lunes, 13 de febrero de 2012

2012/02/19 - Urteko 7. igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.

JOSE ANTONIO PAGOLA, tomará parte como ponente en una charla que se celebrará el próximo martes 14 de febrero a las 20:00 horas en la Parroquia de San José Obrero en Romo- Las Arenas, en el municipio de Getxo (Bizkaia), dentro de la celebración de un CURSILLO Y EXPOSICIÓN BÍBLICA (haz clic para ver el programa completo)

2012ko otsailaren 19a

Urteko 7. igandea (B)



EBANJELIOA

Gizonaren Semeak baduela mundu honetan bekatuak barkatzeko ahalmena.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 2, 1-12  

Zenbait egunen buruan, berriro Kafarnaumen sartu zen Jesus. Eta etxean zegoeneko berria zabaldu zen. Bildu zen jendetzarekin, ez zegoen inon tokirik, ezta atarian ere. Eta mezua adierazten zien.
Hartan, elbarri bat ekarri zioten lau lagunen artean. Baina jendetzagatik ezin zuten eraman Jesusenganaino. Orduan, bera zegoen parean etxe gaina zulatu eta zulotik behera eraitsi zuten elbarria, etzana zegoen ohatilan. Jesusek, haien sinesmena ikusirik, esan zion elbarriari:
–Seme, barkatuak dituzu bekatuak.
Bazen han eserita zenbait lege-maisu, eta hau zioten beren baitan:
–«Zer ari da hori horrela? Biraoka ari duk. Nork barka ditzake bekatuak, Jainkoak berak baizik?»
Baina Jesusek bere barruan haien gogoetak igarri eta esan zien:
–Zergatik dituzue gogoeta horiek zeuen baitan? Zer da errazago, elbarriari «Barkatuak dituzu bekatuak» esatea ala «Jaiki, hartu zeure ohatila eta zabiltza» esatea? Orain ikusiko duzue, bada, Gizonaren Semeak baduela mundu honetan bekatuak barkatzeko ahalmena.
Eta esan zion elbarriari:
–Zuri diotsut: Jaiki, hartu ohatila eta zoaz etxera.
Berehala jaiki, ohatila hartu eta guztien aurrean atera zen. Harriturik gelditu ziren denak, eta Jainkoa goresten zuten, esanez:
–«Ez dugu sekula horrelakorik ikusi».
Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko otsailaren 19a

BIZITZAREN SENDATZAILE

Garaikideek sendatzaile apartekotzat zeukaten Jesus. Inork ez du nahasten garaiko magoekin edo petrikiloekin. Sendatzeko bere estiloa du. Ez du jotzen indar arraroetara, ezta esaten ere konjururik edo formula sekreturik. Ez da baliatzen kutunez, ez sorginkeriaz. Baina gaixoekin harremanetan hasten denean, osasuna kutsatzen du.
Ebanjelioko kontakizunek era askotan marrazten dute Jesusen ahalmen sendatzailea. Bizitzaz duen maitasun grinatsua, gaixo bakoitzari eskaintzen dion harrera bihozkoia, pertsona bakoitzaren alderik hobena eraberritzeko duen indarra, Jainkoaganako fedea kutsatzeko gaitasuna: horiek guztiek sortzen dute sendatzea posible bihurtzen duen baldintza.
Jesusek ez ditu eskaintzen erremedioak arazo organikoak konpontzeko. Gaixoengana hurbiltzen da errotik nola sendatuko. Ez zaio axola hobetze fisikoa soilik. Organismoa sendatzea saneatze oso eta sakonago batean bildua gertatzen da. Ez ditu sendatzen gaixotasunak. Gaixo den bizitza saneatzen du.
Kontakizun desberdinek hainbat eratan azpimarratzen dute hori. Bakartasunetik eta konfiantza-faltatik askatzen ditu gaixoak, Jainkoarekiko erabateko fedea kutsatzen dielarik: «Zuk, sinesten al duzu?» Aldi berean, etsipenetik eta pasibotasunetik ateratzen ditu, bizi berriari ekiteko gogoa esnatuz: «Zuk, sendatu nahi al duzu?»
Ez da, ordea, hor gelditzen. Beren bizitza blokeatzen dien eta desgizatartzen dituen orotatik liberatzen ditu: zoramenetik, errudun sentitzetik edo etsipenetik. Doan eskaintzen die barkazioa, bakea eta Jainkoaren bedeinkazioa. Petrikilo herrikoiek eskaintzen ez dieten zerbait aurkitzen dute Jesusengan: duintasun eta konfiantza handiagoz bizitzen lagunduko dien Jainkoarekiko beste harreman bat.
Jesus Kafarnaumen bizi den etxean paralitiko bat nola sendatu duen dakar Markosek. Horixe da etsenplurik esanguratsuena, Jesusen indar sendatzailearen sakontasuna nabarmentzeko. Oztopo-mota guztiak gaindituz, lau herritarrek adiskide paralitiko bat Jesusen oinetara ekartzea lortu dute.
Jesus bere predikua eten eta hari begira jarri da Jesus. Zertan datza paralisi horren sustraia? Zein beldur, zein zauri, zein porrot eta ezkutuko erruduntasun ari dira bizitza hori zurruntzen, blokeatzen? Gaixoak ez dio ezer, ez da mugitzen. Han dago, Jesusen aurrean, ohatilari lotua.
Zeren beharra du gizaki honek zutik jarri eta ibili ahal izateko? Ama baten txeraz mintzo zaio Jesus: «Seme, barkatuak dituzu zeure bekatuak». Ez zigortu gehiago zeure burua. Izan konfiantza Jainkoagan. Onartu haren barkazioa eta haren bakea. Zenbat jendek duen barnetik sendatu beharra! Nork lagundu die Jesus sendatzailearekin harremanetan jartzen?

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.