Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 27. Igandea (B)
EBANJELIOA
Jainkoak uztartu duena ez beza gizakiak aska.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 10,2-16
Denbora haietan,
fariseu batzuek hurbildu eta, zertan harrapatuko, gizonak bere emaztea uztea
zilegi ote zuen galdetu zioten. Hark erantzun zien:
– Zer agindu
zizuen horretaz Moisesek?
Eta haiek:
– Moisesek,
dibortzio-agiria idatzi eta emaztea uzteko baimena eman zigun.
Jesusek esan
zien:
– Jainkoaren
gauzetan itsu zaretelako eman zizuen lege hori Moisesek. Baina, munduaren
hasieratik, Jainkoak gizaseme eta emakume egin zituen; horregatik, gizasemeak
bere aita-amak utziko ditu eta emazteari elkartuko zaio, eta biak bat izango
dira. Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baino. Horrela bada, Jainkoak uztartu
duena ez beza gizakiak aska.
Gero, etxean,
arazo berari buruz galdegin zioten ikasleek. Jesusek esan zien:
– Bere emaztea
utzi eta beste bat hartzen duenak adulterio egiten du lehenengoaren aurka; eta
bere senarra utzi eta beste bat hartzen duen emakumeak adulterio egiten du era
berean.
Beste batean,
haurrak eraman zizkioten Jesusi, uki zitzan; ikasleek, berriz, haserre egiten
zieten. Hori ikustean, Jesus haserretu egin zen eta esan zien: «Utzi haurrei
niregana etortzen, ez galarazi, horrelakoek baitute Jainkoa errege. Benetan
diotsuet: Jainkoaren erreinua haur batek bezala onartzen ez duena ez da inola
ere bertan sartuko».
Eta haurtxoak
magalean hartu eta bedeinkatu egiten zituen, eskuak ezarriz.
Jaunak esana.
HOMILIA
2018ko urriaren 7a
GIZONEZKOAREN BOTEREAREN AURKA
(2011-2012ko
B zikloaren homilía ikusi)
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2015eko urriaren 4a
TXIKIAK ONARTU
(2009eko
urriaren 4a homilía ikusi).
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2012ko urriaren 7a
GIZONEZKOAREN BOTEREAREN AURKA
Fariseuek
galdera bat egin diote Jesusi, probatzeko. Oraingo honetan ez da garrantzirik
gabea. Galileako emakumeei asko sufriarazten dien gertaera da, eta lege-maisuen
eskola desberdinen jarraitzaileen artean eztabaida biziak eragiten dituena:
«Zilegi al du senarrak andreari dibortzioa ematea?»
Kontua
ez da gaur egun ezagutzen dugun dibortzioa, baizik gizonezkoak kontrolatu ohi
zuen ezkontza barruko emakume juduak bizi ohi zuen egoera. Moisesen legearen
arabera, senarrak hautsi zezakeen ezkontza-hitzarmena, andrea etxetik
ateraraziz. Andreak, aldiz, orotan senarraren mendeko, ezin egin zuen
halakorik.
Guztiak
harritu dira Jesusen erantzunaz. Jesus ez da sartu lege-maisuen eztabaiden
munduan. Jainkoaren hasierako egitasmoa bilatzera gonbidatu ditu, lege eta arau
guztien gainetik dagoen hura bilatzera. Lege «matxista» hau, zehazki,
gizonezkoen «bihotz-gogorkeriagatik» sartu da judu-herrian, haiek kontrolatzen
baitituzte emakumeak eta mendean hartzen.
Gizakiaren
jatorrizko misterioan sakondu nahi du Jesusek. «Gizon eta emakume» kreatu ditu
Jainkoak. Elkarren pareko kreatu ditu biak. Ez du kreatu gizonezkoa andrearen
gain boterea emanez. Ez du kreatu emakumea gizonezkoaren mendeko.
Gizon-emakumeen artean ez da eman behar bietako inoren mendetasunik.
Gizakiaren
jatorrizko egitura honetan oinarrituz, gizonezkoen «bihotz-gogorkeriak» ezarria
duen oro baino harago doan ikusmoldea agertu du Jesusek ezkontzaz. Emakumea eta
gizonezkoa «haragi bakarra izateko» elkartuko dira, bizitza partekatu bat
hasteko bataren eta bestearen buru-eskaintzaz, ezarpenik eta mendetasunik gabe.
Giza
maitasunaren goreneko adierazpena da Jesusentzat ezkontza-egitasmo hau.
Gizonezkoak ez du inolako eskubiderik emaztea kontrolatzeko, haren jabe izango
balitz bezala. Emakumeak ezin onartu du bere burua senarraren mendeko. Jainkoak
berak erakartzen ditu elkarrekin bizitzera maitasun aske eta doakoaz. Biribilki
konkluditu du Jesusek: «Jainkoa batu duena, ez dezala bereizi gizonezkoak».
Jarrera
honekin, errotik suntsitu du Jesusek patriarkatuaren oinarria, molde
guztietakoa: gizonezkoak emakumearen gain kontrola, mendetasuna eta ezarpena
izatearena. Ez ezkontzan soilik, baita beste edozein erakunde herritar edo
erlijiosotan.
Jesusen
mezua entzun beharra dugu. Ezin irekitzen ahal diegu biderik Jainkoaren erreinuari
eta hartako zuzentasunari, patriarkatuaren aurka aktiboki borroka egin gabe.
Noiz erreakzionatu behar dugu Elizan, indar ebanjelikoaz, gizonezkoak
emakumearen kontra ari duen horrenbesteko abusu, indarkeria eta oldarraren
kontra? Noiz ekin behar diogu emakumea defendatzeari gizonezkoaren
«bihotz-gogorkeriaren» kontra?
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2009ko urriaren 4a
TXIKIAK ONARTU
Pasadizo
honek gauza ezdeusa ematen du. Halere, inportantzia handiko hondoa du Jesusen
jarraitzaileentzat. Markosen kontakizunaren arabera, zenbait jendek Jesusengana
eraman nahi ditu han inguruan jolasean ari diren haur batzuk. Jende horrek nahi
duen gauza bakarra Jesusek uki ditzan da, bere indarrez eta bere biziaz apur
bat kutsa ditzan. Itxuraz, uste herrikoia zen hori.
Ikasleei
gogaikarri gertatu zaie hori, eta saihestu egin nahi dituzte haurrak. Hesia
eratu nahi dute Jesusen inguruan. Beren buruari egotzi nahi diote Jesusengana
zein iritsi eta zein ez erabakitzeko ahala. Jesusen eta txikienen, ahulenen eta
gizartean premiarik handiena dutenen artean jarri dira berak. Jesusengan
iristea erraztu ordez, zaildu egin dute.
Ahaztu
egin dira jada Jesusen keinuaz, egun batzuk lehenago taldearen erdian Jesusek
haur bat jarri izanaz, ikas dezaten ezen txikienek izan behar dutela ikasleen
arduraren eta arretaren erdigune. Ahaztu egin dira guztien aurrean haurra
besarkatu duela, gonbidatu dituelarik bere izenean eta bere txera beraz
halakoak onar ditzaten.
Hori
ikusirik, haserretu egin da Jesus. Ikasleen portaera hori jasanezina du. Eta,
haserre, bi agindu hauek eman dizkie: «Utzi haurrei nigana hurbiltzen. Ez
eragotzi». Zeinek irakatsi die, ordea, Jesusen Espirituaren hain kontrakoa den
era horretan jokatzen? Hain juxtu, txikiak, makalak eta babesgabeak dira
Jesusengana hurbiltzeko aukera izan behar duten lehenengoak.
Oso
sakona da arrazoia; Aitaren asmoari dagokiona izaki: «Horiek bezalako direnena
da Jainkoaren Erreinua». Jainkoaren erreinuan eta Jesusen taldean, txikiak ez,
baizik handiak eta boteretsuak dira gogaikarri, hau da, dominatu eta lehenengo
izan nahi dutenak.
Elkartearen
erdigunea ez du bete behar jende indartsu eta boteretsuak, gainerakoei goitik
behera begiratzen dienak. Aitzitik, Jesusen elkartean honelako jendea behar da:
azken postuaren bila dabilena ahulenak eta premia handienekoak onartzeko,
zerbitzatzeko, besarkatzeko eta bedeinkatzeko.
Hain
zuzen, Jainkoaren erreinua ezin zabaldu da handien gogo-ezarpenaz, baizik
txikiak onartuz eta defendatuz. Azken hauek arduraren eta arretaren erdigune
direnean, hor ari da garatzen Jainkoaren erreinua, Aitak gogoko duen gizartea,
alegia.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.