lunes, 2 de abril de 2018

2018-04-08 - 2. Pazko Igandea (B)


Joan den 2014ko urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun. 
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2. Pazko Igandea (B)



EBANJELIOA

Zortzi egunen buruan, sartu zen Jesus.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20, 19-31

Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».

Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.

Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».

Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».

Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean.

Elkartu zirenean, beste ikasleek esan zioten:

–Jauna ikusi dugu.

Tomasek erantzun zien:

–Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut, eta nire atzamarra iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko.

Zortzi egunen buruan, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere bertan zen. Ateak itxirik zeuden arren, sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».

Gero, esan zion Tomasi:

–Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihets-zuloan. Eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik.

Tomasek erantzun zion:

–Ene Jauna eta ene Jainkoa!

Jesusek esan zion:

–Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak.
Mirarizko beste seinale asko egin zituen Jesusek bere ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez daudenak.

Hemen kontatuak Jesus Mesias eta Jainkoaren Semea dela sinets dezazuen idatzi dira eta, sinetsiz, betiko bizia izan dezazuen hari esker.

Jaunak esana.

HOMILIA

2018eko apirilaren 8a

AGNOSTIKOAK?

Inork gutxik lagundu digu Christian Chabanisek adina, gaur egungo gizakiak Jainkoaren aurrean duen jarrera ezagutzen. Beraren elkarrizketak ezinbesteko agiri edo dokumentu dira, gaur egun zientifikoek eta pentsalariek Jainkoaz zer pentsatzen duten jakiteko.

Chabanisek aitortzen du, uste zuela, gaur egungo ateorik ospetsuenei elkarrizketak egiten hasi zenean, ateismo zorrotza eta ongi oinarritua topatuko zuela haiengan. Izatez, ordea, egiaztatu zuen, lanbide argitsu eta zintzotasun handikoen atzean, «egia bilatzearen erabateko absentzia» ezkutatzen zela sarritan.

Ez da harritzekoa frantziar idazle horren egiaztapen hori; izan ere, antzeko zerbait gertatzen da gure artean ere. Jainkoagan sinesteari uko egiten dioten askok, haren bila hasteko inolako ahaleginik egin gabe egiten dute. Gogoan, batez ere, beren burua agnostiko aitortzen dutenak ditut; batzuetan era arranditsuan aitortzen dute, egiaz oso urrun badaude ere benetako jarrera agnostiko batetik.

Agnostikoa, Jainkoaren problema planteatzen duen pertsona da eta, harengan sinesteko arrazoirik aurkitu ezinik, iritzia airean uzten duena. Frustrazioan amaitzen den bilaketa da agnostizismoa. Bila ibili ondoren bakarrik hartzen du agnostikoak bere jarrera: «Ez dakit Jainkoa existitzen den. Ez dut aurkitzen arrazoirik, ez harengan sinesteko, ez harengan ez sinesteko».

Gaur hedatuena den jarrera, beste bat da: Jainkoaren arazoa alde batera uztea. Beren burua agnostiko aitortzen duten asko, bila ibili ez diren pertsona dira egiaz. Xabier Zubirik esango luke, «zinezko egiaren gogorik gabeko» bizitza direla. Bost axola zaie Jainkoa izan ala ez izan. Berdin zaia bizitza hemen bukatu ala ez. Aski dute beren buruari «bizitzen uztea», beren burua «dena delakoaren esku» uztea, munduaren eta biziaren misterioan sakondu gabe.

Alabaina, hori al da jarrerarik gizatarrena errealitatearen aurrean? Aurkeztu al daiteke aurrerakoitzat bizitza bat, zeinetan absente baitago gure bizitzaren azken egia bilatzeko gogoa? Baiezta al daiteke hori dela guztietan jarrera bidezko bakarra? Baiezta al daiteke hori dela adimen-zintzotasunezko jarrera bidezko bakarra? Nolatan jakin dezake batek ezinezkoa dela Jainkoagan sinestea, sekula ibili ez bada haren bila?

«Jarrera neutral» horretan jarraitu nahi izatea, fedearen alde nahiz kontra egin gabe, erabaki bat hartzea da jada. Guztietan okerrena da; izan ere, errealitatearen azken misteriora hurbiltzearen bila ibiltzeari uko egitea da.

Tomasen jarrera ez da agnostiko axolagabe batena, baizik eta bere fedea bere esperientzia propioan baietsi nahi duenarena. Horregatik, Kristorekin topo egin duenean, konfiantzaz ireki zaio: «Ene Jaun eta ene Jainko». Bai egiazkoak direla Karl Rahnerren hitz hauek: «Errazagoa da norberaren hutsunean hondoratzen uztea, Jainkoaren misterio santuaren amildegian baino; baina ez du adierazten horrek, ez adore handiagorik, ez egia handiagorik. Nolanahi den, egia hau distiratsu ageri ohi da maite baduzu, onartzen baduzu eta liberatzen duen egia bezala bizi baduzu».


José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2015eko apirilaren 12a

JESUSEN PRESENTZIA BIZI

(209ko apirilaren 19a homilía ikusi).

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2012ko apirilaren 15a

FEDERANTZ IBILBIDEA

Tomas kanpoan zela, Jesusen ikasleek esperientzia harrigarria izan zuten. Tomas etorri orduko, pozik adierazi zioten: «Jauna ikusi diagu». Tomasek eszeptiko entzun zien. Zergatik sinetsi behar du hain gauza zoroa? Nolatan esan dezakete Jesus bizirik ikusi dutela, gurutzean hila denez gero? Izatekotan ere, beste bat izango da.

Ikasleek esan die eskuetako eta saihetseko zauriak erakutsi dizkiela Jesusek. Tomasek, ordea, ezin onartu du inoren testigutzarik. Berez egiaztatu beharra du: «Haren eskuetan iltze-zuloak… ikusten ez baditut, eta eskua haren saihetsean sartzen ez badut, ez dut sinetsiko». Bere esperientzian bakarrik sinetsiko du.

Era xaloan sinesteari uko egin dion ikasle honek agertuko digu zein ibilbide egin Kristo berpiztuagan sinestera iritsi ahal izateko: ez Jesusen aurpegia ikusi, ez hari hitz egiten entzun, ez haren besarkadak sentitu ez ditugunoi.

Handik zortzi egunera, berriro agertu zen Jesus ikasleen aurrean. Berehala, Tomasi hitz egin dio. Ez du kritikatu haren jarrera. Haren duda-mudak ez dira ez bidegabe, ez eskandaluzko. Sinesteari gogor egiteaz bere ondradutasuna agertu du Tomasek. Jesusek ulertu dio eta aurrera datorkio bere zauriak erakutsiz.

Bere eskakizunak ase nahi dizkio Jesusek: «Ekatzu hatza, hona nire eskuak. Ekatzu eskua, hona nire saihetsa». Zauri horiek, zerbait egiaztatzeko «froga» baino gehiago, ez ote dira heriotzaraino eraman duen Jesusen maitasunaren «seinale»? Horregatik, bere duda-mudak baino sakonagora jotzera gonbidatu du: «Ez zaitez izan sinesgogor, baizik sinestedun?»

Eta Tomasek uko egin dio ezer egiaztatzeari. Ez du jada froga-beharrik. Soilik, Maisuaren presentzia esperimentatu du: maite duena, erakartzen duena, konfiantza izatera gonbidatzen duena. Tomas, Jesusekin topo egiteko beste inork baino ibilbide luzeagoa eta nekosoagoa egin duen hura, beste inor baino urrunagora iritsi da fedearen sakontasunean: «Ene Jaun eta ene Jainko». Inork ez du aitortu Jesus modu horretan.

Ez dugu zertan izutu geure baitan duda-mudak eta galderak sortzean. Duda-mudek, modu sanoan bizirik, azaleko fedetik libratzen gaituzte, konfiantzan eta maitasunean hazi gabe formulak errepikatzeaz konformatzen den azaleko fedetik. Duda-mudek, Jesusengan haragitu den Jainkoaren Misterioaren konfiantzan azkeneraino joatera eragiten digute.

Kristau-fedea hazi egiten da gu baitan, Jainko horrek maite eta erakartzen gaituela sentitzean, zeinen Aurpegia sumatu baitezakegu ebanjelioek Jesusez egiten diguten kontakizunean. Orduan, konfiantza izateko haren deia geure duda-mudak baino indartsuago bihurtzen da. «Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak».

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

HOMILIA

2009ko apirilaren 19a

JESUSEN PRESENTZIA BIZI

Ezin iradokitzaileagoa eta interpelagarriagoa da Joanen kontakizun hau. Beren artean Jesus berpizturik sumatu dutenean bakarrik eraldatu da ikasleen taldea. Bakea berreskuratu, beldurra galdu, buruak ezin eman ahalako pozez bete, Jesusen hatsa beren gain sentitu eta ateak ireki: Aitagandik Jesusek hartua zuen egitekoa bizitzera bidaliak direla sentitu dute.

Elizaren gaur egungo krisialdiak, haren beldurrak, haren espirituzko sendotasun-faltak maila sakonean du bere jatorria. Sarritan, Jesus piztua eta gure artean delako ustea pentsamenduzko eta aldarrikaturiko doktrina hutsa izan ohi da, bizi izandako esperientzia baino gehiago.

Elizaren erdian dago Kristo berpiztua, baina ez dago errotua gu baitan hura gure artean bizi delakoa, ez dago txertatua gure elkarteen muinean, ez ditu elikatzen eskuharki hark gure egitasmoak. Hogei mendeko kristautasunaren ondoren, Jesus ez da ez ezaguna, ez ulertua bere nortasun berezian. Ez dugu maite, ez diogu jarraitzen ikasleek egin zuten moduan.

Berehala nabari ohi da talde bat edo elkarte bat joa denean ezin ikusizkoa baina egiazkoa eta eraginkorra den Kristo berpiztuaren presentzia horrek. Halako talde hark ez du aski izaten eliz bizitza arautzen duten gidalerroak ohituraren ohituraz betetzearekin. Sentiberatasun berezia izan ohi du Jesusen Ebanjelioa entzun, bila ibili, oroitu eta egokitzeko. Elizan diren gune osasuntsuenak eta bizienak dira.

Ez ezerk, ez inork eman diezaguke gaur egun, Kristo berpiztuaren presentziak egin dezakeen moduan, bizi dugun aurrekaririk gabeko krisialdi honi aurre egiteko behar dugun indarra, poza eta sormena. Haren espirituzko adorea izan ezean, ezin irtengo gara ia berezkoa bezalakoa dugun geure pasibotasunetik, mundu modernoari ateak itxirik jarraituko dugu, «agindurik» dagoena betetzen segituko dugu, pozik eta konbentzimendurik gabe. Non aurki genezake Eliza birkreatzeko eta eraldatzeko behar dugun indarra?

Kontuan hartu beharra dugu erronka. Inoiz baino handiagoa dugu Jesusen premia. Haren presentzia bizia bizi beharrean gara, une oro haren irizpìdea eta Espiritua gogoan hartu beharrean, haren bizitza etengabe hausnartu beharrean, gure egintzaren inspiratzailea bera izan dadin utzi beharrean. Beste inork baino argi eta indar handiagoa eman diezaguke hark. Gure artean dugu hura bere bakea, bere poza, bere Espiritua emanez.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.