lunes, 10 de junio de 2013

2013/06/16 - Urteko 11. igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko ekainaren 16a

Urteko 11. Igandea (C)


EBANJELIOA

Bekatu asko ditu, baina hainbesteko maitasuna ageri badu, Jainkoak barkatu dizkion seinalea da.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 7,36_8,3

Behin batean, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu zuen Jesus. Joan zen, bada, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zen.
Hartan, emakume bat, herrian bekatari bezala ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen zela jakinik, bertara joan zen, harzurizko ontzi bat ukendu zeramala.
Jesusen atzean oinen ondoan jarri zen negarrez, eta oinak malkoz bustitzen hasi zitzaion; gero, ileaz xukatu eta musukatuz, ukenduz igurzten zizkion.
Hau ikustean, gonbidatu zuen fariseuak bere baitan zioen: «Benetan profeta balitz, jakingo luke zer-nolakoa den ukitzen ari zaion emakumea, bekataria alegia».
Jesusek esan zion:
– Simon, badut zerbait zuri esateko.
Hark erantzun:
– Esadazu, Maisu.
– Diru-mailegari batek bi zordun zituen: batak bostehun denario zor zizkion eta besteak berrogeita hamar. Zerez ordaindurik ez zutelarik, barkatu egin zien biei. Bietako zeinek izango ote du maiteen?
Simonek erantzun zion:
– Gehien barkatu zionak, nik uste.
Jesusek esan zion:
– Zuzen diozu.
Eta, emakumeagana bihurturik, Simoni esan zion:
– Ikusten al duzu emakume hau? Zure etxean sartu naizenean, ez didazu oinak garbitzeko urik eskaini; honek, berriz, malkoz busti dizkit oinak eta bere ileaz xukatu.
Zuk ez nauzu musu emanez agurtu; hau, berriz, sartu denetik ez da gelditu nire oinei musuka. Zuk ez didazu burua olioz igurtzi; honek, berriz, oinak ukenduz igurtzi dizkit.
Beraz, hau diotsut: Bekatu asko ditu, baina hainbesteko maitasuna ageri badu, Jainkoak barkatu dizkion seinalea da; gutxi barkatzen zaionak maitasun gutxi agertzen du.
Eta emakumeari esan zion: «Barkatuak dituzu zeure bekatuak».
Beste bazkaltiarrak beren artean hasi ziren esaten: «Nor ote dugu bekatuak barkatu ere egiten dituen hau?»
Baina Jesusek esan zion emakumeari: «Zeure sinesmenak salbatu zaitu; zoaz bakean».
Honen ondoren, herriz herri eta auzorik auzo ibili zen Jesus, Jainkoaren erregetzaren berri ona hots eginez. Berekin zituen Hamabiak, baita espiritu gaiztoetatik eta gaitzetatik sendatuak zituen zenbait emakume ere: Magdalako Maria –honengandik zazpi deabru bota zituen–, Joana –Herodesen etxezain Kusaren emaztea–, Susana eta beste asko. Guztiok beren ondasunez laguntzen zieten Jesusi eta honen ikasleei.

Jaunak esana.

HOMILIA

2013ko ekainaren 16a

PROSTITUITUEN BABESLEA

Simonen etxean dago Jesus. Bazkaltzera gonbidatu duen fariseua da Simon. Ustekabean emakume bat sartu da otordu-aretoan. Berehala ezagutu dute gonbidatuek. Herrixkako prostituitu bat da. Atsekabez eta zer gertatuko zain jarri dira mahaikideak. Nola erreakzionatuko du Jesusek? Kanporatu egingo ote du, gonbidatuak kutsa ez ditzan?
Emakumeak ez du hitzik egin. Mespretxuari jarria dago, batez ere fariseuen ingurunean. Jesusengana doa zuzenean, haren oinetan belaunikatu eta negarrari eman dio. Ez daki nola eskertu egin dion harrera: musuka ari zaio oinetan, berekin ekarri duen lurringai usaintsuz igurtziz eta bere ile-adatsez lehortuz.
Fariseuaren erreakzioa ez da luzatu. Ezin disimulatu du bere mespretxua: «Gizon hau [Jesus] profeta balitz, jakingo luke zein eta zer den emakume hau: bekatari bat». Fariseu hori ez da Jesus bezain xaloa. Oso ondo daki emakume hau prostituitu bat dela, Jesus ukitzeko ez-duina. Apartatu egin beharko genuke.
Jesusek, ordea, ez du kanporatu, ez dio ukorik egin. Aitzitik, errespetuz eta samur onartu du. Emakumearen keinuetan maitasun garbia sumatu du eta esker oneko fedea. Guztien aurrean, emakumeari mintzo zaio, haren duintasuna babesteko eta Jainkoak nola maite duen agertzeko: «Barkatuak dituzu zeure bekatuak». Ondoren, gonbidatuak eskandalizatuz, bere fedean berretsi nahi du emakumea eta biziera berri bat opa dio: «Zeure fedeak salbatu zaitu. Zoaz bakean». Berekin izango du Jainkoa beti.
Duela hilabete batzuk, Topaketa Pastoral oso berezi batean parte hartzera deitu ninduten. Bazen gure artean emakume prostituituen talde bat. Astiro hitz egin ahal izan nuen haiekin. Ezin ahaztuko ditut sekula. Hiru egunetan entzun ahal izan genien hitz egiten beren ezintasunaz, beren beldurraz, beren bakardadeaz… Lehen aldiz ulertu nuen zergatik maite zituen Jesusek hartaraino. Ulertu nituen, halaber, gidari erlijiosoei Jesusek zuzentzen zizkien hitz hauek: «Jakizue zerga-biltzaileak eta prostituituak zuek baino lehen sartuko direla zeruetako erreinuan».
Emakume engainatu eta esklabo egindako hauek, abusu-mota guztien mende bizi diren hauek, bakarturik edukitzeko izua hezurretaraino sartu dieten hauek, hauetako asko inolako babesik eta segurtasunik ez duten hauek: mundu krudel eta gizatasunik gabeko baten biktima ikusezin dira, hein handi batean gizarteak isilpean jarria eta Elizak praktikan ahaztua duen mundu baten biktima.
Jesusen jarraitzaileok ezin egin diogu ezikusiarena emakume hauen sufrimenduari. Gure Elizbarrutiek ezin utzi ditu beren zori tristean abandonaturik. Ozenki hitz egin behar dugu gizartearen kontzientzia esnatzeko. Askoz ere sostengu handiagoa eskaini behar diegu emakume hauen eskubide eta duintasunaren alde borrokan ari direnei. Hartaraino maite zituen Jesus hura, lehena izango litzateke gaur ere defentsa horretan.


José Antonio Pagola

HOMILIA

2010ko ekainaren 13a

INOR EZ APARTATU JESUSENGANDIK

Lukasen kontakizunaren arabera, Simon izeneko fariseu batek gogo handia du Jesus bere etxera gonbidatzeko. Segur aski, otorduaz baliatu nahi da jendearen artean izen handia hartzen ari den galilear harekin zenbait arazoz mintzatzeko.Jesusek onartu du gonbita: guztiengana helarazi nahi du Jainkoaren Berri Ona.
Otordukoan, Simonek aurreikusi ez duen zerbait gertatu da. Herriko emakume prostituitu batek eten du bazkalondoa: Jesusen aurrean belauniko jarri eta negarrari eman dio. Ez daki nola eskertu bera bezala guztien mespretxuak markatua duen jendearentzat Jesus agertzen ari den maitasuna. Eta guztiak zur eta lur direla, Jesusen oinei musu eta musu ari da, urrin bikainez igurzten.
Bere onetik atera da Simon ikusia ikustean. Emakume bekatari bat Jesus ukitzen bere etxean! Ezin jasana: gizon hori oharkabea da, eta ez Jainkoaren profeta. Emakume lohi hori Jesusengandik apartatu beharra da bat-batean.
Jesusek, haatik, uki dezan uzten dio emakumeari eta maita dezan. Inork baino behar handiagoa du emakume horrek. Eta Jesusek, aparteko txeraz, Jainkoaren barkazioa eskaini dio; ondoren, emakumeak bere barruan duen eta salbatzaile duen bere fede apala aurkitzen lagundu dio. Bakean bizi dadin soilik opa dio Jesusek: «Barkatuak dituzu zeure bekatuak... Zeure fedeak salbatu zaitu. Zoaz bakean».
Ebanjelio guztiek azpimarratu dute gizarte-sail guztiek Jainkoaren bedeinkaziotik apartatu nahi izan dituzten guztiei −prostituitu, zerga-biltzaile, lepradun...− Jesusek agertu dien harrera eta ulermena. Eskandalagarria da Jesusen mezua: jende erlijiosok mespretxatu dituenek leku berezia dute Jainkoaren bihotzean. Bakarra da horren arrazoia: halakoak dira harrerarik, duintasunik eta maitasunik handiena behar dutenak.
Egunen batean berraztertu beharra izanen dugu, Jesusen portaera honen argian, zein den gure jarrera kristau-elkarteetan gizarte-sail batzuekiko: prostituzioan bizi diren emakumeekiko, homosexualekiko, lesbianekiko; izan ere, nahiago izaten dugu Elizaren baitan halakoen arazoei, sufrimenei eta borrokei ezikusiarena egin, guretzat ez bailiran.
Ez dira gutxi egin genitzakeen galderak: non aurki lezakete gure artean Jesusenaren antzeko harrerarik? Nori entzun liezaiokete Jainkoaz mintzo zaien hitz bat, Jesusek egiten zuen bezala? Zer laguntza aurki lezakete gure artean beren sexu-izaera bizitzeko jarrera erantzukizunezkotik eta fedezkotik? Zeinekin parteka dezakete Jesusekiko beren fedea bakez eta duintasunez? Zein da gai intuitzeko erlijio guztiek bazter utziak dituztenekiko Jainkoak duen maitasun hondogabea?

José Antonio Pagola


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.