lunes, 23 de diciembre de 2013

2013/12/29 - Familia Santua (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko abenduaren 29a

Familia Santua (A)

Familia Santua (A)

EBANJELIOA

Hartu haurra eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora.

Mateo 2,13-15.19-23

Jakintsuek alde egin ondoren, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Joseri eta esan zion: «Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora. Egon han nik esan arte, haurraren bila ibiliko baita Herodes, hilarazteko».
Hartu zituen, beraz, Josek haurra eta ama gauez, eta Egiptora alde egin zuen. Han bizi izan zen, Herodes hil arte. Horrela, Jaunak profetaren bidez esana bete zen: Egiptotik etortzeko dei egin nion neure semeari.
Herodes hil ondoren, Joseri Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Egipton, eta esan zion: «Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz Israelera, hilak baitira haurra hil nahian zebiltzanak».
Hartu zituen Josek haurra eta ama, eta Israelera joan zen. Baina jakin zuen Herodesen ordez honen seme Arkelao zegoela Judean errege, eta beldurra sartu zitzaion hara joateko. Eta, ametsetan adierazi zitzaiolarik, Galileara jo zuen, eta Nazaret izeneko herrian jarri zen bizitzen; horrela bete zen Jainkoak profeten bidez esana: «Nazaretarra esango diote».

HOMILIA

2013ko abenduaren 29a

JAINKOAREN ASMOARI IREKIRIK

Ebanjelioetako kontakizunek ez dute inolako dudarako biderik uzten. Jesusen arabera, Jainkoak asmo bat du, egitasmo bat: munduan giza familia handi bat eraikitzea. Asmo honek erakarririk, Jesus guztiz emanik bizi da gizon-emakume guztiek Jainkoa Aitatzat har dezaten eta guztiek anai-arreba bezala bizitzen ikas dezaten. Hau da bidea gizadiaren salbaziorako.
Zenbait jendek uste du, gaur egungo familia gainbehera doala, «kristau-familiaren» ideal tradizionala galdu omen delako. Beste batzuentzat, edozein berritasun da aurrerapena, gizarte berri baterantz. Baina, nolakoa da Jainkoaren asmo gizatartzaile horri irekia den familia bat? Zein ezaugarri nabarmenduko genituzke hartan?
Maitasuna senar-emazteen artean. Hori da lehenengoa. Etxea bizirik da, gurasoek elkar maite dutenean, elkar sostengatzen dutenean, elkarrekin partekatzen dituztenean atsekabea eta poza, barkatzen, solas egiten, konfiantza dutenean. Familia gizatasuna galtzen hasten da berekoikeria, sesioak eta ezin ulertuak hazten direnean.
Gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak. Ez da aski senar-emazteen arteko maitasuna. Gurasoak eta seme-alabak elkarren aurka jartzen direnean, kasik inolako komunikaziorik gabe, ezinezko bihurtzen da famili bizitza, alaitasuna galtzen da, guztiek sufritzen dute. Familiak konfiantza-giroaren premia du, guztien ona buruan izateko.
Ahulenak direnekiko arreta. Guztiek aurkitu behar dute etxean harrera, sostengua eta ulermena. Alabaina, are gizatasun handiagoa izaten du familiak txikienei maitasun eta txera eskaintzen zaienean, adin handikoei begirunea eta pazientzia agertzen zaienean, gaixoei eta ezinduei ardura berezia azaltzen zaienean, gaizki pasatzen ari denari hor konpon esaten ez zaionean.
Premian direnentzat irekirik. Familia batek gizatasun handiagoko mundu baten alde lan egiten du, bere problemen eta probetxuen munduan hesiturik ez, baizik eta beste familia batzuen premiei begira bizi denean: familia hautsiak direla, egoera gatazkatsu eta mingarrian bizi eta sostengu eta ulermen premia dutenak; lanik gabe eta inolako sarrerarik gabe bizi diren familia direla, laguntza materialaren premia dutenak; etorkinen familiak direla, harrera eta adiskidetasuna eskatzen dutenak.
Fedean haztea. Familian ikasten da gauzarik garrantzizkoenak bizitzen. Horregatik, gunerik inportanteena da Jainko on horrengan, guztien Aita horrengan sinesteko; Jesusen biziera ezagutzeko; Jesusen Berri ona aurkitzeko; mahaiaren inguruan elkarrekin otoitz egiteko; Jesusen jarraitzaileen elkartean parte hartzen ikasteko. Kristau-familia hauek benetan ari ohi dira parte hartzen Jainkoak nahi duen mundu zuzenago, duinago eta zoriontsuago hori eraikitzeko. Bedeinkazio bat dira gizartearentzat.


José Antonio Pagola

HOMILIA

2010eko abenduaren 26a

FAMILIA BAT IHESLARI

Mateok dakarrenez, Jesusen familiak iheslari batzuen esperientzia latza bizi izan zuen. Beren etxetik ihes egin beharrean gertatu ziren, atzerrira aterpe bila joateko. Jesus jaiotzearekin ez zen iritsi bakea haien etxera. Aitzitik, berehalako batean harrapatu ditu era guztietako mehatxuk, katramilak eta nekek.
Haurra hiltzeko, Herodes haren bila dabilela jakin dutenean hasi da guztia. Beste hainbatetan gertatu ohi denez, bikain antolatua den erregetza boteretsu hartako itxurazko ongizatearen pean, egundoko indarkeria eta krudelkeria dago ezkutuan. Jesusen familia Egiptoko erromatar probintziara doa babes bila, Herodesen eskumendetik kanpo; aski ezaguna zuten babesleku hura errege horren pertsekuziotik ihesi joaten zirenek .Gauez, presaka eta larri, hasi zuten beren odisea.
Handik aldi batera, ematen du bakeaz gozatu ahal izango dutela, zeren «hilak baitira haurraren kontra ari zirenak». Eta Judeara itzuli da familia, baina jakin dute  Arkelao dela han errege, ezaguna bere «krudelkeria eta tiraniagatik», Flavio Josefo historialariak dioenez. Berriro ere, larria, ziurtasunik eza eta Galileara ihes egin beharra, mendiko herri ezezagun batean, Nazareten, ezkutatzeko.
Imajina al genezake kontakizun kontrajarriagorik gure artean ohikoa den Jesusen jaiotzaren pasadizo xalo eta idilikoari, zeinetan aingeru-taldeen bake-kantu artean, gau argi miresgarri batean ikusarazten baita guztia? Zein da Mateoren mezua Jesusen lehen urratsak hain itxura ilunean agertzean?
Lehenik eta behin, ez da amets kontua. Mesiasek dakarren bakea ez da zerutik euri datorren erregalua. Jainkoaren egintza salbatzailea mehatxu eta ziurgabetasun artean garatzen da, boteretik eta segurtasunetik urrun. Mesias honen espirituari jarraiki mundua hobetu nahi dutenek, mehatxupean dihardutenen ahuldadetik jardun beharko dute, eta ez boteretsuen segurtasunetik.
Horregatik, Mateok ez dio deitzen Jesusi «juduen Errege», baizik «Jainkoa-gurekin». Hala aitortu beharko dugu guk ere, segurtasunik gabe eta beldurrez, boteretsuen eskumende, bizi direnekin bat eginez. Gauza bat dago garbi: errugabeen kontra ari direnak galtzean bakarrik izango da bakea. Abusu eta zuzengabekerien kontra borroka egitea da bakearen alde jardutea.
Ahalegin horretan, askotan nekosoa eta ziurtasunik gabea izango den horretan, jakin behar dugu Jainkoaren «ikusezineko Presentzia» izango dugula sostengu eta gida. Fedearen ilunpean bilatu beharreko Jainkoaren Presentzia da. Horrela ibili da Jose, gaueko amesgaizto eta beldurren artean, argi eta indar bila, Jesus eta honen ama defenditzeko. Horrela defenditzen da Jesusen bidea.

Jose Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:

                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com



No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.