lunes, 4 de julio de 2016

2016-07-10 - Urteko 15. Igandea (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 15. Igandea (C)


EBANJELIOA

Nor da nire lagun hurkoa?

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 10,25-37

Orduan, lege-maisu batek jaiki eta azpikeriaz galdetu zion:
– Maisu, zer egin behar dut ondaretzat betiko bizia jasotzeko?
Jesusek esan zion:
– Zer dago idatzia Moisesen legean? Zer irakurtzen duzu?
Hark erantzun:
– Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz. Eta lagun hurkoa zeure burua bezala.
Jesusek erantzun zion:
– Ederki erantzun duzu. Bete hori eta bizia izango duzu.
Baina lege-maisuak, bere galdera bidezkoa zela adierazi nahirik, galdetu zion Jesusi:
– Eta nor da nire lagun hurkoa?
Jesusek erantzun zion:
– Behin batean, gizon bat zihoan Jerusalemdik behera Jerikorantz eta lapurren eskuetan erori zen; zeuzkanak kendu eta, egurtu ondoren, alde egin zuten, erdi hilik utziz. 31 Apaiz bat gertatu zen, hain zuzen, bide hartan behera, eta, gizona ikustean, bidetik okertu eta aurrera jo zuen. 32 Gauza bera egin zuen handik igaro zen tenpluko lebitar batek ere: ikustean, bidetik okertu eta aurrera jo zuen. 33 Baina bidaian zen samariar bat bertara iritsi eta, hura ikustean, errukitu egin zitzaion.
Hurbildu eta zauriak lotu zizkion, olioz eta ardoz igurtzi ondoren; gero, bere asto gainean ezarri, ostatura eraman eta bere ardurapean hartu zuen. 35 Biharamunean, zilarrezko bi txanpon atera eta ostalariari eman zizkion, esanez: «Zain ezazu eta, gehiago gastatzen baduzu, hurrena natorrenean ordainduko dizut». 36 Zure ustez, hirurotan zeinek jokatu zuen lagun hurko bezala lapurren esku eroritako gizonarekin?
Lege-maisuak erantzun zion:
– Hartaz errukitu zenak.
Jesusek esan zion, orduan:
– Zoaz eta egin zuk ere beste horrenbeste.

Jaunak esana.

HOMILIA

2016ko uztailaren 10a

EGIZU ZUK ERE BESTE HORRENBESTE

Jesusekin izandako solasaldi batean lotsagarri ez gelditzeko, lege-maisu batek galdetzen dio: «Eta zein da nire lagun hurkoa?» Legea betetze hutsaz arduratzen den baten galdera da. Zein maitatu behar duen zaio axola eta zein baztertu. Bost axola zaio jendearen sufrimendua.
Jesus, berriz, bidean aurkitzen duen jendearen sufrimendua nola arinduko dabil, larunbatari buruzko legea eta garbitasun-arauak hautsi behar baditu ere. Eta premian denarekiko maitasunaz ahazten den legekeria erlijioso oro era probokatzailean salatzen duen kontakizun batez erantzuten dio.
Jerusalemdik behera Jerikora doan bidean, gizon bat lapurrek azpian hartu zuten. Erasorik eta zeraman guztiaz gabeturik, bide-bazterrean gelditu zen erdi hilik, bere zorian bakarrik. Ez dakigu zein den. Soilik, «gizon» bat dela. Gutako nornahi izan zitekean. Bortxakeriak, gaixotasunak, zoritxarrak edo etsipenak jotako edozein gizaki.
«Halabeharrez» apaiz bat agertu da bide berean. “Halabeharrez” izan dela dio testuak, kultuari emana den gizon batek auzi hartan zerikusirik ez balu bezala. Kultu-gizonari ez dagokio, nonbait, bide-bazterrean zauritua den pertsona baten ondora hurbiltzea. Tenplua du halakoak bere tokia, nonbait. Zaurituaren parera iristean, «hura ikusi, itzulinguru bat egin eta aurrera doa».
Haren erruki falta ez da soilik jarrera pertsonala, zeren zaurituaren ondotik igaro den tenpluko levitar batek ere «gauza bera egiten baitu». Jarrera pertsonala baino gehiago, sakratuaren munduari emanak direnek duten arriskua da: jendeak borroka egiten duen, sufritzen duen, lan egiten duen egiazko mundutik urrun bizitzeko arriskua.
Erlijioak erdigune Jainkoa, biziaren Adiskide hori, sufritzen dutenen Aita den hori ez duenean, erlijio hartako kultu sakratua bizitza profanotik apartarazten duen esperientzia bihur daiteke, jendearen sufrimenduarekin zuzeneko harremanak izatetik apartarazten duen esperientzia, bide-bazterrean ikusten dugun zaurituari kasurik egin gabe aurrera joarazten digun esperientzia. Jesusen arabera, ez dira kultu-gizonak hobekien adierazten ahal digutenak nolako tratatua eman sufritzen ari direnei, baizik bihotz ona duten pertsonak.
Bide berean hor dator samariar bat ere. Ez dator tenplutik. Ez da Israel herri hautatuko kidea ere. Hain sakratutasun-kutsu koxkorra duen bere merkatari-negozio txikiari emana da. Halere, zauritua ikusi duelarik, ez da hasi lagun hurkoa den ala ez galdezka. Errukitu eta ahal duen laguntasun guztia eskaini dio. Hau da imitatu beharrekoa. Hala dio Jesusek lege-gizonari: «Zoaz eta egizu zuk ere beste horrenbeste». Zein imitatuko dugu geure bidean gure egun hauetako ekonomi krisiak jotako biktimekin topo eginen dugunean?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2013ko ekainaren 14a.

EZ EGIN EZIKUSIARENIK

«Eta izan errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala». Hau da Jesusek gizadiari utzi dion ondarea. Historian txertatu nahi izan duen iraultza ulertzeko, arretaz irakurri beharra dugu «samariar onaren» kontakizuna. Hartan deskribatu digu sustatu behar dugun jarrera, gure ustekeriak eta jarrera ideologiko edo erlijiosoak baino harago, mundu gizakoiago bat eraikitzeko.
Bide bakarti baten ertzean gizaki batek datza, ostu egin diote, eraso, dena kendu, erdi hilik utzi, bere zorira utzi. Izenik eta aberririk gabeko zauritu honenagan laburbildu du Jesusek hainbat eta hainbat biktima errugaberen egoera, zuzengabeki tratatuak eta historiako hainbat bide-ertzetan utziak izan direnen egoera.
Ingurumari horretan, bi bidaiari ageri dira: lehena apaiz bat, bestea lebitar bat. Biak dira Jerusalemeko erlijio ofizialean errespetuz hartutako mundukoak. Biek modu berean jokatu dute: «zauritua ikusi, bidetik saihestu eta ezikusiarena egin». Biek itxi dituzte begiak eta bihotza, gizon hura ez da inor haientzat, aurrera egin dute gelditu gabe. Hau da Jesusek egiten dion errotiko kritika bere kideengan bihotz errukitsu bat sortzeko gai ez den erlijio orori. Zer zentzu du halako gizatasun eskasa duen erlijio batek?
Bide beretik badator hirugarren pertsonaia bat ere. Ez da apaiza, ezta lebitarra ere. Ezta Tenpluko erlijioko kide ere. Halaz guztiz, iristean, «zauritua ikusi du,hunkitu da eta hurbildu zaio». Berehala, ezezagun harentzat ahal duen guztia egin du, bizirik ateratzeko eta haren duintasuna berreskuratzeko. Hau da Jesusek munduan txertatu nahi duen dinamika.
Lehenik eta behin, ezikusiarenik ez egin. Sufritzen ari denari arretaz eta erantzukizunez begiratu. Begiratu honek aska gaitzake egoismotik eta axolagabekeriatik, hainbat eta hainbat biktima errugaberen artean bizi izanik kontzientzia lasaiaz eta errugabetasun-ilusioaz bizitzen uzten diguten jarrera horietatik. Aldi berean, begiratu horrek eragin diezaguke «hunkitzera; baita halakoen sufrimendua geure sufrimendu egitera ere».
Erreakzionatzea da funtsezko gauza, eta sufritzen ari den harengana «hurbiltzea; ez, noski, halakoari laguntzera beharturik ote nagoen ala ez galdetzeko, baizik eta, ondo-ondo jarririk, premian dagoen hura pertsona dela jabetzeko, deika ari zaiguna dela. Geure jarduera zehatzak agertuko digu geure gizatasun-kalitatea.
Hau guztia ez da teoria hutsa. Gaurko kontakizuneko samariarra ez da pentsatzen jarri kode erlijioso edo moral bat bete beharra duen ala ez. Soil-soilik, zaurituaren egoerari erantzun dio, burura etorritako guztia egin du, haren sufrimena arindu eta haren bizitza eta duintasuna beren onera ekartzeko. Konklusio-moduan, hitz hauek esan dizkio Jesusek: «Zoaz eta egin zeuk ere gauza bera».

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2010ko ekainaren 11a

EGIZU ZUK ERE BESTE HORRENBESTE

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.