laguntzeko, lekuko bizien beharra du munduak; izan ere, gizakiak ezin izango du
etorkizun esperantza-emailerik maitasunarekiko ustea galtzen badu.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2011ko urriaren 23a
LEHENENGO GAUZA
Behin
batean fariseuak bildu eta galdera bat egin zioten Jesusi, beren artean
eztabaida eta tirabira-gai zuten arazo batez: larunbataz, erritu-garbitasunaz,
hamarrenez eta beste puntu batzuez bilduak zituzten seiehun eta hamahiru
aginduak zorrozkien bete nahi zituzten taldeen arteko tirabiraz: «Maisu,
zein da Legeko agindu nagusia?»
Jesusen
erantzuna oso ezaguna da kristauen artean:
«Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa,
bihotz guztiaz, arima guztiaz, zaren guztiaz». Hori da garrantzizkoena. Gero gehitu zuen: «Horren antzekoa da bigarrena:
maita ezazu lagun hurkoa zeure burua bezala». Eta baieztapen hau egin
zuen konklusiotzat: «Bi agindu hauek dira Legearen eta Profeten sostengu».
Asko
axola zaigu Jesusen hitzak entzutea. Izan ere, antzinako Israel herrian bezala,
Elizan ere handituz joan da, mendeen joan-etorrian, aginduen, arauen eta
debekuen kopurua, kristau-bizitzako alde desberdinak arautzeko. Zer da
lehenengo gauza, eta inportanteena? Zein da funtsezko gauza Jesusen
jarraitzaile bezala bizitzeko?
Jesusek
argi utzi du gauza guztiak ez direla garrantzi berekoak. Oker handia da
liturgiako eta araudiko bigarren mailako gauzei inportantzia ematea,
funtsezkoena alde batera utziz. Ez genuke sekula ahaztu behar soilik Jainkoa
eta lagun hurkoa maitatzea dela irizpide nagusia eta lehena Jesusi jarraitzeko
orduan.
Haren
arabera, maitasun hori da hondo-hondoko jarrera, Jainkoarekin dugun harreman
erlijiosoari eta jendearekiko gure portaerari egia eta zentzua ematen dizkion
giltzarri-indarra eta ordezkorik gabea. Zer da kristau-erlijioa maitasunik
gabe? Zertan gelditzen da gure bizitza Elizaren baitan eta gizartean,
maitasunik gabe?
Mota
guztietako arauei eta errituei lotuta, pobreturik, kaskarturik edo zurrundurik
gelditzeko arriskutik liberatzen du bihotza maitasunak. Zer da betetzaile baten
bizitza, Jainkoari maitasun bizirik ez badio? Zer-nolako egia da gure
kristau-bizitzan, premian den lagun hurkoari maitasun praktikorik ez badiogu?
Aski
zabaldurik diren bi jarrerari kontrajartzen zaio maitasuna. Lehenik eta behin,
axolarik ezari, sentiberatasunik eza, buru-zurruna, bihotzik eza den aldetik.
Bigarren, egozentrismoari eta axolarik ezari gainerakoen aurrean.
Hain
kritikoak diren aldi hauetan, ez da gauza inportanteagorik apalki funtsezkoari
eustea baino, hau da, Jainkoa zinez maitatzea, barrutik sentituriko eta
bizitako ospakizunetan elikatuz eta lagun hurkoa maitatzea, fededunen artean
harreman adiskidetsuak indartuz eta premian direnekiko konpromisoa eraginez. Geure
eskura dugu Jesusen arnasa.
José Antonio Pagola
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.