lunes, 17 de octubre de 2011

2011/10/23 - Urteko 30. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.

2011ko urriaren 23a

Urteko 30. igandea (A)


EBANJELIOA

Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa eta lagun hurkoa zeure burua bezala.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 22, 34-40

Dembora haietan, Jesusek saduzearrak hitzik gabe utzi zituela jakitean, fariseuak elkarrekin bildu ziren, eta beraietako lege-gizon batek galdetu zion Jesusi azpikeriaz:
–Maisu, zein da legeko agindurik nagusiena?
Jesusek erantzun:
–Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz.
Hori da agindurik nagusiena eta lehena. Eta bigarrena, ez garrantzi gutxiagokoa, hauxe da: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala. Bi agindu hauetan oinarritzen dira Liburu Santu guztiak.

Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko urriaren 23a


LEHENENGO GAUZA


Behin batean fariseuak bildu eta galdera bat egin zioten Jesusi, beren artean eztabaida eta tirabira-gai zuten arazo batez: larunbataz, erritu-garbitasunaz, hamarrenez eta beste puntu batzuez bilduak zituzten seiehun eta hamahiru aginduak zorrozkien bete nahi zituzten taldeen arteko tirabiraz: «Maisu, zein da Legeko agindu nagusia?»
Jesusen erantzuna oso ezaguna da kristauen artean: «Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz guztiaz, arima guztiaz, zaren guztiaz». Hori da garrantzizkoena. Gero gehitu zuen: «Horren antzekoa da bigarrena: maita ezazu lagun hurkoa zeure burua bezala». Eta baieztapen hau egin zuen konklusiotzat: «Bi agindu hauek dira Legearen eta Profeten sostengu».
Asko axola zaigu Jesusen hitzak entzutea. Izan ere, antzinako Israel herrian bezala, Elizan ere handituz joan da, mendeen joan-etorrian, aginduen, arauen eta debekuen kopurua, kristau-bizitzako alde desberdinak arautzeko. Zer da lehenengo gauza, eta inportanteena? Zein da funtsezko gauza Jesusen jarraitzaile bezala bizitzeko?
Jesusek argi utzi du gauza guztiak ez direla garrantzi berekoak. Oker handia da liturgiako eta araudiko bigarren mailako gauzei inportantzia ematea, funtsezkoena alde batera utziz. Ez genuke sekula ahaztu behar soilik Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzea dela irizpide nagusia eta lehena Jesusi jarraitzeko orduan.
Haren arabera, maitasun hori da hondo-hondoko jarrera, Jainkoarekin dugun harreman erlijiosoari eta jendearekiko gure portaerari egia eta zentzua ematen dizkion giltzarri-indarra eta ordezkorik gabea. Zer da kristau-erlijioa maitasunik gabe? Zertan gelditzen da gure bizitza Elizaren baitan eta gizartean, maitasunik gabe?
Mota guztietako arauei eta errituei lotuta, pobreturik, kaskarturik edo zurrundurik gelditzeko arriskutik liberatzen du bihotza maitasunak. Zer da betetzaile baten bizitza, Jainkoari maitasun bizirik ez badio? Zer-nolako egia da gure kristau-bizitzan, premian den lagun hurkoari maitasun praktikorik ez badiogu?
Aski zabaldurik diren bi jarrerari kontrajartzen zaio maitasuna. Lehenik eta behin, axolarik ezari, sentiberatasunik eza, buru-zurruna, bihotzik eza den aldetik. Bigarren, egozentrismoari eta axolarik ezari gainerakoen aurrean.
Hain kritikoak diren aldi hauetan, ez da gauza inportanteagorik apalki funtsezkoari eustea baino, hau da, Jainkoa zinez maitatzea, barrutik sentituriko eta bizitako ospakizunetan elikatuz eta lagun hurkoa maitatzea, fededunen artean harreman adiskidetsuak indartuz eta premian direnekiko konpromisoa eraginez. Geure eskura dugu Jesusen arnasa.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.