lunes, 2 de mayo de 2016

2016-05-08 - 7. Pazko igandea - Jainkoaren Igokundea (C)

------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

7. Pazko igandea - Jainkoaren Igokundea (C)


EBANJELIOA

Bedeinkatzen zituen bitartean, haiengandik aldendu egin zen, eta zerura eraman zuten.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 24, 46-53

Denbora hauetan, Jesusek ikasleei esan zien: «Idatzia zegoen Mesiasek sufritu egin behar zuela eta hirugarren egunean hildakoen artetik piztu, eta, Jerusalemdik hasita, herri guztiei bihotz berritzeko hots egin behar zaiela, bekatuak barka dakizkien. Zuek zarete honen guztiaren lekuko. Eta nik, neure Aitak agindutako dohaina, Espiritu Santua, bidaliko dizuet. Zuek egon hemen, hirian, Jainkoarengandiko indarraz jantzi zaitezten arte».
Ondoren, Betania aldera atera zituen Jesusek ikasleak, eta, eskuak altxaturik, bedeinkatu egin zituen. Bedeinkatzen zituen bitartean, haiengandik aldendu egin zen, eta zerura eraman zuten. Haiek, Jesus ahuspez gurtu ondoren, Jerusalemera itzuli ziren poz-pozik. Eta etengabe tenpluan egon ohi ziren Jainkoa goresten.

Jaunak esana

HOMILIA

2016ko maiatzaren 8a

HAZKUNDEA ETA SORMENA

Ebanjelioek hainbat giltza eskaintzen digute ulertzeko, nola hasi zuten beren ibilbide historikoa lehen kristau-elkarteek, Jesus beren begi aurrean jadanik ez zutela. Agian, ez zen izan dena batzuetan imajinatu ohi dugun bezalakoa. Nola ulertu eta bizi izan zituzten Jesusekiko harremanak, hura lurretik desagertu zenetik?
Mateok ez dakar ezer Jesus zerura igotzeaz. Bere ebanjelioa Galileako mendi bateko agur-pasadizo batekin bukatu du, zeinetan Jesusek promes solemne hau egin baitie: «Jakizue zeuekin izango nauzuela ni egunero munduaren azkena arte». Ikasleek ez dute zertan sentitu haren absentzia. Berekin izanen dute Jesus beti. Baina, nola?
Beste ikusmolde bat agertu du Lukasek. Bere ebanjelioko azken pasadizoan, Jesus «apartatu egin da haiengandik, zerura igotzeko». Ikasleek bere horretan onartu behar dute apartatze hori: Jesus jadanik Jainkoaren misterioan bizi da. Baina bereak «bedeinkatuz» igo da Aitagana. Jarraitzaileek bedeinkazio haren babesean hasiko dute beren ibilbidea; bedeinkazio berarekin sendatzen baitzituen Jesusek gaixoak, barkatzen bekatariei, ferekatzen txikiak.
Joan ebanjelariak beste giltza bat proposatzen duten hitzak ezarri ditu Jesusen ahoan. Bereei agur esatean, Jesusek diotse: «Aitagana noa eta zuek triste zarete...Alabaina, komeni zaizu ni joatea, Espiritu Santua har dezazuen». Ulertzekoa da ikasleen tristura. Jesus beti berekin izateak demaien segurtasuna opa dute. Maisuaren babesean beti haur bizi nahi izatearen tentazioa da.
Jesusen erantzunak pedagogia jakintsua ageri du. Haren absentziak hazaraziko du haren jarraitzaileen heldutasuna. Bere Espirituaren zigilua utzi die. Jesusen absentzian, Espirituak eragingo du hareengan erantzulea eta heldua den bati dagokion hazkundea. Komeni da hau gogoratzea gure garai honetan, zeinetan ematen baitu gure artean sormenarekiko beldurra, immobilismoaren tentazioa edo beste aldi batzuetarako edo beste kultura baterako zen kristautasunaren nostalgia ari dela hazten.
Kristauok behin baino gehiagotan jo izan dugu, historian barna, Jesusekiko jarraipena haur-eran bizitzera. Jesusen Igokundeak gogorarazten digu ezen, Jesusen presentzia historikoa amaiturik, «Espirituaren aldia» bizi dugula, sormenaren eta hazkunde erantzulearen aldia. Espirituak ez digu eskaintzen Jesusen jarraitzaileoi «betirauneko errezetarik». Argia eta hatsa dakarkigu beti berriak diren bideen bila ibiltzeko, gaur egun Jesusen jarduera berregiteko. Horrela gidatzen gaitu Jesusen egia betera.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2013ko maiatzaren 12a

JESUSEN BEDEINKAZIOA

Azken tartetxoa bizi du Jesusek bereekin. Laster utziko ditu, Aitaren misterioan behin betiko sartzeko. Ordudanik ezin izango da haien bidelagun munduko bideetan, Galilean izan den bezala. Inork ez du ordeztuko Jesusen presentzia.
Pentsamendu bakarra du Jesusek: irits dadila herri guztietara Jainkoaren barkazioaren eta errukiaren mezua; entzun dezatela guztiek konbertsiorako haren deia; ez dadila bizi inor esperantzarik gabe. Guztiek jakin behar dute Jainkoak mugarik gabe ulertzen eta maite dituela bere seme-alabak. Nork hots egin dezake, ordea, Berri On hau?
Lukasek dakarrenez, Jesusek ez du buruan ez gotzainik, ez apaizik. Ezta doktorerik edo teologorik ere. Lurrean «lekukoak» utzi nahi ditu. Hau dute lehen egitekoa: «zuek zarete gauza hauen lekuko». Jesusen lekuko horiek izango dira Jainko on baten esperientzia aditzera emango dutenak, Jesusen biziera kutsatuko dutenak, gizatasun handiagoko mundu baten alde lan eginez.
Alabaina ondotxo ezagutzen ditu Jesusek bere ikasleak. Ahulak dira eta koldarrak. Non aurkituko dute ausardia lekukoko izateko?; hain juxtu, Inperioaren ordezkariak eta Tenpluko buruzagiek gurutzean josi duten baten lekuko izateko? Jesusek berak lasaitu ditu: «Aitak hitzeman duena bidaliko dizuet nik». Ez dute izango «goitiko indarraren» faltarik. Jainkoaren Espiritua izango dute babesle.
Jesusen gogoa grafikoki adierazteko, era harrigarrian deskribatu du Lukasek Jesusek mundu hau uzteko modua: hain zuzen, Aitagana jiratu da Jesus eskuak goratuz eta ikasleak bedeinkatuz. Bere azken keinua du. Jainkoaren ezin atzemaneko misterioan murgildu da Jesus eta haren bedeinkazioa jaitsi da mundura.
Kristauok ahaztu egin dugu Jesusen bedeinkazioaren eroale garela. Geure lehen egitekoa Jainkoaren Onberatasunaren lekuko izatea da. Esperantzari bizirik eustea. Etsi egin dugu gaitzaren aurrean. «Infernu madarikatua» dela ematen duen mundu hau, ordea, ez dago galdurik. Samurkiro eta errukibera begiratzen dio Jainkoak.
Posible da gaur egun ere ongiaren bila ibiltzea, on egitea, ongia hedatzea.Posible da gizatasun handiagoko mundu baten alde lan egitea, biziera jatorrago baten bila ibiltzea. Izan gintezke solidarioago eta geurekoikeria txikiagoko jende. Baita soilago ere eta diruaren esklabo txikiago. Ekonomi krisialdiak berak eragiten ahal digu hain ustela ez den gizarte bat bilatzera.
Jesusen Elizan ahaztu egin dugu lehenengo gauza «onberatasunaren pastoraltza» eragitea dela. Bere bizitza onberatasun-keinuak eta –hitzak ereinez igaro zuen Jesus horren lekuko eta profeta behar dugu izan. Jesusek berak horrela  iratzarri zuen Galileako jendeagan Jainko Salbatzaile batekiko esperantza. Bedeinkazioa da Jesus; jendeari ezagutzera eman beharra dugu.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2010ko maiatzaren 13a

HAZKUNDEA ETA SORMENA

(2015-2016ko C zikloaren homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain





Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

Para ver videos de las Conferencias de José Antonio Pagola
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.