lunes, 5 de diciembre de 2011

2011/12/11 - Abendualdiko 3. igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.

2011ko abenduaren 11a

Abendualdiko 3. igandea (B)



EBANJELIOA

Zeuen artean baduzue, ezagutzen ez duzuen bat.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 1, 6-8.19-28

Agertu zen gizon bat Jainkoak bidalia; Joan zuen izena.
Testigu izatera etorri zen, argiaz testigantza egitera, beraren mezuaren bidez sinets zezaten.
Ez zen hura argia, argiaren testigantza egin behar zuena baizik.
Judu-agintariek apaiz- eta lebitar-talde bat bidali zioten Joani Jerusalemdik nor zen galdetzera. Hark argi eta garbi aitortu zuen:
–Ni ez naiz Mesias.
–Orduan, zer? Elias zara? –galdetu zioten.
Joanek erantzun:
–Ez.
–Etortzekoa den profeta zara?
Hark erantzun:
–Ez.
Berriro galdetu zioten:
–Nor zaitugu, bada? Bidali gaituztenei erantzunen bat eraman behar diegu. Zer diozu zeure buruaz?
Joanek, Isaias profetaren hitzak aipatuz, esan zuen:
–Ni, «Prestatu bidea Jaunari»
basamortuan oihuka ari denaren
ahotsa naiz.
Talde hartako batzuk fariseuak ziren. Hauek galdetu zioten:
–Beraz, Mesias ez bazara, ez Elias, ezta etortzekoa den profeta ere, nola ari zara bataiatzen?
Joanek erantzun zien:
–Nik urez bataiatzen dut; zeuen artean baduzue, ordea, ezagutzen ez duzuen bat, nire ondoren datorrena, eta ni ez naiz inor hari oinetako lokarriak askatzeko ere.
Hau dena Betanian gertatu zen, Jordan ibaiaren beste aldean, han ari baitzen Joan bataiatzen.
Jaunak esana.

HOMILIA

2011ko abenduaren 11a


ARGIAREN LEKUKOAK


Gizon-emakume batzuek Jesusekin izan duten harreman harrigarri batetik sortu da kristau-fedea. Ikasle hauek harekin harremanetan hasi eta «Jainkoaren hurbiltasun salbatzailea» esperimentatu dutenean hasi da guztia. Jesusekin bizi izan duten esperientzia askatzaile, eraldatzaile eta gizatartzaileak abiarazi du guztia.
Haien fedea duda-muda, ziurtasun-ez eta oker-ulertzeen artean esnatu da, Galileako bideetan jarraitzen diotela. Koldarkeriak eta ukapenak jotzen du fede hori Jesus gurutzean josia ikusten dutenean. Baina, indarberritu eta kutsakor bihurtu da hil ondoren Jesus bizi dela esperimentatzen dutenean.
Horregatik, urteen joan-etorrian, esperientzia hori kutsatzen ez bada eta belaunez belaun eskualdatzen ez, haustura tragikoa gertatuko da kristautasunaren historian. Gotzainek eta apaizek kristau-mezua predikatzen jarraituko dute. Teologoek beren aztertzearen obrak idatziko dituzte. Eliz artzainek sakramentuak emango dituzte. Baina, hasieran bizi izan zuten hartatik zerbait kutsatuko duen lekukorik ez bada, funtsezkoa faltako da, Jesusekiko fedea mantendu dezakeen gauza bakarra faltako da.  
Geure kristau-elkarteetan Jesusen lekukoen premia dugu. Joan Bataiatzaileak, judu-herrian Jesusi bidea urratzen dion hark, Elizan hain premiazkoa den bokazio hau esnatzera animatzen gaitu. Gure aldi hauen iluntasunean, «argiaren lekukoak» behar ditugu.
Jesus desiratzea esnatuko eta haren mezua sinesgarri bihurtuko duten fededunak. Beren esperientzia pertsonala, beren espiritua eta beren hitza direla medio, Jesusekin topo egitea erraztuko dutenak. Ahaztua eta baztertua utzia izatetik aterako dutenak, gure artean ikusgarriago bihurtzeko.
Lekuko apalak; Joan Bataiatzailearen antzera, beren buruari erdigune bihur lezakeen inolako egitekorik leporatzen ez diotenak, Jesusi protagonismoa harrapatu nahi ez diotenak. Jesus ez ordezkatzen, ez lausotzen duten jarraitzaileak. Hura animatzaile eta sostengu duten kristauak; beren keinuen eta hitzen bidez, gure artean bizi den Jesusen presentzia nahastezina barruntarazten duten kristauak.
Jesusen lekukoak ez dira mintzo beren buruaz. Beren hitzik inportanteena Jesusi esaten uzten dioten hura dute. Egia esan, lekukoak ez du hitzik. Soilik «ahots bat» da, Jesusengana bidera gaitzakeen bidea «zelaitzera» guztiok anima gaitzakeena. Gure kristau-elkarteen fedeak ere gaur egun esperientzia horixe du sostengu, lekuko apal eta xume horiena, hainbat etsipen eta nahasmenduren artean argi egiten duten horiena; izan ere, beren bizieraz Jesus hurbil dugula sentitzen laguntzen digute.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.