lunes, 11 de abril de 2016

2016-04-17 - 4. Pazko Igandea (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

4. Pazko Igandea (C)


EBANJELIOA

Nik nire ardiei betiko bizia ematen diet.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 10,27-30

Egun haietan, Jesusek esan zuen:
- Nire ardiek nire ahotsa entzuten dute, eta nik ezagutzen ditut; haiek atzetik jarraitzen didate, eta nik betiko bizia ematen diet: ez dira sekula galduko, eta ez dizkit inork ere eskutik kenduko. Eman dizkidan nire Aita denak baino handiagoa da, eta ezin ditu inork kendu nire Aitaren eskutik. Aita eta biok bat gara.

Jaunak esana.

HOMILIA

2016ko apirilaren 17a

HARI ENTZUN ETA HARI JARRAITU

Pasadizoa tirabiratsua da eta gatazkatsua. Tenplu barruan harat honat dabil Jesus. Bat batean, judu-talde batek inguratu du mehatxuzko jarreraz aurka eginez. Jesus ez da beldurtu, baizik eta beren fede-falta aurpegiratu die agerian: «Zuek ez duzue sinesten, nire ardi ez zaretelako». Ebanjelariak dio, hitz egitea bukatzean, juduek harriak hartu zituztela hari harrika egiteko.
Beraren ardi ez direla frogatzeko, bereetakoa izateak zer esan nahi duen argitzera ausartu da Jesus. Soilik, bi ezaugarri azpimarratu ditu, funtsezkoenak eta ezinbestekoenak: «Nire ardiek entzuten dute nire ahotsa... eta jarraitzen didate». Hogei menderen buruan, kristauek gogoratu beharra dugu ezen, Jesusen Eliza izateko, gauzarik funtsezkoena haren ahotsa entzutea dela eta haren urratsei jarraitzea.
Lehenengo gauza, Jesusi entzuteko gaitasuna esnatzea da. Gure elkarteetan askoz gehiago garatzea sentiberatasun hori, Jesusengandik izerdi bizian datorren Hitza hautematen eta Hitz horrek Jainkoaz dakarren Berri Onarekin bat egiten dakiten kristau xume askok bizirik duen sentiberatasun hori. Joan XXIII.ak behin batean esan zuen: «Eliza herriko iturri zahar baten parekoa da, zeinen kanilak beti ur freskoa ematen baitu». Hogei mendeko Eliza zahar honetan Jesusen ur freskoa jariarazi behar dugu.
Gure kontzientzia era guztietako mezuk, kontsignak, irudik, agirik eta erakargarrik inbaditzen duten gizarte honetan, gure fedea axaleko erlijiotasunaren molde galkorretan pixkana urtuz joan dadin nahi ez bada, ikasi beharra dugu geure elkarteen erdigunean Jesusen, geure Jaun bakar horren, Hitz bizia, zehatza eta nahastezina jartzen.
Alabaina, ez da aski haren ahotsa entzutea. Beharrezkoa da Jesusi jarraitzea. Iritsia da erabakia hartzeko ordua: barrua lasaitzen duen baina gure poza itotzen duen «erlijio burgesarekin» konformatu ala kristau-fedea bizitzen ikasi, Jesusi jarraitzeko abentura zirraragarri bezala.
Hark sinetsi zuena sinestean datza abentura hori, axola hark izan zionari izatean, gizakiaren arazoa hark bezala defenditzean, babesgabeengana eta ahulengana hura hurbildu ohi zen bezala hurbiltzean, on egiteko hura bezala libre izatean, Aitagan konfiantza izatean hark izan zuen bezala, bizitzari eta heriotzari aurre egitean hark egin zien bezalako esperantzaz.
Galdurik, bakarrik eta norabiderik gabe bizi direnek kristau elkartean leku bat aurkitzen badute, Jesusi jarraituz, elkarrekin era duinagoan, solidarioagoan eta askeagoan bizi ahal izateko, orduan bere zerbitzurik hoberenetakoa eskaintzen ariko da Eliza.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2013ko apirilaren 21ea

JESUSI ENTZUN ETA JARRAITU

Negua zen. Jesus paseatzen zebilen Salomonen arkupean, Tenpluko zabalgune handia inguratzen zuten aire zabaleko galerietako batean. Arkupe hau, zehazki, sarritan erabiltzen zuen jendeak; izan ere, itxuraz, murru batek babesten zuen haizearen kontra.
Laster batean, judu-talde bat bildu da Jesusen inguruan. Tirabiratsua da elkarrizketa. Galde eta galde jazarri diote juduek Jesusi. Honek bere mezua eta jarduera ez onartu izana aurpegiratzen die. Zehazki, diotse: «Zuek ez duzue sinesten, ez baitzarete nire ardietarik». Zer esan nahi du, ordea, metafora honek?
Oso argi mintzo da Jesus: «Nire ardiek entzuten dute nire ahotsa, eta ezagutzen ditut nik; haiek jarraitzen didate, eta betiko bizia ematen diet nik». Jesusek ez du inor behartzen. Soilik, dei egiten du. Hari jarraitu ala ez, gutako bakoitzaren esku dago. Soilik, entzuten eta jarraitzen badiogu izango dugu modua Jesusekin betiko bizira eramaten duten harremanak izateko.
Kristau batentzat ez da ezer funtsezkoagorik, Jesusen jarraitzaile bezala bizitzea baino. Kristauen arrisku handia da beti Jesusen jarraitzaile direla esatea, zinez izan gabe. Izatez, gure elkarteetatik urrunduz joan den jende asko, Jesusen urratsei jarraituz bizitzeko erabakia hartzen inork lagundu izan ez diona da.
Alabaina, horixe da kristau baten lehen erabakia. Dena aldarazten duen erabakia da; izan ere, Kristori atxikitzea eta Elizako kide izatea modu berri batean bizitzen hastea dakar erabaki horrek: noizbait ere, kristau-erlijioaren bidea, egia, zentzua eta zergatia aurkitzea.
Eta erabaki hori hartzeko lehen gauza Jesusen deia entzutea da. Ezin ekin dio inork ere Jesusen urratsei jarraitzeari bere intuizio propioaz edo haren ideala bizitzeko bere gogo hutsaz. Hari jarraitzen, orduan hasten gara: Kristok erakartzen eta dei egiten digula sentitzen dugunean. Horregatik, fedea ez da lehenik eta behin Jesusez zerbait sinestea, baizik hari berari sinestea, harengan beragan sinestea.
Jesusi benetan jarraitzea falta denean, norberaren bihotzean eta fededunen elkartean zaintzen eta behin eta berriz baiesten ez denean, fedeak arrisku hau izaten du: mugaturik gelditzekoa sinesgai batzuk onartzera, betebehar erlijioso batzuk praktikatze hutsera eta Elizaren diziplinari obedientzia eskaintze hutsera.
Halakoetan, gauza erraza izaten da erlijioa betetzearekin konformatzea, igande bakoitzean entzuten dugun ebanjeliotik Jesusek egiten digun deiak koloka jar gaitzan utzi gabe. Erlijio horren baitan dago Jesus, bai, baina ez gaitu arrastatzen bere urratsen ondoren. Konturatu gabe, ohikeriaz eta era errepikagarrian bizitzen ohitzen gara. Sormena, berrikuntza eta poza falta ohi zaizkigu, Jesusi nola jarraituko ahalegintzen direnek izan ohi dituztenak.

José Antonio Pagola

HOMILIA

2010ko apirilaren 10a

HARI ENTZUN ETA HARI JARRAITU

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.