lunes, 11 de julio de 2016

2016-07-17 - Urteko 16. Igandea (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 16. Igandea (C)


EBANJELIOA

Marta zeritzan emakume batek etxean hartu zuen.  Alderik onena aukeratu zuen Mariak.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 10,38-42

Bidean zihoazela, Jesus herrixka batean sartu zen, eta Marta zeritzan emakume batek etxean hartu zuen.
Bazuen honek Maria izeneko ahizpa bat, eta hau, Jaunaren oinetan jarrita, honen hitza entzuten zegoen. Marta, berriz, lanpetua zebilen etxeko zereginetan. Orduan, Jesusengana joan eta esan zion:
– Jauna, ongi ikusten al duzu nire ahizpak etxeko lan guztiak nire gain uztea? Esaiozu laguntzeko.
Jaunak, ordea, erantzun zion:
– Marta, Marta, gauza askorengatik zabiltza kezkaz eta larri; baina bat bakarra da beharrezko. Alderik onena aukeratu du Mariak, eta ez dio inork kenduko.

Jaunak esana.

HOMILIA

2016ko uztailaren 17a

BEHARREZKOA ETA PREMIAZKOA

Ikasle-taldea bere bidean aurrera doala, bakarrik sartu da Jesus herrixka batean eta asko maite dituen bi ahizpen etxerantz hartu du. Jesusen aurrean erreakzio desberdinak izan dituzte bi emakume horiek.
Maria – segur aski, bietan gazteena – dena bertan behera utzi eta «Jaunaren oinetan eseri da». Hari entzutea du bere ardura guztia. Benetako ikasleari dagozkion ezaugarriez deskribatu du ebanjelariak Maria: Maisuaren oinetan, hari adi-adi, haren Hitza onartuz eta haren irakaspenaz janarituz.
Bestelakoa izan da Martaren erreakzioa. Jesus iritsi denetik, ekin eta ekin ari da hari harrera ona egin eta behar bezala kasu egiteko. Zeregin askok larriturik deskribatu du Lukasek. Egoerak gaina hartu dio Martari eta, bere ahizparen jarreraz mindurik, honela agertzen dio bere kexua Jesusi: «Jauna, ez al dizu axola ahizpak ni bakarrik utzi izana zerbitzuarekin? Esaiozu lagundu diezadan».
Jesusek ez du galdu horrenbestez bere bakea. Txera handiaz erantzun dio Martari, haren izena errepikatuz; ondoren, ikusarazi dio beretzat ere kezkatzekoa dela haren estutasuna, baina jakin behar duela ezen berari entzutea hain funtsezkoa eta beharrezkoa dela non ikasle bakar bat ere ezin dela utzi bere Hitza gabe: «Marta, Marta, larri eta urduri zabiltza hainbat gauzaren artean; bakarra da beharrezkoa. Alderik onena hautatu du Mariak eta ez dio kenduko inork».
Jesus ez doa Martaren zerbitzuaren aurka. Nola ba? Bera ari baita irakasten guztiei bere etsenpluaz gainerakoei harrera ona, zerbitzua eta laguntza eskainiz bizitzen. Kritikatzen diona lan egiteko era da, hain urduri jardutea, egiteko gehiegiren zamapean.
Jesusek ez ditu kontrajartzen bizitza aktiboa eta kontenplatzailea, , ezta bere hitza leial entzutea eta bera bezala gainerakoei emanik bizitzeko konpromisoa ere. Aitzitik, ekintzaren ekintzapean ito beharrean bizitzearen arriskuaz ohartarazi nahi du, etengabeko barne larridura biziz, norberaren baitan Espiritua itzaliz, bakea eta maitasuna baino gehiago gainerakoei urduritasuna eta estutasuna kutsatuz.
Indarrak gutxituz doazela ikusirik, kristau bihotz-handienei, Eliza barruan eta kanpoan, era guztietako konpromisoak eskatzen ohitzen ari gara. Alabaina, aldi berean, Jesus ezagutzeko, haren Hitza entzuteko eta haren Ebanjelioaz janaritzeko tarteak eta uneak eskaintzen ez badizkiegu, arrisku hau izango dugu: Elizan asaldura eta urduritasuna hazaraztekoa, baina ez Jesusen Espiritua eta bakea. Gerta daiteke, gure elkarteak animatzeko, estutasunak jotako funtzionariok sortuko ditugula, baina ez beren Maisuaren arnasa eta bizia irradiatuko duten testiguak.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2013ko uztailaren 21ea

EZER EZ BEHARREZKOAGORIK

Harrigarria da pasadizoa. Jesusek bidelagun dituen ikasleak eszenaz kanpo gelditu dira. Lazaro ere, Martaren eta Mariaren neba, ez dago. Betaniako herrixkako etxean, bi emakumerekin bakarrik dago Jesus; hau iristean, bi jarrera desberdin hartu dituzte emakumeek.
Martak, ahizpa nagusia inondik ere, etxekoandre gisa egin dio harrera Jesusi, eta honen zerbitzura jarri da buru-bekarri. Ulertzekoa da. Garai hartako ikusmoldearen arabera, etxeko lanak emakumeari bakarrik zegozkion. Maria, berriz, ahizpa gazteena, Jesusen oinetan eseri da, hari entzuteko. Harritzeko jarrera da; izan ere, gizonezkoei bakarrik zegokien «ikaslearen» lekua hartu du.
Halako batean, Martak, lanari erabat emanik eta nekeak jota, sentitu du ahizpak bakarrik utzi duela eta Jesusek ez diola ulertzen: «Jauna, ez al dizu axola ahizpak ni bakarrik utzi izana zerbitzurako? Esaiozu laguntzeko». Zergatik ez dio agintzen ahizpari Jesusek emakumeari dagokion lanari ekiteko eta gizonezko ikasle bati dagokion lekua alde batera uzteko?
Garrantzi handikoa da Jesusen erantzuna. Pasarte hau idaztean, Lukasek gogoan ditu lehen kristau-elkarteetan, egiteko desberdinak finkatzean, izan ohi ziren desadostasunak eta tirabira txikiak: «Marta, Marta, kezkaturik eta urduri zabiltza hainbat gauzarekin; bakarra da beharrezkoa. Alderik hobena hautatu du Mariak, eta ez diote kenduko».
Jesusek ez dio aurpegiratzen Martari, inoiz ere. bere zerbitzu-jarrera; oinarrizko egitekoa da hori bestalde Jesusi jarraitu ahal izateko; baina lanak itotzen ez uzteko eskatu dio, bakea galtzeko puntuan gertatzeraino. Eta gogorarazi dio, Hitza entzutea dela lehenengo gauza gizaki guztientzat, baita emakumeentzat ere, eta ez dela hori gizonezkoen pribilegioa.
Gaur egun, premiazkoa da kristau-elkartea zuzen ulertu eta antolatzea: gaur egungo gizarte sekular eta plural honetan, beste ezer baino lehenago Ebanjelioa nola onartu zainduko duen elkarte bezala, alegia. Ezer ez beharrezkoagorik. Ikasi beharra dugu talde txikietan elkartzen emakume eta gizonezko, fededun eta fedegabe, Jesusen hitza elkarrekin entzun eta partekatzeko.
Ebanjelioa «zelula» txikietan entzute hau bihur daiteke gaur egun «sutondo» emankor, nondik joango baita eraberritzen koloka diren gure parrokietako ehuna. Herri xumeak Ebanjelioa lehen eskutik ezagutzen eta gozatzen badu, eta hierarkiari hala eskatzen badio, guztiok eramango gaitu arrastaka Jesusengana.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2010ko uztailaren 18a

BEHARREZKOA ETA PREMIAZKOA

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.