José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2012ko urriaren 14a
Urteko 28. Igandea (B)
Urteko 28. Igandea (B)
EBANJELIOA
Saldu daukazun guztia eta jarraitu niri.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 10,17-30
Denbora haietan,
bidean abiatzera zihoala, gizon bat etorri zitzaion lasterka eta, aurrean
belaunikaturik, galdetu zion:
– Maisu ona, zer
egin behar dut betiko bizia ondaretzat jasotzeko?
Jesusek erantzun
zion:
– Zergatik esaten
didazu ona? Inor ez da ona Jainkoa besterik. Badakizkizu aginduak: Ez hil inor,
ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik, ez egin
kalterik, ohoratu aita-amak.
Hark, orduan:
– Maisu,
gazte-gaztetandik bete izan dut hori guztia.
Jesus maitasunez
begira jarri zitzaion eta esan zion:
– Gauza bat falta
zaizu bakarrik: zoaz, saldu daukazun guztia eta eman behartsuei, zeure
aberastasuna zeruan izan dezazun; gero, zatoz eta jarraitu niri.
Hitz hauek
entzutean, ilun jarri zen gizona eta atsekabez joan, ondasun handien jabe
baitzen.
Inguruan
begiratuz, Jesusek esan zien bere ikasleei:
– Bai nekez
sartuko direla aberatsak Jainkoaren erreinuan!
Harriturik utzi
zituen ikasleak esaldi honek. Baina Jesusek, berriro ere:
– Ene semeok,
zaila da benetan Jainkoaren erreinuan sartzea . Orratzaren begitik gamelua
igarotzea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.
Ikasleek, gero
eta nahasiago, honela zioten beren artean:
– Nor salba
daiteke, orduan?
Jesusek
begira-begira jarri eta esan zien:
– Gizakientzat
bai ezinezko, baina Jainkoarentzat ez, dena baitezake Jainkoak.
Orduan, Pedrok
esan zion Jesusi:
– Hara, guk dena
utzi dugu zuri jarraitzeko.
Jesusek erantzun:
– Benetan
diotsuet: Niregatik eta berri onagatik etxea, senideak, ama, aita, seme-alabak
eta lurrak uzten dituenak, orain, mundu honetan, ehun halako etxe, senide, ama,
seme-alaba eta lur jasoko du, erasoaldiekin batera; eta gero, datorren munduan,
betiko bizia.
Jaunak esana.
HOMILIA
2012ko urriaren 14a
JESUSEKIN KRISIALDIAN
Bideari
ekin aurretik, ezezagun bat hurbildu zaio Jesusi, korrika. Itxuraz, presa du
bere arazoa konpontzeko: «Zer behar dut
egin betiko bizia heredatzeko?» Ez zaizkio axola bizitza honetako kontuak.
Dena erabakia du.
Moisesen
Legea proposatu dio Jesusek. Gauza bitxia bada ere, ez dizkio oroitarazi hamar
aginduak, baizik lagun hurkoaren kontra aritzea eragozten dutenak. Gazte hori
gizon ona da, judu-erlijioaren betetzaile fina: «Hori guztia txikitandik bete dut».
Jesus
begira-begira gelditu zaio, maitasunez. Miresgarria da inori kalterik egin ez
dion pertsona baten bizitza. Jesusek orain beregana erakarri nahi du gazte
hori, gizatasun handiagoko mundu bat egiteko bere egitasmoan parte har dezan,
eta proposamen harrigarri hau egin dio: «Gauza
bat duzu falta: zoaz, saldu duzun guztia, eman dirua pobreei…eta, segidan,
jarraitu niri».
Gauza
askoren jabe da aberatsa, baina gauza bakarra falta zaio: Jesusi benetan
jarraitu ahal izatea. Ona da gazte hori, baina diruari lotua. Bere
aberastasunei uko egiteko eskatu dio Jesusek, eta pobreen zerbitzura jartzeko.
Berea pobreekin partekatuz bakarrik jarraitu ahal izango dio Jesusi, honen
egitasmoan parte hartuz.
Gaztea,
ordea, ez da sentitu horretarako gai. Ongizatea du amesten. Ez du kemenik bere
aberastasunik gabe bizitzeko. Ororen gain du jarria bere dirua. Eta uko egin
dio Jesusi jarraitzeari. Korrika etorria zen Jesusez gogoberoturik. Triste
urrundu da orain. Ez du sentituko sekula Jesusen lankide izatearen poza.
Gaur
egungo ekonomi krisialdi hau gonbita da Jesusen jarraitzaileontzak, bizitza
neurritsuagoa egitera, eskura dugun eta duintasunez bizi ahal izateko
beharrezkoa ez dugun hura premian direnekin partekatzera. Galdera zehatzak egin
beharrean gara, une hauetan Jesusi jarraitu nahi badiogu.
Lehenengo
gauza, diruarekin ditugun harremanak berrikustea da: zer egin geure
diruarekin?, zertarako aurreztu?, zertan inbertitu?, zeinekin partekatu
premiazkoa ez duguna? Ondoren, geure kontsumoa berrikustea da: erantzukizun
handiagoz jokatzeko, eta bihozkadaka eta alferrik xahutzen ibili gabe: zer dut
erosten?, non dut erosten?, zertako dut erosten?, zeini laguntzen ahal diogu
behar duena erosten?
Geure
bihotzondoan egin beharreko galderak ditugu; baita geure familietan, geure
kristau-elkarteetan eta eliz erakundeetan ere. Ez dugu zertan egin keinu
heroikorik, baina, ildo horretan pauso txiki batzuk ematen baditugu, ezagutuko
dugu Jesusi jarraitzearen poza, pertsona batzuen krisia gizatarrago eta
jasangarriago eginez. Horrela ez bada, kristau ontzat izango dugu geure burua,
baina gure erlijioari poza faltako zaio.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2009ko urriaren 11a
GAUZA BAT DUGU FALTA
Pasadizoari
aparteko bizitasuna eman dio kontalariak. Jerusalemerako bidea hartu du
Jesusek, baina leku hartatik urrundu baino lehen, ezezagun bat iritsi zaio
«korrika» eta «belauniko jarri aurrean», bertan eusteko. Jesusen premia gorria
du.
Ez da
sendatu beharra duen gaixo bat. Maisuagandik argia lortu nahi du bere bizitza
norabidetzeko. «Zer egin behar dut betiko bizia ondare izateko?» Ez da arazo
teoriko hutsa, baizik existentziala. Ez da mintzo maila orokorrean; berak zer
egin behar duen jakin nahi du.
Beste
ezer baino lehen, Jesusek hau gogorarazi dio: «ez da inor on Jainkoa baizik».
Zer «egin» planteatu aurretik, beste inor ez bezalako Jainko ON baten aurrean
bizi garela izan behar dugu gogoan: haren ontasun ezin ulertuan estekatu behar
dugu geure bizitza. Ondoren, Jainko On horren «aginduak» gogorarazi dizkio
Jesusek. Bibli tradizioaren arabera, horixe da betiko bizirako bidea.
Miresgarria
da gizon haren erantzuna. Txikitandik bete du hori guztia, baina amets handiago
bat sumatu du bere baitan. Beste zerbaiten bila dabil. «Jesus begira-begira
jarri zaio samurkiro». Begiratu horrek, besterik gabe, gizon harekin izan nahi
duen harreman pertsonala adierazten du.
Ondo
ulertu du Jesusek haren ezin asea: «gauza bat duzu falta». Betiko bizia
«lortzeko» agindua «betetzearen» logika horri jarraituz, bekaturik gabe bizi
bada ere, ez da geldituko guztiz asea. Gizakiaren barnean bada irrika sakonago
bat.
Horregatik,
bere bizitza logika berri baten arabera norabidetzera gonbidatu du Jesusek.
Lehenengo gauza, bere ondasunei atxikirik ez bizitzea da («saldu daukazuna»).
Bigarrena, pobreei laguntzera gonbidatu du («eman haiei zeure dirua»). Azkenik,
«zatoz eta jarraitu niri». Biek elkarrekin egin ahal izango dute bidea
Jainkoaren erreinurantz (!).
Gizonak,
ordea, altxatu eta alde egin du Jesusengandik. Ahaztu egin du Jesusen
begiratuaren xarma, eta triste joan da. Badaki ezin gozatu izango duela inoiz
ere Jesusi jarraitzen diotenen poza eta askatasuna. Markosek argitu digu, ezen
«oso aberatsa zela».
Ez
ote hori bera lurralde aberatsetako kristau aseon esperientzia? Ez ote gara
bizi ongizate materialak harrapaturik? Ez ote zaio falta gure erlijioari
pobreekiko maitasun bizia? Ez ote zaigu falta Jesusen jarraitzaileen poza eta
askatasuna?
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.