lunes, 26 de agosto de 2013

2013/09/01 - Urteko 22. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko irailaren 1a

Urteko 22. Igandea (C)


EBANJELIOA

Bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu, eta bere burua beheratzen duena, goratu.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 14,1. 7-14

Behin batean, larunbatez, fariseu-buruetako baten etxera joan zen Jesus bazkaltzera, eta fariseuak zelatan zegozkion.
Ohartu zen Jesus gonbidatuek mahaiko lehen jarlekuak hartzen zituztela, eta aholku hauek eman zizkien: «Ezteietara gonbidatzen zaituztenean, ez jarri mahaiburuan, zu baino gonbidatu ospetsuagoren bat izan daiteke eta; hala balitz, biok gonbidatu zaituztenak etorri eta esango lizuke: “Utzi tokia honi”; orduan, azkeneko lekuan eseri beharko zenuke lotsa gorrian. Alderantziz, gonbidatzen zaituztenean, jarri azkeneko tokian, gonbidatu zaituenak, datorrenean, esan diezazun: “Adiskide, igo gorago”. Horrela, oso toki onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu».
Eta gonbidatu zuenari esan zion: «Bazkari edo afariren bat ematean, ez gonbidatu zeure adiskideak, ezta senide, ahaide edo auzoko aberatsak ere; zeren beraiek ere gonbidatu egingo zintuzkete, eta, horrela, ordaina hartuko zenuke. Aitzitik, otordu bat ematean, gonbidatu behartsu, elbarri, herren eta itsuak. Zorionekoa zu orduan, ez baitute zuri ordaintzerik! Zintzoak piztuko direnean jasoko duzu ordaina».

Jaunak esana.

HOMILIA

2013ko irailaren 1

BAZTERTU GABE

Jesus jaiotordu batera joan da, eskualdeko «fariseu handikietako batek» gonbidaturik. Otordu berezia da, larunbatekoa, bezperatik arduraz prestatua. Ohi bezala, gonbidatuak gonbidatzailearen adiskide dira, izen handiko fariseu, lege-maisu, herri osoarentzat bizitza erlijiosoaren eredu.
Itxuraz, Jesus ez dago batere eroso. Bere adiskide pobreen falta nabari du. Bidean eskean ikusi ohi duen jende hura. Inork inoiz ere gonbidatzen ez duen hura. Ezer ez den hura: bizikidetzatik baztertua, erlijioak ahaztua, ia guztiek gutxietsia. Jende hori da bere mahaian eskuarki ikusi ohi dena.
Agur esan aurretik, gonbidatu duenari mintzatzera doa Jesus. Ez doa otorduagatik eskerrak ematera; alderantziz, haren kontzientziari astindu bat eman nahi dio, hain konbentzionala ez den eta gizakoiagoa den biziera bat bizitzera gonbidatu nahi du: «Ez gonbidatu zeure adiskideak, ezta senide, ahaide edo auzoko aberatsak ere; zeren beraiek ere gonbidatu egingo zintuzkete… Aitzitik, otordu bat ematean, gonbidatu behartsu, elbarri, herren eta itsuak. Zorionekoa zu orduan, ez baitute zuri ordaintzerik! Zintzoak piztuko direnean jasoko duzu ordaina».
Beste behin, bizitza gizakoiago bihurtzen ahalegindu da Jesus; horretarako, eskema eta irizpide batzuk hautsi behar badira ere, oso errespetagarri direla iruditu arren, azpi-azpian oztopo direnak mundua gizakoiago eta anai-arreba artekoago, Jainkoak nahi bezalako, egiteko.
Eskuarki, harreman familiar, sozial, politiko eta erlijiosoen ingurumen batean bizi ohi gara; haietaz baliatzen gara geure interesak zaintzeko, baina kanpoan utziz ekarpenik ezin egin digutenak. Geure bizitzara gonbidatu, beren aldetik gu gonbidatu ahal gaituztenak gonbidatu ohi ditugu. Hori da guztia.
Probetxuzko harremanen esklabo izan ohi gara; ez gara konturatzen, geure ongizatea sostengatzeko, jende jakin bat baztertzera jotzen dugula: bizi ahal izateko gure doako solidaritatearen premiarik handiena duena. Entzun ditzagun Frantzisko aitaren santuaren ebanjelioaren arabera oihu hauek, Lampedusa uharte koxkorrean botatakoak: «Ongizatearen kulturak sorgor bihurtu gaitu besteen garrasiaren aurrean». «Axolarik ezaren globalizazioan murgildu gara». «Erantzukizunaren zentzua galdu dugu».
Jesusen jarraitzaileok gogoan izan behar dugu hau: Jainkoaren Erreinuari bideak urratzea ez datzala gizarte erlijiosoago bat eraikitzean; ezta, beste sistema batzuk bezala, posible den sistema politiko ordezko bat eragitean ere; baizik, guztien gainetik, azkena den jendeagandik hasirik, guztientzat bizitza duinago baterako baldintzak ahalbidetuko dituzten giza harremanak sortu eta garatzean.


José Antonio Pagola

HOMILIA

2010ko abustuaren 29

ORDAINETAN EZER ESPERO GABE

Jesus bazkaltzen ari da lurralde horretako fariseu handiki batek gonbidaturik. Lukasek diosku fariseuak eten gabe zelatan dituela Jesusek. Halaz guztiz, libre ikusten du bere burua Jesusek lehen eserlekuen bila dabiltzanak kritikatzeko eta, are, gonbidatu duenari esateko aurrerantzean zein gonbidatu behar duen.
Gonbidatzaileari egindako interpelazio hau harritzea da egiaz. Hitz argi eta xumez, nola jardun esaten dio Jesusek: «Ez gonbidatu zeure adiskideak, ez haurrideak, ez ahaideak, ezta auzoko aberatsak ere». Alabaina, ba al da ezer jatorragorik eta naturalagorik asko maite gaituen jendearekin loturak estutzea baino? Ez ote du Jesusek berak hori bera egin Lazaro, Marta eta Mariarekin, Betaniako adiskideekin?
Aldi berean, gogoan zein izan behar duen adierazten dio Jesusek: «Gonbida itzazu behartsuak, elbarriak, herrenak eta itsuak». Behartsuek ez dute nola erantzun gonbitari. Elbarri, herren eta itsuengandik ezin espero duzu ezer. Horregatik, inork ez ditu gonbidatzen. Ez ote da hori gauza normala eta saihestezina?
Jesusek ez dio uko egin familiarteko maitasunari, ezta adiskide arteko harremanei ere. Hau da onartzen ez duena: harreman horiek izatea beti beste guztien gainetik jartzen direnak, pribilegiatuak eta bakarrak. Mundu gizatarrago eta haurridetasunezkoago baten bila, Jainkoaren erreinuaren dinamikan murgildu nahi dutenei Jesusek gogorarazten die ezen pobreei eta babesgabeei ongi etorri egitea harreman interesatuen eta gizarte-konbentzionalismoen gainetik ipini behar dela.
Daitekeena ote da, ordea, molde desinteresatuan bizitzea? Maita ote daiteke ordainetan ezer espero gabe? Hain urrun bizi gara Jesusen Espiritutik, non, batzuetan, adiskidetasuna eta familiarteko maitasuna bera baitaude interesak baldintzaturik. Ez gaitezen engaina. Doakotasunaren bidea gogorra eta zaila da ia beti. Gisa honetako gauzak ikasi beharrean gara: asko espero gabe ematen jakitea, kasik ezer eskatu gabe barkatzea, hain atsegina ez den jendearekin eroapen handiko izatea, laguntzea gogoan bestearen ona soilik izanik.
Beti murriztu genitzake apur bat geure interesak, tarteka uko egiten ahal diegu abantaila txikiei, beharrean bizi direnei poz pixka bat ezarri, geure denboraren zatitxo bat eskaini dena geuretzat gorde gabe, doako zerbitzu koxkor batzuetan parte hartu.
Fariseu gonbidatzaileari hau esateraino ausartu da Jesus: «Zorionekoa zu ezin ordaindu badizute».  Zoriontasun hau hain ahaztua gelditu da, non kristau askok ez baitu entzun ere sekula horretaz hitz egiten. Halere, Jesusen oso gogoko mezua dakar: «Zorionekoak besteentzat bizi direnak, saririk jaso gabe. Zeruko Aitak sarituko ditu».

José Antonio Pagola


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.