lunes, 31 de marzo de 2014

2014/04/06 - Garizumako 5. Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano ..... Eleaniztun


José Antonio Pagolaren homiliak.

Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.


-----------------------------------------------------------------------------------------------------------

2014ko apirilaren 6

Garizumako 5. Igandea (A)


EBANJELIOA

Neu naiz piztuera eta bizia.

+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 11, 1-45

Egun haietan, gizon bat, Lazaro zeritzana, gaixo zegoen. Betaniakoa zen, Maria eta honen ahizpa Martaren herrixkakoa. (Maria hau –gaixo zegoen Lazaroren arreba– Jauna ukenduz igurtzi eta oinak bere ile-adatsez xukatu zizkiona zen). Bi ahizpek Jesusi albistea bidali zioten: «Jauna! Zure adiskidea gaixo dago». Jesusek, hori jakitean, esan zuen: «Eritasun hau ez da heriotzara eramateko, Jainkoaren aintza azaltzeko baizik, beraren bidez Jainkoaren Semearen aintza azal dadin».
Marta, honen ahizpa eta Lazaro oso adiskide zituen arren, hau gaixo zegoela jakinda ere, Jesus beste bi egunez gelditu zen zegoen lekuan. Ondoren, esan zien ikasleei:
–Goazen berriro Judeara.
Ikasleek esan zioten:
–Maisu, oraintsu juduek harrika egin nahi zizuten, eta hara zoaz berriro?
Jesusek erantzun zien:
–Ez al ditu hamabi ordu egunak? Egunez dabilenak ez du estropezu egiten, eguzkiak argitzen baitio bidea; baina gauez dabilenak estropezu egiten du, ez baitu argirik.
Eta erantsi zuen:
–Lazaro gure adiskidea loak hartu du; baina banoa iratzartzera.
Esan zioten, orduan, ikasleek:
–Jauna, loak hartu badu, sendatuko da.
Jesusek Lazaroren heriotzaz esan zuen hori, baina ikasleek ohiko loaz ari zela uste zuten.
Azkenik, argi eta garbi esan zien Jesusek:
–Lazaro hil egin da, eta pozten naiz han ez izanaz, zeuen onerako izango baita, horrela sinets dezazuen. Goazen, bada, haren etxera.
Orduan, Tomasek, Bikia zeritzanak, bere ikaskideei esan zien: «Goazen gu ere, berarekin hiltzera».
Jesus iritsi zenean, jadanik lau egun zeramatzan Lazarok hilobian. Betania Jerusalemdik hurbil dago, hiru kilometrora edo; eta judu asko etorri zen Maria eta Martarengana, nebarengatik doluminak ematera. Marta, Jesus zetorrela entzun orduko, bidera irten zitzaion; Maria, berriz, etxean gelditu zen. Martak esan zion Jesusi:
–Jauna, hemen izan bazina, gure neba ez zen hilko. Baina, halere, badakit eska diezaiozun guztia emango dizula Jainkoak.
Jesusek erantzun zion:
–Piztuko da zure neba.
Eta Martak:
–Badakit, bai, piztuko dela azken egunean, hildakoen piztuerakoan.
Jesusek esan zion, orduan:
–Neu naiz piztuera eta bizia; niregan sinesten duena, hilda ere, biziko da.
Eta bizi dena, niregan sinesten badu, ez da betiko hilko. Sinesten al duzu hau?
Martak erantzun zion:
–Bai, Jauna, sinesten dut zeu zarela Mesias, Jainkoaren Semea, mundura etortzekoa zena.
Ondoren, Marta bere ahizpa Mariari dei egitera joan zen, eta esan zion isilka: «Maisua hemen dun eta hots egiten din».
Berehala jaiki eta Jesusengana joan zen. Jesus artean herrixkan sartu gabe zegoen, Martak topatu zuen lekuan bertan. Orduan, hari doluminak ematen etxean zeuden juduek, Maria arin jaiki eta irten egin zela ikusirik, jarraitu egin zioten, hilobian negar egitera zihoalakoan. Mariak, Jesusengana iritsi eta ikustean, oinetara ahuspeztu eta esan zion: «Jauna, hemen izan bazina, gure neba ez zen hilko».
Jesusi, orduan, Maria eta beronekin zetozen juduak negarrez ikusirik, barruak zirrara egin zion eta, zeharo hunkiturik, esan zuen:
–Non ipini duzue?
Erantzun zioten:
–Jauna, zatoz eta ikusi.
Jesusek negarrari eman zion.
Han zeuden juduek esan zuten:
–Bai maite zuela!
Baina batzuek esan zuten:
–Itsuaren begiak ireki zituen honek, ezin ote zuen hau hiltzea galarazi?
Jesus, ostera ere hunkiturik, hilobira hurbildu zen. Hartzulo bat zen, harri batez estalia.
Jesusek esan zuen:
–Kendu harria.
Martak, Lazaro zenaren arrebak, erantzun zion:
–Jauna, kiratsa botako du, lau egun daramatza eta.
Jesusek erantzun zion:
–Ez dizut, bada, esan, sinesten baduzu Jainkoaren aintza ikusiko duzula?
Kendu zuten, bada, harria. Jesusek, begiak zerurantz jasorik, esan zuen: «Eskerrak zuri, Aita, entzun didazulako.
Nik badakit beti entzuten didazuna; baina inguruan den jendearengatik diot, zuk bidali nauzula sinets dezaten».
Ondoren, ozenki egin zuen deiadar: «Lazaro, zatoz kanpora!»
Eta hildakoa hartzulotik irten zen. Esku-oinak oihal-zerrendaz loturik eta aurpegia zapi batez estalirik zituen. Jesusek esan zien: «Aska ezazue eta utzi joaten».
Jesusek egina ikusi zutenean, Maria ikustera joandako judu askok sinetsi zuten harengan.

Jaunak esana.

HOMILIA

2014ko apirilaren 6a

NEGAR EGITEN DAKIEN PROFETA BAT

Jesusek ez du sekula ezkutatu Betanian bizi diren hiru anai-arrebekiko bere txera. Segur aski, Jerusalemera igotzen den bakoitzean beren etxean hartzen dutenak dira. Behin batean abisu eman zioten Jesusi: Lazaro gure anaia, «zure adiskidea», gaixo da. Handik pixka batera, herrixka hartarako bidea hartu du Jesusek.
Iritsi denean, Lazaro hila da. Jesus ikusi duenean, Mariak, arreba gazteenak, negarrari eman dio. Ezin kontsolatu du inork. Maria bere adiskidea eta hark lagun dituen juduak negarrez ikustean, Jesusek ezin eutsi dio. Haiek bezala, berak ere «negarrari eman dio». Jendeak komentatu du: «Nola maite zuen!»
Jesus ez da negarrez ari, oso maitea duen adiskide bat hil delako bakarrik. Herioaren aurrean gizon-emakume guztiek duten ezina sentitzeak urratzen dio bihotza. Guztiok dugu geure izatearen barruenean aseezineko bizi nahia. Zer dela-eta behar dugu hil? Zer dela-eta ez da gure bizia zoriontsuagoa, luzeagoa, seguragoa, biziagoa?
Gaur egungo jendeak, beste edozein garaitakoak bezala, iltzaturik du bihotzean galdera hau: kezkagarriena eta erantzuteko zailena den hau. Zer izango da guztion eta gutako bakoitzaren azkena? Alferrik da geure burua engainatu nahi izatea. Zer egin dezakegu? Asaldatu? Lur jota gelditu?
Dudarik gabe, arazoaz ahaztea izan ohi da erreakziorik orokorrena eta existitze hutsean jarraitu nahi izatea. Alabaina, gizakia ez al da bere bizia biziro bizitzeko egina, bere bizia azti eta erantzukizunez bizitzeko egina? Era oharkabean eta erantzukizunik gabe iritsi behar ote dugu geure azkenera, inolako jarrerarik hartu gabe?
Geure zoriaren azken misterioaren aurrean ezin dugu jo dogma zientifiko edo erlijiosoetara. Halakoek ezin gida gaitzakete oraingo bizitza hau baino harago. Jatorragoa ematen du Eduardo Chillida ekultorearen jarrerak, zeini, behin batean, entzun bainion: «Heriotzaz, arrazoiak esaten dit behin betikoa dela. Arrazoiaz, arrazoiak esaten dit mugatua dela».
Beste biziaz, kristauok ez dakigu gainerako jendeak baino gehiago. Guk ere, apal-apal hurbildu beharra dugu geure heriotzaren gertaera ilun horretara. Baina erro-errotiko konfiantzaz egiten dugu hori, Jesusengan sumatzen dugun Jainkoaren Misterioaren Ontasunari begira. Ikusi ez badugu ere, maite dugun Jesus horretaz ari naiz; oraino ikusi ez badugu ere, geure konfiantza eskaintzen diogun Jesus horretaz.
Konfiantza hori ezin ulertu da kanpotik. Halakoak bakarrik bizi dezake: fede xumeaz, Jesusen hitz hauei erantzun bat eman dien hark: «Neu naiz piztuera eta bizia. Sinesten al duzu hori?» Duela gutxi, Hans Küng-ek, hogeigarren mendeko teologorik kritikoena den horrek, jada bere azkenetik hurbil, esan du, berarentzat hiltzea «Jainkoaren misterioaren errukian atseden hartzea dela».


José Antonio Pagola

HOMILIA

2011ko apirilaren 10a

GURE ESPERANTZA

Harrigarria da Lazaroren piztueraren kontakizuna. Batetik, inoiz ez bezalako ageri da Jesus une honetan: gizatar, hauskor eta bihotzeko; izan ere, bere adiskiderik onetakoa hil zaio. Bestetik, inoiz ez bezalako gonbita egin digu: bere ahalmen salbatzailean sinestera: «Neu naiz piztuera eta bizia: nigan sinesten duena, hilik ere, biziko da… Sinesten al duzu hau?»
Jesusek ez du ezkutatu Betaniako hiru neba-arreba horiekiko maitasuna; segur aski, etxean hartzen baitzuten Jerusalemera zetorren bakoitzean. Behin batean Lazaro gaixotu da eta haren arrebek mandatua bidali diote Jesusi: gure neba, «hainbeste maite duzuna» gaixo da. Jesus herrixkara iristean, Lazarok lau egun daramatza hobiraturik. Jada ezin du inork ere hura bizitzara ekarri.
Familia jota dago. Jesus aurkeztean, negarrari eman dio Mariak. Ezin kontsolatu du inork. Bere adiskidearen negar-zotinak entzutean, Jesusek ere ezin eutsi dio eta negarrari eman dio. Bihotza lehertu zaio heriotzaren aurrean guztien ezina sumatzean. Nork kontsolatzen ahal gaitu?
Bada gu baitan bizi-nahi aseezin bat. Egunak eta urteak ematen ditugu bizitzeko borrokan. Zientziara jotzen dugu eta, nagusiki, medizinara, bizitza biologiko hau luzatzeko; baina beti da azken gaixotasun bat, inork ere sendatu ezina.
Ez liguke balio izango bizitza hau betiko bizitzeak ere. Izugarria izango litzateke mundu zaharkitu bat, jende zaharrez betea, gazteentzat geroz eta toki gutxiago lukeena, mundua zeinetan ez bailitzateke bizitza berritzen joango. Desio duguna beste bizitza bat da, oinazerik eta zahartzerik gabea, goserik eta gerlarik gabea, bizitza guztiz zoriontsua guztientzat.
«Ziurtasunik gabeko gizarte» (Z. Bauman) bezala deskribatu izan den gizarte batean bizi gara gaur. Inoiz ez zuen izan gizakiak gaur adinako ahalmenik bizitza zoriontsuago baterantz egiteko. Eta, halaz guztiz, agian inoiz ez da sentitu hain ahalgabe etorkizun ziurtasunik gabeko eta mehatxagarri baten aurrean. Zer espero dezakegu?
Aldi guztietako gizakiak bezala, gu ere ilunak inguraturik bizi gara. Zer da bizitza? Zer da heriotza? Nola bizi behar da? Nola hil behar da? Lazaro piztu aurretik, bere jarraitzaileentzat erronka erabakitzaile diren hitz hauek esan dizkio Jesusek Martari: «Neu naiz piztuera eta bizia: nigan sinetsiko duena, hilik ere, biziko da… Sinesten al duzu hau?»
Zalantza, ilunaldiak eta guzti, kristauok Jesusengan sinesten dugu, biziaren eta heriotzaren Jaun horrengan. Jesusengan bakarrik bilatzen dugu argia eta indarra biziaren alde borroka egiteko eta heriotzari aurre egiteko. Jesusengan bakarrik aurkitzen dugu bizi esperantza bizitza hau baino harago.

José Antonio Pagola




Blog:               http://sopelakoeliza.blogspot.com

José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
                        http://iglesiadesopelana3v.blogspot.com


No hay comentarios:

Publicar un comentario

Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.