domingo, 7 de agosto de 2011

2011/08/14 - Urteko 20. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

2011eko abustuaren 14a

Jose Antonio Pagolaren homiliak

Urteko 20. igandea (A)

EBANJELIOA

Emakumea, handia da zure fedea!

+ Mateo 15, 21-28

Handik irtenik, Tiro eta Sidon aldera aldendu zen Jesus. Hartan, inguru haietan bizi zen emakume kanaandar bat deiadarka hasi zitzaion:
–Erruki zakizkit, Jauna, Daviden Semea! Oinaze gorritan dauka deabruak nire alaba.
Baina Jesusek ez zion hitzik erantzun. Bere ikasleek, ondoraturik, eskatu zioten:
–Kasu egiozu, deiadarka baitatorkigu atzetik.
Jesusek, ordea:
–Israel herriko ardi galduengana bakarrik bidali nau Jainkoak.
Baina emakumea, hurbildurik, ahuspez jarri zitzaion, esanez:
–Lagun nazazu, Jauna.
Jesusek, orduan:
–Ez dago ongi seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea.
Emakumeak erantzun zion:
–Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte nagusien mahaitik erortzen diren ogi-apurrak.
Orduan, Jesusek esan zion:
–Emakumea, handia da zure fedea! Gerta bekizu nahi duzuna!
Eta une hartatik sendatua gelditu zitzaion alaba.

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko abustuaren 14a

GUZTIENA DA JESUS

Txundigarria da pasadizoa. Emakume pagano bat oihuka dator Jesusengana. Nortasun handiko emakumea da; gaixo duen alabarentzat erruki eske dator; izan ere, segur da ezen Jainkoak bizitza duina opa diela bere seme-alaba guztiei, nahiz pagano, nahiz emakume izan.
Zuzenean egin du eskaria: «Erruki zaitez nitaz, Jauna, Daviden Semea. Nire alaba deabruak torturatua da». Halere, alferrik: Jesus isilik da, argitzeko zaila den isiltasunez. Ez ote da kupituko Jesusen bihotza ama desanparatu haren aurrean?
Tirandura ezin jasanago bihurtu da Jesusek isiltasuna hautsi duenean, zorrotz uko eginez emakumeari entzuteari. Sendoa da haren ezetza eta Aitagandik hartua duen egitekoari leial izateko gogotik atera zaio: «Soilik, Israelgo ardi bide galduengana bidali nau».
Emakumea ez da desanimatu. Lasterrago dabil orain eta taldea harrapatu du; Jesusen aurrean lurreraino makurtu eta eskaria errepikatu du: «Jauna, lagundu». Haren oihuan Sanatzaile haren taldeko diren hainbat eta hainbat gizon-emakumeren mina entzuten da; bizitza duingabea sufritzen dutenena. Jesusen errukitik kanpo gelditu behar ote dute?
Jesusek bere ezetza berregin du: «Ez da on txakurrei botatzea seme-alaben ogia». Emakumea ez dago amore emateko Jesusen hoztasun ikaragarri horren aurrean. Ez du zalantzan jarriko Jesusena, onartu egin du haren irudi gogor hura, baina Jesusek kontuan izan ez duen ondorioa atera du: «Arrazoi duzu, Jauna; baina txakurrek ere jaten dituzten nagusiaren mahaitik erortzen diren apurrak». Jainkoaren mahian denentzat dago ogirik.
Jesusek harriturik erreakzionatu du. Emakume pagano honen eskaria hondoraino entzunez, ulertu du hark eskatzen duena Jainkoak nahi duena bera dela zehazki: «Emakumea, bai handia dela zure fedea; bete dadila gura duzuna». Sufritzen dutenez Jainkoak duen maitasunak ez du mugarik, ez dio axola jendea fededun ala fedegabe den ere. Emakume honi jaramon egiteak ez du apartatu Jesus Aitaren asmotik, baizik eta asmo hori egiaz norainokoa den agertu dio.
Kristauek, gaur egun, ikasi beharra dugu elkarrekin bizitzen: agnostikoekin, axolagabeekin edo paganoekin. Ez dira geure bidetik baztertu beharreko etsai. Haien sufrimena entzuten badugu, ikusiko dugu pertsona makal eta zaurigarri direla, geu bezala bizitzeko argi eta arnasa pixka baten bila dabiltzala.
Jesus ez da inoren jabetzakoa. Haren argi eta indar sanatzailea guztientzat da. Bide okerra da geure taldean edo elkartean hesitu nahi izatea, gutar ez direnak apartatuz, baztertuz edo gaitzetsiz. Orduan bakarrik beteko dugu Aitaren gogoa: sufritzen ari diren eta erruki eske intzirika ari diren gizaki guztiei bihotza irekiko diegunean.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.