Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 23. Igandea (C)
EBANJELIOA
Zuetako inor ez daiteke izan nire ikasle, dituen guztiei uko egiten ez
badie.
+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 14,25-33
Egun haietan,
jende-talde handiak zihoazen Jesusekin; honek, beraiengana itzulirik, esan
zien:
- Norbaitek nirekin
etorri nahi badu eta ez banau ni bere aita-amak eta emaztea, seme-alabak eta
anai-arrebak eta bere burua ere baino maiteago, ez daiteke izan nire ikasle.
Bere gurutzea hartu eta
nire ondoren ez datorrena ez daiteke izan nire ikasle.
Izan ere, zuetako nork,
dorrea egin nahi badu, ez ditu aldez aurretik eseri eta gastuen kontuak
ateratzen, bukatzeko adina ba ote duen ikusteko? Bestela, zimenduak hartu
ondoren bukatu ezin izango balu, ikusiko luketen guztiek barre egingo liokete,
esanez: “Honako hau eraikitzen hasi huen eta ezin izan dik amaitu”.
Edo zein erregek, beste
baten kontra gerrara joan nahi badu, ez du aldez aurretik eseri eta begiratzen,
ea hamar mila gizon aski dituen hogei milarekin kontra datorkionari aurre egiteko?
Eta ezetz ikusten badu, bestea oraindik urruti dela, mandatariak bidaliko
dizkio bakea eskatuz.
Era berean, zuetako inor
ez daiteke izan nire ikasle, dituen guztiei uko egiten ez badie.
Jaunak esana.
HOMILIA
2016ko irailaren 4a
ERREALISMO ARDURATSUA
Jesusek
darabiltzan adibideak oso desberdinak dira, baina haien irakaspena beti bat
bera: egitasmo bati modu arduragabean ekiten dionak, gogoan duena lortzeko
baliabiderik eta indarrik ba ote duen aurrez aztertu gabe, porrot eginez
amaitzeko arriskua du.
Inongo
laborarik ez dio ekiten, mahastia babesteko, dorrea eraikitzeari, aurrez
kalkulatu gabe hura arrakastaz gauzatzeko ahalmenik ba ote duen, hasitakoa
bukatu ezinik gelditu beharra izan ez dezan, auzokoen isekagarri gertatuz.
Inongo erregek ez dio ekiten guduari etsai boteretsu baten aurka, aurrez
aztertu gabe gudu hartan garaile atera ote daitekeen; bestela, bere buruaz
beste egitea izango litzateke.
Lehen
begiratuan, pentsa lezake batek ezen Jesus portaera zuhurra eta arduratsua
gomendatzen ari dela, bereei eskuarki eskatzen dien ausardiatik oso urrun
dagoena. Ezta hurrik eman ere. Bereei gomendatu nahi dien egitekoa edo misioa
hain garrantzizkoa da, non inor ez baitaiteke konprometitu hartara oharkabean,
ardurarik gabe edo harrokeriaz.
Jesusen
oharpen hori gaurkotasun handikoa da gure fedearen etorkizunerako hain
kritikoak eta erabakitzaileak diren une hauetan. Jesusek, beste ezer baino
lehen, gogoeta heldua eskatzen digu: paraboletako bi protagonistak «eseri egin
dira» gogoeta egiteko. Erantzukizun-falta larria izango litzateke gaur egun
Jesusen ikasle bezala bizi nahi izatea, zer nahi den jakin gabe, nora iritsi
nahi den jakin gabe, zein baliabidez jardun behar den jakin gabe.
Eta noiz
eseri behar dugu indarrak batzeko, elkarrekin gogoeta egiteko eta zein bide
jarraitu guztien artean bilatzeko? Ez ote dugu denbora gehiago hartu behar,
ebanjelioa gehiago entzun behar, gogoeta gehiago egin behar deiak aurkitzeko,
karismak iratzartzeko eta Jesusi jarraitzeko estilo berritua lantzeko?
Jesusek ere
errealismorako deia egiten digu. Aurrekaririk gabeko kanbio soziokulturala ari
gara bizitzen. Daitekeena ote da fedea kutsatzea jaiotzen ari den mundu berri
honetan, mundu hori ondo ezagutu gabe eta barrutik ulertu gabe? Daitekeena ote
da Ebanjeliorako irispidea eskaintzea, gaur egungo gizon-emakumeen pentsaera,
sentimenduak eta hizkuntza ezagutu gabe? Ez ote da errorea, gaur egungo
erronkari atzoko estrategiez erantzun nahi izatea?
Une honetan
ausarkeria izango litzateke modu oharkabean eta itsuan jardutea. Porrotari bide
emango genioke, frustrazioari eta, are, irrigarri gelditzeari. Parabolaren
arabera, «dorre bukatu gabe horrek» eraiki nahi izan duenaren kontrako burla
eragiten du jendearen artean. Ez genuke ahaztu behar Jesusen hizkuntza errealista
eta apala, ikasleak gonbidatzen dituenean herrian «legamia» izatera edo
jendearen bizitzari zaporea ematen dion «gatz» eskukada izatera.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2013ko irailaren 8a
EZ NOLANAHI
Jerusalemerako
bidean gora doa Jesus. Ebanjelariak diosku «jende asko zuela bidelagun». Halaz
guztiz, Jesusek ez du ametsik egiten. Ez da engainatuko jendearen gogo bero
erraz bat nabaritzean. Jende bat kezkaturik dabil gaur egun, kristauen kopurua
beheraka doala eta. Bere jarraitzaileen kopurua baino gogokoago zuen Jesusek
jarraitzaileen kalitatea.
Bat batean,
«itzuli» eta jendetzari hitz egiten hasi da, berari bihotz argiz eta erantzulez
jarraitzeak dituen eskakizun konkretuez. Ez du nahi jendeak nolanahi jarrai diezaion.
Jesusen ikasle izatea erabaki bat da, pertsonaren bizitza markatuko duena.
Jesusek
lehenik familiaz hitz egiten die. Jende hark nork bere familia du: gurasoak,
andrea eta seme-alabak, anai-arrebak. Bere izakirik maiteenak ditu horiek,
bihotzekoenak. Baina familiako beharrak alde batera uzten ez badituzte,
berarekin lan egiteko giza familia bat sustatzen, odolean oinarritua ez, baizik
zuzentasunez eta solidaritatez eraikia, ezin izango dira beraren ikasle.
Jesus ez da
ari familia desegiteaz, ez da ari familiako maitasuna eta bizikidetasuna
ezabatzeaz. Baina norbaitek gauza guztien gainetik familiaren ohorea edo
ondasunak edo ondarea edo familiaren ongizatea ipintzen badu, halako hura ezin
izango da Jesusen ikasle, ezin lan egingo du berarekin mundua gizakoiago
egiten.
Are gehiago.
Norbaitek gogoan bere burua eta gauzak bakarrik baditu, edo bere ongizateaz
gozatzeko bakarrik bizi bada, edo bere onuraz bakarrik arduratzen bada, ez
dadila engaina: halako hura ezin izan da Jesusen ikasle. Barne askatasuna falta
zaio, Jesus aintzat hartu ahal izateko koherentzia eta erantzukizuna falta
zaio.
Jesusek hitz
egiten jarraitzen du, gordin: «Nire ondoren bere gurutzea ez daramana ezin izan
da nire ikasle». Norbait gatazkei eta arazoei ihes eginez bizi bada, norbaitek
arriskuak eta ezbeharrak bere egiten ez badaki, norbait prest ez badago
sufrimenduak jasateko Jainkoaren erreinuagatik eta haren zuzentasunagatik,
halako hura ezin izan da Jesusen ikasle.
Ezin izan da
inor kristau nolanahi. Ez ditzagun nahasi kristau-biziera eta Jesusi apal baina
erantzukizunez jarraitzea desitxuratzen eta edukiz husten dituzten bizitzeko
moduak.
Harritzekoa
da Frantzisko aita santuaren askatasuna, Jesusen ikasleekin zerikusi gutxi
duten kristauen estiloak salatzean: «manera oneko, baina jokabide txarreko
kristauak», «museoko kristauak», «kasuistikaren hipokritak», «haizearen kontra
bizitzeko gai ez diren kristauak», kristau «ustelak», gogoan beren burua
bakarrik dutenak, ebanjelioa hots egiten ez duten «kristau heziak.»…
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2010ko irailaren 5a
ERREALISMO ARDURATSUA
(2015-2016ko
C zikloaren homilía ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Para
ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.