lunes, 13 de enero de 2014

2014/01/19 - Urteko 2. Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko urtarrilaren 19a

Urteko 2. Igandea (A)


EBANJELIOA

Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, munduko bekatua kentzen duena.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Joan liburutik 1, 29-34

Egun haietan, Joanek Jesus beregana etortzen ikusi eta esan zuen: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, munduko bekatua kentzen duena.
Honetaz ari nintzen, “Nire ondoren datorren gizona nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa baitzen” esan nuenean.
Neuk ere ez nuen ezagutzen; baina ni urez bataiatzera etorri banaiz, bera Israel herriari agerrarazteko izan da».
Eta beste hau ere aitortu zuen Joanek: «Espiritua ikusi dut, uso-tankeran, zerutik jaisten, eta honen gainean gelditzen.
Neuk ere ez nuen ezagutzen, baina urez bataiatzera bidali ninduenak esan zidan: “Espiritua jaisten eta gizon baten gainean gelditzen ikusiko duzu; huraxe da Espiritu Santuaz bataiatzen duena”. Eta neuk ikusi dut eta aitortzen hauxe dela Jainkoaren Semea».

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko urtarrilaren 19a

ESPIRITUAREN SUAZ

Lehen kristau-elkarteak ardura handia izan zuten Joanen eta Jesusen bataioak bereizteko: Joanek Jordan ibaiko uretan murgiltzen zuen jendea; Jesusek, bere bataioaz, bere Espiritua ematen zuen, bere jarraitzaileen bihotza garbitu, berritu eta eraldatzeko. Jesusen Espiritu hori gabe, Eliza itzali egingo litzateke eta agortu.
Jesusen Espirituak bakarrik egin dezake egiazkoago gaur egungo kristautasuna. Espiritu horrek bakarrik gida gaitzake geure zinezko nortasuna berreskuratzera, Ebanjeliotik behin eta berriz desbideratzen gaituzten bideak alde batera utzirik. Espiritu horrek bakarrik ematen ahal dizkigu argia eta adorea, gaur egun Elizak beharrezkoa duen berrikuntzari ekiteko.
Frantzisko aita santuak ondo asko daki, etapa ebanjelizatzaile berri bat abian jartzeko oztoporik handiena, erdipurdiko espiritualitatea dela. Biribil-biribil mintzo da. Bere indar guztiaz arnastu nahi du etapa hau: «kartsuagoa, alaiagoa, bihotz-zabalagoa, ausartagoa, maitasunez beteagoa azkeneraino, eta bizitza kutsagarriagokoa». Dena, alabaina, alferrik izango da, «Espirituaren suak bihotza sutzen ez badu».
Horregatik nahi ditu gaurko Elizarako «Espirituaz ebanjelizatzen dutenak», haren ekintzari irekitzen zaizkionak, Jesusen Espiritu Santu horrengan aurkitzen dutenak «adorea, Ebanjelioaren egia hots egiteko ausardiaz, ozenki, beti eta nonahi, baita haize kontra ere».
Aita Santuak gaur egungo Elizan eragin nahi duen berrikuntza ezinezkoa da baldin eta «espiritualitate sakon baten falta ezkortasun, fatalismo eta konfiantzarik ez bilakatzen bada», edota pentsatzera eramaten bagaitu «ezin dela ezer aldatu» eta, ondorioz, «alferrik dela ahalegintzea», edota erabat amore ematen badugu, «pozgabetasun kroniko batek edota arima lehortzen duen apatiak mendean harturik».
Frantziskok ohartarazten digu «batzuetan gogo-berotasuna galtzen dugula, ahazten dugunean Ebanjelioak pertsonaren premia sakonenei erantzuten diela». Halere, gauzak ez direla horrela. Indartsu adierazi du Frantziskok bere konbentzimendua: «ez dira gauza bera Jesus ezagutu izana eta ezagutu ez izana; ez dira gauza bera hura bidelagun izatea eta noraezean ibiltzea; ez dira gauza bera hari entzun ahal izatea eta haren Hitza ez ezagutzea ez dira gauza bera mundua haren Ebanjelioaz eraiki nahi izatea eta giza arrazoi hutsez eraiki nahi izatea».
Jesusekin izandako norberaren esperientziaz aurkitu behar dugu hau guztia. Bestela, aurkitu ez duenari, «laster faltako zaizkio adorea eta suharra; eta, jakina, konbentzitua, gogo-berotua, segurtatua, maitemindua ez dagoen pertsonak ezin konbentzitu ahalko du inor». Ez ote da hau oztoporik nagusienetako bat Frantzisko aita santuak nahi duen berrikuntza eragiteko?


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko urtarrilaren 16a

ESPIRITUALITATE GOSEA

Lehen kristau-belaunaldiek ondo asko zekiten ezen «bataiatua izateak» urean murgiltzea esan nahi zuela hitzez hitz, bainatzea, garbitzea. Horregatik, oso ongi bereizten zituzten Jordan ibaiko urean Bataiatzaileak eskaintzen zuen «ur-bataioa» eta Jesusengandik hartzen zuten «Espiritu Santuaren bataioa».
Jesusen bataioa ez da urean murgilduz hartzen den gorputz-bainua, baizik barne-bainua da, zeinetan Espiritu Santuari blai egin gaitzan uzten baitiogu eta gugan barneratu dadin, jakinik hura gu baitan bizi-iturburu berri eta besterik ez bezalako bihurtzen dela.
Horregatik, bataiatu bakoitzarentzat Jesusen izenari dei eginez bataiatzen zuten lehen kristauek. Tartsoko Paulo dio ezen kristauak «Kristogan» direla bataiatuak; horregatik, «Kristogan bizitzera» deituak diren uste izan behar dutela, haren Espirituak arnastuak, eta Jainkoarekiko Kristoren esperientzia bera eta haren barne jarrera sakonenak baitaratuz bizi behar dutela.
Ez da zaila hautematea, gizarte modernoan, espiritualitate-gose sakona adierazten duten zeinuak. Bizitza beste era batean bizi ahal izateko barne indarra emango dien zerbaiten bila dabilen jende-kopurua haziz doa. Gaitz da inolako jomugarik ez dukeen bizitza bizi ahal izatea. Ez da aski ondo pasatzea ere. Jasanezineko bihurtzen da bizitza halako pragmatismora edo arinkeriara mugatu nahi denean.
Beste batzuek barne bake-  eta segurtasun-beharra sentitzen dute, barnean sortzen zaizkien ikara- eta ziurgabetasun-sentimenduei aurre egin ahal izateko. Badira barnean atsekabea dutenak: barne zaurituak, bizitzak gaizki hartuak, babesgabeak, barne sendatze-premia dutenak.
Geroz eta gehiago dira ez teknika, ez zientzia, ez ideologia erlijiosoa ez den zerbaiten bila dabiltzanak. Bizitzan beste era bateko sumatu nahi lukete beren burua. «Salbazio» antzeko zerbait esperimentatu nahi lukete; harremanetan jarri beren barnean sumatzen duten Misterioarekin.
Oso kezkatzekoa da hainbat gurasok beren seme-alabak ez bataiatu nahi izatea. Baina are kezkagarriagoa da jende asko gure Elizatik alde egiten ikustea, «Espirituaren bataioaz» sekula santa entzun ez dutelarik eta Jesus biziaren barne iturri bezala esperimentatu gabe.
Oker handia da Elizaren barnean berean, sarritan, espiritualitate hau sustatzea: funts handirik eta garrantzi handirik ez balu bezala, Jesus bazter uzten duena. Ez. Jesusen jarraitzaileok ezin bizi dugu espiritualitate serios, argi eta erantzulerik haren Espirituak arnastua ez bada. Ezin diogu eskaini jendeari Jesusekin, geure Maisu eta Jaunarekin, barnez topo egiteko laguntza ematea baino gauza inportanteagorik.

José Antonio Pagola



Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.