José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko maiatzaren 12a
7. Pazko igandea - Jainkoaren Igokundea (C)
EBANJELIOA
Bedeinkatzen zituen bitartean, haiengandik aldendu egin zen, eta zerura
eraman zuten.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 24, 46-53
Denbora hauetan,
Jesusek ikasleei esan zien: «Idatzia zegoen Mesiasek sufritu egin behar zuela
eta hirugarren egunean hildakoen artetik piztu, eta, Jerusalemdik hasita, herri
guztiei bihotz berritzeko hots egin behar zaiela, bekatuak barka dakizkien.
Zuek zarete honen guztiaren lekuko. Eta nik, neure Aitak agindutako dohaina,
Espiritu Santua, bidaliko dizuet. Zuek egon hemen, hirian, Jainkoarengandiko
indarraz jantzi zaitezten arte».
Ondoren, Betania
aldera atera zituen Jesusek ikasleak, eta, eskuak altxaturik, bedeinkatu egin
zituen. Bedeinkatzen zituen bitartean, haiengandik aldendu egin zen, eta zerura
eraman zuten. Haiek, Jesus ahuspez gurtu ondoren, Jerusalemera itzuli ziren
poz-pozik. Eta etengabe tenpluan egon ohi ziren Jainkoa goresten.
Jaunak esana
HOMILIA
2013ko maiatzaren 12a
JESUSEN BEDEINKAZIOA
Azken
tartetxoa bizi du Jesusek bereekin. Laster utziko ditu, Aitaren misterioan
behin betiko sartzeko. Ordudanik ezin izango da haien bidelagun munduko
bideetan, Galilean izan den bezala. Inork ez du ordeztuko Jesusen presentzia.
Pentsamendu
bakarra du Jesusek: irits dadila herri guztietara Jainkoaren barkazioaren eta
errukiaren mezua; entzun dezatela guztiek konbertsiorako haren deia; ez dadila
bizi inor esperantzarik gabe. Guztiek jakin behar dute Jainkoak mugarik gabe
ulertzen eta maite dituela bere seme-alabak. Nork hots egin dezake, ordea,
Berri On hau?
Lukasek
dakarrenez, Jesusek ez du buruan ez gotzainik, ez apaizik. Ezta doktorerik edo
teologorik ere. Lurrean «lekukoak» utzi nahi ditu. Hau dute lehen egitekoa:
«zuek zarete gauza hauen lekuko». Jesusen lekuko horiek izango dira Jainko on
baten esperientzia aditzera emango dutenak, Jesusen biziera kutsatuko dutenak,
gizatasun handiagoko mundu baten alde lan eginez.
Alabaina
ondotxo ezagutzen ditu Jesusek bere ikasleak. Ahulak dira eta koldarrak. Non
aurkituko dute ausardia lekukoko izateko?; hain juxtu, Inperioaren ordezkariak
eta Tenpluko buruzagiek gurutzean josi duten baten lekuko izateko? Jesusek
berak lasaitu ditu: «Aitak hitzeman duena bidaliko dizuet nik». Ez dute izango
«goitiko indarraren» faltarik. Jainkoaren Espiritua izango dute babesle.
Jesusen
gogoa grafikoki adierazteko, era harrigarrian deskribatu du Lukasek Jesusek
mundu hau uzteko modua: hain zuzen, Aitagana jiratu da Jesus eskuak goratuz eta
ikasleak bedeinkatuz. Bere azken keinua du. Jainkoaren ezin atzemaneko
misterioan murgildu da Jesus eta haren bedeinkazioa jaitsi da mundura.
Kristauok
ahaztu egin dugu Jesusen bedeinkazioaren eroale garela. Geure lehen egitekoa
Jainkoaren Onberatasunaren lekuko izatea da. Esperantzari bizirik eustea. Etsi
egin dugu gaitzaren aurrean. «Infernu madarikatua» dela ematen duen mundu hau,
ordea, ez dago galdurik. Samurkiro eta errukibera begiratzen dio Jainkoak.
Posible
da gaur egun ere ongiaren bila ibiltzea, on egitea, ongia hedatzea.Posible da
gizatasun handiagoko mundu baten alde lan egitea, biziera jatorrago baten bila
ibiltzea. Izan gintezke solidarioago eta geurekoikeria txikiagoko jende. Baita
soilago ere eta diruaren esklabo txikiago. Ekonomi krisialdiak berak eragiten
ahal digu hain ustela ez den gizarte bat bilatzera.
Jesusen
Elizan ahaztu egin dugu lehenengo gauza «onberatasunaren pastoraltza» eragitea
dela. Bere bizitza onberatasun-keinuak eta –hitzak ereinez igaro zuen Jesus
horren lekuko eta profeta behar dugu izan. Jesusek berak horrela iratzarri zuen Galileako jendeagan Jainko
Salbatzaile batekiko esperantza. Bedeinkazioa da Jesus; jendeari ezagutzera
eman beharra dugu.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko maiatzaren 13a
HAZKUNDEA ETA SORMENA
Ebanjelioek
hainbat giltza eskaintzen digute ulertzeko, nola hasi zuten beren ibilbide
historikoa lehen kristau-elkarteek, Jesus beren begi aurrean jadanik ez zutela.
Agian, ez zen izan dena batzuetan imajinatu ohi dugun bezalakoa. Nola ulertu
eta bizi izan zituzten Jesusekiko harremanak, hura lurretik desagertu zenetik?
Mateok
ez dakar ezer Jesus zerura igotzeaz. Bere ebanjelioa Galileako mendi bateko
agur-pasadizo batekin bukatu du, zeinetan Jesusek promes solemne hau egin
baitie: «Jakizue zeuekin izango nauzuela
ni egunero munduaren azkena arte». Ikasleek ez dute zertan sentitu haren
absentzia. Berekin izanen dute Jesus beti. Baina, nola?
Beste
ikusmolde bat agertu du Lukasek. Bere ebanjelioko azken pasadizoan, Jesus «apartatu egin da haiengandik, zerura
igotzeko». Ikasleek bere horretan onartu behar dute apartatze hori: Jesus
jadanik Jainkoaren misterioan bizi da. Baina bereak «bedeinkatuz» igo da Aitagana. Jarraitzaileek bedeinkazio haren
babesean hasiko dute beren ibilbidea; bedeinkazio berarekin sendatzen
baitzituen Jesusek gaixoak, barkatzen bekatariei, ferekatzen txikiak.
Joan
ebanjelariak beste giltza bat proposatzen duten hitzak ezarri ditu Jesusen
ahoan. Bereei agur esatean, Jesusek diotse: «Aitagana
noa eta zuek triste zarete...Alabaina, komeni zaizu ni joatea, Espiritu Santua
har dezazuen». Ulertzekoa da ikasleen tristura. Jesus beti berekin izateak demaien
segurtasuna opa dute. Maisuaren babesean beti haur bizi nahi izatearen
tentazioa da.
Jesusen
erantzunak pedagogia jakintsua ageri du. Haren absentziak hazaraziko du haren
jarraitzaileen heldutasuna. Bere Espirituaren zigilua utzi die. Jesusen
absentzian, Espirituak eragingo du hareengan erantzulea eta heldua den bati
dagokion hazkundea. Komeni da hau gogoratzea gure garai honetan, zeinetan
ematen baitu gure artean sormenarekiko beldurra, immobilismoaren tentazioa edo
beste aldi batzuetarako edo beste kultura baterako zen kristautasunaren
nostalgia ari dela hazten.
Kristauok
behin baino gehiagotan jo izan dugu, historian barna, Jesusekiko jarraipena
haur-eran bizitzera. Jesusen Igokundeak gogorarazten digu ezen, Jesusen
presentzia historikoa amaiturik, «Espirituaren aldia» bizi dugula, sormenaren
eta hazkunde erantzulearen aldia. Espirituak ez digu eskaintzen Jesusen
jarraitzaileoi «betirauneko errezetarik». Argia eta hatsa dakarkigu beti
berriak diren bideen bila ibiltzeko, gaur egun Jesusen jarduera berregiteko.
Horrela gidatzen gaitu Jesusen egia betera.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.