lunes, 7 de enero de 2013

2013/01/13 - Jaunaren Bataioa (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko urtarrilaren 13a

Jaunaren Bataioa (C)



EBANJELIOA

Jesus bataiatu egin zen eta, otoitzean zegoela, zerua zabaldu zitzaion.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukas liburutik 3,15-16. 21-22

Denbora haietan, herria zain-zain zegoen eta denak ari ziren pentsatzen Joan ez ote zen Mesias izango. Joanek, ordea, denen aurrean esan zuen: «Nik urez bataiatzen zaituztet, baina badator ni baino ahaltsuago dena, eta ni ez naiz inor haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere; horrek Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte.
Herri guztia bataiatzen ari zela , Jesus ere bataiatu egin zen eta, otoitzean zegoela, zerua zabaldu eta Espiritu Santua jaitsi zitzaion gainera, uso-tankeran agertuz. Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Zu zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin ».

Jaunak esana.

HOMILIA

2013ko urtarrilaren 13a


HASI ERREAKZIONATZEN

Joan Bataiatzaileak ez dio jendeari biderik eman bera Mesiasekin nahastu dezan. Badaki zein diren bere mugak eta onartu ditu. Bada bera baino indartsuago eta funtsezkoago bat. Hari bakarrik egin behar dio herriak ongietorria. Bistakoa da arrazoia. Bataiatzaileak ur-bataioa eskaintzen du. Jesusek, Mesiasek, bakarrik «baiatuko du Espiritu Santuaz eta suaz».
Behatzaile ez gutxiren ustez, Elizaren arazorik handiena gaur egun «eskastasun espirituala» da. Elizak ez du adore espiritualik gaur egungo kinkari aurre egiteko. Gero eta argiago da hori. Jesusek bere suaz eta Espirituaz bataia gaitzan behar dugu.
Azken urte hauetan haziz joan da Espirituaren indarrarekiko konfiantza-falta, eta berritzera eraman gaitzakeen ororekiko beldurra. Asko azpimarratzen da jarraikitasuna iragana gorde ahal izateko, baina ez gara arduratzen Espirituaren deia entzuteaz geroa prestatzeko. Pixkana itsu ari gara bihurtzen «aldien seinaleak» irakurtzeari dagokionez.
Lehentasuna ematen zaie ziurtasunei eta sineskizunei fedea indartzeko eta gizarte modernoaren aurrean eliz kohesio handiagoa lortzeko; baina, sarritan, ez da lantzen Jesusekiko atxikimendu bizia. Ez ote dugu ahazten ezen Jesus gu guztiok baino ahaltsuagoa dela? Erlijio-doktrinak, beti kategoria aurre-modernoetan adierazia den hark, ez ditu ukitzen bihotzak, ezta bihotz-berritzen ere gure bizitza.
Kontzilioaren arnasa berritzailea alde batera utzirik, itzaliz joan da poza kristau-herriaren garrantzizko sektoretan, etsipenari tokia uzteko. Era isil baina usaingarrian, haziz doa eliz erakundearen eta kristau ez gutxiren artean atxikimendurik eza eta bereizketa.
Premia gorrikoa da giro maitagarriago eta bihozkoiago bat sortzea. Edozeinek ezin esnatu izango du herri xumeagan galdutako ilusioa. Geure fedearen sustraira itzuli beharra dugu. Ebanjelioarekin harremanetan jarri beharra. «Espiritua eta bizia» diren Jesusen hitzez elikatu beharra.
Urte batzuen buruan, gure kristau-elkarteak oso txikiak izango dira. Parrokia askotan ez da jada apaizik izango, era iraunkorrean. Zein garrantzizkoa den Ebanjelioaren inguruan fededun-nukleo bat oraintxetik zaintzea. Horiek eutsiko diote bizirik gure artean Jesusen Espirituari. Apalagoa izango da guztia, baina ebanjelikoagoa ere bai.
Jadanik erreakzionatzen hastea tokatzen zaigu. Geroko belaunaldiei uzten ahal diegun ondarerik hobena Jesusekiko beste maitasun bat da, erdigunetzat Jesus bera eta haren egitasmoa duen fede bat. Gainerako guztia bigarren mailakoa da. Jesusen Espirituaz bizi badira, aurkituko dituzte bide berriak.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2010ko urtarrilaren 10a

ESPIRITUALITATE BERRIA

«Espiritualitatea» ez da hitz jatorra. Batzuei baliorik ez duen zerbait iradokitzen die, bizitza errealetik at dagoen zerbait. Zertarako dateke on? Axola duena gauza zehatza da, gauza praktikoa, materiala, eta ez espiritualik ezer.
Halaz guztiz, pertsonaren «espiritua» baliozkotzat emana da egungo gizartean, zeren haren bizitzako gauzarik sakonena eta erabakitzaileena adierazten baitu: hura animatzen duen sua, haren inspirazio sakonena, gainerakoei kutsatzen diena, pertsona hori munduan ezartzen ari dena.
Espirituak arnasten ditu gure egitasmoak eta konpromisoak, eratzen ditu balioez gure horizontea eta gure esperantza. Nolakoa gure espiritua, halakoa gure espiritualitatea. Eta halakoak izanen dira gure erlijioa eta gure bizitza osoa ere.
Lehen kristauek guri eskualdatu testuek agertzen digute ezen «mugimendu espiritual» indartsu bezala bizi zutela Jesu Kristorekiko fedea. Jesusen Espirituaren bizilekutzat zuten bere burua. Espiritu horrengan bataiatua izan dena bakarrik da kristau. «Kristoren Espiritua ez duena ez da haren ikasle». Espiritu horrek arnasturik, beste era batean bizi zuten guztia.
Haien baitan lehenik aldatzen den gauza Jainkoarekiko esperientzia da. Ez dira bizi jada «esklaboen espirituaz», Jainkoarekiko beldurraz estu, baizik «seme-alaben espirituaz», Aitak baldintzarik gabe eta mugarik gabe maite dituela sentituz. Jesusen Espirituak bihotz barnetik eginarazten die oihu hau: Abba, Aita! Esperientzia hau da Jesusen elkarteetan kide guztiek lortu beharko luketen lehenengo gauza.
Erlijioa bizitzeko era ere aldatu egin da haiengan. Beren burua ez dute sentitzen jadanik «legearen gatibu», arauen eta aginduen mendeko, baizik maitasunak askaturiko. Ezagutu zuten zer den «espiritu berriaz» bizitzea, maitasunaren deia entzunez, eta ez «letra zaharraren arabera», betebehar erlijiosoak betetzeari emanik. Horra guztion artean kristau-elkarteetan zaindu eta sustatu beharko genukeen bizigiroa, baldin eta Jesus bezala bizi nahi badugu.  
Orobat aurkitu zuten Jainkoarekiko kultuaren benetako edukia. Aitari atsegin zaiona, ez dira maitasunik gabeko errituak, baizik «espirituaren eta egiaren arabera» bizi gaitezen. Jesusen espirituaren eta haren ebanjelioaren egiaren arabera bizitako bizia da kristauentzat beren benetako «kultu espirituala».
Ez genuke ahaztu behar Tartsoko Paulok bere elkarteei esaten zien hau: «Ez itzali zeuen baitan Espiritua». Itzalia den elizak, Kristoren espiriturik gabe denak, ezin bizi du, ez komunikatu, haren egiazko Berritasuna. Ezin dastatu du, ez kutsatu, haren Berri Ona. Kristau-espiritualitatea zaintzea gure erlijioa biziberritzea da.

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.