Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 6. Igandea (B)
EBANJELIOA
Alde egin zion
legenak, eta garbi gelditu zen.
+
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1, 40-45
Denbora haietan, legendun bat etorri zitzaion
erreguka, eta belauniko esan zion:
–Nahi baduzu, garbi nazakezu.
Errukiturik, Jesusek eskua luzatu eta ukitu
egin zuen, esanez:
–Nahi dut, izan zaitez garbi.
Berehala alde egin zion legenak, eta garbi
gelditu zen.
Jesusek bidali egin zuen, zorrotz aginduz:
–Kontuz gero! Ez esan inori ezer. Zoaz, hala
ere, azaldu apaizarengana eta eskaini garbikuntzaren ordainez Moisesek
agindutakoa, ezaugarri izan dezaten.
Hura, ordea, irten orduko, gertatu berria
goraki hots egiten eta zabaltzen hasi zen. Eta harrezkero, ezin zen Jesus
inongo herritan agerian sartu, eta kanpoan gelditzen zen, bazterretan. Hala
ere, edonondik zetorkion jendea.
Jaunak esana.
HOMILIA
2018ko otsailaren 11a
ZOKORATUEN ADISKIDE
(2011-2012ko
B zikloaren homilía ikusi)
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2015ko otsailaren 15a
JAINKOAK
«KUTSATUEI» HARRERA ONA
(2009eko otsailaren 15a homilía
ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko otsailaren 12a
ZOKORATUEN ADISKIDE
Jesus oso sentibera zen bidean
aurkitzen zuen sufrimenaren aurrean: gizartetik bazterturik, erlijioak
mespretxaturik edota moralaz edo erlijioaz handiago sentitzen ziren sektoreek
ukaturik ikusten zuen jendearen sufrimenaren aurrean.
Barrutik ateratzen zaio hori.
Badaki Jainkoak ez duela inor bereizten. Ez duela inor baztertzen, ez
eskomikatzen. Ez dela jende onarena bakarrik. Guztiak dituela onartzen eta
bedeinkatzen. Goizean goiz jaikitzeko ohitura zuen Jesusek, otoitz egiteko.
Behin batean egunsentia nola ikusten duen agertu du: «Onentzat eta gaiztoentzat
aterarazten du Jainkoak eguzkia». Horrelakoa da bera.
Horregatik, batzuetan, indarrez
eskatzen du gaitzespen guztiak etetea: «Ez juzgatu eta ez zaituztete
juzgatuko». Beste batzuetan, parabola laburrak kontatzen ditu hau eskatzeko: ez
dadila hasi inor «garia eta belar txarra» bereizten, guztien epaile gorena
bailitzan.
Baina bere jarduera du gauzarik
miresgarriena. Bekatariekin, prostitutekin eta desiraezinekin otorduak egitea
izan zen Jesusen ezaugarririk bereziena eta probokatzaileena. Ezohikoa zen
hori. Inoiz ez zen ikusi Israel herrian «Jainkoaren gizaki» famako bat
bekatariekin bizi-bizi jaten eta edaten.
Gidari erlijioso
errespetagarrienek ezin jasan izan zuten hori. Oldarkor erreakzionatu zuten:
«Horra tripazain eta mozkor bat, bekatarien adiskide bat». Jesusek ez zuen egin
horren kontrako defentsarik. Egia zen. Bere hondoaren hondoenean errespetu
handia eta adiskidetasun hunkigarria sentitzen zuen gizarteak edo erlijioak
zokoratua zuen jendearekiko.
Markosek lepradun baten sendatzea
dakar bere kontakizunean, baztertuekiko Jesusek zuen maitasuna azpimarratzeko.
Paraje bakarti bat zeharkatzen ari da Jesus. Bat-batean, lepradun bat hurbildu
zaio. Lagunik ez du. Bakardadean bizi da. Bere larruan du baztertuaren marka.
Guztiengandik aparte bizitzera behartu dute legeek. Pertsona kutsatua da.
Belauniko, erregu apala egin dio
Jesusi lepradunak. Zikin dakusa bere burua. Ez dio hitz egin bere gaixotasunaz.
Estigma orotatik garbi izan nahi du: «Nahi baduzu, garbi nazakezu». Hunkitu
egin da Jesus gizaki hura bere oinetan ikustean, desitxuratua gaixotasuna eta
guztien baztertzea direla medio. Beste hainbat estigmatizaturen bakardadea eta
etsia irudikatzen du gizon horrek. Jesusek «eskua luzatu du» haren larrua ukitu
nahiz; «ukitu du» eta diotso: «Nahi dut. Izan zaitez garbi».
Geure ustezko goratasun moraletik
gizatalde desberdinen bat (eskekoak, prostituituak, toxikomanoak, hiesdunak,
etorkinak, homosexualak…) bereizten dugunean edota elkar bizitzatik baztertzen,
geure harrera ona ukatuz, larriki ari gara urruntzen Jesusengandik.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2009ko otsailaren 15a
JAINKOAK
«KUTSATUEI» HARRERA ONA
Ustekabean, lepradun bat
«hurbildu zaio Jesusi». Legearen arabera, halakoak ezin du izan harremanik
inorekin. «Kutsatua» da eta bakan bizi beharra du. Tenpluan ere ezin sartu da.
Nolatan onartuko du Jainkok bere aurrean halako izaki nazkagarri bat?
Bazterturik bizitzea du bere zoria. Hori du legearen agindua.
Halaz guztiz, lepradun hau, etsirik,
ausartu egin da arau guztiei desafio egitera. Badaki oker ari dela. Horregatik
jarri da belauniko. Ez da arriskatu Jesusekin aurrez aurre hitz egitera.
Lurretik erregutu dio: «Nahi baduzu garbi nazakezu». Badaki Jesusek senda
dezakeela, baina nahi izango ote du? Ausartuko ote da Jesus Jainkoaren izenean
ezarria dioten baztertzetik ateratzen?
Harrigarria da lepraduna hurbil
ikusteak Jesusi eragin dion zirrara. Ez du nazkarik sentitu, ez du egin atzera.
Gizajo haren egoera ikustean «barneraino hunkitu da». Gainez egin dio
bihotz-samurtasunak. Nolatan ez du, ba, nahi izango garbitzea, babesik txikiena
eta mespretxurik handiena jasaten duten bere seme-alabekiko Jainkoak duen
errukia bera bizi duelarik?
Duda txikienik gabe, gizon
harengana «eskua luzatu» eta garbiek mespretxatzen duten haren narrua ukitu du.
Badaki legeak debekatua duela hori egitea eta, keinu horrekin, lepradunak hasia
duen lege-haustea baiesten ari dela. Errukia bakarrik du, ordea, gogoan: «Nahi
dut: izan zaitez garbi».
Hona zer nahi duen Jesusengan
haragitu den Jainkoak: Aita den aldetik bizi duen errukiaren aurka doazen
baztertze guztietatik mundua garbitu. Bazterketak ez dira Jainkoaren gauza,
baizik gure legeena, gure erakundeena. Inor marjinatzea ez dator Jainkoagandik,
gugandik baizik. Aurrerantzean, denek izan beharko dute kontuan ezin dela inor
baztertu Jesusen izenean.
Inongo kutsaturen aurrean ez
nazkatzea esan nahi du Jesusi jarraitzeak. Inongo «bazterturi» gure abegi ona
ez ukatzea. Lehenengo gauza, Jesusentzat, sufritzen ari den pertsona da, eta ez
araua. Lehentasuna arauari ematea da modurik hoberena mespretxatuen eta ukatuen
aurrean Jesusen sentiberatasuna galtzen joateko. Modurik hoberena errukirik
gabe bizitzeko.
Gune gutxitan suma daiteke
Jesusen Espiritua babesgabeko prostitutuei, guztiek ahaztuak dituzten hiesdunei
sostengua eta adiskidetasuna eskaintzen dieten, beren izaera duintasunez ezin
bizi duten homosexualak... defenditzen dituzten pertsonen baitan bezala.
Jainkoaren bihotzean guztiek dutela lekua gogorarazten digute halakoek.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.