lunes, 25 de noviembre de 2013

2013/12/01 - Abendualdiko 1. Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko abenduaren 1a

Abendualdiko 1. Igandea (A)


EBANJELIOA

Zain egon prest egoteko.

Mateo 24,37-44

Egun haietan, Jesusek esan die bere irakasleei: Noeren garaian bezala gertatuko da Gizonaren Semearen etorrerakoan.
Uholdearen aurretik, jan-edanean ziharduen eta ezkondu egiten zen jendea, Noe ontzian sartu zen arte; eta ez ziren konturatu, uholdea iritsi eta denak eraman zituen arte. Gauza bera gertatuko da Gizonaren Semearen etorrerakoan ere. Soroan izango diren bi gizonetatik, bata eraman eta bestea utzi egingo dute; errotan ehotzen ariko diren bi emakumeetatik, bata eraman eta bestea utzi egingo dute. Zain egon, beraz, ez baitakizue zein egunetan etorriko den zuen Jauna.
Gogoan hartu hau: etxeko nagusia, lapurra gaueko zein ordutan etorriko den jakingo balu, zain egongo litzateke eta ez luke etxea zulatzen utziko.
Prest egon, bada, zuek ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko baita Gizonaren Semea.

Jaunak esana.

HOMILIA

2013ko abenduaren 1a

BEGIAK IREKIRIK

Lehen kristau-elkarteek urte oso latzak bizi izan zituzten. Erromaren Inperio handi hartan galdurik, gatazka eta pertsekuzio artean, kristau haiek indarra eta arnasa bilatzen zuten, Jesusen berehalako etorreraren zain eta haren hitz hauek gogoan: Egon erne. Bizi esna. Ukan begiak irekirik. Bizi adi-adi.
Ba al dute guretzat garrantzirik esna bizitzeko Jesusen hitz horiek? Zer da gaur egun kristauentzat Jainkoagan esperantza jartze hori, begiak irekita biziz? Geure mundu sekular honetan, gai izango ote gara behin betiko alde batera uzteko azken zuzenbidea Jainkoa izango den esperantza, inolako errurik gabe sufritzen ari diren biktima errugabe horiei dagokienez?
Hain juxtu, kristau-esperantza faltsu bihurtzeko erarik errazena da hori: geure betiko salbazioa Jainkoagandik espero izatea, munduan orain berean den sufrimenduari ezikusiarena eginez. Egun batean aitortu beharra izango dugu geure itsutasuna Kristo Epailearen aurrean: Noiz ikusi zintugun goseak edo egarri, arrotz eta biluzik, gaixo edo kartzelan, eta guk arretarik eskaini ez? Horixe izango da gure azken elkarrizketa Jesusekin, baldin eta begiak itxita bizi bagara.
Esnatu beharra dugu eta begiak ondo ireki beharra. Azti bizi beharra, geure probetxu eta kezka koxkorrak baino harago begiratzeko. Kristauaren esperantza ez da jarrera itsu bat, ez ditu ahazten inoiz ere sufritzen ari direnak. Kristau-espiritualitatea ez datza nork bere barnera begiratze hutsean; aitzitik, bere bihotza arretatsu du bere zorian bazter utziak direnei dagokienez.
Kristau-elkarteetan gero eta ardura handiagoa bizi behar dugu, geure bizimoldeak pobreez axolagabetzera eta ahaztera eraman ez gaitzan. Ezin bil-bil gaitezke goxo-goxo geure erlijioan, egunero goseak hiltzen ari direnen garrasia ez entzuteko. Ez dugu zilegi geure errugabetasun-ilusioari laineza ematea, geure patxada defenditzeko.
Jainkoarekiko esperantza, lur honetan ezer espero ezinik bizi direnez ahazten den hura, ez ote dugu hartu behar kosta ala kostako optimismo baten bertsio erlijiosotzat, argitasunik eta erantzukizunik gabe bizitakotzat? Sufritzen ari direnei ezikusiarena eginez nork bere betiko salbazioa bilatzea, ez ote dugu eman behar «haratagora luzatutako egoismo» sotiltzat?
Segur aski, munduan den egundoko sufrimenduaz jendeak bizi duen sentiberatasun koxkorra da gaur egungo kristautasunaren zaharkitzearen seinalerik larriena. Frantzisko aita santua, «Eliza pobreagoa eta pobreenagoa» aldarrikatzen duenean, ari zaigu hots egiten bere mezurik garrantzizkoena ongizatearen lurraldeetako kristauei.


José Antonio Pagola

HOMILIA

2010eko azaroaren 28

ALDIEN SEINALEAK

Askotariko eran agertu dute ebanjelioek Jesusek behin eta berriz egindako deia, aldien seinaleei buruz esna, adi eta arretatsu bizi gaitezen. Hasiera hartan, lehen kristauek garrantzi handia eman zioten «adi egote» horri, berehala gertatzekoa omen zen Jaunaren etorrerarako prest egon ahal izateko. Geroago, argi ikusi zuten ezen ezinbestekoa dela aro bakoitzeko seinaleei buruz azti eta adi egon beharra, historian barna Jesusi leial atxiki ahal izateko.
Hona nola agertu duen Vatikano II.ak kezka hau: «Elizak etengabeko eginbeharra du aro honetako seinaleak miatu eta Ebanjelioaren argian interpretatzea, momentuko belaunaldira egokituz, gizadiak egungo eta geroko biziaren zentzuaz izan ohi dituen betiko galderei erantzun ahal izateko...».
Aldi hauetako seinaleen artean, Kontzilioak gertaera mingarri hau aipatu du: «Haziz doa egunez egun, izatez, erlijioa bazter uzten ari den jendetzaren fenomenoa». Nola ari gara irakurtzen seinale larri hau? Jabetu al gara gertatzen ari den horretaz? Aski ote da hori guztia materialismoari, sekulartzeari eta Jainkoarekiko ukapen sozialari leporatzea? Ez ote gara entzun beharrean Eliza baitan konbertsiorako deia?
Jenderik gehienak isil-isilik alde egin du, batere zaratarik gabe. Beti egon izan dira mutu Elizan. Inork ez die galdetu izan garrantzizko ezertaz. Inoiz ez zaie burura etorri bazuketela zerbait esatekorik. Eta azkenean isil-isilik alde egiten dute. Zer da halakoen isiltasun horren hondoan? Nork entzun izan die? Sumatu al dute inoiz norbaiten abegi ona, norbaitek entzuten ziela, sumatu al dute inoiz norbait beren lagun gure elkarteetan?
Joan direnetarik asko kristau xumeak ziren, beren betebehar erlijiosoak ohituraz betetzera ohituak. Hartua zuten erlijioak gain behera egin du. Ez dute aurkitu hartan aldi berriei aurre egin ahal izateko behar zuten indarra. Zein elikagai hartu dute gugandik? Non entzun ahal izango dute Ebanjelioa hemendik aurrera? Non egin ahal izango dute topo Kristorekin?
Beste batzuk usteak huts eginik joan dira. Asperturik bihotza ukitzen ez dieten hitzak entzutera, beren galdekizunei erantzuten ez dietenak entzutera. Penaturik Elizan «etengabeko eskandalua» aurkitzean. Batzuek haztamuka bila jarraitzen dute. Nork egingo die sinesgarri Jesusen Berri Ona?
Benedikto XVI.a behin eta berriz ari da esaten arriskurik handiena Elizarentzat ez datorrela kanpotik, baizik bere baitan duela arriskua, bere bekatuan, bere fideltasun-faltan. Erreakzionatzeko ordua da. Daitekeena da Elizaren konbertsioa, baina gure konbertsioaz hasirik, gutako bakoitzarenaz.

José Antonio Pagola


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.