lunes, 25 de abril de 2016

2016-05-01 - 6. Pazko Igandea (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

6. Pazko Igandea (C)


EBANJELIOA

Espiritu Santuak gogoraraziko dizue nik irakatsitako guztia.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 14, 23-29

Jesusek erantzun zion:
– Maite nauenak onartuko du nire mezua; nire Aitak maite izango du, eta Aita eta biok berarengana etorriko gara eta berarengan biziko. Maite ez nauenak, ordea, ez ditu onartzen nire hitzak. Eta adierazi dizuedan mezua ez dut neurea, bidali nauen Aitarena baizik.
«Zuekin naizen artean esan dizuet hau guztia. Baina Aitak Laguntzailea, Espiritu Santua, bidaliko dizue nire izenean, eta berak gogoraraziko dizue nik irakatsitako guztia eta ulertzen lagunduko.
«Agurtzerakoan, bakea, neure bakea, ematen dizuet; nik ematen dizuedan bakea ez da munduarena bezalakoa. Ez kezkatu, ez izan beldur. Entzun duzue esan dizuedana: “Banoa, baina itzuliko naiz zuengana”. Benetan maite baninduzue, poztu egingo zinatekete Aitarengana noalako, Aita ni baino handiago baita. Eta orain esan dizuet, gertatu baino lehen, gerta dadinean sinets dezazuen.

Jaunak esana.

HOMILIA

2016ko maiatzaren 1a

BAKEA ELIZAN

Joanen ebanjelioan hitzaldi saila irakur dezakegu, zeinetan Jesus ikasleei agur esaten ageri baita. «Agurraren hitzaldia» deitzen diete iruzkingileek. Oso giro berezia nabari da hor: ikasleek beldurra diote beren Maisurik gabe gelditzeari; Jesusek, ordea, hau diotse: bera joan arren, ez dutela sumatuko bere absentziarik.
Bost alditaraino errepikatu die berekin izango dutela «Espiritu Santua». Hark defendituko ditu, zeren Jesusen mezuari eta egitasmoari atxikirik bizitzen eutsiko baitie. Horregatik, «egiaren Espiritua» deitzen dio. Une jakin batean, argiago azalduko die zein izango den haren egitekoa: «Defendatzaileak, Espiritu Santuak... irakatsiko dizue guztia, hark gogoraraziko dizue nik esan dizuedan guztia». Jesusen oroimen bizia izango da Espiritu hori.
Ikasleei eskaintzen dien mundu hori handiosa da. Espirituzko ikasle-mugimendu handia sortuko da Jesusengandik, Espiritu Santuak defendaturik jarraituko diotenen mugimendua. Jesusen egiari lotuko zaizkio, zeren Espiritu horrek irakatsiko baitie Galilean barna Jesusek agertu izan dien guztia. Espirituak defendituko ditu etorkizunean larritasun eta koldarkeria orotatik.
Jesusek gogo bizia du ikasleek atzeman dezaten zer esanahi duen beraientzat egiaren Espiritu horrek, elkartearen Defendatzaile horrek: «Bakea uztera noakizue: bakea ematera». Bakea ez die opa soilik. Erregalatu egin die bere bakea. Espirituaren gidaritzapean bizi badira, bere hitzak gogoratuz eta gordez, ezagutuko dute bakea.
Ez da edozelako bakea. Jesusen bakea da. Horregatik diotse: «Ez damaizuet nik munduak ematen duena bezalakoa». Jesusen bakea ez da gauzatzen gezurrean edo zuzengabekerian arnasturiko estrategiaz, baizik egiaren Espirituarekin jokatuz. Hura behar dute sostengu: «Ez dezala dar-dar egin  zuen bihotzak, ez dadila koldartu».
Elizan jasaten ari garen aztoratzearen eta izen-galtzearen aldi zail honetan, oker handia izango litzateke geure sinesgarritasuna eta aginpide morala Jesusek hitzemandako egiaren Espiritua alde batera utzirik defenditu nahi izatea. Beldurrak kristautasunean sartuz jarraituko du, geure segurtasuna eta bakea hark markatutako bidetik apartatuz finkatu nahi baditugu.
Elizan bakea galtzen denean, ezin da berreskuratu edonola, ezta edozein estrategiaz baliatuz ere. Bihotza erresumindurik eta itsu, ezin da eskuratu Jesusen bakea. Beharrezkoa da haren egiara umilki bihurtzea, geure indar guztiak pil-pil jartzea, oker burututako bidean atzera egiteko, eta Jesusen bizitza osoa arnastu zuen Espirituak gida gaitzan uzteko.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2013ko maiatzaren 5a

JESUSEN AZKEN DESIOAK

Ikasleei agur egiten ari da Jesus. Triste eta koldarturik ikusten ditu. Guztiek dakite azken uneak bizitzen ari direla beren Maisuarekin. Zer gertatuko da Maisua joatean? Norengana jo ahal izango dute? Zein izango dute babesle? Bihotz eman nahi die Jesusek, bere azken desioak azalduz.
Ez dadila gal nire Mezua. Horra Jesusen lehen desioa. Ez dadila ahaztu Jainkoaz eman dien Berri Ona. Bere jarraitzaileek gorde dezatela bizi-bizi Aitaren gizabidezko egitasmoaren oroitzapena: hainbat aldiz aipatu dien «Jainkoaren erreinu» hori. Maite badute, hona lehenik egin behar dutena: «maite nauenak gordeko du ni hitza… maite ez nauenak ez du gordeko».
Hogei menderen buruan, zer egin dugu Jesusen Ebanjelioaz? Leial gordetzen al dugu ala hura manipulatzen ari gara geure probetxurako? Onartzen al dugu bihotzean ala hartaz ahazten ari gara? Jator aurkezten al dugu ala geure irakaspenen pean ezkutatzen dugu?
Aitak Babesle bat bidaliko duzue nire izenean. Jesusek ez ditu umezurtz utzi nahi. Ez dute sumatuko bera falta denik. Aitak Espiritu Santua bidaliko die, beragandik urruntzeko arrisku guztitik babestuko dituena. Jesusengan beragan sumatua dute Espiritu hori, nola eragin dion pobreengana; Espiritu horrek berak eragingo die berei ere norabide berean.
Espirituak «irakatsiko die» berak irakatsi eta erakutsi dien guztia hobeto ulertzen. Bere Berri Ona gero eta sakonago hartzen lagunduko die. Hark «gogoraraziko die» entzun izan diotena. Hark heziko ditu Jesusen bizieran.
Hogei menderen buruan, zer espiritu da nagusi kristauen artean? Jesusen Espirituari uzten al diogu gida gaitzan? Gai al gara Jesusen Berri Ona eguneratzeko? Adi al gaude sufritzen dutenen aurrean?  Norantz eragiten digu gaur egun Jesusen Espirituaren arnasa berritzaileak?
Neure bakea demaizuet. Beragan ikusi duten bake bera bizi dezaten nahi du Jesusek, Aitarekin duen elkartasun barne-barnekoaren fruitu den bakea. Bere bakea eman die erregalu. Ez da munduak eman dezakeena bezalakoa. Beste bat da. Bihotzean jaioko zaie, baldin eta Jesusen Espirituari harrera egiten badiote.
Horixe da kutsatu behar duten bakea noranahi iristen diren guztietan. Horixe da zabalduko dutena Jainkoaren erreinua hots egitean, mundu sanoago eta zuzenago bati bidea urratzean. Ez dute galdu behar sekula bake hori. Jesusek errepikatzen du: «Ez dadila jar dar-dar zuen bihotza, ez dadila koldartu».
Hogei menderen buruan, zergatik zurruntzen gaitu beldurrak etorkizunaren aurrean? Zer dela-eta horrenbeste errezelo gizarte modernoaren aurrean? Jende asko da Jesusen gose. Frantzisko aita santua Jainkoaren erregalua da. Egoera osoak gonbidatzen gaitu Jesusekiko eta haren Ebanjelioarekiko leialagoa den Eliza baterantz. Ezin gelditu gara besoak tolestaturik.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2010ko maiatzaren 9a

BAKEA ELIZAN

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.