José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2013ko urriaren 6a
Urteko 27. Igandea (C)
EBANJELIOA
Sinesmena bazenute!
+ Jesukristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 17,5-10
Egun haietan,
Apostoluek eskatu zioten Jaunari:
– Gehi ezazu
sinesmena guregan.
Jaunak erantzun
zuen:
– Sinesmena
bazenute, mostaza-hazia bezain txikia izanik ere, pikondo honi «Atera hortik
eta landatu itsasoan» esango zeniokete, eta obeditu egingo lizueke.
«Emazue zuetako
batek morroi bat duela soro-lan edo artzaintzarako. Morroia etxeratzean, “Hator
berehala mahaira” esaten ote dio? Ez ote dio beste hau esaten: “Presta iezadak
afaria, jantzi amantala eta zerbitza nazak, nik afaldu bitartean; ondoren,
afalduko duk hik ”? Morroiari esker ona zor ote dio agindua bete duelako?
Zuek ere berdin:
agindu zaizuen guztia egin eta gero, esan: “Morroi gizagaixo batzuk gara; egin
behar genuena besterik ez dugu egin”».
Jaunak esana.
HOMILIA
2013ko urriaren 6a
FEDEDUN AL GARA?
Hainbat
aldiz errepikatu izan zien Jesusek kexu hau: «Bai koxkorra dela zuen fedea!»
Ikasleek ez dute protestarik egiten. Badakite arrazoia duela. Aski denbora
daramate haren ondoan. Jainkoaren Egitasmoari erabat emanik dakusate; ez du
buruan nola on egingo besterik; soilik, guztien bizitza duinago eta gizatarrago
nola egingo bizi da. Jarraitu ahalko ote diote azkeneraino?
Lukasen
arabera, une jakin batean, ikasleek diotsote Jesusi: «Handitu iezaguzu fedea».
Sentitzen dute fede koxkorra eta ahula dutela. Jainkoagan konfiantza handiagoa
izan beharra dute eta Jesusengan gehiago sinetsi beharra. Ez diote ulertzen oso
ondo, baina ez diote dudarik agertzen. Hain juxtu, gauzarik garrantzizkoena
dagite: laguntza eskatu beren fedea hazteko.
Gaur
egungo krisi erlijiosoak ez ditu errespetatzen betetzaileak berak ere.
Fededunez eta fedegabeez mintzatu ohi gara, bi talde guztiz zehazak bailiran:
batzuek fedea dute, besteek ez. Izatez, ordea, ez da horrelakorik. Kasik beti,
gizakiaren bihotzean bi hauek gertatu ohi dira batera: fededun bat eta fedegabe
bat. Beraz, «kristau» izenekook galdera behar dugu egin: Zinez al gara fededun?
Nor da Jainkoa guretzat? Maite al dugu? Hark al du gidatzen gure bizitza?
Fedea
makaldu daiteke gugan, dudak inoiz jotzen ez bagaitu ere. Zaintzen ez badugu,
pixkana-pixkana saretzen joan daiteke gure barnean, ohitura huts gertatzeraino,
badaezpada uzten ausartzen ez bagara ere. Mila gauzaren inguruan zabarturik, ez
gara iristen jada Jainkoarekin hitz egitera. Egitez, hura gabe bizi ohi gara.
Zer
egin? Egia esateko, ez da behar gauza askorik. Alferrik izango litzateke asmo
handiak hartzea, zeren segur aski ez baikenituzke beteko. Lehenengo gauza
otoitz egitea da, egun batean Jesusengana hurbildu eta hau esan zion ezezagun
hark bezala: «Sinesten dut, Jauna, baina zatozkit laguntzera neure
fedegabetasun honetan». On da hitz horiek errepikatzea bihotz xumez. Jainkoak
ulertzen digu. Esnatuko du hark gure fedea.
Ez
dugu hitz egin behar Jainkoarekin, hura gure baitatik kanpo balego bezala.
Geure barruan dugu hura. Hoberena, begiak ixtea da eta isilik gelditzea, haren
Presentzia sentitu eta onartzeko. Ez dugu jardun behar hartaz pentsa eta
pentsa, soilik gure buruan balego bezala. Gure izatearen barruenean dago hura.
Geure bihotzean bilatu behar dugu hura.
Garrantzizko
gauza da behin eta berriz jardutea, lehenengo esperientzia izan arte, pobreena
izanik ere, unetxo bakan batzuk irauten badu ere. Egunen batean sumatzen badugu
ez gaudela bakarrik bizitzan, atzematen badugu Jainkoak maite gaituela guk
merezi gabe, dena aldatuko da orduan. Ez du axola hartaz ahazturik bizi izana.
Jainkoagan sinestea, beste ezer baino lehen, guretzat duen maitasunaz fidatzea
da.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2010ko urriaren 3a
HANDITU, JAUNA, GURE FEDEA
Era
latzean, bizi ez biziko eskari hau egin diote ikasleek Jesusi: «Handitu, Jauna,
gure fedea». Beste batean esan zioten: «Erakutsi guri otoitz egiten».
Jainkoaren egitasmoa eta gomendatu nahi dien egitekoa Jesusek erakutsi ahala,
ikasleak jabetu dira ez dutela nahikoa txikitatik bizi duten fede hura haren
deiari erantzun ahal izateko. Fede adoretsuagoa eta indartsuagoa behar dute.
Hogei
mende baino gehiago dira. Historian barna, Jesusen ikasleek Ebanjelioarekiko
leialtasun-urteak bizi izan dituzte, baita desleialtasun-urte ilunak ere. Fede
jatorreko aldiak eta baita krisialdikoak eta duda-mudazkoak. Ez ote gara gu ere
Jaunari eskatu beharrean gure fedea handitu dezan?
Jauna,
handitu gure fedea. Erakutsi guri fedea ez datzala zerbait sinestean, baizik
zugan, Jainkoaren seme gizon egin horrengan, sinestean, gure barrua zure
Espirituari irekitzeko, zure Hitzak atzeman gaitzan uzteko, zure biziera
bizitzen ikasteko eta zure urratsei hurbiletik jarraitzeko. Zu bakarrik zara
«gure fedearen hasiera eta betetzailea».
Jauna,
handitu gure fedea. Emaguzu erdigunetzat funtsezkoa izango duen fedea, zure
Ebanjelioaren muinetik urruntzen gaituzten eranskinetatik eta adabaki
gehigarrietatik garbitua. Erakuts iezaguzu aldi honetan fedea bizitzen, ez
kanpoko euskarrietan sostengatua, baizik zure presentzia bizia geure bihotzean
eta geure elkarte fededunetan biziz.
Jauna,
handitu gure fedea. Egizu izan ditzagula zurekin bizi-harremanak era
sakonagoan, jakinik zu zaitugula, gure Maisu eta Jaun hori, Elizan dugun
guztietan lehenengoa, hoberena, baliotsuena eta erakargarriena. Emaguzu fede
kutsagarria, kristautasunaren aro berri batera bidera gaitzakeena, zure
Espirituari eta zure ibilbideari leialagoa den kristautasunera.
Jauna,
handitu gure fedea. Biziaraz gaitzazu Jainkoaren erreinuko zure egitasmoarekin
bat eginez, zinez eta konbentzimenduz parte hartuz, bizitza gizatarrago
egiteko, Aitak nahi bezala. Lagundu gaitzazu geure fedea apal bizi dezagun,
Jainkoarekiko suaz eta gizakiarekiko errukiaz.
Jauna,
handitu gure fedea. Erakuts iezaguzu bizitza era ebanjelikoagoan bizitzen,
kristautasun urardotua bizitzera mugatu gabe, gatza gezatu gabe eta Elizak modu
harrigarrian bere legamia-izaera galdu gabe. Iratzar ezazu gure artean lekukoen
eta profeten fedea.
Jauna,
handitu gure fedea. Ez gaitzazu erotzen utzi gurutzerik gabeko kristautasun
batean. Erakuts iezaguzu aurkitzen fedea ez datzala komeni zaigun Jainkoagan
sinesten, baizik gure erantzukizuna sendotzen eta maitatzeko gure ahalmena
garatzen duen hartan. Erakuts iezaguzu zuri jarraitzen egunean eguneko gurutzea
hartuz.
Jauna,
handitu gure fedea. Suma zaitzagula gure artean pizturik, gure bizitza
eraberrituz eta gure elkarteak arnastuz.
José Antonio Pagola
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.