lunes, 10 de marzo de 2014

2014/03/16 - Garizumako 2. Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko martxoaren 16

Garizumako 2. Igandea (A)


EBANJELIOA

Aurpegia eguzkia bezain distiratsu bihurtu zitzaion.

+ Mateo 17, 1-9

Egun haietan, Jesusek Pedro, Santiago eta honen anaia Joan hartu eta mendi garai batera eraman zituen aparte. Eta antzaldatu egin zen haien aurrean: aurpegia eguzkia bezain distiratsu bihurtu zitzaion eta jantziak argia bezain zuri.
Hartan, Elias eta Moises agertu zitzaizkien Jesusekin hizketan.
Pedrok esan zion Jesusi: «Jauna, zein ederki gauden hemen! Nahi baduzu, hiru etxola egingo ditut bertan: bata zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat».
Oraindik hizketan ari zela, hodei argi batek estali zituen, eta mintzo batek hodeitik esan zuen: «Hauxe dut neure Seme maitea, hauxe dut atsegin. Entzun berari!»
Hau entzutean, ikasleak ahuspez erori ziren beldur-ikaraz. Hurbildu zitzaien Jesus, ukitu eta esan zien: «Zuti zaitezte. Ez beldurtu!»
Begiak altxaturik, Jesus bakarrik ikusi zuten, eta besterik inor ez.
Menditik beherakoan, agindu hau eman zien Jesusek: «Ez esan inori ikusi duzuena, harik eta Gizonaren Semea hildakoen artetik piztu arte».

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko martxoaren 16a

JESUSI ENTZUN

Eskuarki «Jesusen antzaldaketa» deitu ohi dugun kontakizun korapilatsu honen erdigunea Ahots batek hartzen du; «hodei distiratsu» berezi batetik datorren Ahotsa da. Biblian sinbolotzat hartzen da hodeia, agertzen eta, aldi berean, ezkutatzen zaigun Jainkoaren misteriozko presentziaz hitz egiteko.
Ahotsak hitz hauek jaulki ditu: «Nire Semea da hau, nire maitea, nire kuttuna. Entzun berari». Ikasleek ez dute nahastu behar Jesus beste inorekin, ez Moisesekin eta Eliasekin ere, Itun Zaharraren ordezkari eta lekuko diren horiekin, alegia. Jesus bakarrik da Jainkoaren Seme maitea, bere aurpegia «eguzkia bezala distiratsu» duena.
Alabaina, Ahots horrek badio beste zerbait ere: «Entzun berari». Antzina, Jainkoak bere borondatea Legeko «hamar aginduen» bidez agertu zuen. Orain, Jainkoaren borondatea agindu bakar honek laburtzen eta zehazten du: Jesusi entzun. Entzuteak eratzen du jarraitzaileen eta Jesusen arteko egiazko harremana.
Hau entzutean, ikasleak lurrera erori dira «izuturik». Txunditurik daude Jainkoarekin izan duten hurbil-hurbileko esperientzia hartaz; aldi berean, ordea, izuturik daude entzun dutenaz: bizi ahalko ote dira Jesusi bakarrik entzunez, Jainkoaren misteriozko presentzia harengan bakarrik aitortuz?
Orduan, Jesusek «hurbildu eta, ukituz, esaten die: Jaiki zaitezte. Ez beldur izan». Badaki Jesusek beraren giza hurbiltasuna sentitu beharra dutela ikasleek: beharrezkoa dutela beraren eskua ukitzea, eta ez bakarrik beraren aurpegiaren jainkozko distira ikustea. Geure barnearen hondoko isiltasunean Jesusi entzuten diogun bakoitzean, hau digute esaten haren lehen hitzek: Jaiki zaitez, ez beldur izan.
Jende askok entzutez bakarrik ezagutzen du Jesus. Haren izena ezagun-ezaguna dute agian; baina hartaz dakitena, haurtzaroko oroitzapen eta irudipen batzuetara mugatzen da. Are gehiago, kristau direla esan arren, beren bihotzean Jesusi entzun gabe bizi dira. Eta, esperientzia hori gabe, ezin ezagutu ahal da Jesusen besterik ez bezalako bakea, ezta gure bizitza arnasteko eta sostengatzeko duen indarra ere.
Fededun batek, Jesusi entzutera ematen dionean, bere bihotzaren barnean honelako zerbait entzuten du beti: «Ez beldur izan. Utzi zeure burua, xume-xume, Jainkoaren misterioan. Aski duzu zeure fede arin hori. Ez kezkatu. Entzuten badidazu, konturatuko zara Jainkoaren maitasuna beti zuri barkatzen bizitzea dela. Eta, hau sinesten baduzu, aldatuko da zure bizitza. Nabarituko duzu bakea zeure bihotzean».
Apokalipsi liburuan hauxe irakur daiteke: «Hara, atean nauzu, deika; norbaitek nire ahotsa entzun eta irekitzen badit, sartuko naiz haren etxera». Kristauen eta ez-kristauen atean jotzen du Jesusek. Ireki diezaiokegu atea edota uko egin diezaiokegu. Alabaina, ez da gauza bera Jesusekin ala hura gabe bizitzea.


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko martxoaren 20an

JESUSEN BELDUR

«Jesusen antzaldatzea» delako pasadizoa ustekabean bukatu da. Goitiko ahots batek beldurtu egin ditu ikasleak: «Ene Seme kuttuna da hau», aurpegia antzaldatua du. «Entzun honi». Eta ez Moisesi, legegileari. Ez Eliasi, profetari, Entzun Jesusi. Honi bakarrik.
«Hori entzutean, ikasleak ahuspez erori dira, izuturik». Beldurra sartu die Jainkoaren misterioaren aurrez aurre gertatzeak, baina baita aurrerantzean Jesusi bakarrik entzunez bizi beharrak ere. Ez-ohikoa da pasadizoa: Jesusen ikasle maiteenak lurrean erorita, beldurrak jota, Jainkoaren ahotsaren aurrean zer erantzun jakin gabe.
Hunkigarria da Jesusen jarduera: «Hurbildu egin zaie» haren presentzia adiskidetsua senti dezaten. «Ukitu egin ditu» kemena eta konfiantza emateko. Eta hitz ahaztezin hauek esan dizkie: «Jaiki. Ez beldur izan». Zutik, eta jarrai niri. Ez beldur izan niri entzunez bizitzeari.
Jada neke da ezkutatzea. Elizan beldurra dugu Jesusi entzuteko. Beldur estalia da; zurrundu egiten gaitu eta eragotzi Jesusen, gure Jaun bakar horren, urratsen ondoren bizitzea bakean, konfiantzaz eta ausardiaz.
Beldurra diogu berrikuntzaren, baina ez egungo gizon-emakumeengandik gero eta urrunago jartzen gaituen zurruntasuni.
Esan liteke, kanbio sakoneko aldi honetan egin behar dugun gauza bakarra iraganari eutsi eta hura errepikatzea dela. Zer da, ordea, beldur horren azpian? Jesusekiko leialtasuna ala beldurra Ebanjelioko «ardo berria» «zahagi berrietan» jartzeko?
Beldurra diegu ospakizun biziago eta sortzaileagoei; gaur egungo fededunen adierazle izango liratekeenei; baina gutxiago kezkatzen gara kristau on asko asperturik ikusteaz, zeinek ezin baitute bat egin, ez zirrararik sentitu ohiko ospakizunetan. Leialago ote gara Jesusekin, arau liturgikoetan zorrotz izanez, ala beldurra e ematen digu «haren oroitzapena» egin behar izateak geure fedea modu egiatiago eta sortzaileagoan ospatuz?
Beldurra diegu fededunen askatasunari. Kezka ematen digu Jainkoaren herriak hitza berreskuratu eta bere ametsak ozenki esan ahal izateak, edota laikoek beren erantzukizuna beren gain hartzeak kontzientziaren ahotsari jarraituz.
Batzuengan handitu egin da errezeloa erlijioso eta erlijiosei dagokiene erez, Jainkoagandik hartu duten karisma profetikoari nola leial izango bila dabiltzalako. Beldurra izan behar ote dugu Espiritua gure elizei esaten ari zaiena entzuteko?
Bere Elizan Jesusek bizirik jarraitzen du, baina haren presentzia fede handiagoaz hartu beharko genuke eta haren hitz hauek beldur gutxiagoz hartu: «Jaiki. Ez beldur izan».
José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.