martes, 28 de febrero de 2012

2012/03/04 - Garizumako 2. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.




2012ko martxoaren 4a

Garizumako 2. Igandea (B)



EBANJELIOA

Hauxe dut neure Seme maitea.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 9, 2-10

Denbora haietan, Jesusek Pedro, Santiago eta Joan hartu eta mendi garai batera eraman zituen aparte. Eta antzaldatu egin zen haien aurrean:
jantziak distiratsu bihurtu zitzaizkion, zuri-zuri, munduan inork jar litzakeen baino zuriago.
Eta Elias eta Moises agertu zitzaizkien Jesusekin hizketan.
Pedrok esan zion Jesusi: «Maisu, zein ederki gauden hemen! Zergatik ez egin hiru etxola: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat?»
Ez zekien zer esaten zuen ere, beldurrak jota baitzeuden.
Orduan, hodei batek estali zituen eta mintzo hau izan zen hodeitik: «Hauxe dut neure Seme maitea. Entzun berari!»
Eta hartan, inguruan begiratu eta Jesus bakarrik ikusi zuten berekin, eta besterik inor ez.
Menditik beherakoan, ikusitakoa inori ez aipatzeko agindu zien, harik eta Gizonaren Semea hildakoen artetik piztu arte.
Agindu hau bete zuten, baina «hildakoen artetik pizte» horrekin zer adierazi nahi ote zien ziharduten beren artean.

Jaunak esana.

HOMILIA

ASKATU EBANJELIOAREN INDARRA

«Jesusen Antzaldatzearen» kontakizuna oso herrikoi izan zen hasiera hartatik beretik haren jarraitzailean artean. Ez da pasadizo bat gehiago. Eszena, sinbolo-izaerako baliabidez berregina, handiosa da. Moisesekin eta Eliasekin hizketan ari dela, aurpegi dirdaitsuz aurkeztu dute Jesus ebanjelariek.
Mendi-gailurrera lagundu dioten hiru ikasleak txunditurik gelditu dira. Zer pentsa ez dakitela. Handiegia da Jesus inguratzen duen misterioa. Beldurrez zeudela dio Markosek.
Era bitxian amaitu da eszena: «Estali zituen hodei bat eratu zen eta ahots bat atera hodeitik: Hau da ene Seme maitea. Entzuiozue». Jesusen deia entzutetik sortu zen haren mugimendua. Haren Hitza, geroago lau idazki laburretan bildua, beste jarraitzaile batzuk eraginez joan zen. Jesusen Ebanjelioa entzunez bizi da Eliza.
Jesusen mezu honek oztopo handirekin egiten du gaur topo, gure aldiko gizon-emakumeengana iristeko. Praktika erlijiosoa alde batera uztearekin, jende askok utzi dio haren Hitza entzuteari. Jada ez dute entzungo Jesusez hitz egiten, kasu bakanen batean edo era zabarrean ez bada.
Kristau-elkarteetara hurbiltzen direnek berek ere ezin estimatu dute erraz Jesusen Hitza. Haren mezua beste jarduera, ohitura eta irakaspen batzuen artean galdurik gertatzen da. Nekez atzeman daiteke haren funtsezko garrantzia. Jesusen espirituaren araberako ez diren hizkerek eta iruzkinek blokeatzen dute Ebanjelioaren indar askatzailea.
Halaz guztiz, gaur egun ere, kristauek gizarteari eskaintzen ahal diogun funtsezko gauza bakarra Jesusek hots egindako Berri Ona da, eta bizitza sanoago eta duinago baterako haren egitasmoa. Ezin jarraitu dugu Ebanjelioak duen jendea gizatar egiteko indarrari hesia jartzen.
Geure elkarteetan garbi, bizi eta ugari korriarazi behar dugu. Iritsi dadila jendearen sukalderaino, ezagutu ahal dezatela beren bizitzarentzat zentzu berri bat bilatzen dutenek, ezagutu ahal dezatela esperantzarik gabe bizi direnek.
Ebanjelioa lagunartean irakurtzen ikasi behar dugu. Ebanjelioaren kontakizunak familiar bihurtzen saiatu behar dugu. Jesusen Berri Onarekin zuzeneko harremanak izan behar ditugu eta ondo-ondokoak. Honetan erabili behar dugu geure energia. Horrela hasiko da gaur Elizak behar duen eraberritzea.
Eliz erakundea mendetan izan duen erakartzeko indarra galtzen ari den honetan, Jesusek, Jainkoaren Seme maiteak, egiaren eta biziaren bila dabiltzanentzat duen erakartzeko indarra aurkitu behar dugu. Urte gutxi barru, konturako gara dena ari zaigula bultzaka, kristautasunaren erdigunean Jesusen Berri Ona leialtasun handiagoz jartzera.

 José Antonio Pagola

domingo, 26 de febrero de 2012

2012/02/26 - Garizumako 1. Igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.




2012ko otsailaren 26a

Garizumako 1. Igandea (B)



EBANJELIOA

Satanasek tentatzen zuela eta aingeruak zituen zerbitzari.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1,12-15

Aldi haietan, Espirituak basamortura bultzatu zuen Jesus. Berrogei egunez egon zen basamortuan, Satanasek tentatzen zuela. Basabereekin bizi zen eta aingeruak zituen zerbitzari.

Joan Bataiatzailea kartzelan sartu eta gero, Jesus Galileara etorri zen eta Jainkoaren berri ona hots egiten zuen. Honela zioen: «Betea da garaia, eta gainean duzue Jainkoaren erregetza. Bihozberri zaitezte eta sinetsi berri ona».


Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko otsailaren 26a

GATAZKA ETA TENTAZIO ARTEAN

Jesusen jarduera profetikoa kontatzen hasi aurretik, txatal labur hauek dakartza Markosek: “Espirituak basamortura eragin zion Jesusi. Han berrogei egun egin zuen, Satanasi tenta zezan utziz; piztia artean bizi zen, eta aingeruak zerbitzari zituen”. Gurutzean hil zuten bitarte guztian Jesusek bizi izandako oinarrizko esperientzien laburpen dira lerro horiek. Jesusek ez du bizi izan bizitza erraz eta lasairik. Espirituaren eraginpean bizi izan da, baina bere haragian sentitu ditu gaizkiaren indarrak. Bere burua Jainkoaren egitasmoari eskaini izanak gatazkak eta tirandurak urratutako bizitza bizitzera eraman dute. Harengandik behar dugu ikasi haren jarraitzaileek probaldian nola bizi. “Espirituak basamortura eragin dio Jesusi”. Ez du gidatu bizitza erosora. Proben, arriskuen eta tentazioen bidean jarri du. Jainkoaren erreinua bilatzea, Jainkoa faltsutu gabe hots egitea, mundua gizatarrago izan dadin saiatzea: arriskutsua da hori beti. Hala izan zen Jesusentzat eta hala izango da haren jarraitzaileentzat. “Basamortuan berrogei egun egin zuen”. Basamortua izango da Jesus biziko den parajea. Leku babesgabe eta arrotz hau probaren eta barnea garbitzearen sinbolo da. Funtsezkoaz bizitzen ikasteko lekurik hoberena; aldi berean, arriskutsuena bere indar propioen arabera bizitzea erabaki duenarentzat. “Satanasek tentatua”. “Arerioa” esan nahi du Satanasek, Jainkoaren eta erreinuaren alde saiatu nahi dutenen kontra dagoen indarra. Tentaldikoan argitzen da zer den, gu baitan, egiatik edo gezurretik, argitik edo ilunetik, Jainkoari leial izatetik eta injustizian kide izatetik. Bere bizitza osoan, Jesus adi biziko da “Satanas” agerian jartzeko gorabehera espero gabekoenetan. Behin batean Pedrori egingo dio uko hitz hauekin: “Aldendu hadi nigandik, Satanas; hire pentsaera ez duk Jainkoarena”. Hark bezala bizi behar dugu probaldia, erne eta azti Jainkoagandik aparta gaitzakeen zernahitik. “Piztia artean bizi zen eta aingeruak zituen zerbitzari”. Piztiek, lurrean bortitzenak diren izaki horiek, Jesus mehatxatuko duten arriskuak iradokitzen dituzte.Aingeruek, berriz, kreazioko hoberenak diren izaki horiek, Jesusi bedeinkatzen, zaintzen eta eusten dion Jainkoaren hurbiltasuna iradokitzen dute. Honela biziko da Jesus: “azeri maltzur” deitzen dion Antipasengandik bere burua defendituz eta gaueko otoitzean Aitaren indarra bilatuz. Geure aldi zail hauek begiak Jesusengan ditugula bizi behar ditugu. Jainkoaren Espirituak digu eragiten basamortura. Krisialdi honetatik, Eliza apalago bat eta Jaunari leialagoa den bat aterako da egunen batean.

José Antonio Pagola

lunes, 13 de febrero de 2012

2012/02/19 - Urteko 7. igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.

JOSE ANTONIO PAGOLA, tomará parte como ponente en una charla que se celebrará el próximo martes 14 de febrero a las 20:00 horas en la Parroquia de San José Obrero en Romo- Las Arenas, en el municipio de Getxo (Bizkaia), dentro de la celebración de un CURSILLO Y EXPOSICIÓN BÍBLICA (haz clic para ver el programa completo)

2012ko otsailaren 19a

Urteko 7. igandea (B)



EBANJELIOA

Gizonaren Semeak baduela mundu honetan bekatuak barkatzeko ahalmena.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 2, 1-12  

Zenbait egunen buruan, berriro Kafarnaumen sartu zen Jesus. Eta etxean zegoeneko berria zabaldu zen. Bildu zen jendetzarekin, ez zegoen inon tokirik, ezta atarian ere. Eta mezua adierazten zien.
Hartan, elbarri bat ekarri zioten lau lagunen artean. Baina jendetzagatik ezin zuten eraman Jesusenganaino. Orduan, bera zegoen parean etxe gaina zulatu eta zulotik behera eraitsi zuten elbarria, etzana zegoen ohatilan. Jesusek, haien sinesmena ikusirik, esan zion elbarriari:
–Seme, barkatuak dituzu bekatuak.
Bazen han eserita zenbait lege-maisu, eta hau zioten beren baitan:
–«Zer ari da hori horrela? Biraoka ari duk. Nork barka ditzake bekatuak, Jainkoak berak baizik?»
Baina Jesusek bere barruan haien gogoetak igarri eta esan zien:
–Zergatik dituzue gogoeta horiek zeuen baitan? Zer da errazago, elbarriari «Barkatuak dituzu bekatuak» esatea ala «Jaiki, hartu zeure ohatila eta zabiltza» esatea? Orain ikusiko duzue, bada, Gizonaren Semeak baduela mundu honetan bekatuak barkatzeko ahalmena.
Eta esan zion elbarriari:
–Zuri diotsut: Jaiki, hartu ohatila eta zoaz etxera.
Berehala jaiki, ohatila hartu eta guztien aurrean atera zen. Harriturik gelditu ziren denak, eta Jainkoa goresten zuten, esanez:
–«Ez dugu sekula horrelakorik ikusi».
Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko otsailaren 19a

BIZITZAREN SENDATZAILE

Garaikideek sendatzaile apartekotzat zeukaten Jesus. Inork ez du nahasten garaiko magoekin edo petrikiloekin. Sendatzeko bere estiloa du. Ez du jotzen indar arraroetara, ezta esaten ere konjururik edo formula sekreturik. Ez da baliatzen kutunez, ez sorginkeriaz. Baina gaixoekin harremanetan hasten denean, osasuna kutsatzen du.
Ebanjelioko kontakizunek era askotan marrazten dute Jesusen ahalmen sendatzailea. Bizitzaz duen maitasun grinatsua, gaixo bakoitzari eskaintzen dion harrera bihozkoia, pertsona bakoitzaren alderik hobena eraberritzeko duen indarra, Jainkoaganako fedea kutsatzeko gaitasuna: horiek guztiek sortzen dute sendatzea posible bihurtzen duen baldintza.
Jesusek ez ditu eskaintzen erremedioak arazo organikoak konpontzeko. Gaixoengana hurbiltzen da errotik nola sendatuko. Ez zaio axola hobetze fisikoa soilik. Organismoa sendatzea saneatze oso eta sakonago batean bildua gertatzen da. Ez ditu sendatzen gaixotasunak. Gaixo den bizitza saneatzen du.
Kontakizun desberdinek hainbat eratan azpimarratzen dute hori. Bakartasunetik eta konfiantza-faltatik askatzen ditu gaixoak, Jainkoarekiko erabateko fedea kutsatzen dielarik: «Zuk, sinesten al duzu?» Aldi berean, etsipenetik eta pasibotasunetik ateratzen ditu, bizi berriari ekiteko gogoa esnatuz: «Zuk, sendatu nahi al duzu?»
Ez da, ordea, hor gelditzen. Beren bizitza blokeatzen dien eta desgizatartzen dituen orotatik liberatzen ditu: zoramenetik, errudun sentitzetik edo etsipenetik. Doan eskaintzen die barkazioa, bakea eta Jainkoaren bedeinkazioa. Petrikilo herrikoiek eskaintzen ez dieten zerbait aurkitzen dute Jesusengan: duintasun eta konfiantza handiagoz bizitzen lagunduko dien Jainkoarekiko beste harreman bat.
Jesus Kafarnaumen bizi den etxean paralitiko bat nola sendatu duen dakar Markosek. Horixe da etsenplurik esanguratsuena, Jesusen indar sendatzailearen sakontasuna nabarmentzeko. Oztopo-mota guztiak gaindituz, lau herritarrek adiskide paralitiko bat Jesusen oinetara ekartzea lortu dute.
Jesus bere predikua eten eta hari begira jarri da Jesus. Zertan datza paralisi horren sustraia? Zein beldur, zein zauri, zein porrot eta ezkutuko erruduntasun ari dira bizitza hori zurruntzen, blokeatzen? Gaixoak ez dio ezer, ez da mugitzen. Han dago, Jesusen aurrean, ohatilari lotua.
Zeren beharra du gizaki honek zutik jarri eta ibili ahal izateko? Ama baten txeraz mintzo zaio Jesus: «Seme, barkatuak dituzu zeure bekatuak». Ez zigortu gehiago zeure burua. Izan konfiantza Jainkoagan. Onartu haren barkazioa eta haren bakea. Zenbat jendek duen barnetik sendatu beharra! Nork lagundu die Jesus sendatzailearekin harremanetan jartzen?

José Antonio Pagola

lunes, 6 de febrero de 2012

2012/02/12 - Urteko 6. igandea (B)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.

JOSE ANTONIO PAGOLA, tomará parte como ponente en una charla que se celebrará el próximo martes 14 de febrero a las 20:00 horas en la Parroquia de San José Obrero en Romo- Las Arenas, en el municipio de Getxo (Bizkaia), dentro de la celebración de un CURSILLO Y EXPOSICIÓN BÍBLICA (haz clic para ver el programa completo)

2012ko otsailaren 12a

Urteko 6. igandea (B)



EBANJELIOA

Alde egin zion legenak, eta garbi gelditu zen.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Markosen liburutik 1, 40-45

Denbora haietan, legendun bat etorri zitzaion erreguka, eta belauniko esan zion:

–Nahi baduzu, garbi nazakezu.

Errukiturik, Jesusek eskua luzatu eta ukitu egin zuen, esanez:
–Nahi dut, izan zaitez garbi.
Berehala alde egin zion legenak, eta garbi gelditu zen.
Jesusek bidali egin zuen, zorrotz aginduz:
–Kontuz gero! Ez esan inori ezer. Zoaz, hala ere, azaldu apaizarengana eta eskaini garbikuntzaren ordainez Moisesek agindutakoa, ezaugarri izan dezaten.
Hura, ordea, irten orduko, gertatu berria goraki hots egiten eta zabaltzen hasi zen. Eta harrezkero, ezin zen Jesus inongo herritan agerian sartu, eta kanpoan gelditzen zen, bazterretan. Hala ere, edonondik zetorkion jendea.
Jaunak esana.

HOMILIA

2012ko otsailaren 12a

ZOKORATUEN ADISKIDE

Jesus oso sentibera zen bidean aurkitzen zuen sufrimenaren aurrean: gizartetik bazterturik, erlijioak mespretxaturik edota moralaz edo erlijioaz handiago sentitzen ziren sektoreek ukaturik ikusten zuen jendearen sufrimenaren aurrean. Barrutik ateratzen zaio hori. Badaki Jainkoak ez duela inor bereizten. Ez duela inor baztertzen, ez eskomikatzen. Ez dela jende onarena bakarrik. Guztiak dituela onartzen eta bedeinkatzen. Goizean goiz jaikitzeko ohitura zuen Jesusek, otoitz egiteko. Behin batean egunsentia nola ikusten duen agertu du: «Onentzat eta gaiztoentzat aterarazten du Jainkoak eguzkia». Horrelakoa da bera. Horregatik, batzuetan, indarrez eskatzen du gaitzespen guztiak etetea: «Ez juzgatu eta ez zaituztete juzgatuko». Beste batzuetan, parabola laburrak kontatzen ditu hau eskatzeko: ez dadila hasi inor «garia eta belar txarra» bereizten, guztien epaile gorena bailitzan. Baina bere jarduera du gauzarik miresgarriena. Bekatariekin, prostitutekin eta desiraezinekin otorduak egitea izan zen Jesusen ezaugarririk bereziena eta probokatzaileena. Ezohikoa zen hori. Inoiz ez zen ikusi Israel herrian «Jainkoaren gizaki» famako bat bekatariekin bizi-bizi jaten eta edaten. Gidari erlijioso errespetagarrienek ezin jasan izan zuten hori. Oldarkor erreakzionatu zuten: «Horra tripazain eta mozkor bat, bekatarien adiskide bat». Jesusek ez zuen egin horren kontrako defentsarik. Egia zen. Bere hondoaren hondoenean errespetu handia eta adiskidetasun hunkigarria sentitzen zuen gizarteak edo erlijioak zokoratua zuen jendearekiko. Markosek lepradun baten sendatzea dakar bere kontakizunean, baztertuekiko Jesusek zuen maitasuna azpimarratzeko. Paraje bakarti bat zeharkatzen ari da Jesus. Bat-batean, lepradun bat hurbildu zaio. Lagunik ez du. Bakardadean bizi da. Bere larruan du baztertuaren marka. Guztiengandik aparte bizitzera behartu dute legeek. Pertsona kutsatua da. Belauniko, erregu apala egin dio Jesusi lepradunak. Zikin dakusa bere burua. Ez dio hitz egin bere gaixotasunaz. Estigma orotatik garbi izan nahi du: «Nahi baduzu, garbi nazakezu». Hunkitu egin da Jesus gizaki hura bere oinetan ikustean, desitxuratua gaixotasuna eta guztien baztertzea direla medio. Beste hainbat estigmatizaturen bakardadea eta etsia irudikatzen du gizon horrek. Jesusek «eskua luzatu du» haren larrua ukitu nahiz; «ukitu du» eta diotso: «Nahi dut. Izan zaitez garbi». Geure ustezko goratasun moraletik gizatalde desberdinen bat (eskekoak, prostituituak, toxikomanoak, hiesdunak, etorkinak, homosexualak…) bereizten dugunean edota elkar bizitzatik baztertzen, geure harrera ona ukatuz, larriki ari gara urruntzen Jesusengandik.

José Antonio Pagola