lunes, 5 de junio de 2017

2017-06-11 - Hirutasun Santua (A)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Hirutasun Santua (A)


EBANJELIOA

Jainkoak bere Semea mundura bidali zuen, haren bitartez salbatzeko.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 3, 16-18

Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan.
Zeren Jainkoak ez baitzuen Semea mundura bidali mundua kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baizik.
Harengan sinesten duena ez da kondenatua; sinesten ez duena, ordea, kondenatua dago jadanik, ez baitu sinetsi Jainkoaren Seme bakarrarengan.

Jaunak esana.

HOMILIA

2017ko ekainaren 11a

JAINKOAREN BARNETASUNA

Ezinezko batez, egunen batean, Elizak Jainkoa ez dela Hirutasun esango balu, aldatuko al litzateke zerbaitetan fededun askoren bizitza? Segur aski, ez. Horregatik, txunditurik gelditzen da bat P. Varillon-en aitorpen honekin: «Uste dut, Jainkoa Hirutasun ez balitz, ni segur aski ateo izango nintzatekeela […] Nolanahi den, Jainkoa Hirutasun ez bada, nik ez dut jada ezer ulertzen».
Kristaurik gehienek ez dakite ezen Jainkoa Hirutasun bezala adoratzen dugunean, Jainkoa, bere barnetasun sakonenean, maitasun dela, harrera eta samurtasun dela. Hau da, agian, kristaurik gehienek behar duten konbertsioa: Jainkoa Botere bezala hartzetik Jainkoa Maitasun bezala adoratzera igarotzea, poz-pozik eta pixkana-pixkana.
Jainkoa ez da izate «ahalguztidun eta betiereko» edozein bat. Izate boteretsu bat despota izan daiteke, tirano txikitzaile, diktadore arbitrario izan daiteke: mehatxu bat, alegia, gure askatasun koxkor eta ahularentzat. Izan ahal genezake konfiantzarik ahalguztiduna bakarrik dela ezagut genezakeen Jainko batengan? Oso zaila da mugagabeki ahalguztiduna den norbaitengan konfiantza ipintzea. Ematen du, errazagoa dela fidakaitz izatea, zuhur izatea eta geure independentzia segurtatzen saiatzea.
Alabaina, Jainkoa Hirutasun da, Maitasun-misterio da. Eta haren guztiahaltasuna soil-soilik maitasun-guztiahaltasuna da, atzeman ezineko samurtasun mugagabe den guztiahaltasuna da. Ahalguztiduna, Jainkoaren maitasuna bakarrik da. Jainkoak ezin du egin den-dena. Jainkoak ezin du maitasun mugagabeak egin dezakeena baizik. Eta hori ahaztu eta maitasunaren ildotik irteten garen bakoitzean, sasi-jainko bat eraikitzen dugu, existitzen ez den idolo arraro baten antzeko bat.
Jainkoa soilik Maitasun dela aurkitzen ez dugun bitartean, erraz jo genezake harekiko harremanak norberaren probetxuaren edo beldurraren arabera gauzatzera. Probetxua, Jainkoaren guztiahaltasunaz geure onerako baliatzera eragiten diguna. Edota beldurra, baliabide-mota guztien bila jartzen gaituena Jainkoaren botere mehatxagarriari ihes egiteko. Baina probetxuaz eta beldurraz ehotako erlijio hau hurbilago legoke magiatik egiazko kristau-fedetik baino.
Fedetik Jainkoa soilik Maitasun dela sumatzen eta geure bizitzaren hondoenean presente eta pil-pil dagoen Maitasun baizik ezin izan dela aurkitzen dugunean, orduan hasten da hazten, guztiz aske, gure bihotzean Jainko Hirutasunaganako konfiantza; horretaz badakigu, Jesusen bidez, gu maitatu besterik ezin duela egin.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2014ko ekainaren 15a

JAINKOAGAN KONFIANTZA

Hirutasunaren misterioa giza kontzeptuz adierazteko, mendez mende teologoek egin duten ahaleginak apenas die laguntzen gaur egun kristauei, dela Jainko Aitagan beren konfiantza biziberritzeko, dela Jesusekiko, gizon egindako Jainkoaren Semearekiko atxikimendua birsendotzeko, dela fede biziz onartzeko Jainkoaren Espirituaren presentzia gugan.
Horregatik, gauza ona izan daiteke ahalegintxo bat egitea, Jainkoaren misteriora hurbiltzeko, hitz xumez eta bihotz apalez, hurbiletik begiratuz Jesusen mezuari, keinuei eta bizitza osoari: gizon egin den Jainkoaren Semearen misterioari, alegia.
Aitaren misterioa maitasun da, bihotz-bihotzetiko maitasun eta etenik gabeko barkazio. Inor ez du baztertzen maitasun horrek, inori ukatzen ez barkazioa. Aitak maite gaitu eta bere seme-alaba guztion bila dabil, berak bakarrik dakizkien bideetan barna. Txera mugagabez eta erruki sakonez begiratzen dio gizaki orori. Horregatik, hitz batez dei egiten dio Jesusek beti: «Aita».
Geure lehen jarrera, Aita horren aurrean, konfiantza izan behar dugu. Errealitatearen azken misterioak, fededunok «Jainkoa» deitzen dugun horrek alegia, ez liguke eragin behar sekula ez beldurrik, ez larritasunik: Jainkoak ezin du egin maitatu besterik. Ondotxo daki hark gure fedea txikia dela eta dudakorra. Ez dugu zertan triste bizi, geure bizitzagatik, ia beti eskasa; ezta zertan adorea galdu ere, konturatu garelarik, urtetan bizi izan garela Aita horrengandik urrun. Utz dezagun geure burua haren eskuetan, xume-xume. Aski du hark gure fede txiki hori.
Jesusek berak ere konfiantza izatera gonbidatzen gaitu. Hona zein hitzez: «Ez zaitezte bizi bihotza larri. Sinetsi Jainkoagan. Sinetsi nigan ere». Aitaren argazki bizia da Jesus. Aitak dioskuna ari gara entzuten Jesusen hitzetan. Bere keinuez eta bere jardueraz, dena emana bizitza gizakoiago egitera, Jainkoak nola maite gaituen agertzen digu.
Horregatik, Jainko jakin, adiskide eta hurbileko batekin egin genezake topo Jesusengan edozein gorabeheratan. Gure bizitzan bakea ezartzen du Jesusek. Beldurretik konfiantzara pasarazten gaitu, errezelotik fede xumera maitasun huts den bizitzako azken misterioarekiko.
Aita eta haren Semea arnasten dituen Espiritua onartzea, ikusezina eta isila baina erreala den Jainkoaren misterioaren presentzia gure baitan onartzea da. Etengabeko presentzia honen ohartun bihurtzen garenean, Jainkoaganako beste konfiantza bat hasten da ernetzen gure baitan.
Gure bizitza hauskorra da, kontraesanez eta ziurgabetasunez betea: fededun eta fedegabe, guztiok bizi gara misterioak inguraturik. Alabaina, Espirituak gu baitan duen presentzia, misteriotsua bera ere, ahula izan arren, aski da Maitasun huts den bizitzako azken Misterioan dugun gure konfiantza sostengatzeko.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2011ko ekainaren 19a

KRISTAUA JAINKOAREN AURREAN

Kristauei ez zaie beti gauza erraza gertatzen Hirutasun bezala aitortutako Jainkoaren misterioarekin harreman konkretuak eta biziak izatea. Halere, krisi erlijiosoa gonbidatzen ari zaigu harekiko harreman pertsonal, sano eta pozgarria inoiz baino gehiago zaintzera. Jesus, hots, Galileako Profetagan gizon egin den Jainkoaren Misterioa da abiapunturik hobena fede xume bat biziberritzeko.
Nola bizi Aitaren aurrean? Jesusek oinarrizko bi jarrera agertu dizkigu. Lehenik eta behin, konfiantza osoa. On-ona da Aita. Azkenik gabe maite gaitu. Ez dio ezer inporta gure ona baino gehiago. Harengan konfiantza izan dezakegu, beldurrik gabe, errezelorik, kalkulurik, estrategiarik gabe. Bizitzea Maitasunean konfiantza izatea da, ororen azken misteriotzat hartuz.
Bigarren, baldintzarik gabe esaneko izatea. Gauza ona da Aita horren borondateari adi-adi bizitzea, zeren guztiok bizi duinagoa izan dezagun nahi baitu. Ez da bizitzeko era sanoagorik eta egokiagorik. Hain zuzen, horixe du bere ezkutuko motibazioa errealitatearen misterioa Jainko Aitaganako fedez bizi duenak ere.
Zer da Jainkoaren Seme gizon eginarekin bizitzea? Lehenik eta behin, Jesusi jarraitzea: hura ezagutzea, hari sinestea, harekin bat etortzea, haren urratsei jarraituz bizitzen ikastea. Bizitzari hark begiratzen zion bezala begiratzea; jendeari hark ematen zion tratua ematea; onberatasunaren eta askatasun askatzailearen seinaleak ereitea, Jesusek egiten zuen bezala. Bizitza gizatarragoa eginez bizitzea. Horrela bizi da Jainkoa bera gizon egin denean. Kristau batentzat ez da bizitzeko era biziagorik.
Bigarren, Aitaren nahiari jarraituz, Jesusek abian jarri duen Jainkoaren Egitasmoan lankide izatea. Ez gintezke gelditu alfer. Negar dagitenak barrez ikusi nahi ditu Jainkoak, gose direnak jaten ikusi nahi ditu. Gauzak aldatu beharra dugu, bizitza guztientzat bizitzago izan dadin. Jesusek «Jainkoaren erreinu» deitzen duen Egitasmoa hau dugu markoa, norabidea eta horizontea: bizitza gizatarrago egiteko, Jainkoaren azken misteriotik planteatzen zaiguna.
Zer da Espiritu Santuak arnasturik bizitzea? Lehenengo, maitasunak arnasturik bizitzea. Hori atera daiteke Jesusen ibilbide osotik. Funtsezko gauza, dena maitasunez eta maitasunetik bizitzea da. Ez da gauza inportanteagorik. Maitasuna da gure existentziari zentzua, egia eta esperantza ezartzen dion indarra. Maitasuna da hainbat trakeskeria, errore eta miseriatatik salbatzen gaituena.
Azkenik, «Jainkoaren Espirituak gantzuturik» bizi denak bereziki sentitzen du deia pobreei Berri Ona hots egiteko. Halakoaren bizitzak indar askatzailea du gatibuentzat; argia itsu bizi direnentzat; erregalu da zoritxarreko sentitzen direnentzat.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com



No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.