Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Garizumako 2. Igandea (B)
EBANJELIOA
Hauxe dut neure Seme maitea.
+ Jesu
Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 9, 2-10
Denbora haietan, Jesusek Pedro, Santiago eta
Joan hartu eta mendi garai batera eraman zituen aparte. Eta antzaldatu egin zen
haien aurrean: jantziak distiratsu bihurtu zitzaizkion, zuri-zuri, munduan
inork jar litzakeen baino zuriago.
Eta Elias eta Moises agertu zitzaizkien
Jesusekin hizketan.
Pedrok esan zion Jesusi: «Maisu, zein ederki gauden hemen! Zergatik ez
egin hiru etxola: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat?»
Ez zekien zer esaten zuen ere, beldurrak jota
baitzeuden.
Orduan, hodei batek estali zituen eta mintzo
hau izan zen hodeitik: «Hauxe dut neure Seme maitea. Entzun berari!»
Eta hartan, inguruan begiratu eta Jesus
bakarrik ikusi zuten berekin, eta besterik inor ez.
Menditik beherakoan, ikusitakoa inori ez
aipatzeko agindu zien, harik eta Gizonaren Semea hildakoen artetik piztu arte.
Agindu hau bete zuten, baina «hildakoen
artetik pizte» horrekin zer adierazi nahi ote zien ziharduten beren artean.
Jaunak esana.
HOMILIA
2018ko otsailaren 25a
ASKATU
EBANJELIOAREN INDARRA
(2011-2012ko
B zikloaren homilía ikusi)
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2015eko martxoaren 1a
EZ NAHASTU JESUS BESTE INOREKIN
(2009eko martxoaren 8a homilía
ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko martxoaren 4a
ASKATU
EBANJELIOAREN INDARRA
«Jesusen Antzaldatzearen» kontakizuna
oso herrikoi izan zen hasiera hartatik beretik haren jarraitzailean artean. Ez
da pasadizo bat gehiago. Eszena, sinbolo-izaerako baliabidez berregina,
handiosa da. Moisesekin eta Eliasekin hizketan ari dela, aurpegi dirdaitsuz
aurkeztu dute Jesus ebanjelariek.
Mendi-gailurrera lagundu dioten
hiru ikasleak txunditurik gelditu dira. Zer pentsa ez dakitela. Handiegia da
Jesus inguratzen duen misterioa. Beldurrez zeudela dio Markosek.
Era bitxian amaitu da eszena:
«Estali zituen hodei bat eratu zen eta ahots bat atera hodeitik: Hau da ene
Seme maitea. Entzuiozue». Jesusen deia entzutetik sortu zen haren mugimendua.
Haren Hitza, geroago lau idazki laburretan bildua, beste jarraitzaile batzuk
eraginez joan zen. Jesusen Ebanjelioa entzunez bizi da Eliza.
Jesusen mezu honek oztopo
handirekin egiten du gaur topo, gure aldiko gizon-emakumeengana iristeko.
Praktika erlijiosoa alde batera uztearekin, jende askok utzi dio haren Hitza
entzuteari. Jada ez dute entzungo Jesusez hitz egiten, kasu bakanen batean edo
era zabarrean ez bada.
Kristau-elkarteetara hurbiltzen
direnek berek ere ezin estimatu dute erraz Jesusen Hitza. Haren mezua beste
jarduera, ohitura eta irakaspen batzuen artean galdurik gertatzen da. Nekez
atzeman daiteke haren funtsezko garrantzia. Jesusen espirituaren araberako ez
diren hizkerek eta iruzkinek blokeatzen dute Ebanjelioaren indar askatzailea.
Halaz guztiz, gaur egun ere,
kristauek gizarteari eskaintzen ahal diogun funtsezko gauza bakarra Jesusek
hots egindako Berri Ona da, eta bizitza sanoago eta duinago baterako haren
egitasmoa. Ezin jarraitu dugu Ebanjelioak duen jendea gizatar egiteko indarrari
hesia jartzen.
Geure elkarteetan garbi, bizi eta
ugari korriarazi behar dugu. Iritsi dadila jendearen sukalderaino, ezagutu ahal
dezatela beren bizitzarentzat zentzu berri bat bilatzen dutenek, ezagutu ahal
dezatela esperantzarik gabe bizi direnek.
Ebanjelioa lagunartean irakurtzen
ikasi behar dugu. Ebanjelioaren kontakizunak familiar bihurtzen saiatu behar
dugu. Jesusen Berri Onarekin zuzeneko harremanak izan behar ditugu eta
ondo-ondokoak. Honetan erabili behar dugu geure energia. Horrela hasiko da gaur
Elizak behar duen eraberritzea.
Eliz erakundea mendetan izan duen
erakartzeko indarra galtzen ari den honetan, Jesusek, Jainkoaren Seme maiteak,
egiaren eta biziaren bila dabiltzanentzat duen erakartzeko indarra aurkitu
behar dugu. Urte gutxi barru, konturako gara dena ari zaigula bultzaka,
kristautasunaren erdigunean Jesusen Berri Ona leialtasun handiagoz jartzera.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2009ko martxoaren 8a
EZ
NAHASTU JESUS BESTE INOREKIN
Ebanjelariak
dioenez, Jesusek Pedro, Santiago eta Joan berekin hartu eta mendi batera eraman
ditu aparte, eta «antzaldatu egin da haien aurrean». Gurutzeko dolorezko bere
zoriaz hitz egin izan dienean, aurka gogorkienik egin diotenak dira hiru
horiek.
Gainera,
ideia zoro horiek Jesusi burutik kentzen saiatu da Pedro. Santiago eta Joan
anaiak Mesiasen erreinuan lehen postuen eske joan zaizkio Jesusi. Hain juxtu,
horien aurrean antzaldatu da Jesus. Beste inork baino premia handiagoa dute.
Pasadizoa,
hainbat baliabide sinbolikoz berregina, handiosa da. Jainkoaren beraren aintzaz
«jantzirik» aurkeztu zaie Jesus. Aldi berean, Elias eta Moises, tradizioaren
arabera herioari harrapatuak izan eta Jainkoaren ondoan bizi diren bi horiek,
Jesusekin solasean agertu zaizkie. Horrek guztiak Jesusen jainkozko izaera
sumatzera gonbidatzen gaitu, arerioek gurutzean josia, baina Jainkoak
berpiztua.
Berez
atera zaio Pedrori erreakzioa: «Jauna, bai ondo gaudela hemen! Nahi baduzu,
hiru txabola egingo ditut: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta hirugarrena
Eliasentzat». Pedrok ez du ezer ulertu. Batetik, maila berean eta pareko ezarri
ditu Jesus alde batetik eta Elias eta Moises bestetik: nori bere txabola.
Bestetik, Jesusen bide latzari oztopo jarriz jarraitzen du: Tabor mendiko
aintzan atxiki nahi du Jesus, nekalditik eta Kalbarioko gurutzetik urrun.
Jainkoak
berak bideratuko du, ordea, handikiro: «Nire Seme maitea da hau». Ezin nahas
daiteke beste inorekin. «Entzun berari», baita bere azkena piztuera izango duen
gurutze-bideaz.
Jesusek
bakarrik bidaltzen du argia. Gainerako guztiek −profeta eta irakasle, teologo
eta hierarka, doktore eta predikari− eguteran dugu aurpegia. Ez dugu nahastu
behar Jesus beste inorekin. Hura bakarrik da Seme maitea. Soilik haren Hitza
behar dugu entzun. Gainerakoenak harengana behar gaitu eraman.
Eta
gaur berean ere hura entzun beharra dugu, aldi honetako «gurutzea lepoan
hartzeaz» mintzo zaigunean. Arrakastak kalte egiten digu kristauoi. Are
gehiago: gatazkarik, ukorik eta gurutzerik gabe, Jesusekiko eta haren
erreinuaren egitasmoarekiko leial izatea posible dela pentsatzeraino eraman
gaitu. Kristau «gurutzeratu» bezala bizitzeko ahalbide gehiago dugu gaur egun.
On eginen digu horrek. Geure kristau-nortasuna berreskuratzen lagunduko digu.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.