lunes, 14 de septiembre de 2015

2015/09/20 - Urteko 25. Igandea (B)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

Urteko 25. Igandea (B)


EBANJELIOA

Gizonaren Semea gizakien eskuetara emango dute … Lehena izan nahi duena izan bedi denetan azkena.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 9,30-37

Denbora haietan, Jesus eta bere ikasleei menditik atera eta Galilean zehar zebiltzan. Jesusek ez zuen inork jakiterik nahi, bere ikasleei irakastera emana baitzegoen. Honela ari zitzaien: «Gizonaren Semea gizakien eskuetara emango dute; hil egingo dute, baina hil eta hiru egunera piztu egingo da ».
Haiek, ordea, ez zuten ulertzen zer ari zitzaien; galdetzera, berriz, ez ziren ausartzen.
Kafarnaumera iritsi ziren. Eta, etxean, Jesusek galdera hau egin zien:
– Zer eztabaida izan duzue bidean?
Baina haiek hitzik ez; beren artean handiena nor ote zen eztabaidatu baitzuten bidean. Eseri zen Jesus eta, Hamabiei dei eginik, esan zien:
– Lehena izan nahi duena izan bedi denetan azkena eta denen zerbitzaria.
Eta gero, haur bat hartu, haien aurrera ekarri eta, magalean zuela, esan zien:
– Honelako haurra nire izenean onartzen duenak neu onartzen nau; eta ni onartzen nauenak, ez nau ni onartzen, bidali nauen hura baizik.

Jaunak esana.

HOMILIA

2015eko irailaren 20a

BI JARRERA OSO BEREZI JESUSENGAN

Jesusen taldea Galilean barna doa Jerusalemera bidean. Modu isilean doaz, inor konturatu gabe. Bere ikasleak eskolatzeari ekin nahi dio Jesusek bete-betean. Joan-etorri handikoa da haien bihotzean grabatu nahi duena: bere bidea ez da aintzaren, arrakastaren eta boterearen bidea. Kontrakoa da: gurutzera darama eta ukatua izatera, nahiz piztueran amaituko den.
Ikasleei ez zaie buruan sartzen Jesus esaten ari zaiena. Beldurra ematen die hari galdetzeak berak. Ez dute pentsatu ere nahi gurutzean josia izan beharra. Ez dator hori haien planekin bat, ezta espero dutenarekin ere. Jesus buru-eskaintzaz eta gurutzeaz mintzo zaien bitartean, beren handinahiez mintzo dira haiek: zein izango da handiena taldean?, zein izango da buru?, zein ohoratuena?
Jesus «eseri egin da». Inoiz ere ahaztuko ez duten zerbait irakatsi nahi die. Hamabiei dei egin die, bere egitekoari atxikienik dauden haiei, eta hurbiltzeko gonbita egin die, beragandik urrun samar baitakusa. Bere urratsei jarraitu eta bere antzeko izateko, oinarrizko bi jarduera ikasi beharra dute.
Lehen jarrera: «Lehenengo izan nahi duena, izan dadila guztietan azkena eta guztien zerbitzari». Jesusen ikasleak uko egin beharra die bai handinahiari, bai goi-mailari, bai ohoreari eta harrokeriari. Taldeko inork ez du jo behar gainerakoen gain egotera. Aitzitik, azken postua hartu behar du, botererik eta goi-mailarik ez dutenen mailan bizi behar du. Eta, horrela, Jesus bezalako izan: «guztien zerbitzari».
Bigarren jarrera: hain inportantea da, non keinu sinboliko bihozkoiaz argitzen baitie Jesusek. Haur bat jarri du Hamabien erdian, taldearen erdi-erdian, handinahiak hartuak diren gizon haiek ohoreez eta handikeriaz ahaztu eta begiak txikiengan, ahulengan, babes- ta zaintza-premiarik handiena behar dutenengan ezar ditzaten.
Ondoren, haurra besarkatu eta diotse: «Hau bezalako haur bat nire izenean onartzen duenak, ni neu onartzen nau». «Txiki bat» onartzen duena, munduan denik «handiena», Jesus, onartzen ari da. Eta Jesus onartzen ari dena, hura bidali duen Aita onartzen ari da. Txikiak eta babes gabeak onartzen ari den Eliza, Jainkoa nola onartu irakasten ari da. Aldiz, handikiei begira bizi den eta boteretsuekin bat egiten duen Eliza, Jesusek hots egin duen Jainkoaren Berri Ona nahasten eta gaiztotzen ari da.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko irailaren 23a

ZERGATIK GARA AHAZTEN?

Jerusalemerako bidean, ikasleei irakaspena ematen jarraitu du Jesusek, espero dion zoriaz. Behin eta berriz errepikatu du gizonen esku utziko dutela eta hauek hilko, baina Jainkoak piztuko. Markosek dio «ez ziotela ulertu eta beldurra ematen ziela galdetzeak». Garai guztietako kristauen pobretasuna nabari da hitz hauetan. Ezin ulertu dugu Jesus eta beldurra ematen digu haren mezuan sakontzeak.
Kafarnaumera iristean, Jesusek galdetu die: «Zein hika-mika zenuten bidean?» Eta ikasleak isilik. Lotsaturik dira. Markosek esaten digu, handiena zein ote zen zutela eztabaida, bidean. Benetan, lotsatzekoa da Gurutziltzatuko dutena halako ikasleez inguratua ikustea: halako handinahi zoroa bizi dutenez. Eta zein dugu gaur egun eztabaidagai Elizan, Jesusi jarraiki gabiltzala?
Etxera iristean, irakaspen bat eman nahi die Jesusek. Premiazkoa dute. Hona Jesusen lehen hitzak: «Lehena izan nahi duena, izan bedi guztien artean azkena eta guztien zerbitzaria». Jesusi jarraiki doan taldean, gailendu eta besteak baino handiago izan nahi duenak, azkena behar du izan, guztien ondorengoa; horrela ikusi ahal izango du zein premia duten, horrela izan ahalko da guztien zerbitzari.
Egiazko handitasuna zerbitzari izatean datza. Jesusentzat, lehena ez da garrantzizko kargua duen bat, baizik gainerakoen zerbitzari eta laguntzaile bizi dena. Lehenak, Elizan, ez dira hierarkak, baizik jende xume hori, bidean aurkitzen duenari lagunduz bizi den hori. Ez ginateke horretaz ahaztu behar.
Jesusen ustez, guztiak besteengan pentsatuz bizi diren pertsonen gune izan beharko luke Elizak. Gure beharra lukeen jendeari adi bizi garen elkarte. Ez da Jesusen ameskeria. Harentzat hain garrantzizkoa da hori, non etsenplu bizi bat emango baitigu.
Beste ezer baino lehen, haur bat hartu eta guztien artean ezarri du, arreta harengan ipin dezaten. Apostolutar Elizaren erdian beti egon beharko luke haur horrek, jende ahul eta ezinduaren, laguntza-, babes- eta arreta  premia dutenen sinbolo bezala. Ez luke egon behar kanpoan, atarian. Gure arretaren xede izan behar luke.
Ondoren, haurra besarkatu du. Ikasleek hori beti gogoan izan dezaten nahi du. Eta esan die: «Haur hau bezalako bat nire izenean onartzen duenak, ni neu onartzen nau, eta ni neu onartzen nauenak, ni neu bidali nauena onartzen du».
Begi-bistakoa da Jesusen irakaspena: Jainkoa onartzeko bidea, haren Seme Jesus onartzea da: jende xume, babesgabe, behartsu eta ezinduagan presente dagoen Jesus onartzea. Zergatik gara ahazten horretaz horrenbeste?

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko irailaren 20a

BI JARRERA OSO BEREZI JESUSENGAN

(2015eko irailaren 20a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.