lunes, 13 de mayo de 2013

2013/05/19 - Mendekostearen igandea (C)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2013ko maiatzaren 19a

Mendekostearen igandea (C)



EBANJELIOA

Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet. Hartzazue Espiritu Santua.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20,19-23

Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez:
«Bakea zuei».
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.  Jesusek berriro esan zien:
«Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».
Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien:
«Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».

Jaunak esana.

Edo:

Espiritu Santua gogoraraziko dizue nik irakatsitako guztia

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 14, 15-16. 23b-26

Egun hauetan, Jesusek bere ikasleei esan zuen:
“Maite banauzue, beteko dituzue nire aginduak. Nik Aitari eskatuko diot eta beste Laguntzaile bat emango dizue, beti zuekin izango dena.”
“Maite nauenak onartuko du nire mezua; nire Aitak maite izango du, eta Aita eta biok berarengana etorriko gara eta berarengan biziko.
Maite ez nauenak, ordea, ez ditu onartzen nire hitzak. Eta adierazi dizuedan mezua ez dut neurea, bidali nauen Aitarena baizik”.
“Zuekin naizen artean esan dizuet hau guztia. Baina Aitak Laguntzailea, Espiritu Santua, bidaliko dizue nire izenean, eta berak gogoraraziko dizue nik irakatsitako guztia eta ulertzen lagunduko”.

Jaunak esana.

HOMILIA

2013ko maiatzaren 19a
Jn 20,19-23


SALBAZIO PREMIAN

Elizak ez du Jainkoaren Espiritu Santuaren jabetzarik. Espiritu Santua ez da erlijioena bakarrik. Espiritua mundu osora jaitsi dadin eskatu behar dugu, hain handia baitu salbazio-premia.
Zatoz, Jainkoaren Espiritu kreatzailea. Zure mundu honetan ez da bakerik. Zure seme-alabak elkar hiltzen ari dira, era itsu eta ankerrean. Ez dakigu geure liskarrak konpontzen, armen indar suntsitzailera jo gabe. Ohitu egin gara gerlak odoldutako munduan bizitzen. Iratzar ezazu gugan gizaki ororekiko begirunea. Egin gaitzazu bake-eraikitzaile. Ez gaitzazu utzi gaizkiaren boterepean.
Zatoz, Jainkoaren Espiritu askatzailea. Zure seme-alabetarik asko diruaren esklabo bizi da. Gizatasun handiagoko mundu baterantz bide egitea eragozten digun sistema batek harrapaturik. Boteretsuak gero eta aberatsago dira; ahulak gero eta pobreago. Eragin ezazu gugan mundu zuzenago baten alde jokatzeko indarra. Egin gaitzazu erantzuleago eta solidarioago. Ez gaitzazu utzi geure egoismoaren atzaparren pean.
Zatoz, Jainkoaren Espiritu berritzailea. Gizadia hautsia dago eta zatikatua. Zure seme-alabetako gutxiengo bat, gero eta gizatasun txikiagoko bihurtzen gaituen ongizateaz ari gara gozatzen. Gehiengo handi bat goseak hiltzen ari da, miseriaz eta elikatze-eskasiaz. Gure artean hazten ari da parekotasun-eza eta baztertze soziala. Iratzar ezazu gugan zuzenaren alde jokatzen duen errukia. Irakats iezaguzu beti azkenekoak defenditzen. Ez iezaguzu utzi bizitzen bihotz gaixo batekin.
Zatoz, Jainkoaren Espiritu kontsolatzailea. Zure seme-alabetarik asko bizi da maitasuna, sutondoa edo adiskidetasuna zer den ezagutu gabe. Beste batzuk hor dabiltza galdurik eta esperantzarik gabe. Ez dakite zer den bizitza duin bat, soilik ziurtasun-eza, ikara edo depresioa bizi dute. Berrindartu ezazu gugan sufrimendua dutenekiko ardura. Irakats iezaguzu bakartuago bizi direnengandik hurbilago bizitzen. Senda gaitzazu axola-faltatik.
Zatoz, Jainkoaren Espiritu ona. Zure seme-alabetarik askok ez du ezagutzen ez zure maitasuna, ez zure errukia. Zugandik urrundu egin dira, zure beldur direlako. Gure gazteek ez dakite jada zurekin hitz egiten. Zure izena ezabatzen ari da jendearen bihotzean. Iratzat itzazu gugan zurekiko fedea eta uste osoa. Egin gaitzazu zure Berri Onaren eroale. Ez gaitzazu utzi umezurtz.
Zatoz, Jainkoaren Espiritu bizitzailea. Zure seme-alabok ez dakigu bizia zaintzen. Ez dakigu aurrera egiten gauzak suntsitu gabe; ez dakigu hazten gauzak pilatu gabe. Zure mundu hau gero eta segurtasun gutxiagoko, gero eta arriskutsuago bihurtzen ari gara. Jende askorengan handituz doa ikara, eta itzaltzen ari da esperantza. Ez dakigu norantz goazen. Isur ezazu gu baitan zure hats kreatzailea. Egizu jo dezagula bizitza sanoago baterantz. Ez gaitzazu utzi bakarrik. Salba gaitzazu!

José Antonio Pagola

HOMILIA

2010ko maiatzaren 23a
Jn 14,15-16.23b-26

ESPIRITU SANTUARI DEI

Zatoz, Espiritu kreatzailea, eta isuri gu baitan Jesusen indarra eta hatsa. Zure eraginik eta laguntzarik gabe, ezin dugu harengan sinetsi; ezin ausartu gara haren urratsei jarraitzera: Eliza ez da eraberrituko; gure esperantza itoko da. Zatoz eta kutsa gaitzazu Jesusen bizi-hatsez!
Zatoz, Espiritu Santua, eta ekarri guri gogora Jesusek esan ohi zituen hitz onak. Zure argirik eta harekiko zure testigutzarik gabe, ahaztuz joanen gara Jainkoaren aurpegi ona; letra hil bihurtuko da Ebanjelioa; Elizak ezin hots eginen du albiste onik. Zatoz eta irakats iezaguzu Jesusi bakarrik entzuten!
Zatoz, Egiaren Espiritua, eta egizu Jesusen egian ibil gaitezen. Zure argirik eta gidaritzarik gabe, ezin izanen gara sekula geure erroretik eta gezurretik libratu; ez da ezer berririk eta egiazkorik gu baitan erneko; itsuaurreko izan nahi duen itsuaren antzeko izanen gara. Zatoz eta bihur gaitzazu Jesusen ikasle eta testigu!
Zatoz, Aitaren Espiritua, eta irakats iezaguzu Jainkoari «Abba» esaten, Jesusek egin ohi zuen bezala. Zure berotasunik eta zure alaitasunik gabe, beren Aita galdu duten umezurtzak bezalako izanen gara; ezpainez dei eginen diogu Jainkoari, baina ez bihotzez; gure otoitza hitz huts izanen da. Zatoz eta irakats iezaguzu Jesusen hitzez eta bihotzaz otoitz egiten!
Zatoz, Ontasun Espiritu, eta bihur gaitzazu Jesusek estreinatu zuen «Jainkoaren erreinuaren» egitasmora. Zure indar eraberritzailerik gabe, inork ez du bihurtuko gure bihotz nekatua; ez dugu ausardiarik izanen mundu gizatarragoa eraikitzeko, Jainkoak nahi bezala; zure Elizan azkenak ez dira sekula lehenengo izanen; eta guk erdi lo jarraituko dugu geure erlijio burgesean. Zatoz eta egin gaitzazu lankide Jesusen egitasmoan!
Zatoz, Maitasun Espiritua, eta irakats iezaguzu elkar maitatzen, Jesusek maite ohi zuen maitasunez. Zu gure artean bizitasunez bizi gabe, Elizaren komunioa zartatu eginen da; hierarkia eta herria urrunduz joanen dira gero eta gehiago; zatiketa handitu eginen da, elkarrizketa itoko eta intolerantzia haziko. Zatoz eta biziaraz ezazu gure bihotzean eta gure eskuetan Jesusen antzeko eginen gaituen haurride-maitasuna!
Zatoz, Espiritu Askatzailea, eta gogorazi guri aske izateko askatu gintuela Kristok eta ez esklabotzak berriro zapaldu gaitzan uzteko. Zure indarrik eta zure egiarik gabe, Jesusekiko gure jarraitze gozoa esklaboen moral bilakatuko da; ez dugu ezagutuko bizia dakarren maitasuna, baizik bizia hiltzen duen geurekoikeria; ito eginen da gu baitan Jainkoaren seme-alabak hazarazten dituen askatasuna eta, beste behin, beldurraren, koldarkeriaren eta fanatismoaren biktima izanen gara. Zatoz, Espiritu Santua, eta kutsa gaitzazu Jesusen askatasunez!

José Antonio Pagola

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.