Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
EBANJELIOA
Norbait niri itsatsia
badago, fruitu asko emango du.
+ Jesu Kristoren
Ebanjelioa San Joanen liburutik 15,1-8
Denbora haietan, Jesusek bere ikasleei ezan
zion:
«Neu naiz egiazko mahatsondoa , eta nire Aita
da nekazaria. Fruiturik ematen ez duen aihena ebaki egiten du Aitak, eta
fruitua ematen duena garbitu eta kimatu, fruitu gehiago eman dezan. Zuek garbi
zaudete dagoeneko, adierazi dizuedan mezuaren bidez. Zaudete niri itsatsiak, ni
zuei bezala. Aihenak, mahatsondoari itsatsia ez badago, fruiturik eman ezin
duen bezala, ezta zuek ere, niri itsatsiak ez bazaudete.
«Ni naiz mahatsondoa eta zuek aihenak.
Norbait niri itsatsia badago, ni berari bezala, horrek fruitu asko emango du;
ni gabe ezin baituzue ezer egin. Niri itsatsirik ez dagoena kanpora botatzen
dute, ebaki eta ihartzen den aihena bezalaxe; gero, bildu, sutara bota eta erre
egiten dute. Niri itsatsirik bazaudete eta nire irakatsiek zuengan tinko
irauten badute, eskatu nahi duzuena eta izango duzue. Honetan azaltzen da nire
Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, fruitu asko ematean.»
Jaunak esana.
HOMILIA
2015eko maitzaren 3a
EZ APARTATU JESUSENGANDIK
Xumea
da irudia eta oso adierazkorra. «Egiazko mahatsondoa» da Jesus, biziz
izerditsua; ikasleak «aihen» dira, Jesusi darion izerditik bizi dira:
mahastizaina da Aita, bera ari da mahastia zaintzen, fruitua oparo eman dezan.
Axola duen gauza bakarra, haren egitasmoa gauzatu dadin da, hau da, mundua
guztientzat gizatarrago eta zorionekoago bilaka dadin.
Aipatu
irudiak arazoa non dagoen nabarmendu du. Badira aihen ihartuak, Jesusen
izerdirik ez dutenak. Fruiturik ematen ez duten ikasleak dira, beren zainetan
Berpiztuaren Espirituaren arnasarik ez dutelako. Hilko ez hilko diren elkarteak
dira, Jesusengandik etenik daudelako.
Horregatik
dakar testuak baieztapen bizi hau: «aihenak ezin eman du fruiturik,
mahatsondoari itsatsia ez bada»: ikasleen bizitza agorra izango da, Jesusengan
«irauten ez badute». Hitz borobilak dira: «Ni gabe ezin duzue ezer egin». Ez ote
da agertzen hemen gure kristautasunaren krisiaren benetako sustraia, beste
ezerk ez bezala haren oinarriak zartatzen ari den barne eragilea?
Kristau
askok bere erlijioa bizitzeko duen moldeak, Jesu Kristorekin bizi-loturarik
gabeak, ezin iraungo du luzaroan: «folklore» anakroniko bihurtuko da,
Ebanjelioaren Berri Ona inori emango ez dion folklore huts. Elizak ezin bete
izango du bere misioa egungo munduan, geure burua «kristau» jotzen dugunok
Jesusen ikasle bilakatzen ez bagara, mundua gizatarrago egiteko haren
espirituak eta haren grinak animatzen ez bagaitu.
Kristau
izateak Jesu Kristoz bizi-esperientzia egin beharra dakar, hura barnez ezagutu
beharra eta haren egitasmoarekiko grina; kristiandadeko gizartean ez zen halako
beharrik erlijio-betetzaile huts izateko. Jesusekin harreman estuagoak eta
grinatsuagoak bizitzen ikasten ez badugu, gure kristautasunaren gainbehera
gaixotasun hilgarri bihur daiteke.
Arazo
askoz arduraturik bizi gara gaur egun kristauok, eta gogoz barreiaturik. Ezin
da besterik izan. Baina ez ginateke ahantzi behar funtsezkoaz. «Aihen» huts
gara guztiok. Jesus bakarrik da «egiazko mahatsondoa». Inporta duen gauza une
honetan «harengan irautea» da: gure arreta guztia Ebanjelioari eskaintzea: gure
talde, sare, elkarte eta parrokietan harekiko harreman biziak elikatzea;
harengandik ez apartatzea.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko maiatzaren 6a
HARREMAN
PERTSONALAK
Joanen ebanjelioko kontakizunaren
arabera, Jesusek, bera hil bezperan, bere desiorik sakonen hau agertu zien
ikasleei: «Iraun ezazue nigan». Badaki koldarrak eta erdipurdiko direla.
Askotan bota izan die aurpegira beren fede eskasa. Jesusekin bizi-loturarik ez
badute, ezin bizi izango dira.
Ezin argiago eta esanguratsuago
dira Jesusen hitz hauek ere: «Aihenak, mahatsondoari loturik irauten ez badu,
berez fruiturik ezin eman duen bezala, zuek ere ez nigan irauten ez baduzue».
Haren ondoan ikasi eta bizi izan dutenari irmo atxikirik eusten ez badiote,
bizitza agor emango dute. Haren Espirituaz bizi ez badira, hark hasia ito
egingo da.
Hizkuntza gotorra darabil
Jesusek: «Ni naiz mahatsondoa eta zuek aihenak». Jesusi darion izerdia jario
behar du ikasleen baitan. Ez lukete hori sekula ahaztu behar. «Nigan irauten
duenak eta nik harengan, hark emango du fruitua ugari, zeren ni gabe ezin
baituzue ezer egin». Jesusengandik aparte, ikasleok ezin dugu ezer egin.
Jesusek ez die eskatu beragan
irautea bakarrik. Beste hau esan die gainera: «haren hitzak iraunaraz ditzatela
berengan». Ez ditzatela ahaztu. Bizi daitezela haren Ebanjeliotik. Iturri
horretatik behar dute edan. Esana zien hori bera beste abagune batean: «Esan
dizkizuedan hitzak espiritu eta bizi dira».
Berpiztuaren Espirituak bizirik
eta eragile jarraitzen du gaur egun haren Elizan, era askotan; baina ikusezin
eta isila den haren presentzia hori bereizgarri ikusgarriz eta ahots zehatzez
horniturik ageri da; hain zuzen, hurbiletik ezagutu eta jarraitu ziotenen
ebanjelio-kontakizunetan gordea den oroitzapenari esker. Ebanjelioak direla
medio, harremanetan jartzen gara haren mezuarekin, haren bizierarekin,
Jainkoaren erreinuaz duen egitasmoarekin.
Horregatik, ebanjelioetan dago
kristau-elkarteek beren bizitza biziberritzeko duten indarrik handiena. Jesusen
jarraitzaileek geure nortasuna berreskuratzeko behar dugun energia. Jesusen
Ebanjelioa da tresnarik inportanteena gaur egun Eliza eraberritzeko.
Gure elkarteetako kristau askok
«bigarren eskutik» bakarrik ezagutzen ditu ebanjelioak. Jesusez eta haren
mezuaz ezagutzen duten guztia, predikarien eta katekisten hitzetik atera ahal
izan dutenetik eraiki ahal izan dutena da. Beren fedea bizi, «Jesusen hitzekin»
harreman pertsonalik izan gabe bizi dute.
Nekez imajina daiteke
«ebanjelizazio berri bat», jendeari ebanjelioak zuzenean eta hurbilagotik
ezagutzeko aukera eman gabe. Ezerk ez indar ebanjelizatzaileagorik, Jesusen
Ebanjelioa elkartean entzuteko esperientziak baino, gure garaiko galderak,
arazoak, sufrimenduak eta esperantza begi aurrean ditugula.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2009ko maiatzaren 10a
EZ APARTATU JESUSENGANDIK
(2015eko maiatzaren 3a homilía
ikusi).
José Antonio Pagola
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.