José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
2014ko martxoaren 30
Garizumako 4. Igandea (A)
EBANJELIOA
Joan zen, bada,
garbitu eta ikusten zuela itzuli zen.
+
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 9, 1-41
Egun habietan, bidez zihoala, jaiotzatik
itsua zen gizon bat ikusi zuen Jesusek. Eta ikasleek galdegin zioten:
–Maisu, zeinek egin zuen bekatu hau itsu
jaiotzeko, beronek ala beronen gurasoek?
Jesusek erantzun zien:
–Ez beronek, ez beronen gurasoek, ez zuten
bekatu egin, baizik eta Jainkoaren egintzak honengan ager daitezen jaio zen
itsu.
Egun-argi den bitartean, bidali nauenaren
egintzak bete behar ditut; badator gaua, eta orduan ezin izango du inork lanik
egin.
Munduan naizen bitartean, munduaren argia
naiz.
Hau esanik, lurrera listua bota, listuaz
lohia egin eta lohiaz itsuari begiak igurtzi zizkion.
Gero, esan zion:
–Zoaz garbitzera Siloeko ur-putzura (Siloek
«Bidalia» esan nahi du).
Joan zen, bada, garbitu eta ikusten zuela
itzuli zen.
Auzokoek eta lehen eskean ikusi ohi zutenek
esaten zuten:
–Ez al da hau eserita eskean egoten zena?
Batzuek zioten:
–Bai, huraxe da.
Beste batzuek, berriz:
–Ez, ez da hura, haren antzeko bat baino.
Berak, ordea, zioen:
–Bai, neu nauzue.
Haiek galdetu zioten:
–Nola ikusten duzu, bada, orain?
Hark erantzun zien:
–Jesus delakoak listuaz lohia egin du, begiak
igurtzi dizkit eta agindu: «Zoaz Siloera eta garbitu han»; joan, garbitu eta
ikusten hasi naiz.
Orduan, galdegin zioten:
–Non da orain gizon hori?
Hark erantzun:
–Ez dakit.
Larunbata zen Jesusek lohia egin eta begiak
ireki zizkion eguna. Horregatik, fariseuengana eraman zuten itsu izandako hura,
eta fariseuek berriro galdegin zioten ea nola hasi zen ikusten. Hark erantzun
zien:
–Lohia ezarri zidan begietan, garbitu nintzen
eta ikusi egiten dut.
Orduan, fariseuetariko batzuek zioten:
–Gizon hori ez dator Jainkoarengandik, ez
baitu atseden-eguna errespetatzen.
Beste batzuek, berriz, zioten:
–Nola egin lezake bekatari batek horrelako
mirarizko seinalerik?
Eta ez zetozen bat beren iritzietan.
Orduan, berriro galdetu zioten itsuari:
–Eta zuk, zer diozu begiak ireki dizkizunaz?
Hark erantzun:
–Profeta dela.
Judu-agintariek, ordea, ez zuten sinetsi nahi
gizon hura itsu izan eta gero ikusten hasi zenik. Beraz, haren gurasoei deitu
eta galdegin zieten:
–Hau al da zuen semea, itsu jaio zela diozuena?
Nola ikusten du, bada, orain?
Gurasoek erantzun zieten:
–Guk dakiguna da gure semea dela eta itsu
jaio zela; baina orain nola ikusten duen edo begiak nork ireki dizkion, hori ez
dakigu. Galdegin berari, badu adina-eta bere buruaren berri emateko.
Gurasoek agintarien beldur zirelako erantzun
zuten horrela, ordurako agintariek erabakia baitzuten Jesus Mesias zela
aitortzen zuena beren elkartetik botatzea.
Horregatik esan zuten gurasoek: «Badu adina,
galdegin berari».
Agintariek itsu izandakoari bigarren aldiz
dei egin eta esan zioten:
–Aitortu egia Jainkoaren aurrean. Guk
badakigu gizon hori bekatari dela.
Hark erantzun zien:
–Ez dakit bekatari den ala ez. Dakidan gauza
bakarra hauxe da: itsu nintzela eta orain ikusi egiten dudala.
Haiek, berriro:
–Zer egin dizu? Nola
ireki dizkizu begiak?
Eta hark erantzun:
–Esan dizuet, eta ez didazue jaramonik egin.
Zergatik nahi duzue berriro entzun? Zuek ere haren ikasle izan nahi duzue, ala?
Haiek irainez bete eta esan zioten:
–Zeu zara, zu, haren ikasle; gu Moisesen
ikasle gara. Guk ziur dakigu Moisesi Jainkoak hitz egin ziola, baina hori
nongoa den ere ez dakigu.
Hark ihardetsi zien:
–Hori bai harrigarria! Zuek nongoa den ere jakin ez, eta horrek niri
begiak ireki. Jakina da Jainkoak ez diola bekatariari entzuten, baizik eta
berari begirune izan eta beraren nahia betetzen duenari entzuten diola
Jainkoak.
Egundaino ez dugu entzun itsu jaiotako bati inork begiak ireki
dizkionik. Gizon horrek, Jainkoarengandik ez baletor, ezin izango luke ezer ere
egin.
Haiek erantzun zioten:
–Goitik beheraino bekatari jaio zinen, eta zu guri irakatsi nahian?
Eta elkartetik kanpora bota zuten.
Jakin zuen Jesusek sendatutako itsua
elkartetik kanpora bota zutela eta, harekin topo egitean, galdetu zion:
–Sinesten duzu Gizonaren Semearengan?
Hark erantzun:
–Esadazu nor den, Jauna, sinets dezadan.
Jesusek esan zion:
–Ikusi duzu. Zurekin ari dena bera da.
Orduan, Jesusen aurrean ahuspeztu eta esan
zion:
–Sinesten dut, Jauna.
Ondoren, esan zuen Jesusek:
–Mundu hau auzitan jartzera etorri naiz ni.
Ondorioz, ikusten ez dutenek ikusi egingo dute, eta ikusten omen dutenak itsu
bihurtuko.
Jesusekin zeuden fariseuetako batzuek, hori
entzunik, esan zioten:
–Gu ere itsu ote gara?
Jesusek erantzun zien:
–Itsu bazinete, ez zenukete bekaturik izango;
baina ikusten duzuela diozuenez, zeuen bekatuzko egoeran irauten duzue.
Jaunak esana.
HOMILIA
2014ko martxoaren 30a
BAZTERTUENTZAT
Jaiotzez
da itsua. Ez berak, ez gurasoek dute inolako errurik, baina bere zoria markatua
du betiko. Jainkoak zigortu duen bekataritzat hartu du jendeak. Ikasleek
galdetu diote Jesusi ea zeinena den bekatua: itsuarena berarena ala haren
gurasoena.
Beste
era batean begiratu dio Jesusek. Ikusi duen momentutik, hura bere zoritxarreko
eskale-bizitzatik ateratzea erabaki du, jende guztiak gutxiesten badu ere,
bekataritzat hartuz. Jainkoaren deia sentitzen du Jesusek: hain juxtu ere,
baztertua eta umiliatua den jendea defenditzeko, onartzeko eta sendatzeko deia.
Itsuak,
berak ere Jesusekin lan egin eta sendatze neketsu baten ondoren, lehen aldiz
ikusi du argia. Jesusekin topo egin egin izanak kanbiatu egin du haren bizitza.
Noizbait ere, gozatu ahal izango du bizitza duin batez, inoren aurrean lotsatu
gabe.
Oker
pentsatu du, ordea. Gidari erlijiosoek beharturik sentitu dira erlijioaren
garbitasuna kontrolatzera. Haiek, berek dakite zein den bekatari eta zein
bekaturik gabe. Haiek, berek erabakiko dute itsu izana elkarte erlijiosoan
onartzekoa den ala ez.
Alabaina,
sendatua izan den eskaleak argiro aitortzen du Jesus izan dela hurbildu zaiona
eta sendatu duena; baina fariseuek uko egiten diote haserre bizian: «Guk
badakigu gizon hori bekataria dela». Eskaleak Jesus defenditzeari eutsi nahi
dio: profeta bat da, Jainkoagandik dator. Fariseuek ezin jasan dute:
«Bekatupean jaio zinen burutik oinetara, eta gure irakasle izan nahi al duzu?»
Ebanjelariak
dio: «kanpora bota zutela entzun zuenean, haren bila joan zen Jesus». Labur
mintzatu dira biak. Jesusek galdetu dionean ea Mesiasengan sinesten duen,
kanpora bota dutenak diotso: «Eta, nor da, Jauna, harengan sinets dezadan?»
Hunkiturik erantzun dio Jesusek: Ez da zugandik urrun. «Bera ikusten ari zara;
mintzo zaizuna, horixe da». Eta eskaleak: «Sinesten dut, Jauna».
Horrelakoa
da Jesus. Beti bidera irteten zaie erlijioak ofizialki onartzen ez dituenei.
Jesusek ez ditu zapuzten bere bila dabiltzanak eta maite dutenak, elkarte eta
erakunde erlijiosoek zokoratzen badituzte ere. Gure elizetan lekurik ez dutenek
leku berezi-berezia dute Jesusen bihotzean.
Zeinek
eramango die, gaur egun, Jesusen mezu hori talde horiei, edozein momentutan
gidari erlijioso itsuengandik kondena publiko zuzengabeak entzuten dituzten
horiei?, gure eukaristietan bakean ezin jaunartu duten horiei?, Jesusekiko
beren fedea beren bihotzeko isiltasunean, kasik era ezkutu eta klandestinoan,
bizi beharrean gertatzen diren horiei? Adiskide ezezagunok, ez ahaztu:
kristauok uko egiten dizuegunean, bere harrera eskaintzen ari zaizue Jesus.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2011ko apirilaren 3a
FEDERAKO
BIDEAK
Ahaztezina da kontakizuna.
Tradizioz «Jaiotzetiko itsua sendatzea» deitzen zaio, baina askoz gehiago da;
ebanjelariak gizon baten barne-ibilbidea deskribatu digu, Jesusekin, «munduaren argi» den horrekin, topo egin
arte ilunpean galdurik ibili den gizon batena.
Ez dakigu haren izenik. Hauxe
dakigu soilik: eskalea dela, jaiotzetik itsua, tenpluaren atarian limosna eske
egon ohi dela. Ez daki argia zen den. Ez du ikusi sekula. Ezin ibili da, ez du
nondik norako gaitasunik. Ilunpean bizi da. Ezin ezagutuko du sekula bizitza
duin bat.
Behin batean, ordea, Jesus sartu
da haren bizitzan. Itsuak halako premia du, non begiak igurzten uzten baitio.
Ez daki zein den, baina konfiantza du haren indar sendatzailean. Jesusen esana
eginez, Siloeko ur-putzuan garbitu ditu begiak, eta ikusten hasi da lehen
aldiz. Jesusekin topo egin izanak aldatu egingo du haren bizitza.
Auzokoek eraldaturik ikusi dute.
Lehengoa bera da, baina beste bat ematen du. Bere esperientzia argitzen die: «Jesus izeneko gizon batek» sendatu du.
Ez daki beste ezer. Ez daki nor den, ez non den, baina begiak ireki dizkio.
Hain zuzen, Jesusek on egiten die bera gizon huts bezala aitortzen dutenei ere.
Fariseuek, erlijio-kontuan
adituak diren haiek, mila argibide eskatzen diote Jesusez. Bere esperientzia
kontatzen die: «gauza bakarra dakit:
itsua nintzela eta orain ikusten dudala». Jesusez zer iritzi duen galdetzen
diote, eta sentitzen duena esaten die: «profeta
dela». Harengandik hartua hain gauza ona da, non
gizon hori Jainkoagandik baitatorke. Horrela bizi du jende xume askok
Jesusenganako fedea. Ez daki teologiarik, baina sumatzen du Jainkoagandik
datorrela gizon hori.
Pixkana, eskalea bakarrik
gelditzen ari da. Gurasoek ez dute defenditu. Arduradun erlijiosoek kanpora
bota dute sinagogatik. Alabaina, Jesusek ez du uzten bera maite duen eta
bilatzen duen inor. «Bota zutela entzun
zuenean, haren bila joan zen». Jesusek bere bideak ditu bere bila
dabiltzanekin topo egiteko. Ezin eragotzi dio inork.
Jesusek, inork ez diola ulertzen
ematen duen gizon harekin topo egitean, galdera bakarra egin dio: «Sinesten al duzu Gizonaren Semeagan?»
Sinesten al duzu Gizon Berriagan? Hain juxtu, Jainkoaren ezin atzemaneko
misterioaren adierazpen eta gizakunde delako guztiz gizon den Gizonagan?
Eskalea presta da sinesteko, baina inoiz baino itsuago da: «Eta zein da, Jauna, harengan sinets dezadan?»
Jesusek diotso: «Ikusten duzun hauxe: mintzo zaizuna, hauxe
da». Itsuari begiak ireki zaizkio orain. Eta Jesusen aurrean ahuspeztu eta
diotso: «Sinesten dut, Jauna». Jesusi
entzunez bakarrik eta barnetik hark gida gaitzan utziz joaten gara fede beteago
eta, baita, apalago baterantz.
José Antonio Pagola
José
Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.