lunes, 8 de junio de 2015

2015/06/14 - Urteko 11. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 11. Igandea (B)


EBANJELIOA

Hazi guztietan txikiena da; erein eta gero, ordea, gora egiten du eta beste barazki guztiak baino handiagoa egiten.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 4,26-34

Denbora haietan Jesusek esan zuen: «Jainkoaren erregetza gizonak lurrean hazia ereitean gertatu ohi denaren antzeko da: hura lo nahiz iratzarririk egon, gau eta egun, hazia erne eta hazi egiten da, hark nola ez dakiela. Lurrak berez ematen du: lehenbizi landarea, ondoren galburua, azkenik alea galburua betean. Eta garia heltzean, igitaiaz ekiten zaio, uztaroa da eta».
Beste hau ere esan zien: «Zeren antzeko dela esango genuke Jainkoaren erregetza? Zein parabolaren bidez adieraz genezake? Mostaza-haziaren antzekoa da: lurrean ereitean, hazi guztietan txikiena da; erein eta gero, ordea, gora egiten du eta beste barazki guztiak baino handiagoa egiten; eta txoriek habia egiten dute haren itzalpean, hainbestekoak baitira ematen dituen adarrak».
Horrelako parabola askoren bidez, Jesusek mezua iragartzen zien, beraiek ulertzeko eran. Ez zien ezer irakasten parabola bidez izan ezik; baina bere ikasleei, bakarrean, guztien esanahia adierazten zien.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko ekainaren 14a

Izenburua

---

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko ekainaren 17a

APAL-APAL ETA KONFIANTZAZ

Jesusek kezka handia bizi zuen bere jarraitzaileak halako batean etsipenean eroriko ote ziren pentsatuz; hain zuzen ere, mundua gizatarrago eta zoriontsuago egiteko beren ahaleginek arrakastarik ez zutela ikustegatik. Ahaztu egingo ote ziren Jainkoaren erregetzaz? Eutsiko ote zioten zeruko Aitarekiko konfiantzari? Nolanahi ere, hau izan beharko lukete gauzarik garrantzizkoena: ez dezatela sekula ahaztu nola lan egin.
Galileako nekazarien esperientziatik jasotako etsenpluez baliatuz, beti oinak lurrean izan ditzatela, pazientziaz eta konfiantza handiz lan egin dezatela eskatzen die. Ezinezkoa da Jainkoaren Erregetzari bidea nolanahi irekitzea. Kontu egin behar dute, hartan nola lan egin.
Lehenik eta behin, jakin behar dute, beren lana ereitea dela ezez uzta biltzea. Ezin bizi dira emaitzak zein izango begira. Ez dute kezkarik izan behar ez eginkortasunez, ez berehalako arrakastaz. Ebanjelioa ereitea izan behar dute bere ardura nagusia. Jesusen lankideek ereile izan behar dute. Besterik ez.
Hedapen erlijioso eta ahalmen sozialeko mende askoren ondoren, ereilearen keinu apala berreskuratu beharko genuke Elizan kristauek. Beti fruituak jasotzera doan uzta-biltzailearen logikaz ahaztu, eta etorkizun hobea erein nahi duenaren pazientziazko logika besarkatu.
Ereite ororen hasierak apalak izan ohi dira beti. Askoz gehiago arazoa gizakiaren bihotzean Jainkoaren Egitasmoa ereitea baldin bada. Ebanjelioaren indarra ez da sekula gauza handios edo arranditsua. Jesusen arabera, «mostaza-hazia» bezalako gauza txiki eta ezdeus bat ereitea bezala da, fedea jendearen bihotzean ezkutuan ernetzen baita.
Horregatik, fedeaz bakarrik erein daiteke Ebanjelioa. Hori eman nahi die aditzera Jesusek bere parabola xumeen bidez. Mundua gizatasun handiagoko egiteko Jainkoaren Egitasmoak berekin du indar salbatzaile eta eraldatzailea, jada ereilearen esku ez dagoena. Jainko horren Berri Ona pertsona batengan edo gizatalde batengan sartzen denean, gure gainetik dagoen zerbait hasten da hazten han.
Elizan ez dakigu une honetan no jokatu, egoera berri eta besterik ez bezalako honetan, dogma erlijioso eta kode moralei dagokienez gero eta ez-axolago den gizarte honetan. Inork ez du errezetarik. Inork ez daki juxtu zer egin. Egin behar duguna, bide berriren bila jotzea da, apal-apal eta konfiantza Jesusengan jarriz.
Goiz edo berandu, funtsezkora itzuli beharra sentituko dugu kristauek. Konturatuko gara, Jesusen indarrak bakarrik biziberritu dezakeela fedea gure egun hauetako gizarte deskristautu honetan. Orduan ikasiko dugu Ebanjelioa apal-apal ereiten, fede berritu baten hasiera bezala, ez geure ahalegin pastoralez eskualdatua, baizik Ebanjelioak berak sortua.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2008-2009





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 1 de junio de 2015

2015/06/07 - Kristoren Gorputz eta Odol Guztiz Santua (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Kristoren Gorputz eta Odol Guztiz Santua (B)


EBANJELIOA

Hau nire gorputza da. Hau nire odola da.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 14-12-16. 22-26

Legamia gabeko Ogien Jaiko lehen eguna zen, Pazko-bildotsa hiltzen zeneko eguna. Ikasleek esan zioten Jesusi:
–Non egin behar ditugu Pazko-afarirako prestaketak?
Hark ikasleetako bi bidali zituen, esanez:
–Zoazte hirira, eta ur-suila daraman gizon batekin egingo duzue topo. Jarraitu berari, eta sartuko den etxeko nagusiari esan: «Maisuak galdetzen du non duen ikasleekin Pazko-bildotsa jateko tokia». Berak gela zabal bat erakutsiko dizue goian, jantzirik eta atondua; prestatu hantxe behar ditugunak.
Joan ziren ikasleak eta, hirira iristean, dena Jesusek esan bezala gertatu zitzaien, eta Pazko-afaria prestatu zuten.
Afaltzen ari zirela, ogia hartu zuen Jesusek eta, bedeinkazioa esan ondoren, zatitu eta eman egin zien, esanez: «Hartzazue, hau nire gorputza da».
Gero, kopa hartu eta, esker oneko otoitza egin ondoren, eman egin zien eta denek edan zuten. Eta esan zien: «Hau nire odola da, Jainkoarekiko ituna berrituko duena guztiengatik isuria. Benetan diotsuet: Ez dut gehiago ardorik edango, Jainkoaren erreinuan ardo berria edan arte».
Gorazarreak kantatu ondoren Oliamendira abiatu ziren.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko ekainaren 7a

JAUNAREN AFARIA

Ikerketa soziologikoek ezin ukatuzko datuz nabarmentzen dute: mendebaldeko gure elizetako kristauak alde batera uzten ari dira igandeko meza. Ospakizun hori, mendetan barna moldatuz joan den eran, ez da gai haien fedea elikatzeko, ezta Jesusen elkartearekin lotura egiteko ere.
Hau da, ordea, gauzarik harrigarriena: meza «galtzen» uzten ari garela eta gertaera horrek ez duela sorrarazten gure artean inolako erreakziorik. Halere, ez ote da eukaristia kristau-bizitzaren bihotza? Nolatan geldi gintezke planto eginik, ezeri ekiteko kemenik gabe? Nolatan dago hierarkia hain isil, hain geldi? Nolatan ez dugu fededunok geure kezka agertzen indar eta samin handiagoz?
Mezarekiko berotasun-falta handituz doa, baita hartan erantzukizunez eta duda-mudarik gabe parte hartzen jarraitzen dutenen artean ere. Gutxiengo hauen ereduzko leialtasuna da kristau-elkarteei eusten diena; baina mezak bizirik jarraitu ote lezake, gaur egungo erritua betetzea segurtatzen duten neurri babesle batzuk direla medio?
Saihestu ezinekoak dira galderak: ez ote du behar Elizak bere bihotzean, egungo liturgiak eskaintzen diona baino Jaunaren afariaren esperientzia biziago eta haragituago bat? Hain seguru ote gara ondo egiten ari garela Jesusek bere oroigarri guk egitea nahi zuen hura?
Hainbat mendetarik hona errepikatzen ari garen liturgia hori ote da gaur egungo fededunei hobekien lagundu diezaiekeena afari gogoangarri hartan Jesusek egin zuen hura egiten? Hartan mamitzen, laburbiltzen eta agertzen baita nola eta zertako bizi eta hil zen Jesus. Meza hori ote da gehienik erakar gaitzakeena Jesusen ikasle bezala bizitzera, Aitaren erreinuarekiko Jesusek izan zuen egitasmoaren zerbitzari izatera?
Badirudi, dena dagoela gaur meza eraberritzearen kontra. Halaz guztiz, gero eta premiazkoagoa izango da eraberritze hori, Elizak Jesusekin bizi-harremanak izanez bizi nahi badu. Luzea izango da bidea. Eraldatzea daitekeen gauza izango da, Elizak indar handiagoz sentituko duenean hau: Jesusez oroitu beharra eta haren Espirituaren arabera bizi beharra. Horregatik, gaur ere erantzukizun handiagoz jokatzea izango da: ez, meza alde batera uztea, baizik Jesu Kristogan bihotz-berritzera eraginez bizitzea.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko ekainaren 10a

EUKARISTIA ETA KRISIALDIA

Kristau guztiek dugu ezagutzen. Igandeko eukaristia aisa bihur daiteke «babes erlijioso», aste osoan bizi ohi dugun bizitza gatazkatsutik babesteko. Tentagarria da mezara joatea, esperientzia erlijioso bat partekatzeko, alde guztietatik estutzen gaituzten problemak, tirandurak eta albiste txarrak ahazteko.
Batzuetan sentibera izan ohi gara ospakizunaren duintasunari dagokionez; baina gutxiago kezkatzen gaitu Jaunaren afaria ospatzeak berekin dituen eskakizunez ahazteak. Ez dugu atsegin izaten apaizen batek erritu-araudia zorrotz ez betetzea; baina axola gutxi izan ohi diogu meza ohikeriaz ospatzeari, Ebanjelioaren deiei kasu egin gabe.
Bat bera da beti arriskua: Kristorekin bihotzaren hondoan elkartasuna egitea, sufritzen ari diren anai-arrebekin elkartzeaz arduratu gabe. Eukaristiako ogia partekatu, eta ogirik, justiziarik, etorkizunik ez duten milioika anai-arreben goseari ezikusia egitea.
Datozen urteetan krisiaren ondorioak larriagotzen joango dira, uste genuen baino gehiago. Iragartzen ari diren erabaki atzeraezin eta  errukigabeen zerrendak handiagotu egingo du zuzenaren kontrako desberdintasuna, gure artean. Ikusiko dugu nola doan gero eta pobreago bihurtzen geure ingurune hurbilagoko edo urrunagoko jendea, etorkizun ziur gabe eta ezin aurreikusiko batean koloka.
Hurbiletik ezagutuko dugu: etorkin-jenderik osasun-babesik gabe, gaixo-jenderik bere osasun- edo botika-arazoei nola aurre egin ez dakiela, familiarik erruki-egintzatik bizitzera behartua, pertsonarik etxea uztera mehatxatua, jenderik laguntzarik gabe, gazterik etorkizun argirik gabe… Ez dugu beste erremediorik. Edota betiko geure ohitura egoistak indartu edota solidarioago bihurtu.
Krisialdian bizi den gizarte honetan eukaristia ospatzeak kontzientzia hartzera eragin diezaguke. Soilik, nori bere onura kontuan hartzera eragin izan digun bakoizkeriaren kultura alde batera utzi beharra dugu, xinpleki gizatasun handiagoko izateko. Eukaristia oro dago bideratua anai-arreba artekotasuna eragitera.
Ez da zuzena igandero, urte osoan, Jesusen Ebanjelioa entzutea, haren deiaren aurrean erreakzionatu gabe. Ezin eskatu diogu Aitari «geure eguneroko ogia», lortzeko zailtasunak dituztenak kontuan hartu gabe. Ezin bizi dugu elkartasunik Jesusekin, lagun hurkoarekin eskuzabalago eta solidarioago bihurtu gabe. Ezin eman diogu bakea elkarri, krisiaren aurrean bakartiago eta babesik gabeago direnei eskua luzatu gabe.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko ekainaren 14a

JAUNAREN AFARIA

(2015eko ekainaren 7a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 25 de mayo de 2015

2015/05/31 - Hirutasun Santua (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Hirutasun Santua (B)


EBANJELIOA

Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuz.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoaren liburutik 28, 16-20

Hamaika ikasleak Galileara joan ziren, Jesusek esandako mendira. Ikusi zutenean, gurtu egin zuten; batzuk, ordea, zalantzan zeuden. Jesus, hurbildurik, honela mintzatu zitzaien: «Ahalmen osoa eman dit Jainkoak zeru-lurretan. Zoazte, bada, eta egin herri guztiak nire ikasle, Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuz eta nik agindu dizuedan guztia betetzen irakatsiz. Eta ni zeuekin izango nauzue egunero munduaren azkena arte».

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko maiatzaren 31ea

KREDOAREN FUNTSA

Mendetan barna, ikerketa sakonak egin dituzte kristau-teologoek Hirutasun Santuaz. Halaz guztiz, gaur egungo hainbat kristauk ezin ikusi du zer duten ikustekorik irakaspen horiek beren bizitzarekin.
Ematen du, gaur egun Jainkoaz hitz egitean, hitz apalez eta xumez behar dugula hitz egin, gure bihotz pobre, nahasi eta erdi-etsipendu hau ukituko dutenez, gure fede koloka hau indartuko dutenez. Agian, geure kredoaren funtsa berreskuratu beharra dugu, hura poz berriaz bizitzen ikasteko.
«Sinesten dut Jainko Aitagan, zeru-lurrak kreatu dituen harengan». Geure arazo eta gatazka artean ez gara bizi bakarrik. Ez gara bizi bertan behera utzirik: gure «Aitta» da Jainkoa. Halaxe dei egiten zion Jesusek, eta halaxe dei egiten diogu geuk ere. Gure biziaren jatorria eta helmuga da Jainkoa. Guztiok kreatu gaitu, maitasun hutsez kreatu ere, eta guztion zain dugu, Aita baten bihotzez, mundu honetako geure erromesaldiaren bukaeran.
Jende askok du ahantzia eta ukatua haren izena. Gure seme-alabak ere urrunduz doaz harengandik, eta fededunok ez gara gauza geure fedea kutsakor egiteko; halere, Jainkoak guztioi begira jarraitzen du, maitasunez. Duda-muda askok inguraturik bizi gara; halere, ez dezagun gal geure Jainko Kreatzaile eta Aitarekiko fedea; geure azken esperantza galtzea izango genuke hori.
«Sinesten dut Jesu Kristogan, haren Seme bakarra eta gure Jauna den horrengan». Jainkoak munduari egin dion erregalua da. Aita hori nolakoa eta zer den adierazi digu Jesu Kristok. Guretzat, Jesus ez da izango sekula beste gizaki bat gehiago. Horri begiratuz, Aita ikusiko dugu: Jesusen keinuetan Aitaren samurtasunaz eta ulerberatasunaz jabetuko gara. Jesusengan, gizon eginik, hurbileko, adiskide nabari dugu Jainkoa.
Jesus horrek, Jainkoaren Seme kuttun horrek, bizitza haurridekorrago egitera eragin digu, guztientzat zoriontsuago egitera. Horixe da Aitaren nahirik handiena. Gainera, zein bide egin agertu digu: «Izan errukitsu zuen Aita errukitsu den bezala». Jesusez ahazten bagara, zeinek bete haren hutsunea? Zeinek eskain diezaguke haren argia eta haren esperantza?
«Sinesten dut Espiritu Santuagan, Jauna eta bizi-emailea den horrengan». Jainkoaren misterio hau ez da urruneko gauza. Gutako bakoitzaren barru-barruan presente da. Suma dezakegu, bai gure bizitza arnasten duen Espiritu bezala, bai sufritzen ari direnengana bultza egiten digun Maitasun bezala. Geure baitan dugun gauzarik hoberena dugu Espiritu hau.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko ekainaren 3a

ADISKIDERIK HOBENA

Jainko hirukoitzari dagokion kristau-fedearen muinean bada funtsezko den baieztapen bat. Jainkoa ez da izaki ilun eta barneraezina, bere baitan era egoistan hesitua. Maitasuna da Jainkoa, eta Maitasuna soilik. Kristauek sinesten dugu ezen errealitatearen azken misterioan, den guztiari zentzua eta izatasuna emanez, ez dagoela Maitasuna baizik.
Jesusek ez du idatzi inolako trataturik Jainkoaz. Behin ere ez da ageri Galileako jendeari Jainkoaz dotrina irakasten. Jesusentzat, Jainkoa ez da kontzeptu bat, ez da teoria eder bat, ez da definizio ikusgarri bat. Gizakiaren Adiskiderik hobena da Jainkoa.
Ikertzaileek ez dute dudarik ebanjelioetan ageri den datu batez. Jesusi Jainkoaz hitz egiten entzuten zionak eta haren izenean jarduten ikusten zuenak, Jainkoa Berri Ona dela sentitzen zuen. Jesusek Jainkoaz esaten diona zerbait berri eta zerbait on iruditzen zaio. Jainkoaz entzun dezakeen albisterik onena iruditzen zaio Jesusek komunikatzen eta kutsatzen duen esperientzia. Zergatik?
Agian, hau da jendeak sumatzen duen lehenengo gauza: gizon-emakume guztien Jainkoa dela, eta ez tenpluan haren aurrean agertzeko duin direla pentsatzen dutenena bakarrik. Jainkoa ez dago leku sakratu bati lotua. Ez da erlijio bakar batena ere. Ez da Jerusalemera erromes joan ohi den jende jainkozalearena ere. Jesusen arabera, «onen eta gaiztoen gainera aterarazten du eguzkia». Jainkoak ez du inor, ez baztertzen ez bereizten. Jesusek denak gonbidatzen ditu Jainkoagan konfiantza izatera: «Otoitz egitean esazue: Aita! »
Jesusekin aurkituz doaz ezen Jainkoa ez dela harengana merezimenduz beterik hurbiltzen direnena soilik. Halakoei baino lehen, erremediorik gabeko bekatari direla pentsatuz, erruki eske doazkionei entzuten die. Jesusen arabera, galdurik bizi direnen bila ibili ohi da Jainkoa beti. Horregatik sentitzen da Jesus hain adiskide bekatarien aurrean. Horregatik esaten die bera «galdua zenaren bila etorri dela eta hura salbatzera».
Konturatu da ere jendea Jainkoa ez dela jakintsuena eta adituena soilik. Jesusek eskerrak eman dizkio Aitari, gustuko duelako adituentzat ezkutuko diren gauzak xumeei agertzea. Jainkoak arazo gutxiago izan ohi du herri xumearekin konpontzeko, dena dakitela uste duten jakintsuekin baino.
Baina Jesusen bizierak, Jainkoaren izenean gaixoen sufrimena arintzera emanak, espiritu gaiztoak harturik zituenak askatzera, lepradunak marjinaziotik libratzera, bekatariei eta prostituituei barkazioa eskaintzera emana zen Jesusen bizierak sentiarazi zion jendeari konbentzimendu hau: alegia, gizakiaren Adiskiderik hobena bezala ikusten zuela Jainkoa Jesusek, soilik gure ongia bilatzen duena bezala, soilik kalte egiten digunaren kontra jartzen dena bezala. Jesusen jarraitzaileek ez zuten sekula dudarik izan honetaz: Jainko gizon egina eta Jesusengan agertua Maitasuna dela eta soilik Maitasuna gizon-emakume guztientzat.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko ekainaren 7a

KREDOAREN FUNTSA

(2015eko maiatzaren 31ea homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 18 de mayo de 2015

2015/05/24 - Mendekostearen igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Mendekostearen igandea (B)


EBANJELIOA

Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet.
Hartzazue Espiritu Santua.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20, 19-23

Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».
Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko maiatzaren 24a

ESPIRITUARI DEI EGINEZ

Zatoz, Espiritu Santua. Esnatu gure fede ahul, arin eta dardarati hau. Egizu, konfiantza ezar dezagun Jainko gure Aita maitasun hondorik gabean, bere seme-alaba guztientzat, Elizaren baitako nahiz kanpoko, duen maitasunean. Izan ere, fede hori itzaliko balitz, laster itoko litzateke gure elkarteetan, elizetan ere.
Zatoz, Espiritu Santua. Egizu Jesus izan dadin zeure Elizaren erdigune. Ez dezala ezerk, ez inork, Jesus ordezkatu, ez lausotu. Ez zaitezela bizi gure artean gu haren Ebanjeliora erakarri gabe, guri haren ondoren bihozberritzera eragin gabe. Ez dezagula jo haren Hitzari ihes egitera, ez gaitezela desbideratu haren maitasun-agindutik. Ez dadila gal munduan haren oroitzapena.
Zatoz, Espiritu Santua. Ireki gure belarriak zure deia entzuteko, gaur egun egungo gizon-emakumeen galderetatik, sufrimenduetatik, gatazketatik eta kontraesanetatik iristen zaigun deia entzuteko. Egizu, bizi gaitezela zure ahalari irekirik, gizarte berri honek behar duen fede berria sorrarazteko. Zure Elizan, bizi gaitezela jaiotzen denari adiago, hiltzen denari baino; izan dezagula esperantza bihotzaren sostengu, eta ez haren hondatzaile den nostalgia.
Zatoz, Espiritu Santua. Garbi egizu zeure Elizaren bihotza. Ezarri egia gure artean. Erakutsi guztioi geure bekatuak eta mugak aitortzen. Gogorarazi guri beste guztiak bezalako garela: hauskor, erdipurdiko, bekatari. Libra gaitzazu geure harrokeriatik eta sasi-segurtasunetik. Egizu, ibil gaitezela gizartean egia eta apaltasun handiagoz.
Zatoz, Espiritu Santua. Erakutsi guri beste modu batean ikusten bizitza, mundua eta, nagusiki, jendea. Ikas dezagula begiratzen, Jesusek egiten zuen moduan, sufritzen ari direnei, negar dagitenei, erortzen direnei, bakarrik eta bazter utzirik bizi direnei. Gure begiratua kanbiatuko balitz, kanbiatuko lirateke zure Elizaren bihotza eta begitartea ere. Jesusen ikasleok bizikiago distiraraziko genuke haren hurbiltasuna, hark zuen ulertzeko era eta solidaritatea, premiarik handienekoen aurrean. Geure Maisu eta Jaunaren antzekoago izango ginateke.
Zatoz, Espiritu Santua. Egin gaitzazu ateak irekirik dituen Eliza, bihotz errukitsua eta esperantza kutsakorra dituen Eliza. Ez gaitzala ezerk, ez inork, oharkabetu edo desbideratu Jesusen egitasmotik: mundua zuzenago eta duinago, maitagarriago eta zoriontsuago egiten saiatzetik, Jainkoaren erreinurako bidea urratuz.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko maiatzaren 27a

HARTU ESPIRITUA

Apurka-apurka, ikasten ari gara nola bizi barnetasunik gabe. Jada ez dugu harreman-beharrik geure baitako gunerik hobenarekin. Aski dugu denbora pasa bizitzearekin. Konforme gara arimarik gabe funtzionatzearekin eta janaritzat ogia bakarrik izatearekin. Ez dugu arriskatu nahi egiaren bila. Zatoz, Espiritu Santua, eta libra gaitzazu barnea hutsik izatetik.
Jada badakigu sustrairik gabe eta helmugarik gabe bizitzen. Aski dugu kanpotik programa gaitzaten uztearekin. Etengabe gara mugitzen eta higitzen, baina ez dakigu ez zer nahi dugun, ez nora goazen. Gero eta informazio handiagoa dugu, baina inoiz baino galduago sentitzen gara. Zatoz, Espiritu Santua, eta libra gaitzazu noraezean ibiltzetik.
Esateko, bost axola ditugu existentziaren arazo handiak. Ez dugu axola argirik gabe gelditzea bizitzari aurre egiteko. Eszetipkoago bihurtu gara; alabaina, ahulago eta segurtasunik gabeago ere bai. Adimentsu nahi dugu izan eta argi. Zergatik ez dugu topatzen sosegurik eta bakerik? Zergatik gaitu horrenbeste bisitatzen tristurak? Zatoz, Espiritu Santua, eta libra gaitzazu barne-ilunetik.
Gehiago nahi dugu bizi, hobeto, denbora luzeago; alabaina, zer bizitzeko? Ondo sentitu nahi dugu geure burua, hobeto; alabaina, zer sentitzeko? Bizitza biziki nola gozatuko gabiltza, etekina nola aterako; alabaina, ez gara konformatzen ondo pasatzearekin bakarrik. Gura duguna egiten dugu. Esateko, ez da guretzat, ez debekurik, ez alor eragotzirik. Zer dela eta nahi izaten dugu beste zerbait? Zatoz, Espiritu Santua, eta irakats iezaguzu nola bizi.
Aski eta burujabe nahi dugu izan; alabaina, gero eta bakarrago sentitzen gara. Bizi beharra sentitzen dugu eta geure mundutxoan hesitzen gara: batzuetan hain aspergarria! Maita gaitzaten sentitzen dugu; alabaina, ez gara gauza harreman bizi eta adiskidetsuak eragiteko. Sexuari «maitasuna» deitzen diogu eta plazerari «zoriona»; alabaina, nork ase dezake gure egarria? Zatoz, Espiritu Santua, eta irakats iezaguzu maitatzen.
Gure bizitzan ez da jada Jainkoarentzat lekurik. Haren presentzia itorik gelditu da gure barnean edo itxura galdurik. Zaratak hartu digu barnea, jada ezin entzun dugu haren ahotsa. Hamaika desio eta sentipenetan murgildurik, ezin sumatu dugu haren hurbiltasuna. Harekin ez beste guztiekin dakigu hitz egiten. Misterioari atzea emanik bizitzen ikasi dugu. Zatoz, Espiritu Santua, eta irakats iezaguzu nola sinetsi.
Fededun eta fedegabe, fede txikiko eta fede okerreko, horrela goaz erromes askotan bizitzan aurrera. Espiritu Santuaren kristau-jai honetan, guztioi diosku Jesusek behin batean bere ikasleei esan zien hura, gainera hats eginez: «Har ezazue Espiritu Santua». Gure bizitza gaixoaren sostengu eta fede ahularen arnasa den Espiritu hori, berak bakarrik dakien bidetik sar daiteke gu baitan.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko maiatzaren 31a

ESPIRITUARI DEI EGINEZ

(2015eko maiatzaren 24a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 11 de mayo de 2015

2015/05/17 - 7. Pazko Igandea - JAUNGOIKOAREN IGOKUNDEA (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

7. Pazko Igandea - JAUNGOIKOAREN IGOKUNDEA (B)


EBANJELIOA

Zerura jasoa izan zen eta Jainkoaren eskuinean eseri zen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 16, 15-20

Denbora haietan Jesusek apostulei agertu eta esan zien: «Zoazte mundu guztian zehar eta hots egin berri ona izaki guztiei. Sinesten eta bataiatzen den oro salbatua izango da; sinesten ez duena, berriz, kondenatua. Sinestedunek seinale hauek izango dituzte berekin: nire izenean deabruak botako dituzte, hizkuntza berriz mintzatuko dira, sugeak eskuetan hartuko dituzte eta, edari hilgarriren bat edanik ere, ez die gaitzik egingo; gaixoei eskuak ezarriko dizkiete eta sendatu egingo dira».
Horrela hitz egin ondoren, Jesus Jauna zerura jasoa izan zen eta Jainkoaren eskuinean eseri zen.
Haiek, berriz, alde guztietara joan ziren berri ona hots egitera. Eta Jauna bera ari zen haiekin, egiten zituzten mirarien bidez mezua baietsiz.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko maiatzaren 17a

KONFIANTZA ETA ERANTZUKIZUNA

Markosen jatorrizko ebanjelioari halako batean eranskin bat gehitu zioten, Jesusen azken agindu hau jasotzen duena: «Zoazte mundu osora eta hots egin ebanjelioa kreazio guztiari». Ebanjelioa ezin gelditu da ikasleen talde koxkorrera mugaturik. Irten beharra du eta lekualdatu beharra, «mundu osora» iritsi eta Berri Ona jende guztiari aldarrikatzeko, «kreazio guztiari».
Inondik ere, hitz hauek gogotsu entzun zituzten orduan, lehen kristauak bete-betean zabaltzen eta haien elkarteak Inperio osoan biderkatzen ari ziren hartan. Baina nola entzuten ditugu guk gaur egun hitz horiek, geure eliztarrei, gure erlijioaren beharrik sentitzen ez dutelarik, eutsi ezinik gabiltzan honetan?
Lehenengo gauza, Jainkoaren jardueran konfiantza osoa izatea da. Jesusek berak esana dugu hori. Jainkoa maitasun muga gabeaz ari da bere seme-alaba guztien bihotzean, guk halakoak «galdutako arditzat» emanak ditugun arren. Jainkoa ezin zurrundu edo blokeatu du inongo krisialdik.
Ez dago gure zain; ez dago guk Elizan berregiteko geure egitasmoak edo berrikuntza-asmoak noiz abian jarriko zain. Etenik gabe dihardu hark Elizan eta Elizaz kanpo. Jainkoak ez du inor bazter utzi nahi, ezta Jesusen ebanjelioaz hitz egiten entzun ez duenik ere.
Halere, horrek guztiak ez digu kentzen geure erantzukizuna. Geure galderak egiten hasi beharra dugu. Zein bidetan dabil Jainkoa kultura modernoko gizon-emakumeen bila? Nola nahi die begi aurrean jarri Jesusen Berri Ona gure egun hauetako gizon-emakumeei?
Are galdera gehiago egin beharra dugu: Zer dei ari zaigu egiten Jainkoa kristau-fedea pentsatzeko, adierazteko, ospatzeko eta haragitzeko dugun molde tradizionala eraldatzeari dagokionez, kultura modernoaren baitan Jainkoaren jarduerari lur ona prestatu ahal izateko? Ez ote dugu arrisku hau bizi: geure zurruntasunaz eta mugigaiztasunaz, galga eta oztopo gertatzekoa Ebanjelioa gaur egungo gizartean haragitu dadin?
Inork ez daki nolakoa izango den kristau-fedea, harrotzen ari den mundu berrian; edonola ere, nekez izango da iraganekoaren «klonazio» bat. Ebanjelioak badu barne-izerdi indar-emaile bat, kristautasun berri bat abian jartzeko.


José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko maiatzaren 20a

HASIERA BERRIA

Hizkuntza desberdinez deskribatzen dute ebanjelariek Jesusek ikasleei gomendatu dien mandatua. Mateoren arabera, Jesusek irakatsi bezala bizitzen ikasi behar duten «ikasleak eratu» behar dituzte. Lukasen arabera, Jesusen inguruan bizi izan dutenaren «lekukoak» eratu behar dituzte. Markosek, berriz, «sorkari guztiei Ebanjelioa hots egin behar dietela» esanez laburtu du guztia.
Gaur egun kristau-elkarte batera hurbiltzen direnek ez dute topo egiten zuzenean Ebanjelioarekin. Sumatzen dutena, erlijio zaharkitu baten funtzionamendua da, krisi-zantzu asko dituena. Ezin identifikatu dute argi eta garbi erlijio horren baitan Berri Ona, duela hogei mende Jesusek eragindako hura.
Alde batetik, kristau askok ez du Ebanjelioaren zuzeneko ezagutzarik. Jesusez eta haren mezuaz dakiten guztia, katekistei eta predikarien entzundakotik erdizka eta zatitsu eraiki dezaketena da. Jesusen Ebanjelioarekin harreman pertsonalik izan gabe bizi dute beren erlijioa.
Nolatan hots egin dezakete beren elkarteetan beretan ezagutzen ez badute? Vatikano II.a kontzilioak gaur egun ahaztuegia den hau gogorarazi du: «Ebanjelioa du Elizak, aldi guztietan, bere biziaren jatorria». Iritsia da unea kristau-elkarte bat honela ulertu  eta eratzeko ordua: leku bat, zeinetan Jesusen Ebanjelioa onartzea izango baita lehenengo gauza.
Ezerk ezin biziberritu izango du krisian den gure elkarteen sarea, Ebanjelioaren indarrak bezala. Soilik, Ebanjelioaren zuzeneko eta bertatik bertako esperientziak biziberritu ahal du Eliza. Urte batzuk barru, krisiak soilik funtsezkoa atxikitzera eragingo digu; garbi ikusiko dugu orduan ezer ez dela garrantzizkoagorik kristauentzat elkarrekin biltzea baino, ebanjelioko kontakizunak irakurri, entzun eta partekatzeko.
Ebanjelioaren indar berritzailean sinestea da lehenengo gauza. Ebanjelioko kontakizunek fedea bizitzen irakasten dute, ez behartuz, baizik erakarriz. Kristau-bizitza biziarazten dute, ez betearaziz, baizik distiratuz eta kutsatuz. Daitekeena da jada gure parrokietan beste dinamika bat abiaraztea. Talde txikietan bildurik, Ebanjelioari loturik, Jesusen jarraitzaileen egiazko nortasuna berreskuratuz joan gintezke.
Ebanjeliora itzuli beharra dugu, hasiera berritzat hartuz. Jada ez da on edozein egitarau edo estrategia pastoral. Urte batzuk barru, Jesusen Ebanjelioa elkarrekin entzutea ez da izango jarduera bat gehiago beste askoren artean; baizik eta jarduera nagusia izango da, zeinetatik hasiko baita kristau-fedearen biziberritzea, gizarte sekularizatuan barreiatuak diren elkarte koxkorren baitan.

Jose Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko maiatzaren 24a

Izenburua

(2015eko maiatzaren 17a homilía ikusi).

Jose Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


lunes, 4 de mayo de 2015

2015/05/10 - 6. Pazko Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

6. Pazko Igandea (B)


EBANJELIOA

Ez die inork maitasun handiagorik adiskideei, bere burua haien alde ematen duenak baino.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 15, 9-17

Senide maiteok:
Aitak maite nauen bezala, halaxe maite zaituztet nik ere zuek; iraun tinko nire maitasunean. Nire aginduak betetzen badituzue, nire maitasunean iraungo duzue, nik neure Aitaren aginduak betez haren maitasunean irauten dudan bezala. Hau guztia nire poza zeuengan izan dezazuen esan dizuet, eta poz hori bete-betea izan dadin.
«Hau da nire agindua: maita dezazuela elkar nik maite izan zaituztedan bezala. Ez die inork maitasun handiagorik adiskideei, bere burua haien alde ematen duenak baino. Zuek nire adiskide izango zarete, nik agintzen dizuedana egiten baduzue. Aurrerantzean ez dizuet morroi deituko, morroiak ez baitu jakiten nagusiaren asmoen berri; zuei adiskide deitzen dizuet, neure Aitak jakinarazitako guztia adierazi baitizuet. Ez ninduzuen zuek ni aukeratu, neuk zintuztedan zuek aukeratu. Eta eginkizun hau eman dizuet: edonon fruitu ugaria eta iraunkorra eman dezazuela. Nire izenean Aitari eskatuko diozuen guztia, eman egingo dizue. Hauxe agintzen dizuet: maita dezazuela elkar.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko maiatzaren 10a

MAITASUNETIK DESBIDERATU GABE

Joan ebanjelariak agur-hitzaldi luzea jarri du Jesusen ahoan, eta bizitasun bereziz jaso ditu horretan funtsezko ezaugarri batzuk, mendetan barna ikasleek gogoan hartu beharrekoak, Jesusi eta haren egitasmoari leialak izan nahi badute. Jakina, gaur egun ere bai.
«Iraun nire maitasunean». Horra lehenengo gauza. Kontua ez da erlijio batean bizitzea, baizik eta Jesusek digun maitasunean bizitzea, Aitagandik hartu duen maitasunean. Kristau izatea ez da lehenik eta behin doktrina-arazoa, baizik maitasun-arazoa da. Mendetan barna, ikasleek mila eratako dudak, gatazkak eta zailtasunak izan dituzte. Garrantzizkoa beti maitasunetik ez desbideratzea izanen da.
Jesusen maitasunean irautea ez da gauza teorikoa, ezta mamirik gabea ere. «Aginduak gordetzean» datza, eta haurrideekiko maitasunean laburbildu du Jesusek berak agindu hori: «Hau da ni agindua: maita dezazuela elkar, nik maite zaituztedan bezala». Agindu askorekin egingo topo kristauak bere erlijioan. Askotarikoak eta desberdinak dituzte, ordea, agindu horiek beren jatorria, beren izaera, beren garrantzia. Egunak joan egunak etorri, arauak ugaldu egiten dira. Maitasunaren aginduaz bakarrik dio Jesusek hau: «Hau da nire agindua». Noiznahi eta nonahi, gauza erabakitzailea kristauarentzat haurrideekiko maitasunetik ez irtetea da.
Jesusek ez du aurkeztu maitasunaren agindu hau gure bizitza latzagoa eta astunagoa egingo duen lege bezala, baizik poz-iturri bezala: «Honetaz mintzo natzaizue, nire poza zuengan izan dadin eta zuen poza bere betera irits dadin». Gure artean zinezko maitasunik ez denean, hutsunea eratzen da, ez ezerk ez inork pozez bete ezin duen hutsunea.
Maitasunik gabe ezin da pausorik eman kristautasun irekiago, bihozkoiago, alaiago, xumeago eta maitagarriago baterantz, Jesusekin «adiskide» bezala −ebanjelioaren esapidea erabiliz− bizitzeko modua eskainiko lukeen baterantz. Ezin jakingo dugu poza eragiten. Nahi izan gabe ere, kristautasun triste bat, kexuz, erresuminez, lantuz eta etsipenez betea lantzen jarraituko dugu.
Gure kristautasunari, sarritan, poza falta zaio, egiten eta bizi ohi denak eman dezakeen poza. Sarritan, Jesu Kristorekiko gure jarraipenak berrikuntzaren sua falta izaten du, eta tristura izaten du sobera, Jesusek gugandik espero duena egiteko konbentzimendurik gabe, gauzak errepikatzen aritzeak dakarren tristura.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko maiatzaren 13a

JESUSEN MAITATZEKO ERA

Ikasleei agur esaten ari da Jesus. Biziki maite izan ditu. Aitak bera maite izan duen maitasun beraz maite izan ditu. Haiek utzi beharra etorri zaio orain. Ez dakite elkar maitatzen. Beren artean ezbaian ikusi ditu lehen jarlekuen bila. Zer izango ote haietaz?
Jesusen hitzek tonuera jasoa dute. Guztien bihotzean ondo ezarriak gelditu behar dute: «Hona nire agindua: maita dezazuela elkar nik maite izan zaituztedan bezala». Jesusek ez du nahi bere maitatzeko era ikasleek gal dezaten. Egunen batean ahazten badute, ezin hartuko ditu inork Jesusen ikasletzat.
Ezabaezineko oroitzapena gorde zuten. Honela laburtu zuten haren bizitza lehen belaunaldiek: «Alde guztietan on eginez igaro zen». Gauza ona zen harekin topo egitea. Jendearen ongia bilatu zuen beti. Nola bizi irakasten zuen. Berri On izan zen haren bizitza. Jainkoaren hurbiltasuna suma zitekeen haren baitan.
Nahastezineko era du Jesusek maitatzean. Oso sentibera da jendearen sufrimenduaren aurrean. Ezin jiratu da beste aldera norbait sufritzen ikustean. Behin batean Naingo herrixkan sartzean, lur emate batekin egin du topo: emakume alargun bat bere seme bakarrari lur ematera doa. Barru-barrutik jaio zaio Jesusi ezezagun harenganako maitasuna: «Emakume, ez negar egin». Jesusek bezala maite duena, sufrimena nola arinduko bizi ohi da eta malkoak nola lehortuko.
Ebanjelioek une askotan gogoratzen dute nola atzematen zuen Jesusek bere begiez jendearen sufrimena. Halakoei begira jarri eta hunkitu egiten zen: sufritzen sumatzen zituen, edo lur jota, edo artzainik gabeko ardi bezala. Berehala, gaixoenak sendatzeari ekiten zion edota bere hitzaz elikatzera. Jesusek bezala maite duenak, jendeari aurpegira errukiz begiratzen ikasten du.
Miresgarria da Jesusen prestasuna jendeari on egiteko. Ez dago bere buruari begira. Edozein deiri egiten dio kasu, beti ahal duena egiteko prest. Bidean doala eskale itsu batek errukitzeko eskatu dionean, hitz hauekin egin dio harrera: «Zer nahi duzu nik zuri egitea? Jarrera horixe izan ohi du bizitzan, Jesusek bezala maite duenak. 
Badaki Jesusek ezindu handienen ondoan egoten. Ez du beharrik ezer eska diezaioten. Ahal duena egiten du haien oinazea sendatzeko, haien kontzientzia askatzeko edota Jainkoarekiko konfiantza kutsatzeko. Baina ezin konpondu ditu jende haren arazo guztiak.
Hargatik, ontasun-keinuak egiten ditu: kaleko haurrak besarkatu: ez du inor ikusi nahi umezurtz; gaixoak bedeinkatu: ez du nahi Jainkoak utzi dituenik senti dezaten; lepradunen azala ferekatu: ez du nahi bazter utziak direnik pentsa dezaten. Horrelakoak dira Jesusek bezala maite duenaren keinuak.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko maiatzaren 17a

MAITASUNETIK DESBIDERATU GABE

(2015eko maiatzaren 10a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com