José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2012ko urriaren 21a
Urteko 29. Igandea (B)
EBANJELIOA
Laburpena
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Marcosen liburutik 10, 35-45
Denbora haietan, Santiago
eta Joanek, Zebedeoren semeek, Jesusengana hurbildu eta esan zioten:
– Maisu, eskatuko
dizuguna zuk ematea nahi genuke.
Jesusek galdetu
zien:
– Zer nahi duzue,
bada, niregandik?
Eta haiek:
– Zu zeure
aintzara heltzean, bata zure eskuinean eta bestea ezkerrean jar gaitezela.
Jesusek esan
zien:
– Ez dakizue zer
eskatzen ari zareten. Gauza al zarete nik edan behar dudan edari saminetik
edateko, edo nik murgildu behar dudan uretan murgiltzeko ?
– Bai, gauza gara
– esan zioten.
Jesusek, orduan:
– Nik edan behar
dudan edari saminetik, bai, edango duzue, baita nik murgildu behar dudan uretan
murgilduko ere; baina nire eskuin-ezkerretan eseri ahal izate hori, ez dago
nire esku inori ematea; Jainkoak norentzat prestatua duen, hari emango zaio.
Beste hamarrak,
hori entzutean, Santiago eta Joanen aurka haserre jarri ziren. Jesusek dei egin
eta esan zien: «Dakizuenez, herrien buruzagi direnek menpean hartzen dituzte
herriak, eta handi-mandiek beren agintea ezartzen diete. Zuen artean, ordea, ez
du horrela izan behar. Zuen artean handien izan nahi duena izan bedi zuen
zerbitzari. Eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi guztion morroi.
Zeren Gizonaren Semea ere ez da etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera
baizik, bere bizia guztien alde ordainsaritzat ematera».
Jaunak esana.
HOMILIA
2012ko urriaren 21a
ZUEK HORRELAKORIK EZ
Jerusalemera
igoz doazela, hiriburuan espero dion dolorezko zoriaren berri emanez doa Jesus
ikasleei. Hauek ez diote ulertzen. Beren artean eztabaidatuz doaz lehen postuen
inguruan. Santiago eta Joan, biak lehen orduko ikasleak, Jesusi hurbildu
zaizkio, zuzenean eskatzeko, egun batean esertzeko modua egin diezaien «bata
bere eskuinean eta bestea bere ezkerrean».
Hatsa
erdi galdurik ageri da Jesus: «Ez dakizue zer ari zareten eskatzen». Ematen du
taldeko inork ez duela ulertzen Jesusi jarraitzeak, haren egitasmoan parte
hartuz, beti izango duela berekin, ez boterearen handitasunaren bidea, baizik
nekearen eta gurutzearen bidea.
Bitartean,
Santiagoren eta Joanen ausardiaz jabetzean, beste hamarrak haserre jarri dira.
Inoiz baino nahasiago ageri da taldea. Handi nahikeria ari da taldea banatzen.
Jesusek guztiak elkartu ditu bere pentsaera argi eta garbi azaltzeko.
Beste
ezer baino lehen, erromatar inperioko herrietan zer gertatzen ari den adierazi
die. Guztiek dituzte ezagutzen Antipasen eta herodestar familien abusuak
Galilean. Honela laburtu ditu Jesusek: Buruzagitzat emanak direnek herriak
«tiranizatzeko» erabiltzen dute beren boterea, eta handikiek menpekoak
«zapaldu» besterik ez dute egiten. Ezin zorrotzago mintzo da Jesus: «Zuek
horrelakorik ez».
Bereen
artean ez du horrelakorik ikusi nahi: «Handi izan nahi duena, izan dadila zuen
zerbitzari, eta lehenengo izan nahi duena,izan dadila guztien esklabo». Jesusen
elkartean ez da izango lekurik zapaltzen duen boterearentzat, baizik laguntzen
duen zerbitzuarentzat soilik. Jesusek ez du nahi bere eskuin-ezkerretan
buruzagiak eserita, baizik bera bezalako zerbitzariak, gainerakoentzat bizia
ematen dutenak.
Gauzak
argi utzi ditu Jesusek. Eliza ez da eraikitzen goikoek ezarritako ezerekin,
baizik behean jartzen direnen zerbitzuaz. Ez da han lekurik hierarkiarentzat,
ohorezko nahiz dominatzaile gisa. Ezta botere-metodo eta estrategiarentzat ere.
Zerbitzuak du kristau-elkartea eraikitzen.
Jesusek
halako garrantzia ematen dio esaten ari denari, non bere burua ematen baitu
etsenplutzat, zeren ez baita etorri mundu honetara zerbitza dezaten, baizik
«zerbitzari izateko eta bere bizia emateko askoren ordain». Jesusek ez dio
irakatsi inori nola garaile atera Elizan, baizik nola zerbitzari izan
Jainkoaren erreinuaren egitasmoan, ahulenak eta premiatsuenak direnentzat
eginahalean jokatuz.
Jesusen
irakaspena ez da buruzagientzat bakarrik. Eginkizun eta erantzukizun
desberdinetatik, guztiok behar du konprometitu buru-eskaintza handiagoz
bizitzen Jesusen egitasmoaren alde. Ez dugu Elizan Santiagoren eta Joanen imitatzaile
beharrik; Jesusen jarraitzaile leialak ditugu behar. Garrantzizko izan nahi
dutenek, ekin diezaiotela lanari eta lanean parte hartzeari.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2009ko urriaren 18a
GURE ARTEAN HORRELAKORIK EZ
Jerusalemera
bidean, ikasleei ohartaraziz doa Jesus, ezen dolorezko zoria izango duela, bai
berak, bai berari jarraitzen dion orok. Sinetsezina da bidean lagun dituenak
zein oharkabe bizi diren. Gauza bera gertatzen da gaur egun ere.
Santiago
eta Joan, Zebedeoren semeak, taldetik apartatu eta Jesusengana doaz, biak
bakarrik. Ez dute besteen beharrik. Lekurik hoberenak nahi dituzte eta
lehenengo izan Jesusen egitasmoan, berek beren erara irudikatu duten hartan.
Haien eskaria ez da erregua, baizik handinahi zoroa: «Eskatzera gatozkizuna
eman diezaguzun nahi dugu». Jesusek gainerakoen gain ezar ditzan gura dute.
Jesus
harritu egin dela ematen du. «Ez dakizue
zer ari zareten eskatzen». Ez diote zipitzik ere ulertu. Patxada handiaz
gonbidatu ditu Jesusek pentsatzera, ea gai diren bere doloretako zoria bera
partekatzeko. Bi haien ateraldiaz konturatu direnean, biziki haserretu dira
beste hamar ikasleak Santiagoren eta Joanen aurka. Berek ere amets bera dute.
Handinahi horrek banatu egin ditu eta elkarren kontra jarri. Ohorearen eta probetxuzko
protagonismoaren bila ibiltzeak hautsi egiten du beti kristau-elkartearen
batasuna. Baita gaur egun ere. Zer hori baino okerragorik, Jesusen eta
jendearen askatasunaren zerbitzari izateko hark dakarren egitasmoaren kontra?
Hain
larria da gertatua, non Jesusek «bildu
egin baititu» garbi uzteko zer jarrera izan behar duten bere jarraitzaileek
beti. Ondo baino hobeto dakite nola jokatzen duten erromatarrek, «herrietako buruzagiek» eta lurreko
«handikiek»: jendearen tirano izan ohi dira, menderatzaile eta beren boterea
sentiarazi behar izaten dute. Hona bada: «zuen artean horrelakorik ez ».
Jesusen
jarraitzaileen artean dena bestelako izan behar du: «handi izan nahi duena izan bedi zerbitzari, eta lehenengo izan nahi
duena izan bedi guztien esklabo». Handitasuna ez da neurtzen duzun
boterearen arabera, gizartean duzun mailaren arabera, erakusteko dituzun
tituluen arabera. Jesusen Elizan horrelako gauzen bila dabilena ez da handiago
bihurtzen, baizik ezdeusago eta barregarriago. Izatez, oztopo da hori guztia
Gurutziltzatuak nahi izan duen biziera sustatu nahi denean. Halakoari
oinarrizko ezaugarri bat falta zaio Jesusen jarraitzaile izateko.
Elizan
guztiok behar dugu izan zerbitzari. Kristau-elkartean kokatu behar dugu geure
burua, ez goitik beherantz, nagusitasunetik, boteretik edo probetxuzko
protagonismotik begira, baizik behetik, prestasunetik, zerbitzutik eta besteei
nola lagunduko bilatzetik begira. Jesus dugu geure eredu. Hura ez zen bizi
sekula «zerbitzatua izateko, baizik zerbitzari izateko». Horixe da hura zer
izan zen hobekienik eta miresgarrienik adierazten duen laburpena: ZERBITZARI
IZAN.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.