lunes, 24 de septiembre de 2012

2012/09/30 - Urteko 26. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2012ko irailaren 30a

Urteko 26. Igandea (B)


EBANJELIOA

Gure kontra ez dagoena gure alde dago. Zeure eskuak galbidean jartzen bazaitu, moztu.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 9,38-43.45.47-48

Joanek esan zion:
– Maisu, gizon bat ikusi dugu zure izenean deabruak botatzen, eta eragotzi egin nahi izan diogu, ez baita gure taldekoa.
Baina Jesusek erantzun:
– Ez eragotzi; ez baita inor nire izenean mirari bat egin eta gero nitaz gaizki-esaka jardungo duenik. Hau da, gure kontra ez dagoena gure alde dago. Benetan diotsuet: Mesiasen jarraitzaile zaretelako, ontzixka bat ur bada ere ematen dizuen inor ez da saririk gabe geldituko.
«Sinesten duten txiki hauetakoren baten sinesmena galbidean jartzen duenak, hobe luke errotarri bat lepotik lotu eta itsasora amilduko balute. Zeure eskuak galbidean jartzen bazaitu, moztu; hobe duzu eskumotz betiko bizitzan sartu, bi eskuekin infernura, itzalezineko sutara, erori baino. Zeure oinak galbidean jartzen bazaitu, moztu; hobe duzu hankamotz betiko bizitzan sartu, bi oinekin infernura jaurtia izan baino. Zeure begiak galbidean jartzen bazaitu, atera; hobe duzu begibakar Jainkoaren erreinuan sartu, bi begiekin infernura jaurtia izan baino; han ez da barruko harra hiltzen, ez eta sua itzaltzen.

Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko irailaren 30a

INORK EZ DU JESUSEN ESKLUSIBARIK

Harrigarria da pasadizoa. Problema batekin hurbildu zaizkio ikasleak Jesusi. Oraingoan, ez da Pedro taldearen bozemailea, baizik Joan, lehen postuen bila dabiltzan bi anaietarik bat. Oraingo honetan, Jesusen esklusiba eta haren egintza askatzailearen monopolioa ikasleen taldeak izan ditzan nahi du.
Kezka hau dute. Exorzista bat, taldekoa ez dena, deabruak botatzen ari da Jesusen izenean. Ikasleak ez dira pozten jendea sendaturik ikusteaz eta gizatasun handiagoko bizitza egin ahal izateaz. Soilik, beren taldearen izen handia dute gogoan. Horregatik, errotik moztu nahi izan dute exorzista haren jarduera. Hau dute arrazoi bakarra: «ez da gutakoa».
Ikasleak jakindakotzat eman dute hau: Jesusen izenean eta haren indar sendatzaileaz jardun ahal izateko, beren taldekoa izan behar du. Ezin aipa dezake inork ere Jesusen izena, ezta mundua gizatasun handiagokoa egiteko lan egin ere, Elizako kide izan gabe. Horrela ote egiaz? Zer dio Jesusek?
Biribilki erantzun die Jesusek: «Ez iezaiozue eragotzi». Jesusen Izena eta indar gizatargarria garrantzizkoagoak dira ikasleen talde koxkorra baino. On da Jesusek dakarren salbazioa zabaltzea eraikitako Eliza baino harago, eta jendeari gizatasun handiagoz bizitzen laguntzea. Jokabide hori ez litzateke hartu behar sekula konpetentzia desleialtzat.
Bere jarraitzaileen artean hautsi egin nahi luke Jesusek tentazio sektario oro. Ez du eratu bere taldea mesiastar salbazio kontrolatzeko. Jesus ez da eskola itxi bateko lege-maisu, baizik guztiei eskainia den salbazioaren Profeta. On egiteko hots egina den toki guztietan sostengatu behar du Elizak haren Izena.
Jesusek ez du nahi bere jarraitzaileek hitz egin dezaten gureez eta gure ez direnez, barnekoez eta kanpokoez, bere izenean jardun dezaketenez eta ez dezaketenez. Beste bat du bere ikusmoldea: «Gure kontra ez dagoena, gure alde dago».
Gizarte modernoan gizon-emakume asko ari da mundua zuzenago eta gizatarrago egin nahiz, Elizako kide izan gabe. Batzuk ez dira fededun ere, baina Jainkoaren erreinuari eta haren zuzenbideari bideak irekin ari zaizkie. Gutakoak dira. Maitasuna behar diegu agertu, errezeloz begiratu ordez. Sostengua behar diegu eskaini, deskalifikatu ordez.
Oker handia da Elizan bizitzea, alde guztietan etsaigoa eta gaiztakeria ikusiz; pentsatuz, gizagaixo baten moduan, gu geu bakarrik garela Jesusen Espirituaren eramaile. Jesusek ez liguke horrelakorik onetsiko. Aitzitik, ebanjelioaren arabera bizi eta pobreenez eta premia handiagoa dutenez kezkatzen direnekin lankide izatera gonbidatuko gintuzke.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2009ko irailaren 27a

ADISKIDEAK DIRA, ETA EZ ETSAIAK

Bera bezala, Jainkoaren erreinuaren zerbitzuan, jendearen bizitza gizatarrago, duinago eta zoriontsuago eginez, bizi daitezen Jesus asko saiatu den arren, ikasleak ez dira jabetu Jesusi zein Espirituk eragiten dion ikustera; ez dira iritsi konturatzera premiarik handiena dutenekiko Jesusek duen maitasunaz eta haren bizitza gidatzen duen norabide sakonaz.
Markosen kontakizuna oso argitzailea da. Oso gogaikarri gertatu zaien gertakizun baten berri eman diote ikasleek Jesusi. Ezezagun bat ikusi dute «deabruak botatzen». Eta «Jesusen izenean» dihardu, eta Jesusen ari berean: jendea liberatzen ari da modu gizatarrean eta bakean bizitzea eragozten dien gaitzetik. Baina ikasleek ez dute gustukoa haren eginkizun liberatzaile hori. Ez zaie axola gizon hark sendatzen duen jendearen poza. Uste dute, ezen jokabide hori eltze askotan burruntzalia sartu nahi izatea dela, eta errotik atera beharrekoa.
Jesusi agertu diote beren erreakzioa: «Eragotzi egin nahi izan diogu, zeren ez baita gutakoa». Arrotz hari ez zaio zilegi sendatzen jarraitzea, ez baita gure taldekoa. Bost axola zaie ikasleei jendearen osasuna, baizik taldearen izena dute gogoan. Monopolizatu egin nahi dute Jesusen egintza salbatzailea: inork ez du sendatu behar haren izenean, baldin eta taldeari atxikitzen ez bazaio.
Jesusek, ordea, gaitzetsi egin du ikasleen jarrera eta jarrera guztiz desberdinari lotu zaio. Beste era batean dakusa Jesusek arazoa. Lehenengo gauza eta garrantzizkoena ez da talde txikia hazten joatea, baizik Jainkoaren salbazioa gizaki ororengana iristea, nahiz taldekide ez den jendearen bitartez izan: «gure aurka ez dena, gure alde da». Jesusen indar sendatzailea eta askatzailea munduan presente egiten ari den oro Jesusen taldearen alde ari da.
Jesusek uko egin dio ikasleen jarrera sektario eta baztertzaileari, beren izena eta handitzea soilik baitituzte gogoan, eta jarrera irekia eta barne-hartzailea hartu du, zeinen arabera lehenengo gauza gizakia askatzea baita, suntsitzaile eta zorionaren kontrako den orotatik askatzea. Horrek izan behar du beti Jesusen zinezko jarraitzaile guztiei eragin behar dien Espiritua.
Eliza katolikotik kanpo, kontaezin ahalako gizon-emakumeen multzoa ari da on egiten eta lanean gizartea duinago egiteko, zuzenago eta askeago egiteko. Halakoengan bizirik da Jesusen Espiritua. Adiskidetzat eta aliatutzat hartu behar ditugu halakoak, eta ez etsaitzat, inoiz ere. Ez dihardute gure aurka, zeren gizakiaren alde ari baitira, Jesus bezala.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.