lunes, 3 de febrero de 2014

2014/02/09 - Urteko 5. Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko otsailaren 9a

Urteko 5. Igandea (A)


EBANJELIOA

Zuek zarete munduarentzat argia.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa Mateo liburutik 5, 13-16

Orduan, Jesusek esan zioten bere ikasleei:
«Zuek zarete munduarentzat gatza. Baina gatza gezatzen bada, nola gazitu berriro? Ez du jadanik ezertarako balio, botatzeko baizik eta jendeak zapaltzeko.
«Zuek zarete munduarentzat argia. Ezin daiteke ezkuta mendi gainean dagoen hiria. Kriseilua ere ez da pizten ontzipean ipintzeko, argimutilaren gainean baizik, etxeko guztiei argi egiteko. Era berean, zuen argiak denen aurrean egin behar du argi, zuen egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita gorets dezaten.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko otsailaren 9a

IRTEN PERIFERIARA

Bi irudi ausart eta harrigarriz eman du aditzera Jesusek zer iritzi duen bere jarraitzaileez eta zer espero duen haiengandik. Ez dute bizi behar, kaskoan beti beren onura, beren fama edo beren boterea dutela. Nahiz eta talde koxkor bat diren Erromaren Inperio tzarraren erdian, lurrak beharrezko duen «gatz» izan behar dute eta munduari falta zaion «argi».
«Lurraren gatz zarete zuek». Galileako jende xumeak berez atzeman du Jesusen hizkuntza. Mundu guztiak daki gatza, batez ere, janari gustua emateko dela eta janaria usteltzetik gordetzeko. Modu berean, Jesusen ikasleek jendeari bizitza ahogozatzera eragin behar diote, usteltzen utzi gabe.
«Munduaren argi zarete zuek». Eguzkiaren argirik gabe, mundua ilunpean gelditzen da, eta ezin izaten dugu norabidetu eta bizitzaz gozatu, ilunpean. Alabaina, Jesusen ikasleek eskain dezakete behar dugun argia, norabidetzeko, bizitzaren azken zentzuan sakontzeko eta esperantzaz bide egiteko.
Bi metafora horiek bat datoz garrantzizko puntu batean. Gatza, ontzi batean aparte baldin badago, ez da ezertarako on. Elikagaien artean jarri eta janariarekin nahasten denean bakarrik ematen ahal dio gustua jaten dugunari. Gauza bera gertatzen da argiarekin ere. Itxian eta ezkutuan badago, ezin argitzen ahal du inor. Ilunpean direnekin dagoenean bakarrik argitzen eta norabidetzen ahal du. Mundutik aparte legokeen Eliza bat ezin izaten ahal litzateke, ez gatz, ez argi.
Frantzisko aita santuak ikusten du gaur egungo Eliza bere baitan itxirik dagoela, beldurrak sorgorturik, eta urrunegi arazo eta sufrimenduetatik, bizitza modernoari gustua eman ahal izateko eta Ebanjelioaren zinezko argia eskaini ahal izateko. Bat-batekoa izan du bere erreakzioa Aita Santuak: «Periferiara irten beharrean gara».
Behin eta berriz dio: «Nahiago dut kalera irteteagatik elbarria, zauritua eta zikindua den Eliza bat, itxia eta bere segurtasunari atxikitzearen aitzakiaz eta eroso bizi nahi izateagatik gaixo den Eliza bat baino. Ez dut gogoko erdigune izateaz arduratzen den eta, ondorioz, obsesio- eta prozedura-sare batean harrapatua gertatzen den Eliza bat».
Kristau guztiei doakie Frantziskoren deia. «Ezin geldi gintezke lasai geure elizen barnean, itxarote zurrunean». «Bestearen aurpegiarekin topo egitearen arriskua bizitzera gonbidatzen gaitu Ebanjelioak beti». Berak «topo egitearen kultura» deitzen duen hori sarrarazi nahi du Elizan Aita Santuak. Konbentziturik dago «Elizak gaur egun gaitasun hau behar duela: zauriak sendatzeko eta bihotzei berotasuna emateko gaitasuna».


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko otsailaren 6a

GATZA ETA ARGIA

Ikasleek zoriontasunak bizi badituzte, eragina izango du gizartean haien bizierak. Jesusek berak esan die hori, ezin ahantzizko bi metafora z baliatuz. Erromak kontrolatzen duen inperio boteretsu hartan talde ezdeusa ematen duten arren, «gatz izango dira lurrean» eta «argi munduan».
Ez ote da hori uste barregarria? Baina Jesusek berak argitu die nola gerta daitekeen. Gatzak ez du ematen gauza handia denik; baina bere ondorioak izaten hasten da, hain juxtu, janariarekin nahastu eta ezkutatu egiten dela ematen duenean. Gauza bera gertatzen da argi bat pizten denean: soilik, ilunpean jartzean egiten ahal du argi.
Jesusek ez du buruan mundutik aparte bizi den Eliza bat, bere erritu eta irakaspenetan ezkutatua, bere zilborrari eta arazoei begira bizi dena. Jesusek jarraitzaile-talde bat tartekatu nahi izan du giza historian, zoriontasunak biziz bizitza eraldatzeko gai den talde bat.
Guztiek dakigu zertarako izan ohi den gatza. Alde batetik, janariei ez die uzten galtzen. Bestetik, gustua ematen die eta guk hobeto dastatu ahal izatea egiten du. Jatekoak onak dira, baina galdu daitezke; badute gustua, zaporea, baina graziarik gabeko gertatzen ahal zaizkigu. Gatza behar izaten dute.
Mundua ez da gaiztoa, baina galbidean jar dezakegu. Bizitzak badu bere gustua, baina graziarik gabeko gerta dakiguke eta gozorik gabeko. Zoriontasunak bizi dituen Elizak gizartea galdu ez dadin parte hartzen du, gehiago gizagabetu ez dadin.  Haren ebanjelioa bizi duten Jesusen ikasleek biziaren benetako esanahia aurkitzen laguntzen dute.
Bada, alegia, arazo bat eta jakinaren gainean jarri ditu Jesusek bere ikasleak. Gatza gezatzen bada, ez da ezertarako on. Ikasleek beren ebanjelio-nortasuna galtzen badute, ezin emango dute Jesusek nahi lukeen fruiturik. Kristautasuna galtzen uzten da. Eliza desegina gertatzen da. Kristauak alferrik daudeke gizartean.
Gauza bera argiarekin. Guztiok dakigu argitasuna sortzeko dela. Kristauek biziak duen esanahirik hondokoena argitzen dute, baldin eta jendeak haiengan zoriontasunen «egintzak» ikus baditzake. Hargatik, ezin bizi daitezke ezkutuan.  Halere, ez dute jardun behar jendeak ikus ditzan. Beren bizieraz argitasuna azaleratu behar dute gizartean, zeruko Aitaren benetako aurpegia ikusi ahal dadin.
Ez da zilegi Elizaz baliatzea geure gustuak eta lehentasunak asetzeko. Jesusek Eliza gatz eta argi izan dadin nahi izan du. Ebanjelizatzea ez datza gaur egungo sekulartasunari mundutar estrategiez aurre egitean. Are gutxiago Eliza «kontra-gizarte» bihurtzean. Soilik, ebanjelioa bizi duen Elizak erantzun diezaioke Jesusen jatorrizko desirari.

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.