Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 32. Igandea (C)
EBANJELIOA
Munduaren Erregeak betiko bizirako piztuko gaitu.
Makabearrak bigarren liburutik 7,1-2. 9-14
Beste batean, zazpi
anaia atxilotu zituzten beren amarekin. Legeak debekatua duen txerrikia jatera
behartu nahirik, idiaren zainez egindako zartailuz zigorkatu zituen erregeak.
Haietarik batek, denen izenean mintzatuz, zioen: «Zer galdetzen diguzu? Zer
jakin nahi duzu guregandik? Nahiago dugu hil, gure arbasoen legeak hautsi
baino».
Azken arnasa
ematerakoan, esan zuen: «Zuk, gaizkile maltzur horrek, oraingo bizia kentzen
diguzu; baina munduaren Erregeak betiko bizirako piztuko gaitu, beraren
legeengatik hiltzen garenok».
Honen ondoren, irainka
eta iseka hasi ziren hirugarrenarekin. Mihia ateratzeko agindu ziotenean,
berehala atera eta besoak ere luzatu egin zituen ausarki. Eta esan zien
gizonki: «Jainkoak eman zizkidan gorputz-atal hauek beraren legeengatik
gutxiesten ditut. Eta badakit, berarengandik hartuko ditudala berriro». Erregea
eta beronekin zeudenak harrituak gelditu ziren gazte haren ausardiaz,
huskeriatzat baitzituen oinaze-minak.
Hirugarrena hil zenean,
oinaze berberaz torturatu zuten laugarrena. Hiltzear zegoela, esan zuen:
«Merezi du giza eskuz hiltzeak, Jainkoak berpizteko itxaropena ematen digunean.
Zuk, ordea, ez duzu bizirako berpizterik izango».
Jaunak esana.
HOMILIA
2016ko azaroaren 6a
HERIOAK EZIN KENDU JAINKOARI BERE SEME-ALABAK
Jesus beti
guztiz neurritsua izan da piztuera ondoko biziaz hitz egitean. Halaz guztiz,
saduzear aristokraten talde bat
hildakoen piztuera barregarritzat ematen saiatu zenean, aurre egin zion puntu
hori bere egiazko mailara jasoz eta oinarrizko bi baieztapen eginez.
Beste ezer
baino lehen, uko egin dio saduzearren haur.ikuspegiari, orain ezagutzen dugun
bizitza honen luzapentzat ematen baitute berpiztuen bizia. Oker dabiltza
Jainkoak berpizturiko bizitza gure egungo esperientziatik imajinatzen dutenean.
Errotiko
aldea da lurreko gure bizitzaren eta heriotzaren ondoren zuzeneko sostengutzat
Jainkoaren maitasuna izango duen bizi betearen artean. Geroko bizi hori guztiz
«berria» da. Horregatik, espero dezakegu, bai, hura, baina deskribatu edo
argitu ez, sekula.
Lehen
kristau-belaunaldiek jarrera apal eta prestu horri eutsi zioten «betiko
biziaren» misterioaren aurrean. Paulok diotse Korintoko fededunei hau dela
esperantzaren gaia: «ez begik ikusi, ez belarrik entzun, ez inongo gizakik
imajinatu ez duena, bera maite dutenentzat Jainkoak prestatua».
Hitz hauek
oharpen sano ditugu eta orientabide gozo. Alde batetik, zerua «berritasun bat»
da, lurreko zernahi esperientzia baino harago dena; baina, bestetik, Jainkoak
prestatu duen bizia da, gure ametsik hondokoenekoak guztiz asetzeko. Fedearen
funtsa ez datza gure ikusmina xaloki betetzean, baizik Jainkoarekiko gure
desioa, igurikitzea era esperantza elikatzean.
Horixe da,
preseski, Jesusek gogo duena saduzearrek onartzen zuten gertakari batera
xume-xume jo duenean: Jainkoari Bibliaren tradizioan «Abrahamen, Isaaken eta
Jakoben Jainko» deitzen zaio. Patriarka hauek hilak diren arren, Jainkoak haien
Jainko izaten jarraitzen du, haien babesle, haien adiskide. Herioak ezin
suntsitu ahal izan du Jainkoaren haiekiko maitasuna eta fideltasuna.
Orduan, bere
ondorioa atera du Jesusek gure fedearentzat erabakitzailea den baieztapen hau eginez:
«Jainkoa ez da hildakoen Jainko, baizik bizi direnena; zaren harentzat denak
baitira bizi». Bizi-iturri agortezina da Jainkoa. Herioak ezin kendu dizkio
Jainkoari bere seme-alaba maiteak. Lur honetan galdu ditugulako, guk haietaz
negar dagigunean, Jainkoak bizi-bizi dakuski, bere aitatasun-maitasunean bildu
dituelako.
Jesusen
arabera, Jainkoak bere seme-alabekin duen batasuna ezin suntsitu du herioak.
Gure ezkutatze biologikoa baino indartsuagoa da haren maitasuna. Horregatik,
fede apalez ausartzen gara dei hau egitera: «Ene Jainko, zugan dut konfiantza.
ez diezadala horrek huts egin» (Salmo 25,1-2).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2013ko urriaren 10a
NORBERAREN ERABAKIA
Jesus ez zen
saiatu betiko biziaz asko hitz egiten. Ez zuen inor engainatu nahi, heriotzaz
harako biziaz irudipenezko deskripzioak eginez. Alabaina, haren bizitza guztiak
eragiten digu esperantza izatera. Sufrimena arinduz bizi da eta jendea
beldurretik liberatuz. Jainkoaz guztizko konfiantza kutsatzen du. Bere grina,
bizitza guztientzat gizakoiago eta zoriontsuago egitea du, guztien Aitak nahi
duen bezala.
Soilik,
piztuerari buruzko fedea barregarri jarri nahian, saduzearren talde bat
hurbildu zaionean, atera zaio Jesusen bihotz fededunari bere bizitzaren
sostengu eta arnasa duen konbentzimendu hau: Jainkoa «ez da hildakoen Jainko
bat, baizik eta bizidunena, harentzat denak baitira bizidun».
Xumea du
bere fedea. Egia da, geure pertsona hildakoengatik negar egiten dugula guk,
hiltzean, hemen lurrean galdu egin ditugulako; Jesusi, ordea, ezin zaio burutik
pasatu ere, Jainkoari hartaraino maite dituen bere seme-alabak hiltzen
zaizkiola. Ezinezkoa da hori. Haiekin bere bizia partekatzen jarraitzen du
Jainkoak, ulertezineko bere maitasunean onartuak baititu.
Gure aldi
honen ezaugarririk kezkagarriena esperantza-krisia da. Azken Etorkizunaren
ikuspegia galdua dugu, eta bizitzaldi honetako itxaropen txikiak ez dira gauza
gu kontsolatzeko. Esperantza-falta hau hainbat jenderengan bizitzaren
konfiantza-falta eragiten ari da. Ezerk ez du pena merezi. Aise sortzen da
orduan guztizko nihilismoa.
Esperantza-faltaren
aldi hau, ez ote zaigu eragozten ari guztioi, fededun eta fedegabe, barnean
ditugun galderarik errotikoenak egitea? Askok dudan jarri duten Jainko hori,
aski jendek alde batera utzia duen Hori, baina jende askok galdegai duen Hori,
ez ote dugu geure azken oinarria, bizitzan errotiko konfiantzaren sostengu izan
dezakeguna? Bide guztien akaberan, gure gurari guztien hondoan, gure galdekizun
eta borroken barnean, ez ote dago Jainkoa, bila gabiltzan salbazioaren azken
Misterio gisa?
Fedea hor
ari zaigu gelditzen, geure barneko txokoren batean kuzkurturik, garrantzi
txikiko gauza bezala, aldi honetan jada zaintzea merezi ez duen gauza bezala.
Hala ote da? Egia esan, sinestea ez da gauza erraza, baina zaila da ez sinestea
ere. Bitartean, bizitzaren azken misterioa oihuka ari zaigu eskatzen erantzun
argi eta erantzukizunezko bat.
Norberaren
erabakia da erantzun hau. Erabat ezabatu nahi ote dut neure bizitzatik heriotza
baino harago doan esperantza oro, bizitzen lagunduko ez ligukeen sasi-ilusioa
balitz bezala? Ala, bihotza irekirik eduki nahi dut bizitzaren azken
Misterioaren aurrean, konfiantzaz espero izanik hortxe aurkituko dudala orain
dagoeneko bilatzen dudan erantzuna, harrera eta betetasuna?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2010eko urriaren 7a
HERIOAK EZIN KENDU JAINKOARI BERE SEME-ALABAK
(2015-2016ko
C zikloaren homilía ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Para
ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.