lunes, 25 de abril de 2011
2011/05/01 - 2. Pazko Igandea (A)
Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano
2011eko maiatxaren 1a
Jose Antonio Pagolaren homiliak
2. Pazko Igandea (A)
EBANJELIOA
Zortzi egunen buruan, sartu zen Jesus.
Joan 20, 19-31
Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».
Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».
Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean.
Elkartu zirenean, beste ikasleek esan zioten:
–Jauna ikusi dugu.
Tomasek erantzun zien:
–Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut, eta nire atzamarra iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko.
Zortzi egunen buruan, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere bertan zen. Ateak itxirik zeuden arren, sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, esan zion Tomasi:
–Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihets-zuloan. Eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik.
Tomasek erantzun zion:
–Ene Jauna eta ene Jainkoa!
Jesusek esan zion:
–Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak.
Mirarizko beste seinale asko egin zituen Jesusek bere ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez daudenak.
Hemen kontatuak Jesus Mesias eta Jainkoaren Semea dela sinets dezazuen idatzi dira eta, sinetsiz, betiko bizia izan dezazuen hari esker.
Jaunak esana.
HOMILIA
2011ko maiatzaren 1ea
HASIERA BERRIA
Jesusen atarramenduaz izuturik, etxe ezagun batean babestu dira ikasleak. Elkarturik dira berriro, baina Jesus ez dute jada berekin. Elkartean hutsune bat da, inork bete ezina. Jesus falta da. Ezin entzun dute jada, suak harturiko haren hitza. Ezin ikusi dute hura zoritxarreko jendea txeraz bedeinkatzen. Nori jarraitu orain?
Ilunabarra da Jerusalemen, baita ikasleen bihotzean ere. Ezin kontsolatu ditu inork beren triste aldian. Pixkana, beldurra ari da jabetzen guztiez, baina jada ez dute Jesus beren artean, bihotza indartzeko. Nola-halako segurtasuna ematen dien gauza bakarra «ateak ixtea da». Jada inork ez du pentsatzen bideetara irtetean, Jainkoaren erreinua hots egiteko eta bizitza sendatzeko. Jesus gabe, nolaz kutsatu haren Berri Ona?
Joan ebanjelariak modu garaiezinean deskribatu du ikasleen baitan gertatu den eraldatzea, Jesus, bizi betean, haien artean agertu denean. Berpiztua han dago berriro bere jarraitzaileen elkartearen erdian. Horrela izan behar du beti. Harekin, dena da posible: beldurretik libre izatea, ateak irekitzea eta ebanjelizazioa abian jartzea.
Kontakizunaren arabera, Jesusek elkarteari eman dion lehenengo gauza bakea izan da. Errietarik ez, bera bakarrik utzi dutelako; kexurik ez, gaitzespenik ez. Soilik, bakea eta poza. Haren arnasa kreatzailea sentitu dute ikasleek. Berriro hasi da guztia. Haren Espirituak eraginda, mendetan barna jarraituko dute lankide izaten Aitak Jesusi gomendatu zion egitasmo salbatzailean.
Gaur egun Elizak behar duena ez dira soilik erreforma erlijiosoak eta komuniorako deiak. Hau da geure elkarteetan bizi behar duguna: «hasiera berri bat», Jesus geure artean dugulako ustetik abiatuz. Hark bakarrik bete behar du Elizaren erdigunea. Hark bakarrik eragin dezake benetako komunioa. Hark bakarrik berritu ditzake gure bihotzak.
Ez dira aski gure ahaleginak eta lanak. Jesusek bakarrik eragin dezake horizonte-aldaketa, beldurra eta errezeloa kanporatzea, bakearen eta baretasunaren giro berria; ateak irekitzeko behar dugun giroa, geure garai honetako gizon-emakumeekin Ebanjelioa partekatzeko behar dugun giroa.
Baina ikasi beharra dugu hura gure artean dela fedeaz onartzen. Handik zortzi egunera Jesus berriro agertu zitzaien eta kontalariak dio ateak itxirik zirela artean. Ez du Tomasek bakarrik ikasi beharra Berpiztuagan konfiantzaz sinesten. Beste ikasleek ere ikasi beharra dute duda-mudak eta beldurra pixkana gainditzen; izan ere, artean ebanjelizazioari ateak itxirik bizitzera behartzen baitituzte horiek.
José Antonio Pagola
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.