José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko uztailaren 21a
Urteko 16. Igandea (C)
EBANJELIOA
Marta zeritzan emakume batek etxean hartu zuen. Alderik onena aukeratu zuen Mariak.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 10,38-42
Bidean zihoazela,
Jesus herrixka batean sartu zen, eta Marta zeritzan emakume batek etxean hartu
zuen.
Bazuen honek
Maria izeneko ahizpa bat, eta hau, Jaunaren oinetan jarrita, honen hitza
entzuten zegoen. Marta, berriz, lanpetua zebilen etxeko zereginetan. Orduan,
Jesusengana joan eta esan zion:
– Jauna, ongi
ikusten al duzu nire ahizpak etxeko lan guztiak nire gain uztea? Esaiozu
laguntzeko.
Jaunak, ordea,
erantzun zion:
– Marta, Marta,
gauza askorengatik zabiltza kezkaz eta larri; baina bat bakarra da beharrezko.
Alderik onena aukeratu du Mariak, eta ez dio inork kenduko.
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko uztailaren 21ea
EZER EZ BEHARREZKOAGORIK
Harrigarria
da pasadizoa. Jesusek bidelagun dituen ikasleak eszenaz kanpo gelditu dira.
Lazaro ere, Martaren eta Mariaren neba, ez dago. Betaniako herrixkako etxean,
bi emakumerekin bakarrik dago Jesus; hau iristean, bi jarrera desberdin hartu
dituzte emakumeek.
Martak,
ahizpa nagusia inondik ere, etxekoandre gisa egin dio harrera Jesusi, eta honen
zerbitzura jarri da buru-bekarri. Ulertzekoa da. Garai hartako ikusmoldearen
arabera, etxeko lanak emakumeari bakarrik zegozkion. Maria, berriz, ahizpa
gazteena, Jesusen oinetan eseri da, hari entzuteko. Harritzeko jarrera da; izan
ere, gizonezkoei bakarrik zegokien «ikaslearen» lekua hartu du.
Halako
batean, Martak, lanari erabat emanik eta nekeak jota, sentitu du ahizpak
bakarrik utzi duela eta Jesusek ez diola ulertzen: «Jauna, ez al dizu axola
ahizpak ni bakarrik utzi izana zerbitzurako? Esaiozu laguntzeko». Zergatik ez
dio agintzen ahizpari Jesusek emakumeari dagokion lanari ekiteko eta gizonezko
ikasle bati dagokion lekua alde batera uzteko?
Garrantzi
handikoa da Jesusen erantzuna. Pasarte hau idaztean, Lukasek gogoan ditu lehen
kristau-elkarteetan, egiteko desberdinak finkatzean, izan ohi ziren
desadostasunak eta tirabira txikiak: «Marta, Marta, kezkaturik eta urduri
zabiltza hainbat gauzarekin; bakarra da beharrezkoa. Alderik hobena hautatu du
Mariak, eta ez diote kenduko».
Jesusek
ez dio aurpegiratzen Martari, inoiz ere. bere zerbitzu-jarrera; oinarrizko
egitekoa da hori bestalde Jesusi jarraitu ahal izateko; baina lanak itotzen ez
uzteko eskatu dio, bakea galtzeko puntuan gertatzeraino. Eta gogorarazi dio,
Hitza entzutea dela lehenengo gauza gizaki guztientzat, baita emakumeentzat
ere, eta ez dela hori gizonezkoen pribilegioa.
Gaur
egun, premiazkoa da kristau-elkartea zuzen ulertu eta antolatzea: gaur egungo
gizarte sekular eta plural honetan, beste ezer baino lehenago Ebanjelioa nola
onartu zainduko duen elkarte bezala, alegia. Ezer ez beharrezkoagorik. Ikasi
beharra dugu talde txikietan elkartzen emakume eta gizonezko, fededun eta
fedegabe, Jesusen hitza elkarrekin entzun eta partekatzeko.
Ebanjelioa
«zelula» txikietan entzute hau bihur daiteke gaur egun «sutondo» emankor,
nondik joango baita eraberritzen koloka diren gure parrokietako ehuna. Herri
xumeak Ebanjelioa lehen eskutik ezagutzen eta gozatzen badu, eta hierarkiari
hala eskatzen badio, guztiok eramango gaitu arrastaka Jesusengana.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko uztailaren 18a
BEHARREZKOA ETA PREMIAZKOA
Ikasle-taldea
bere bidean aurrera doala, bakarrik sartu da Jesus herrixka batean eta asko
maite dituen bi ahizpen etxerantz hartu du. Jesusen aurrean erreakzio
desberdinak izan dituzte bi emakume horiek.
Maria
– segur aski, bietan gazteena – dena bertan behera utzi eta «Jaunaren oinetan
eseri da». Hari entzutea du bere ardura guztia. Benetako ikasleari dagozkion
ezaugarriez deskribatu du ebanjelariak Maria: Maisuaren oinetan, hari adi-adi,
haren Hitza onartuz eta haren irakaspenaz janarituz.
Bestelakoa
izan da Martaren erreakzioa. Jesus iritsi denetik, ekin eta ekin ari da hari
harrera ona egin eta behar bezala kasu egiteko. Zeregin askok larriturik
deskribatu du Lukasek. Egoerak gaina hartu dio Martari eta, bere ahizparen
jarreraz mindurik, honela agertzen dio bere kexua Jesusi: «Jauna, ez al dizu
axola ahizpak ni bakarrik utzi izana zerbitzuarekin? Esaiozu lagundu diezadan».
Jesusek
ez du galdu horrenbestez bere bakea. Txera handiaz erantzun dio Martari, haren
izena errepikatuz; ondoren, ikusarazi dio beretzat ere kezkatzekoa dela haren
estutasuna, baina jakin behar duela ezen berari entzutea hain funtsezkoa eta
beharrezkoa dela non ikasle bakar bat ere ezin dela utzi bere Hitza gabe:
«Marta, Marta, larri eta urduri zabiltza hainbat gauzaren artean; bakarra da
beharrezkoa. Alderik onena hautatu du Mariak eta ez dio kenduko inork».
Jesus
ez doa Martaren zerbitzuaren aurka. Nola ba? Bera ari baita irakasten guztiei
bere etsenpluaz gainerakoei harrera ona, zerbitzua eta laguntza eskainiz
bizitzen. Kritikatzen diona lan egiteko era da, hain urduri jardutea, egiteko
gehiegiren zamapean.
Jesusek
ez ditu kontrajartzen bizitza aktiboa eta kontenplatzailea, , ezta bere hitza
leial entzutea eta bera bezala gainerakoei emanik bizitzeko konpromisoa ere.
Aitzitik, ekintzaren ekintzapean ito beharrean bizitzearen arriskuaz ohartarazi
nahi du, etengabeko barne larridura biziz, norberaren baitan Espiritua itzaliz,
bakea eta maitasuna baino gehiago gainerakoei urduritasuna eta estutasuna
kutsatuz.
Indarrak
gutxituz doazela ikusirik, kristau bihotz-handienei, Eliza barruan eta kanpoan,
era guztietako konpromisoak eskatzen ohitzen ari gara. Alabaina, aldi berean,
Jesus ezagutzeko, haren Hitza entzuteko eta haren Ebanjelioaz janaritzeko
tarteak eta uneak eskaintzen ez badizkiegu, arrisku hau izango dugu: Elizan
asaldura eta urduritasuna hazaraztekoa, baina ez Jesusen Espiritua eta bakea.
Gerta daiteke, gure elkarteak animatzeko, estutasunak jotako funtzionariok
sortuko ditugula, baina ez beren Maisuaren arnasa eta bizia irradiatuko duten
testiguak.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.