Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
7. Pazko igandea - Jainkoaren Igokundea (C)
EBANJELIOA
Bedeinkatzen zituen bitartean, haiengandik aldendu egin
zen, eta zerura eraman zuten.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 24,
46-53
Denbora hauetan, Jesusek ikasleei esan zien: «Idatzia zegoen Mesiasek
sufritu egin behar zuela eta hirugarren egunean hildakoen artetik piztu, eta,
Jerusalemdik hasita, herri guztiei bihotz berritzeko hots egin behar zaiela,
bekatuak barka dakizkien. Zuek zarete honen guztiaren lekuko. Eta nik, neure Aitak
agindutako dohaina, Espiritu Santua, bidaliko dizuet. Zuek egon hemen, hirian,
Jainkoarengandiko indarraz jantzi zaitezten arte».
Ondoren, Betania aldera atera zituen Jesusek ikasleak, eta, eskuak
altxaturik, bedeinkatu egin zituen. Bedeinkatzen zituen bitartean, haiengandik
aldendu egin zen, eta zerura eraman zuten. Haiek, Jesus ahuspez gurtu ondoren,
Jerusalemera itzuli ziren poz-pozik. Eta etengabe tenpluan egon ohi ziren
Jainkoa goresten.
Jaunak esana
HOMILIA
2016ko maiatzaren 8a
HAZKUNDEA ETA SORMENA
Ebanjelioek hainbat giltza eskaintzen digute ulertzeko,
nola hasi zuten beren ibilbide historikoa lehen kristau-elkarteek, Jesus beren
begi aurrean jadanik ez zutela. Agian, ez zen izan dena batzuetan imajinatu ohi
dugun bezalakoa. Nola ulertu eta bizi izan zituzten Jesusekiko harremanak, hura
lurretik desagertu zenetik?
Mateok ez dakar ezer Jesus zerura igotzeaz. Bere
ebanjelioa Galileako mendi bateko agur-pasadizo batekin bukatu du, zeinetan
Jesusek promes solemne hau egin baitie: «Jakizue zeuekin izango nauzuela ni
egunero munduaren azkena arte». Ikasleek ez dute zertan sentitu haren
absentzia. Berekin izanen dute Jesus beti. Baina, nola?
Beste ikusmolde bat agertu du Lukasek. Bere ebanjelioko
azken pasadizoan, Jesus «apartatu egin da haiengandik, zerura igotzeko».
Ikasleek bere horretan onartu behar dute apartatze hori: Jesus jadanik
Jainkoaren misterioan bizi da. Baina bereak «bedeinkatuz» igo da Aitagana.
Jarraitzaileek bedeinkazio haren babesean hasiko dute beren ibilbidea;
bedeinkazio berarekin sendatzen baitzituen Jesusek gaixoak, barkatzen
bekatariei, ferekatzen txikiak.
Joan ebanjelariak beste giltza bat proposatzen duten
hitzak ezarri ditu Jesusen ahoan. Bereei agur esatean, Jesusek diotse:
«Aitagana noa eta zuek triste zarete...Alabaina, komeni zaizu ni joatea,
Espiritu Santua har dezazuen». Ulertzekoa da ikasleen tristura. Jesus beti
berekin izateak demaien segurtasuna opa dute. Maisuaren babesean beti haur bizi
nahi izatearen tentazioa da.
Jesusen erantzunak pedagogia jakintsua ageri du. Haren
absentziak hazaraziko du haren jarraitzaileen heldutasuna. Bere Espirituaren
zigilua utzi die. Jesusen absentzian, Espirituak eragingo du hareengan
erantzulea eta heldua den bati dagokion hazkundea. Komeni da hau gogoratzea
gure garai honetan, zeinetan ematen baitu gure artean sormenarekiko beldurra,
immobilismoaren tentazioa edo beste aldi batzuetarako edo beste kultura
baterako zen kristautasunaren nostalgia ari dela hazten.
Kristauok behin baino gehiagotan jo izan dugu, historian
barna, Jesusekiko jarraipena haur-eran bizitzera. Jesusen Igokundeak
gogorarazten digu ezen, Jesusen presentzia historikoa amaiturik, «Espirituaren
aldia» bizi dugula, sormenaren eta hazkunde erantzulearen aldia. Espirituak ez
digu eskaintzen Jesusen jarraitzaileoi «betirauneko errezetarik». Argia eta
hatsa dakarkigu beti berriak diren bideen bila ibiltzeko, gaur egun Jesusen
jarduera berregiteko. Horrela gidatzen gaitu Jesusen egia betera.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2013ko maiatzaren 12a
JESUSEN BEDEINKAZIOA
Azken tartetxoa bizi du Jesusek bereekin. Laster utziko
ditu, Aitaren misterioan behin betiko sartzeko. Ordudanik ezin izango da haien
bidelagun munduko bideetan, Galilean izan den bezala. Inork ez du ordeztuko Jesusen
presentzia.
Pentsamendu bakarra du Jesusek: irits dadila herri
guztietara Jainkoaren barkazioaren eta errukiaren mezua; entzun dezatela
guztiek konbertsiorako haren deia; ez dadila bizi inor esperantzarik gabe.
Guztiek jakin behar dute Jainkoak mugarik gabe ulertzen eta maite dituela bere
seme-alabak. Nork hots egin dezake, ordea, Berri On hau?
Lukasek dakarrenez, Jesusek ez du buruan ez gotzainik, ez
apaizik. Ezta doktorerik edo teologorik ere. Lurrean «lekukoak» utzi nahi ditu.
Hau dute lehen egitekoa: «zuek zarete gauza hauen lekuko». Jesusen lekuko
horiek izango dira Jainko on baten esperientzia aditzera emango dutenak,
Jesusen biziera kutsatuko dutenak, gizatasun handiagoko mundu baten alde lan
eginez.
Alabaina ondotxo ezagutzen ditu Jesusek bere ikasleak.
Ahulak dira eta koldarrak. Non aurkituko dute ausardia lekukoko izateko?; hain
juxtu, Inperioaren ordezkariak eta Tenpluko buruzagiek gurutzean josi duten
baten lekuko izateko? Jesusek berak lasaitu ditu: «Aitak hitzeman duena
bidaliko dizuet nik». Ez dute izango «goitiko indarraren» faltarik. Jainkoaren
Espiritua izango dute babesle.
Jesusen gogoa grafikoki adierazteko, era harrigarrian
deskribatu du Lukasek Jesusek mundu hau uzteko modua: hain zuzen, Aitagana
jiratu da Jesus eskuak goratuz eta ikasleak bedeinkatuz. Bere azken keinua du.
Jainkoaren ezin atzemaneko misterioan murgildu da Jesus eta haren bedeinkazioa
jaitsi da mundura.
Kristauok ahaztu egin dugu Jesusen bedeinkazioaren eroale
garela. Geure lehen egitekoa Jainkoaren Onberatasunaren lekuko izatea da.
Esperantzari bizirik eustea. Etsi egin dugu gaitzaren aurrean. «Infernu
madarikatua» dela ematen duen mundu hau, ordea, ez dago galdurik. Samurkiro eta
errukibera begiratzen dio Jainkoak.
Posible da gaur egun ere ongiaren bila ibiltzea, on
egitea, ongia hedatzea.Posible da gizatasun handiagoko mundu baten alde lan
egitea, biziera jatorrago baten bila ibiltzea. Izan gintezke solidarioago eta
geurekoikeria txikiagoko jende. Baita soilago ere eta diruaren esklabo
txikiago. Ekonomi krisialdiak berak eragiten ahal digu hain ustela ez den
gizarte bat bilatzera.
Jesusen Elizan ahaztu egin dugu lehenengo gauza
«onberatasunaren pastoraltza» eragitea dela. Bere bizitza onberatasun-keinuak
eta –hitzak ereinez igaro zuen Jesus horren lekuko eta profeta behar dugu izan.
Jesusek berak horrela iratzarri zuen
Galileako jendeagan Jainko Salbatzaile batekiko esperantza. Bedeinkazioa da
Jesus; jendeari ezagutzera eman beharra dugu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2010ko maiatzaren 13a
HAZKUNDEA ETA SORMENA
(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Para
ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.