lunes, 16 de septiembre de 2013

2013/09/22 - Urteko 25. Igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko irailaren 22a

Urteko 25. Igandea (C)


EBANJELIOA

Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan.

+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 16,1-13

Egun haietan, Jesusek esan zien ikasleei: [«Gizon aberats batek etxezain bat zuen, eta hau ondasunak alferrik galtzen ari zitzaiola salatu zioten.
«Deitu zion eta esan: “Zer da zutaz entzun dudan hori? Emadazu etxezaintzaren kontu, kargutik bota egiten zaitut eta”.
«Honela zioen, orduan, etxezainak bere baitan: “Zer egin behar dut orain, nagusiak kargua kentzen didanez gero? Aitzurrerako ez naiz gauza, eta eskerako lotsa naiz. Badakit zer egin, kargutik botatzen nauten honetan etxean nork hartu izan dezadan”.
«Deitu zituen bere nagusiaren zordunak banan-banan, eta lehenengoari galdetu zion: “Zenbat zor diozu nire nagusiari?” Hark erantzun: “Ehun upel olio”. Etxezainak esan zion: “Hona zure ordain-agiria; agudo, eseri eta idatzi berrogeita hamar”.
«Gero, hurrengoari galdetu zion: “Zuk zenbat zor diozu?” Hark erantzun: “Ehun anega gari”. Eta besteak, orduan: “Hona zure ordain-agiria; idatzi laurogei”.
«Eta nagusiak txalotu egin zuen etxezain zuzengabe hura, zuhurki jokatu zuelako. Izan ere, mundukoak zuhurrago dira beren arteko arazoetan, argitakoak berenetan baino.
«Beraz, hauxe diotsuet nik ere: Irabaz itzazue adiskideak bidegabeko diruaren bidez; horrela, dirua amaitzean, betiko bizilekuetan hartuko zaituzte Jainkoak.]
«Gauza txikietan fidagarria, handietan ere fidagarri da, eta gauza txikietan zuzengabea, handietan ere zuzengabe.
Bidegabeko dirua erabiltzen fidatzekoak izan ez bazarete, nork utzi zuen esku egiazko ondasuna? Zeuena ez duzuen aberastasunarekin fidatzekoak izan ez bazarete, nork eman benetan dagokizuena?
«Ez da morroirik bi nagusi zerbitza ditzakeenik; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maite, edota batari men egingo dio eta bestea begitan hartuko. Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan».

Jaunak esana.

HOMILIA

2013ko irailaren 22

EZ DA SOILIK KRISI EKONOMIKOA

«Ezin izan zarete Jainkoaren eta Diruaren zerbitzari». Jesusen hitz hauek ezin ahaztu ditugu momentu hauetan haren jarraitzaile sentitzen garenok; izan ere, Jesusek Gizadiari egin dion oharpenik larriena da. Dirua, idolo absolutu bihurtua, da etsai handia Jainkoak nahi duen mundu zuzenago eta anai-arreba artekoago bat eraiki ahal izateko.
Tamalez, Aberastasuna, gure mundu globalizatu honetan, egundoko boterea duen idolo bilakatu da; irauteko, gero eta biktima gehiago eskatzen ditu, gero eta pobreago bihurtzen du giza historia. Momentu hauetan krisialdi batek harrapaturik gaude; hein handian, metatzeko antsiak eragindako krisialdiak, alegia.
Esateko, dena da antolatzen, mugitzen eta dinamizatzen logika honen arabera: produktibitate, kontsumo, ongizate, energia, gainerakoen gainean botere… handiagoa. Inperialista da logika hau. Gelditzen ez badugu, arriskuan jar litzake gizakia eta Planetan bera.
Agian, lehenengo gauza jabetzea da zer gertatzen ari den. Ez da soilik krisi ekonomikoa. Gizarte eta giza krisia da. Momentu honetan aski datu ditugu geure inguruan eta munduaren horizontean, zein giza dramatan murgildurik bizi garen sumatzeko.
Gero eta garbiago da ezen sistema hau, milioika pertsona goseak eta miserian utziz, aberatsen gutxiengo bat gero eta gehiago metatzera daraman hau, jasanezineko zorakeria dela. Alferrik da beste aldera begira jartzea.
Jadanik, gizarte aurrerakoienak berak ere ez dira gai milioika hiritarri lan duin bat eskaintzeko. Zer-nolako aurrerapena da hau, guztiok ongizatera bultzatzen gaituelarik, hainbat eta hainbat familia duintasunez bizitzeko baliabiderik gabe uzten duen hau?
Krisialdi hau lur joarazten ari da sistema demokratikoa. Diruaren eskakizunek hertsaturik, gobernu-agintariek ezin jaramon egin diete beren herritarren egiazko premiei. Zer da, beraz, politika, jada guztien onaren zerbitzura ez badago?
Eremu desberdinetako gastu sozialen gutxitzeak eta zerbitzu publikoen, adibidez osasungintzaren, pribatizazio interesatu eta duingabeak babesgabeenei erasotzen jarraituko dute; horrek, jakina, gero eta zokoratze, ez-parekotasun lotsagabe eta haustura sozial handiagoak eragingo ditu.
Jesusen jarraitzaileok ezin bizi gara erlijioan hesiturik, giza drama honetatik aparte. Kristau-elkarteak, une honetan, ingurumen egoki izan daitezke kontzientziazioa, bereizketa eta konpromisoa eragiteko. Elkar lagundu beharra dugu azti eta erantzukizunez bizitzen. Krisialdiak gizakoiago eta kristauago bihur gaitzake.


José Antonio Pagola

HOMILIA

2010ko irailaren 19

DIRUA

Jesusek ezagutu zuen gizartea gurea ez bezalakoa zen oso. Jerusalemgo familia boteretsuek eta Tiberiades inguruko lurjabe handiek soilik metatu zezaketen urrezko eta zilarrezko monetarik. Landa-jendeak doi-doi eskura zezakeen brontzezko edo kobrezko monetaren bat, nolanahi ere balio eskasekoak. Jende asko dirurik gabe bizi zen, produktuak trukatzera mugatzen zen, bizitze hutseko erregimenari loturik.
Gizarte horretan, maiztasun harrigarriz mintzo da Jesus diruaz. Lurrik eta lan finkorik gabe, Profeta ibiltari huts bizi delarik eta Jainkoaren arazoei emanik, erabateko askatasunez hitz egiteko aukera ematen du. Bestalde, pobreekiko maitasunak eta Jainkoaren zuzentasunarekiko grinak baztertuak defenditzera eragiten diote beti eta estu.
Hizkuntza oso bereziaz mintzo da diruaz. Berez bezala atera zaio esapide hau: «diru zuzengabea» edo «aberastasun zuzengabea». Itxuraz, ez du ezagutzen «diru garbirik». Jende boteretsu haren aberastasuna zuzengabea da, zeren modu zuzengabean metatua baita eta pobreekin eta gose direnekin partekatu gabe gozatzen baitu hartaz.
Zer egin beharko lukete aberastasun zuzengabe horren jabe direnek? Jesusen hitz bitxiak dakartza Lukasek. Esaldia laburraren laburraz iluna gerta daitekeen arren, haren edukia ezin ahantzizkoa da. «Nik diotsuet: Irabazi adiskideak diru zuzengabeaz, honen falta izango duzuenean betiko egoitzan har zaitzaten».
Hau diotse Jesusek aberatsei: «Erabili zeuen aberastasun zuzengabeak pobreei laguntzen; irabazi haien adiskidetasuna zeuen ondasunak haiekin partekatuz. Haiek izango dituzue zeuen adiskide eta, heriotzako orduan dirua ezertako baliozko eta on izango ez duzuenean, haiek onartuko zaituztete Aitaren etxean». Beste hitz batzuez esanik: diru zuzengabea Jainkoaren aurrean «zuritzeko» erarik egokiena haren seme-alaba pobreenekin partekatzea izango duzue.
Jesusen hitzek ez zuten izan harrera onik. Lukasek diosku ezen «fariseu batzuk zirela gauza hauek entzuten ari zirenak, aberastasun zale batzuk, eta Jesusi burla egiten ziotela». Ez zuten gogoko hari diruaz hitz egiten entzutea.  Legea ezagutu eta leial betetzea bakarrik zuten gogoko. Jainkoak haien bizitza bedeinkatu izanaren seinaletzat zituzten beren aberastasunak.
Tradizio bibliko luzeak baietsia izan arren, aberastasunak bedeinkapen-seinaletzat hartu nahi izate hori ez da ebanjelioaren araberakoa. Ozenki esan beharra da hori gau egun, zeren bai baitira pertsona aberatsak berez bezala pentsatzen dutenak beren ekonomi arrakasta eta beren oparotasuna direla Jainkoak beren bizitza onesten duenaren seinale argiena.
Jesusen jarraitzaileak ezin egin du edozer gauza diruaz: bada zuzengabea den dirua irabazteko ere bat, gastatzeko era bat, gozatzeko era bat, zeren behartsuez ahaztu egiten baita.

José Antonio Pagola


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.