lunes, 5 de septiembre de 2016

2016-09-11 - Urteko 24. Igandea (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 24. Igandea (C)


EBANJELIOA

Pozten da Jainkoa ere bere aingeruekin bihozberritzen den bekatari batengatik.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 15,1-32

Zergalari eta bekatari guztiak Jesusengana bildu ohi ziren hari entzutera, eta fariseuak eta lege-maisuak marmarrean ari ziren esanez: «Horrek harrera ona egiten die bekatariei, baita beraiekin jan ere!»
Jesusek parabola hau esan zien:
«Zuetako nor, ehun ardi izan eta bat galtzen bazaio, ez da, beste laurogeita hemeretziak larrean utzirik, galduaren bila joaten aurkitu arte?
Eta aurkitzen duenean, lepoan hartzen du poz-pozik eta, etxeratzean, adiskideak eta auzokoak bildu eta esaten die: “Egin festa nirekin, aurkitu baitut galdutako ardia!” Egia esan, Jainkoak ere poz handiagoa hartzen du bihozberritzen den bekatari batengatik, bihozberritu beharrik ez duten laurogeita hemeretzi zintzoengatik baino.
«Edota zein emakumek, zilarrezko hamar txanpon izan eta bat galtzen bazaio, ez du, kriseilua pizturik, etxea garbitu eta galdu zaion txanpona ardura guztiaz bilatzen aurkitu arte? Eta, aurkitzean, adiskideak eta auzokoak bildu eta esaten die: “Egin festa nirekin, aurkitu baitut galdua nuen txanpona!”Egia esan, berdin pozten da Jainkoa ere bere aingeruekin bihozberritzen den bekatari batengatik».

[Gainera, esan zien: «Gizon batek bi seme zituen. Gazteenak esan zion aitari: “Aita, emadazu dagokidan senipartea”. Eta aitak ondasunak banatu zizkien.
«Handik egun gutxira, seme gazteenak, zituen guztiak bildurik, urrutiko herrialde batera alde egin zuen eta han, galdukerian biziz, ondasun guztiak jan. Dena xahutu zuenean, gosete ikaragarria gertatu zen inguru hartan eta estu aurkitzen hasi zen. Orduan, herrialde hartako gizon batengana joan zen morroi, eta hark bere sailetara bidali zuen txerrizain.
Txerriek jaten zuten ezkurrez asetzeko gogoa ematen zion, ez baitzion inork jaten ematen. Orduan, pentsatzen jarririk, bere baitan esan zuen: “Zenbat langile gure aitarenean nahi adina ogi eta gehiago dutela, eta ni hemen goseak hiltzen! Jaiki, aitarengana joan eta esango diot: Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure kontra. Ez dut gehiago seme-izenik merezi. Har nazazu zeure langileetako bat bezala”.
«Jaiki eta aitaren etxera abiatu zen. Oraindik urruti zegoela, ikusi zuen aitak eta errukitu egin zen; eta, lasterka joanik, besarkatu eta musuka hasi zitzaion.
Semeak esan zion: “Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure kontra. Ez dut gehiago zure seme-izenik merezi… ”. Aitak, ordea, esan zien morroiei: “Ekarri bizkor jantzirik onena eta jantziozue, ipiniozue eraztuna eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor gizendua eta hil; egin dezagun festa-otordua; zeren seme hau hilda bainuen eta piztu egin zait, galdua nuen eta aurkitu egin dut”. Eta festa hasi zuten.
«Seme zaharrena soroan zen. Etxerakoan, hurbildu ahala, soinua eta dantzak sumatu zituen. Eta, morroi bati deiturik, zer gertatzen zen galdetu zion. Hark erantzun: “Zure anaia etorri da eta zekor gizendua hiltzeko agindu du zuen aitak, semea onik bereganatu duelako”. Biziki haserretu zen anaia eta ez zuen sartu nahi. Atera zen aita eta erreguka hasi zitzaion. Baina hark erantzun zion aitari: “Hainbeste urte da zure agindu bat ere sekula huts egin gabe zerbitzatzen zaitudala, eta ez didazu egundaino antxume bat ere eman, lagunekin festa egiteko; eta, horko zure seme hori, zure ondasunak emagalduekin jan dituen hori, etorri dela eta, zekor gizendua hil duzu”. Aitak erantzun zion: “Seme, zu beti nirekin zaude, eta nire guztia zeurea duzu! Baina egoki zen poztu eta festa egitea, zure anaia hau hilda baikenuen eta piztu egin zaigu, galdua genuen eta aurkitu egin dugu!”»]

Jaunak esana.

HOMILIA

2016ko irailaren 11a

PARABOLA BAT GAUR GAURKOA

Beste inongo parabolatan ez gaitu sarrarazi nahi izan Jesusek Jainkoaren misterioan eta giza izatearen misterioan gaurko honetan bezain sakon. Besterik ez da guretzat «Aita onaren» parabola hau bezain gaurko.
Seme gazteenak diotso aitari: «emadazu dagokidan ondare-zatia». Eskari hori egitean, aitaren heriotza ari da eskatzen hein batean. Libre izan nahi du, loturak eten nahi ditu. Ez du izango zorionik aita galdurik ikusi arte. Aitak amore eman du, hitzik esan gabe: libreki hautatu behar du semeak bere bidea.
Ez ote da hau gaur egungo egoera? Jende askok nahi du Jainkoari buruz libre izan, zoriontsu izan Aitaren presentzia begi-bistan izan gabe. Jainkoa ezkutarazi egin nahi da gizartetik eta jendearen bihotzetik. Eta, parabola horretan bezala, Aita isilik dago. Jainkoak ez du inor behartzen.
Semea «urruneko lurralde batera» doa. Beste lurralde batean bizi nahi du, aitagandik eta familiagandik urrun. Eta alde egiten dakusa aitak, baina ez du utzi nahi semea bertan behera; aitaren bihotza bidelagun izango du semeak; goizero egongo da aita haren zain. Gaur egungo gizartea gero eta urrunago doa Jainkoagandik, haren agintetik, hartaz oroitzetik… Eta ez ote dugu Jainkoa bidelagun, gu hura begi-bistatik galdu nahian gabiltzala?
Handik laster«galdukeriari» lotuko zaio semea. Jatorrizko hitzak galdukeria moralaz gain biziera osasun gabea, zoroa, kaotikoa iradokitzen du. Denbora gutxira, haren abentura drama bilakatzen hasiko da. «Izugarrizko gosea» sortu da eta, gizon arrotz baten esklabo, txerriak zaintze aldera lortu du bizitzea. Bizi duen tragedia adierazten dute haren hitzek: «Ni hemen goseak hiltzen!»
Barne hutsunea eta maitasun-gosea dirateke Jainkoagandik urrun bizitzearen gure lehen zantzuak. Ez da gauza erraza askatasunaren bidea. Zer falta zaigu? Zerk bete lezake gure bihotza? Kasik dena dugu geure esku, nolatan sentitzen dugu halako gosea?
Gaztea «bere baitara itzuli zen» eta, bere hutsuneaz gogoeta eginez, aitaren aurpegiaz gogoratu zen, hura ogi-ugaritasunarekin lotuz: aitaren etxean «badute ogia» eta «ni goseak hiltzen». Barnean beste askatasun baten gogoa erne zaio, aitaren ondokoa. Bere okerra aitortu du eta erabakia hartu: «Bideari ekin eta aitagana itzuliko naiz».
Jainko geure Aitaganako bidea hartuko ote dugu? Askok hartuko luke bidea Jainko hori ezagutuko balu, Jesusen parabola honen arabera «semeari bidera korrika atera zaiona, besarkatu eta zoratzear musuka hasi zaiona» den Jainko hori ezagutuko balu. Besarkatze eta musu emate horiek teologia guztia baino argiago mintzo dira. Jainko horren ondoan askatasun duinagoa eta zoriontsuagoa izango genuke.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2013ko irailaren 15

KEUNURIK ESKANDALAGARRIENA

Jesusen keinurik probokatzaile eta eskandalagarriena izan zen, dudarik gabe, bekatariei sinpatia bereziaz harrera egitea, hau da, gidari erlijiosoek zokoraturik zituzten eta gizartean, Legeaz kanpo jokatzeatik, markatuak zirenei. Jende hura gehienik haserrarazten zuena, Jesusek bekatariekin adiskidetsuki otorduak egitea zen.
Gehienetan, ahaztu egiten dugu Jesusek egoera harrigarri bat sortu zuela bere garaiko gizartean. Bekatariak ez doaz ihesi harengandik. Aitzitik, erakarririk sentitzen dira, bai Jesusek berak, bai haren mezuak. Lukasek diosku: «bekatariak eta zerga-biltzaileak Jesusengana hurbildu ohi ziren entzuteko». Badirudi, Jesusen baitan harrera eta ulermena aurkitzen dutela, beste inon ez bezala.
Bitartean, fariseuen taldekoek eta lege-maisuek, herriaren aurrean ospe moral eta erlijiosorik handiena duten horiek, kritika egiten besterik ez dakite, Jesusen portaeraz eskandalizaturik: «Honek bekatariak onartzen ditu eta otorduak egiten haiekin». Nolatan eser daiteke Jainkoaren gizon bat mahai berean jende bekatari eta jendilaje harekin?
Jesusek ez zion sekula jaramonik egin haien kritikari. Bazekien Jainkoa ez dela Epaile gogor eta zorrotza, sinagogan lehen postuak hartzen zituzten maisu haiek, guztiz seguru, aipatzen zuten bezalakoa. Jesusek ondo ezagutzen du Aitaren bihotza. Jainkoak ulertzen die bekatariei; guztiei eskaintzen die bere barkazioa; ez du inor baztertzen; dena du barkatzen. Inork ez luke lausotu edo desitxuratu behar Jainkoaren barkazio atzeman ezin eta doako hori.
Horregatik, bere ulermena eta adiskidetasuna eskaintzen die Jesusek. Prostituitu eta zerga-biltzaile haiek Jainkoak onartzen dituela sentitu behar dute. Hori da lehenengo gauza. Ez dute zertan beldur izan. Mahaian jar daitezke, ardoa edan dezakete eta kantari jardun ere bai Jesusen ondoan. Honen harrerak barnea sendatzen die. Lotsa eta umilazio orotatik libratzen ditu. Bizi-poza itzultzen die.
Diren bezalako onartzen ditu Jesusek, aurrez ezer exijitu gabe. Bere bakea eta Jainkoaganako bere konfiantza kutsatzen die, segurtasunik ez badu ere jokabidea aldatuz erantzungo diotela. Jainkoaren errukiaz erabat fidatuz egiten du hori, badakielako Jainkoa haien zain dagoela besoak zabalik, aita on bat galdua den seme batengana joan ohi den bezala.
Jesusi leial jarraitu nahi dion Eliza baten lehen egitekoa, ez da bekatariak kondenatzea, baizik ulertzea eta harrera eskaintzea adiskidetsuki. Erroman egiaztatu ahal izan nuen hau duela hilabete batzuk: Frantzisko aita santuak azpimarratzen zuenean Jainkoak beti barkatzen duela, dena barkatzen duela, guztiei barkatzen diela… jendeak gogotsu egiten zuen txalo. Segur aski, horixe da fede kaxkar eta duda-mudazko jende askok Elizagandik argiro entzun beharrekoa.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2010eko irailaren 12

PARABOLA BAT GAUR GAURKOA

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.