lunes, 26 de marzo de 2012

2012/04/01 - Erramu Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko apirilaren 1a

Erramu Igandea (B)



EBANJELIOA

Elkarrisketan irakurtzeko: + Jesus; K Kronista; I Ikasleak eta lagunak; J = Jendetza; P Beste personaiak.

Jaungoikoaren Pasioan.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 14, 1-15, 47

Jesus bere gogoz heriotzara (14,1-42)

Jesus nola atxilotuko.

K. Handik bi egunera, Pazko-jaia eta Legamia gabeko Ogien Jaia ospatzen ziren. Apaizburu eta lege-maisuak Jesus maltzurkeriaz nola atxilotuko zebiltzan, hiltzeko. Baina hau zioten:
P. «Ez gero jaiegunean, herrian iskanbilarik sor ez dadin».

Emakume batek Jesus ukenduz igurtzi.

K. Jesus Betanian zen, Simon legendunaren etxean. Mahaian zegoela, emakume bat etorri zen, hartzurizko ontzian nardozko ukendu garbi eta garestia zekarrela. Ontzia hautsi eta Jesusi burura isuri zion. Batzuek, haserre, honela ziotsoten elkarri:
P. –Zergatik horrela alferrik galdu ukendu hori? Hirurehun denarioz goitik sal zitekeen eta dirua behartsuei eman.
K. Eta marmarrean ari ziren emakumearen kontra. Baina Jesusek esan zien:
+. –Utzi bakean honi; zergatik gogaitarazten duzue? Egintza ona egin du nirekin. Izan ere, behartsuak beti dituzue zeuen artean, eta nahi duzuenean egin diezaiekezue on. Baina ni ez nauzue betiko zuekin. Ahal zuena egin du: nire gorputza ukenduz igurtzi du aldez aurretik hilobirako . Benetan diotsuet: Mundu guztian barrena, berri ona hots egingo den edonon aipatuko dira emakume hau eta beronek egina.

Jesus Judasek saldua.

K. Judas Iskariote, Hamabietako bat, apaizburuengana joan zen, Jesus beraiei eskuetara emateko asmotan. Entzutean, poztu egin ziren haiek eta dirua agindu zioten. Jesus haien eskuetara emateko egokiera bila hasi zen Judas.

Azken afarirako prestaketak.

K. Legamia gabeko Ogien Jaiko lehen eguna zen, Pazko-bildotsa hiltzen zeneko eguna. Ikasleek esan zioten Jesusi:
I. –Non egin behar ditugu Pazko-afarirako prestaketak?
K. Hark ikasleetako bi bidali zituen, esanez:
+. –Zoazte hirira, eta ur-suila daraman gizon batekin egingo duzue topo. Jarraitu berari, eta sartuko den etxeko nagusiari esan: «Maisuak galdetzen du non duen ikasleekin Pazko-bildotsa jateko tokia». Berak gela zabal bat erakutsiko dizue goian, jantzirik eta atondua; prestatu hantxe behar ditugunak.
K. Joan ziren ikasleak eta, hirira iristean, dena Jesusek esan bezala gertatu zitzaien, eta Pazko-afaria prestatu zuten.

Afarian: Judasen saldukeriaren iragarpena.

K. Ilunabarrean, joan zen Jesus Hamabiekin eta, mahaian afaltzen ari zirelarik, Jesusek esan zuen:
+. –Benetan diotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau, nirekin jaten ari den batek.
K. Haiek, goibeldurik, galdezka hasi zitzaizkion bata bestearen ondoren:
I. –Nik ote?
K. Jesusek erantzun:
+. –Hamabiotako batek, nirekin plater beretik jaten ari denak. Gizonaren Semea badoa, bai, Liburu Santuek hartaz dioten bezala; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko duena! Hobe zukeen jaio izan ez balitz!

Azken afaria: hona nire gorputz-odolak.

K. Afaltzen ari zirela, ogia hartu zuen Jesusek eta, bedeinkazioa esan ondoren, zatitu eta eman egin zien, esanez:
+. «Hartzazue, hau nire gorputza da».
K. Gero, kopa hartu eta, esker oneko otoitza egin ondoren, eman egin zien eta denek edan zuten. Eta esan zien:
+. «Hau nire odola da, Jainkoarekiko ituna berrituko duena , guztiengatik isuria. Benetan diotsuet: Ez dut gehiago ardorik edango, Jainkoaren erreinuan ardo berria edan arte».

Afalondoan: Pedroren ukoen iragarpena.

K. Gorazarreak kantatu ondoren , Oliamendira abiatu ziren.
Jesusek esan zien:
+. «Zuen sinesmenak huts egingo du , honela baitago idatzia Liburu Santuetan: Joko dut artzaina eta ardiak sakabanatu egingo dira. Baina piztu ondoren, aurretik joango natzaizue Galileara».
K. Pedrok esan zion:
I. –Beste guztien sinesmenak huts egiten badu ere, nireak ez.
K. Jesusek erantzun:
+. –Benetan diotsut: Gaur gauean, oilarrak bitan jo baino lehen, zuk hirutan ukatuko nauzu.
K. Baina Pedrok, gero eta areago:
I. –Zurekin hil behar badut ere, ez zaitut inola ere ukatuko.
K. Eta beste hainbeste zioten denek.

Getsemaniko otoitz larria.

K. Getsemani izeneko landa batera iritsi ziren, eta Jesusek esan zien bere ikasleei: +. «Zaudete hemen, nik otoitz egin bitartean».
K. Pedro, Santiago eta Joan eraman zituen berekin. Ikara eta larria sentitzen hasi zen, eta esan zien:
+. «Hiltzeko zorian nago tristuraz. Gelditu hemen eta zaudete erne».
K. Eta aurreraxeago joanik, lurrean erori eta otoizka ari zitzaion Jainkoari, urrun ziezaiola ordu hura, ahal bazen. Honela zioen:
+. «Abba, Aita! Zure esku dago guztia; urrun ezazu niregandik edari samin hau! Baina egin bedi zure nahia, ez nirea».
K. Ikasleengana joan eta lotan aurkitu zituen. Pedrori esan zion:
+. «Simon, lotan? Ordubete ere ezin izan zara erne egon? Zaudete erne eta egizue otoitz, tentaldian ez erortzeko: gogoz kartsu izan arren, ahula baita gizakia ».
K. Berriro aldendu eta otoitz egin zuen, lehengo hitz berak esanez. Berriro itzulirik, lo aurkitu zituen, begiak astun baitzituzten; haiek ez zekiten zer esan.
Joan zitzaien hirugarren aldiz eta esan zien:
+. «Egin lo eta hartu atseden! Kito! Iritsi da ordua: hona Gizonaren Semea bekatarien eskuetara emana. Jaiki, goazen, hemen da salduko nauena!»

Jesus giza eskuetan. Piztuera (14,43–16,8)

Jesus lotua daramate.

K. Jesus hizketan ari zela, han agertu zen Judas, Hamabietako bat; gizon-multzo bat zetorren harekin, ezpata eta makilak eskuetan, apaizburu, lege-maisu eta zaharrek bidalirik. Saltzaileak seinale hau jarria zien:
I. «Nik musu emango diodana, horixe da; atxilotu eta eraman arduraz».
K. Iritsi zeneko, Jesusengana hurbildu eta esan zion:
I. «Maisu!»
K. Eta musu eman zion.
Besteek heldu eta atxilotu egin zuten. Han zegoen batek ezpata atera, apaiz nagusiaren morroia jo eta belarria moztu zion. Jesusek esan zien:
+. «Ezpataz eta makilaz etorri zarete, lapur baten bila bezala, ni harrapatzera! Egunero zuen artean nengoen tenpluan irakasten, eta ez ninduzuen atxilotu. Baina hala behar du, Liburu Santuetan idatzia bete dadin».
K. Ikasleek Jesus utzi eta ihes egin zuten. Gazte bat ondoren zihoakion, soinean oihal bat besterik ez zuela. Heldu zioten, baina oihala utzi eta ihes egin zien biluzik.

Jesus judu-biltzarraren aurrean.

K. Apaiz nagusiaren etxera eraman zuten Jesus eta han bildu ziren apaizburu, zahar eta lege-maisu guztiak. Pedro Jesusen ondoren joana zen, urrutitik jarraituz, apaiz nagusiaren jauregi barruraino. Eta morroiekin batera eserita, sutondoan berotzen ari zen.
Apaizburuak eta Biltzar Nagusi osoa Jesusen kontrako lekukotasun bila zebiltzan, heriotzara kondenatzeko, baina ezin zuten aurkitu; askok haren kontra gezurrezko testigantzak egiten bazituzten ere, haien lekukotasunak ez zetozen bat. Batzuek zutitu eta gezurrezko testigantza hau egin zuten Jesusen kontra:
P. «Geuk entzun diogu esaten: Nik, giza eskuz egindako santutegi hau desegingo dut eta hiru egunetan beste bat eraikiko, giza eskuz egin gabea».
K. Baina honetan ere ez zetozen bat beren esanetan.
Orduan, apaiz nagusiak, biltzarraren erdian zutik, galdetu zion Jesusi:
P. –Ez al diezu deus ere erantzun behar zure kontra ateratzen dituztenei?
K. Baina Jesus isilik zegoen, eta ez zuen ezer erantzuten. Apaiz nagusiak berriro galdetu zion:
P. –Zu al zara Mesias, Jainko bedeinkatuaren Semea?
K. Jesusek erantzun:
+. –Bai, neu naiz, eta Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskuinean eserita eta zeruko hodei artean etortzen ikusiko duzue.
K. Apaiz nagusiak bere jantziak urratu zituen eta esan:
P. –Ba ote dugu lekuko beharrik? Zeuek entzun duzue biraoa . Zer deritzozue?
K. Heriotza merezi zuela erabaki zuten denek.
Batzuk listuka hasi zitzaizkion eta, aurpegia estalirik, ukabilkadak ematen zizkioten, esanez:
J. «Asma ezak, profeta!»
K. Guardiek ere masailekoka zerabilten.

Pedrok Jesus ukatu.

K. Pedro beheko patioan zegoela, apaiz nagusiaren neskame bat etorri zen. Pedro berotzen ikusirik, begira jarri eta esan zion:
I. –Hi ere Nazareteko Jesusekin bizi hintzen.
K- Baina hark ukatu, esanez:
I. –Ez zekinat zer dionan ere, ez dinat ulertzen.
K. Atarira irten zen, eta oilarrak jo zuen . Ikusi zuen neskameak eta han zeudenei ere honela hasi zitzaien:
P. –Hau ere haietakoa diagu.
K. Pedrok berriro ukatu zuen. Geroxeago, ingurukoek ere esan zioten:
P. –Bai, haietakoa haiz, noski, galilearra haiz eta.
K. Orduan, Pedro biraoka eta maldizioka hasi zen:
I. –Ez dut ezagutzen zuek diozuen hori.
K. Une hartan, bigarren aldiz jo zuen oilarrak. Gogoratu zitzaion Pedrori Jesusek esana: «Oilarrak bitan jo baino lehen, zuk hirutan ukatuko nauzu», eta negarrari eman zion.


Jesus Pilatoren aurrean.

K. Eguna argitu bezain laster, apaizburu, zahar eta lege-maisuak bildu ziren –Biltzar Nagusi osoa–, eta, erabakia hartu ondoren, Jesus lotuta eraman zuten eta Pilatoren eskuetara eman. Pilatok galdetu zion:
P. –Zu al zara juduen erregea?
K. Jesusek erantzun zion:
+. –Zeuk diozu.
K. Apaizburuek salaketa asko egiten zituzten haren kontra. Pilatok esan zion:
P. –Ez al duzu ezer erantzun behar? Begira zenbat gauzaz salatzen zaituzten.
K. Baina Jesusek ez baitzion gehiago erantzun, harriturik gelditu zen Pilato.

Jesus heriotzara kondenatua.

K. Pazko-jaiero preso bat askatu ohi zuen Pilatok, herriak eskatzen zuena. Bazen kartzelan Barrabas zeritzan bat, matxinadakoan giza hilketa bat egina, beste batzuekin batera. Igo zen jendea gobernariaren jauregira eta ohitura zuena emateko eskatu zioten. Pilatok erantzun zien:
P. –Nahi al duzue juduen erregea askatzea?
K. Ongi baitzekien apaizburuek bekaizkeriaz emana ziotela Jesus. Baina apaizburuek jendea berotu zuten, Barrabas libratzeko eska zezan.
Berriro mintzatu zitzaien Pilato:
P. –Eta zer egin behar dut juduen errege deitzen duzuen honekin?
K. Jendeak, orduan, oihu:
J. –Gurutzera hori!
K. Eta Pilatok:
P. –Zer oker egin du, bada?
K. Haiek, are eta oihu handiagoz:
J. –Gurutzera hori!
K. Orduan, Pilatok, jendeari poz emateagatik, Barrabas askatu zien eta Jesus, zigorkarazi ondoren , haien eskuetara eman zuen, gurutziltza zezaten.

Soldaduen isekak.

K. Soldaduek gobernariaren jauregira sartu zuten Jesus, eta gudari-taldeko denak bildu zituzten. Purpurazko jantzia ipini zioten soinean eta arantzaz egindako koroa buruan.
Eta agurka hasi zitzaizkion:  
J. «Agur, juduen erregea!»
K. Kanabera batez jotzen zuten buruan, listua botatzen zioten eta, belaunikatuz, aurrean ahuspez jartzen zitzaizkion. Nahikoa iseka egin ondoren, purpurazko jantzia erantzi eta bere soinekoak jarri zizkioten. Gero, atera eta gurutzean josteko eraman zuten.

Jesus gurutziltzatua.

K. Sorotik etxerakoan handik zihoan bat, Simon Zirenekoa (Alexandro eta Ruforen aita), Jesusen gurutzea eramatera behartu zuten.
Golgota izeneko tokira eraman zuten Jesus (Golgotak «Burezur» esan nahi du).
Mirraz nahasiriko ardoa eskaini zioten, baina ez zuen hartu. Josi zuten gurutzean, eta haren jantziak banatu egin zituzten, zer zeinentzat zotz eginez.
Bederatziak ziren gurutziltzatu zutenean. Eta honela zioen kondenaren arrazoia adierazten zuen idazkunak: «Juduen erregea». Jesusekin batera, bi lapur gurutziltzatu zituzten, bata eskuinean eta bestea ezkerrean.

Jesus gurutzean iraindua.

K. Handik igarotzen zirenek irain egiten zioten Jesusi, buruari eragin eta esanez:
J. «Hara, santutegia desegin eta hiru egunetan eraikitzen omen duena! Salba ezak heure burua! Jaits hadi gurutzetik!»
K. Era berean, apaizburu eta lege-maisuek ere irri egiten zioten, elkarri esanez:
P. «Besteak salbatu ditik, eta bere burua ezin. Mesias omen duk hori, Israelgo erregea; jaits dadila orain gurutzetik, ikus eta sinets dezagun».
K. Berarekin gurutzean josiak zeudenek ere irain egiten zioten.

Jesusen heriotza.

K. Eguerdian, ilundu egin zuen lurbira osoan hirurak arte. Hiruretan, Jesusek oihu handiz esan zuen:
+. «Eloi, Eloi, lema sabaktani ?»
K. (Hau da:
+. «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?»).
K. Hau entzutean , bertan zeuden batzuek esan zuten:
J. «Eliasi deika ari duk».
K. Orduan, batek, lasterka joan, belaki bat ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsiz, edatera eman zion, esanez:
P. «Egon, ea datorkion Elias gurutzetik eraistera».
K. Baina Jesusek, deiadar handia eginez, azken arnasa eman zuen.

Denak belaunikatzen dira eta eten bat egiten da.

K. Orduan, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen, goitik behera.
Aurrean zegoen erromatar ehuntariak, nola hil zen ikustean, esan zuen:
P. «Zinez, gizon hau Jainkoaren Semea zen».

K. Baziren han emakume batzuk ere, urrutitik begira; haien artean, Magdalako Maria, Santiago gaztearen eta Joseren ama Maria, eta Salome. Hauek Jesusen ondoren eta beraren zerbitzuan ibiliak ziren, Galilean zegoela; bazeuden beste emakume asko ere, Jesusekin Jerusalemera igotakoak.

Jesus hilobian ezarria.

K. Ilunabarrean –larunbat-bezpera zen egun hura, festarako prestaketak egiteko eguna –, Arimateako Jose Pilatogana joatera ausartu zen, Jesusen gorpua eskatzera. Jose hau kontseiluko kide ospetsua zen, eta Jainkoaren erregetza noiz iritsiko zain zegoen. Harritu zen Pilato ordurako hila izateaz, eta ehuntariari dei egin eta galdetu zion ea egia zen hilda zegoela. Ehuntariaren argibideak jaso ondoren, gorpua eramateko baimena eman zion Joseri. Honek izara bat erosi eta, Jesus gurutzetik eraitsirik, izaran bildu zuen eta haitzean zulaturiko hilobi batean ezarri. Gero, harri bat irauliz, hilobiko sarrera itxi zuen. Magdalako Maria eta Maria, Joseren ama, non ezartzen zuten begira zeuden.

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko apirilaren 1a

BIKTIMEKIN BAT

Ez Erromako botereak, ez Tenpluko agintariek jasan izan zuten Jesusek ekarritako berritasuna. Arriskutsua zen Jainkoa ulertzeko eta bizitzeko Jesusen era. Ez zuen defenditzen Tiberioren inperioa, guztiei egin zin dei Jainkoaren erreinua eta haren justizia bilatzera. Ez zion axola larunbataren legea eta tradizio erlijiosoak haustea; Galileako gaixo-jendearen eta jatekorik gabearen sufrimendua arintzea zuen kezka bakarra. Ez zioten barkatu hori. Sakonegi egin zuen bat inperioko biktima errugabeekin eta tenpluko erlijioak ahantziak zituenekin. Gurutzean errukirik gabe iltzatua den horrengan agertzen zaigu orain Jainkoa, historian izan diren biktima guztiekin bat egin duen horrengan. Horien guztien oihuarekin bat egiten du orain Jainkoaren beraren oinaze-oihuak. Gurutziltzatuaren aurpegi desitxuratuan harritzen gaituen Jainkoa agertzen zaigu, Jainkoaz ditugun irudi konbentzionalak hausten dituena: jenderik ahulena eta babesik gabeena gurutziltzatzen jarraitzen duen munduko drama ahaztuz, Jainkoari kultu eman nahi izatearen jarduera koloka jartzen duen Jainkoa da. Jainkoa biktimekin bat eginez hil bada, haren gurutziltzatzea erronka kezkagarria da Jesusen jarraitzaileentzat. Ezin bereizi dugu Jainkoa errugabeen sufrimendutik. Ezin adoratu dugu Gurutziltzatua eta bizkarra emanez bizi goseak, gerlak, miseriak joa den hainbat eta hainbat jenderen sufrimenduaren aurrean. Jainkoak guztiok interpelatuz jarraitzen du gure egunetako gurutziltzatuen larrutik. Ez dugu zilegi egundoko sufrimendu horren ikusle bezala bizitzen jarraitzea, geure inguruan errugabetasun-ilusio geldo bat elikatuz. Matxinatu egin behar dugu ahaztearen kultura horren aurka; gurutziltzatuengandik apartatzeko bidea ematen baitigu, munduan den sufrimendu zuzengabe hori «urrunera» bidaliz, han oihurik, lanturik, intziririk ateratzen ez duela. Ezin hesitu gara geure «ongizatearen gizartean», «gaizki izatearen beste gizarte» horretaz ahaztuz, zeinetan milioika gizaki jaiotzen baita, soilik heriotza izan den bizitzako urte gutxira erabat akabatzeko. Ez da gizatasunezkoa, ez kristaua, geure burua segurtasunean kokatzea, soilik bizitza segurtasunik gabe eta mehatxatua ezagutzen dutenez ahazturik. Kristauek, Gurutziltzatuari aurpegira begira jartzen garenean, Jainkoaren maitasun ezin atzemana kontenplatzen dugu, gure salbaziorako emana izan baita hura heriotzaraino. Patxadago begiratzen badiogu, aisa aurkituko dugu aurpegi horretan beste gurutziltzatu asko eta askoren aurpegia: gugandik hurbil edo urrunago, gure maitasun solidarioa eta errukibera eskatzen ari direnen aurpegia.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko apirilaren 5a

EZAUGARRI GORENA

Jesusek indarkeriazko azkena barruntatua zuen. Ez zen pertsona gexala. Bazekien zer zetorkiokeen Jainkoaren erreinuaren egitasmoari atxikirik jarraitzen bazuen. Ezinezkoa zen «pobreentzat» eta «bekatarientzat bizitza duin baten bila» hain errotik jo eta ez eragitea erreakziorik inolako aldaketarik komeni ez zitzaion jendeagan.
Jakina, Jesus ez da suizida. Ez dabil gurutzean josi dezaten bila. Ez zuen opa izan sekula sufrimendurik, ez beretzat, ez besteentzat. Horren aurka jardun zuen, hain juxtu, bizitza osoan, aurkitzen zuen guztietan: gaixotasunean, zuzengabekerian, bekatuan, etsipenean. Beraz, ez dabil orain heriotzaren bila, baina ez dago atzera egiteko ere.
Bekatariei eta zokoratuei harrera eginez jarraituko du, bere jarduerak tenpluan amorrua eragingo badu ere. Kondenatzen badute, delitugile eta zokoratu bezala hilko da bera ere, baina bere bizitza osoa baietsiko du bere heriotzaz: bere barkazioa inori ukatzen ez dion Jainkoaganako konfiantza osoa baietsiko du.
Azkenak direnei Jainkoak dien maitasuna hots egiten jarraituko du Jesusek, pobreenekin bat eginez eta inperioa gutxietsiz, erromatar gobernariaren inguruan pertsonarik gogaigarriena izango bada ere. Esklaboentzat izan ohi den gurutzean noizbait hiltzen badute, esklabo mespretxagarri bezala hilko da bera ere, baina bere heriotzaz biktimen defendatzaile den Jainkoarekiko fideltasuna zigilatuko du.
Jainkoarekiko maitasunaz beterik, «salbamena» eskaintzen jarraituko du gaitzak eta gaixotasunak jota direnei: «harrera» eskainiko die gizarteak eta erlijioak zokoratu dituztenei; Jainkoaren doako barkazioa erregalatuko die bekatariei eta jende galduari, haren adiskide izatera itzuli ezin direnei. Bere bizitza guztia arnastu duen jarrera salbatzaile hau izango du bere heriotzan ere.
Horregatik gertatzen zaigu gurutzea kristauoi hain erakargarri. Gurutziltzatuari musu ematen diogu, harengana jasotzen ditugu begiak, haren azken hitzak entzuten ditugu..., zeren Jesus gurutzean ikusirik, batetik, Aitaren egitasmoari hark eskaini dion azken zerbitzua baitugu ikusten eta, bestetik, bere Semea emanez, gizadi osoarekiko maitasunagatik, Aitak agertu digun ezaugarri gorena.
Bilaukeria da aste santua folklore nahiz turismorako apeu edo dei bihurtzea. Jesusen jarraitzaileentzat, Jaunaren nekaldia eta heriotza ospatzea emozioz beteriko esker ona da, Jainkoaren maitasun «ezin sinetsizkoa» pozik adoratzea, Jesus bezala bizitzeko deia gurutzeratuekin bat eginez.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.