José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko abustuaren 4a
Urteko 18. Igandea (C)
EBANJELIOA
Zer gertatzen zaion beretzat ondasunak pilatzen dituenari.
+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 12,13-21
Behin batean,
jendarteko batek esan zion Jesusi:
– Maisu, esaiozu
nire anaiari senipartea nirekin erdibanatzeko.
Jesusek erantzun
zion:
– Gizon, nork
egin nau ni zuen artean epaile edo ondasun-banatzaile?
Orduan, guztiei
esan zien:
– Kontuz! Gorde
diru-gosetik, ondasunek ez baitiote inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere.
Gero, parabola
hau kontatu zien: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia eman zion. Eta honela
hasi zen berekiko pentsatzen: “Zer egin, ez baitut uzta non jasorik?” Eta
beretzat esan zuen: “Badakit zer egin: mandio zaharrak bota eta handiagoak
egingo ditut eta hauetan jasoko neure garia eta gainerakoak. Gero, esango diot
neure buruari: Ea, mutil, baduk hor gordeta urteetarako ondasunik aski; hartu
atseden, jan, edan eta bizi hadi lasai”.
Baina Jainkoak
esan zion: “Burugabea halakoa! Gaur gauean bertan hil behar duzu. Norentzat
izango da pilatu duzuna?”»
Eta honela amaitu
zuen: «Horra zer gertatzen zaion, Jainkoarentzat aberats izan beharrean,
beretzat ondasunak pilatzen dituenari».
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko abustuaren 4a
ZORAKERIAREN AURKA
Egunetik
egunera ezagunagoa dugu hogeita hamar urteetan Jesusek bizi izan zuen Galileako
egoera sozial eta ekonomikoa. Seforis eta Tiberiades hirietan aberastasuna
handituz zihoan bitartean, herrixketan haziz zihoan gosea eta miseria.
Landa-jendea lurrik gabe geldituz zihoan eta lurjabe handiek silo eta mandio
handiagoak eraikitzen zituzten.
Kontakizun
koxkor batean, Lukasek gorde digun honetan, Jesusek egoera hartaz zer
pentsatzen duen agertu digu: Jainkoak nahi izandako egitasmoaren hain kontrakoa
den egoeraz, guztientzat gizakoiagoa izango litzatekeen munduaren hain
kontrakoa den egoeraz. Ez dakar parabola hau lurjabe handiek egiten dituzten
abusuak eta zapalketat salatzeko, baizik eta bizi duten zorakeria agerian
jartzeko.
Lurjabe
aberats batek uzta handi bat izan du. Ez daki nola kudeatu, nola gobernatu,
hain handia den aberastasun handi hori. «Zer egin nezake?» Haren bakarrizketak
boteretsuen logika zoroa agertzen digu: aberastasunak eta ongizatea metatzea
bakarrik dute kaskoan, beharrean direnak beren begi-bistatik apartatuz.
Parabolako
aberatsak bere bizitza planifikatu eta erabakiak hartu ditu. Mandio zaharrak
bota eta beste handiago batzuk eraikiko ditu. Bere uzta guztia jasoko du
haietan. Urte askotako ondasunak metatuko ditu. Aurrerantzean, gozatzea
bakarrik izango du helburu: «etzan hadi, jan, edan eta emaiok lasai
bizitzeari». Ustekabean, Jainkoak eten dizkio bere asmoak: «Zoroa, gau honetan
berean bizitza eskatuko diate. Metatu duana, zeinentzat izango duk?»
Gizon
honek bere ondasun ugariz gozatzera mugatu du bere bizitza. Bere bizitzaren
erdian bere burua bakarrik jarri du eta bere ongizatea. Jainkoa absente du.
Beraren lurra lantzen duten soldatapekoak ez dira existitzen. Goseari kontra
nola egingo bizi diren herrixketako familiak ez dira ezer. Jainkoaren epaia
biribila da: bizitza-mota hori zorakeria hutsa da eta burugabekeria.
Gure
egun hauetan, mundu guztian, esateko, era kezkagarrian ari da handitzen
desberdintasuna. Hau da gertaerarik ilunena eta gizagabeena: «aberatsak, batez
ere aberatsenak, askoz aberatsago egiten ari dira; pobreak, berriz, batez ere
pobreenak, askoz pobreago egiten» (Zygmunt Bauman).
Gertakari
hau ez da gauza normala. Soil-soilik, gizakiok egiten ari garen zorakeria
handienaren azken ondorioa da: Gizadiaren lankidetza adiskidetsuaren,
solidaritatearen eta guztien ona bilatzearen ordez, lehiaketa, etsaigoa eta
ondasunen metaketa Planetako boteretsuenen eskuetan jartzea da egiten ari
garena.
Jesusen
Elizatik, Ludi osoan presente den Elizatik, beren deiadarra entzunarazi beharko
lukete Jesusen jarraitzaileek hain handia den zorakeria horren aurka, eta beren
erreakzioa agertu beharko lukete giza historia gaur egun gidatzen duen
ereduaren aurka.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko abustuaren 1a
ZORAKERIA MOZORROTIKA ATERA
«Aberats
zoroaren» parabola labur honen protagonista Jesusek Galilean ezagutu zituen
lurjabe handi haien antzekoa da. Jende boteretsua, nekazariak errukirik gabe
esplotatzen zituena, bere ongizatea handitu beste asmorik ez zuena. Jendeak
beldurra zion eta inbidia: dudarik gabe, zoriontsuenak ziren. Jesusentzat,
berriz, zoroenak.
Bere
usteak gainditu dituen uztaren handitasunaz harriturik, gogoeta egin beharrean
gertatu da gure lurjabe aberats hori: Zer egin nezake? Bere baitan mintzo da.
Haren ingurumarian ez da ageri beste inor. Ematen du ez duela emazterik, ez
seme-alabarik, ez adiskide edo auzokorik. Ez dio axola bere lurretan lan egiten
duten nekazariez. Bere ongizatea du ardura guztia eta beste aberastasunak: ene
uzta, ene aletegiak, ene ondasunak, ene bizitza …
Aberatsa
ez da konturatzen hesiturik bizi dela bere baitan, pertsona izaten uzten ez
dion logikaren morroi bizi da. Pilatzeko soilik bizi da, metatzeko, bere
ondasun materialak handitzeko: «Biltegi handiagoak egingo ditut eta hara jasoko
nire ale guztia, nire uzta guztia. Eta orduan esango diot neure buruari: Hadi
ezak, baduk pilaturik ondasunik asko urtetako; etzan hadi, emaiok jateari eta
ondo bizitzeari».
Baina
bat-batean, uste ez duela, Jainkoa tartekatzen du Jesusek. Jainkoaren hitzak
eten ditu aberatsaren ametsak eta ilusioak: «Zoroa halakoa, gaur gauean heure
bizitza eskatuko diate. Metatu duana, zeinentzat izango duk?» Horixe da
Jainkoaren epaia: porrota eta zorakeria da aberats honen bizitza.
Aletegiak
handitu ditu, baina ez da gauza izan bere bizitzaren ingurumaria zabaltzeko.
Bere aberastasunak ugaldu ditu, baina bere bizia txikiago eta pobreago eginez.
Ondasunak metatu ditu, baina ez daki zer den adiskidetasuna, maitasun eskuzabala,
alaitasuna, solidaritatea. Ez daki ematen eta partekatzen, soilik biltzea dio
axola. Zer da horren bizitzan gizatasunetik?
Jasaten
ari garen ekonomi krisia «askoguraren krisia» da: lurralde aberatsek, banketxe
handiek, lurreko boteretsuek … geure ahalbideen gainetik bizi nahi izan dugu,
ongizatea mugarik gabe nola metatu amestuz, pobretasunean eta gosetean gero eta
gehiago murgiltzen ari direnez ahaztuz. Baina, bat-batean, lur jo du gure
segurtasunak.
Krisialdi
hau ez da beste bat gehiago. «Aldien ezaugarria da», ebanjelioaren argian
irakurri beharko genuke. Ez da zail Jainkoaren ahotsa entzutea geure
kontzientzian: «Aski da halako zorakeria eta halako solidaritate-ez
horretatik». Ez ditugu sekula gaindituko geure ekonomi krisialdiak baldin eta
geure biziera sakon kanbiatzen saiatzen ez bagara: era soilagoan bizi beharra
dugu, geure ongizatea partekatu beharra dugu.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.