lunes, 12 de febrero de 2018

2018-02-18 - Garizumako 1. Igandea (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Garizumako 1. Igandea (B)


EBANJELIOA

Satanasek tentatzen zuela eta aingeruak zituen zerbitzari.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1,12-15

Aldi haietan, Espirituak basamortura bultzatu zuen Jesus. Berrogei egunez egon zen basamortuan, Satanasek tentatzen zuela. Basabereekin bizi zen eta aingeruak zituen zerbitzari.

Joan Bataiatzailea kartzelan sartu eta gero, Jesus Galileara etorri zen eta Jainkoaren berri ona hots egiten zuen. Honela zioen: «Betea da garaia, eta gainean duzue Jainkoaren erregetza. Bihozberri zaitezte eta sinetsi berri ona».

Jaunak esana.

HOMILIA

2018ko otsailaren 18a

GATAZKA ETA TENTAZIO ARTEAN

(2011-2012ko B zikloaren homilía ikusi)

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2015eko otailaren 22a

GUSTIOK BASAMORTURA ERAGINAK

(2009eko martxoaren 1a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko otsailaren 26a

GATAZKA ETA TENTAZIO ARTEAN

Jesusen jarduera profetikoa kontatzen hasi aurretik, txatal labur hauek dakartza Markosek: “Espirituak basamortura eragin zion Jesusi. Han berrogei egun egin zuen, Satanasi tenta zezan utziz; piztia artean bizi zen, eta aingeruak zerbitzari zituen”.  Gurutzean hil zuten bitarte guztian Jesusek bizi izandako oinarrizko esperientzien laburpen dira lerro horiek.

Jesusek ez du bizi izan bizitza erraz eta lasairik. Espirituaren eraginpean bizi izan da, baina bere haragian sentitu ditu gaizkiaren indarrak. Bere burua Jainkoaren egitasmoari eskaini izanak gatazkak eta tirandurak urratutako bizitza bizitzera eraman dute. Harengandik behar dugu ikasi haren jarraitzaileek probaldian nola bizi.

“Espirituak basamortura eragin dio Jesusi”. Ez du gidatu bizitza erosora. Proben, arriskuen eta tentazioen bidean jarri du. Jainkoaren erreinua bilatzea, Jainkoa faltsutu gabe hots egitea, mundua gizatarrago izan dadin saiatzea: arriskutsua da hori beti. Hala izan zen Jesusentzat eta hala izango da haren jarraitzaileentzat.

“Basamortuan berrogei egun egin  zuen”. Basamortua izango da Jesus biziko den parajea. Leku babesgabe eta arrotz hau probaren eta barnea garbitzearen sinbolo da. Funtsezkoaz bizitzen ikasteko lekurik hoberena; aldi berean, arriskutsuena bere indar propioen arabera bizitzea erabaki duenarentzat.

“Satanasek tentatua”. “Arerioa” esan nahi du Satanasek, Jainkoaren eta erreinuaren alde saiatu nahi dutenen kontra dagoen indarra. Tentaldikoan argitzen da zer den, gu baitan, egiatik edo gezurretik, argitik edo ilunetik, Jainkoari leial izatetik eta injustizian kide izatetik.

Bere bizitza osoan, Jesus adi biziko da “Satanas” agerian jartzeko gorabehera espero gabekoenetan. Behin batean Pedrori egingo dio uko hitz hauekin: “Aldendu hadi nigandik, Satanas; hire pentsaera ez duk Jainkoarena”. Hark bezala bizi behar dugu probaldia, erne eta azti Jainkoagandik aparta gaitzakeen zernahitik.

“Piztia artean bizi zen eta aingeruak zituen zerbitzari”. Piztiek, lurrean bortitzenak diren izaki horiek, Jesus mehatxatuko duten arriskuak iradokitzen dituzte.Aingeruek, berriz, kreazioko hoberenak diren izaki horiek, Jesusi bedeinkatzen, zaintzen eta eusten dion Jainkoaren hurbiltasuna iradokitzen dute. Honela biziko da Jesus: “azeri maltzur” deitzen dion Antipasengandik bere burua defendituz eta gaueko otoitzean Aitaren indarra bilatuz.

Geure aldi zail hauek begiak Jesusengan ditugula bizi behar ditugu. Jainkoaren Espirituak digu eragiten basamortura. Krisialdi honetatik, Eliza apalago bat eta Jaunari leialagoa den bat aterako da egunen batean.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009eko martxoaren 1a

BASAMORTURA ERAGINAK

Jesusen basamortuko egonaldia haren bizitzaren laburpentzat eman digu Markosek. Hona giltza batzuk. Ebanjelariaren arabera, «Espirituak basamortura eragin dio Jesusi». Ez da Jesusen beraren ekimena. Jainkoaren Espirituak eraman du basamortura: Jesusen bizitza ez da izango arrakasta errazeko bidea; aitzitik, probaldiak, segurtasunik eza, mehatxuak ditu bere zain.

Halere, «basamortua» da, aldi berean, lekurik egokiena, isiltasunean eta bakardadean, Jainkoaren ahotsa entzuteko. Krisialdietan berriro itzuli beharreko lekua, herriaren bihotzean Jaunari bidea irekitzeko. Hori uste zuten Jesusen garaian.

Basamortuan, «Satanasen tentazioa jasan du» Jesusek. Ez da adierazi zein izan den tentazioaren edukia. Bakarrik, «Satanasengandik» datorrela, Jainkoaren asmoa deseginez gizakiaren hondamena nahi duen Arerioagandik. Jadanik ez da agertuko gehiago Markosen ebanjelio guztian. Halere, bere egitekotik desbideratu nahi duten guztiengan ikusi du Jesusek tentatzaile hori, baita Pedrogan ere.

Kontakizun labur hori orpoz orpo dauden bi irudirekin bukatu du Markosek: Jesus «piztia artean bizi da», baina «aingeruak ditu zerbitzari». «Piztiek», kreazioko izakirik bortitzen horiek, Jesusek eta haren egitasmoak izango dituzten arriskuak iradokitzen dituzte. «Aingeruek», berriz, kreazioko izaki hoberen horiek, Jesus eta haren misioa bedeinkatzen, zaintzen eta babesten dituen Jainkoaren hurbiltasuna adierazten dute.

Une zailak ari da bizitzen kristautasuna gaur egun. Ikerketa soziologikoei begira, krisiaz, sekularizazioaz, mundu modernoaren ukazioaz mintzo gara. Baina fedetik ikusiz, agian, zerbait gehiago beharko genuke esan: Ez ote da Jainkoa guri «basamortura» eragiten ari dena? Ez ote genuen horrelako zerbaiten premia hainbat mendetan oharkabean metaturiko hainbat haizekeria, hainbat mundutar botere, hainbat harrokeria eta arrakasta faltsutik geure burua liberatzeko? Ez genuen horrelako biderik guk geurez sekula aukeratu izango.

Basamortu-esperientzia hau, ondorengo urteetan haziz joango den hau, ustekabeko grazia- eta garbitze-aldia da, Jainkoari eskertu beharrekoa. Hark aurrera jarraituko du bere asmoarekin. Hauxe bakarrik eskatzen digu: uko egin diezaiegula, azti eta argi, Jesukristogana bihurtzetik desbidera gaitzaketen tentazioei.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.