lunes, 1 de diciembre de 2014

2014/12/07 - Abendualdiko 2. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Abendualdiko 2. Igandea (B)


EBANJELIOA

Prestatu bidea Jaunari.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1,1-8

Hona hemen nola hasi zen Mesias eta Jainkoaren Seme den Jesusen berri ona.
Isaias profetak idatzia zuen:

Begira, neure mezularia
bidaltzen dut zure aurretik
zuri bidea moldatzera.
Ahots bat oihuka
ari da basamortuan:
Prestatu bidea Jaunari,
zuzendu bidexkak hari.

Honela, bada, agertu zen Joan Bataiatzailea basamortuan. Bihozberritzeko eta bataiatzeko hots egiten zuen, bekatuen barkamenerako.
Judea herrialde osoa eta jerusalemdar guztiak harengana zihoazen eta, beren bekatuak aitortzen zituztela, Joanek bataiatu egiten zituen Jordan ibaian.
Joanek gamelu-ilezko jantzia zuen soineko eta larruzko uhala gerriko; matxinsaltoak eta basaeztia jaten zituen.
Honela hots egiten zuen: «Nire ondoren dator ni baino ahaltsuago dena, eta ni ez naiz inor makurtu eta haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere.
Nik urez bataiatu zaituztet; hark, ordea, Espiritu Santuaz bataiatuko zaituzte».

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko abenduaren 7an

GEURE BEKATUAK AITORTU

«Jainkoaren Seme Jesukristoren Berri Onaren Hasiera». Horra Markosen ebanjelioaren hasiera itzaltsu eta pozgarria. Baina, segidan, bat-batean eta besterik gabe, bere Mesias eta Jauna onartu ahal izateko herri guztiak beharrezkoa duen premiazko bihotz-berritzeaz hasi da.
Basamortuan profeta desberdin bat agertu da. «Jaunari bidea prestatzera» dator. Horixe du Jesusi egin behar dion zerbitzu handia. Haren deia ez doakio lagun bakoitzaren kontzientziari soilik. Lagun bakoitzaren bihotz-berritze morala baino zerbait gehiago nahi du Joanek. «Jaunari bidea prestatzea» da kontua, bide jakin eta guztiz zehatza, Jesusek berak egingo duen bidea, jende askoren itxaropen konbentzionalei huts eginez.
Hunkigarria izan da herriaren erreakzioa. Ebanjelioaren arabera, Judea eta Jerusalem alde batera utzi eta «basamortuko» bideari ekin dio, deika nabari duen ahotsa entzuteko. Jainkoarekiko, bere adiskide eta aliatu harekiko, antzinako bere leialtasuna gogorarazi dio basamortuak; batez ere, ordea, lekurik hobena da hura bihotz-berritzeko deia entzun ahal izateko.
Bizi duen egoeraz jabetu da han herria; kanbiatu beharra ekarri dio burura; bere bekatuak aitortu ditu han, bata besteari errua botatzen ibili gabe; salbazio-beharra sumatu du. Markosen arabera, «beren bekatuak aitortzen zituzten» eta Joanek «bataiatu egiten zituen».
Kristautasuna bizitzeko gure moduak behar duen konbertsioa ezin da inprobisatu. Barne-biltze eta barne-lan luzea eskatzen du. Urteak beharko dira Elizan egia zinezkoago eta handiago egin dezagun arte, eta gure kristautasunaren erdigunean JesuKristo onartu ahal izateko beharrezkoa den konbertsioa barruntatu ahal dezagun arte.
Hau izan liteke gaur egun gure tentazioa. «Basamortura» ez joan nahi izatea. Konbertsio-premiari izkina egitea. Aldatzera dei egiten digun ahots bati ere kasurik ez egitea. Edozein gauzarekin geure arreta zabartzea, geure beldurra ahantzi eta JesuKristoren egiari «bai» esateko geure adore-falta disimulatzeko.
Miresgarria da «bere bekatuak aitortu» delako judu-herriaren irudi hori. Ez ote gara egungo kristauok kontzientzi azterketa kolektibo bat egin beharrean, maila guztietan, geure hutsegiteak eta bekatuak aitortzeko? Aitorpen hori gabe, daitekeena ote «Jaunari bidea prestatzea»?

José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko abenduaren 4an

BERRI ONA

Urte liturgiko berri honen joan-etorrian, Markosen ebanjelioa irakurriko digu kristauek. Titulu honekin hasten da liburu hori: «Jesu Kristo Jainkoaren Semearen Berri Ona hasiera ». Hitz hauetatik atera dezakegu kontakizun horretan aurkituko dugu zerbait.
Jesusekin zerbait berri «hasi da». Horixe da Markosek argi jarri nahi duen lehenengo gauza. Aurreko guztia iraganeko gauza da. Zerbait berriren eta nahastezinen hasiera da Jesus. Kontakizunean, «aldia bete dela» esango digu Jesusek. Jainkoaren Berri Ona iritsi da harekin.
Horixe ari dira bizitzen lehen kristauak. Jesusekin biziro topo egin eta haren misterioan hein batean murgiltzen denak badaki bizi berria hasi duela, ordu arte sekula esperimentatu ez zuen zerbait.
«Berri Ona» da Jesusengan aurkitzen duena. Zerbait berri eta on. Markosek darabilen «Ebanjelio» hitza oso sarri erabiltzen zuten Jesusen lehen jarraitzaileek, eta harekin topo egitean sentitzen zutena adierazten du. Liberazio-sentipena, poza, segurtasuna eta beldurra galtzea. «Jainkoaren salbazioarekin» egiten dute topo Jesusen baitan.
Jesusengan gizakiaren adiskide en Jainkoa, herri guztien Aita, azkenak direnen defendatzailea, galduak direnen esperantza aurkitzen duenak ondo daki ez duela albiste hoberik aurkituko. Mundua gizatarrago, duinago eta zoriontsuago egiteko Jesusen lan-egitasmoa ezagutzen duenak badaki ez duela izango zeregin handiagorik.
Jesus bera da, Markosek idatzi duen kontakizunaren protagonista alegia, Berri On hori. Horregatik, bere lehenengo asmoa Markosek ez du Jesusez ikasbide bat ematea, ezta hartaz informazio biografikoa ematea ere, baizik gu liluratzea Jesusen baitan bakarrik aurkitu ahal izango dugun Berri Onari geure bihotza ireki diezaiogun.
Bi titulu ematen dizkio Markosek Jesusi: bat bereziki judua, bestea unibertsala. Halere, badu irakurlearentzat ezustekorik. Juduek beren herriaren askatzailetzat espero zuten «Mesias» da Jesus. Baina erromatarrak suntsitzeko espero zuten lider gerlaria ez bezalako Mesias da, guztiz. Bere kontakizunean, Jainkoak bidalitakotzat ematen du Jesus, gizadiaren bizia gizatartzeko eta haren historia salbaziora bideratzeko. Horra lehenengo ezustekoa.
«Jainkoaren Semea» da Jesus, baina ez batzuek imajinatu izan zuten botereaz eta aintzaz hornituriko hura. Jainkoaren Seme guztiz gizatarra da, hartaraino non Jainkoa bakarrik izan baitaiteke horrelakoa. Guztientzat izan duen zerbitzu bizitza bukatzean bakarrik, gurutzean josi dutenean alegia, aitortu ahal izango du erromatar ehuntariak: «Zinez, Jainkoaren Semea zen gizon hau». Horra bigarren ezustekoa da.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2008ko abenduaren 7an

GEURE BEKATUAK AITORTU

(2014ko abenduaren 7aren homilia ikusi)

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.