Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 23. Igandea (A)
EBANJELIOA
Jaramon egiten badizu, irabazia duzu senidea.
+ Jesu
Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 18, 15-20
Aldi haietan,
Jesusek esan zioten ikasleei:
«Zure senide
batek bekatu egiten badu, zoaz berarengana eta zentzarazi bakarrean. Jaramon
egiten badizu, irabazia duzu senidea.
Jaramonik egiten
ez badizu, berriz, hartu zeurekin lagun bat edo bi, auzi oro bi edo hiru
lekukoren aitorpenaz erabaki dadin.
Haiei ere
jaramonik egiten ez badie, esaiozu elkarteari, eta elkarteari ere jaramonik
egin nahi ez badio, izan bedi zuretzat jentil edo zergalari baten pareko.
«Benetan diotsuet: Zuek mundu honetan lotua, zeruan ere lotua
geldituko da, eta zuek mundu honetan askatua, zeruan ere askatua geldituko da.
«Beste hau ere esaten dizuet: Zuetako bik mundu honetan Jainkoari
zerbait eskatzeko elkar hartzen badute, eman egingo die zeruko nire Aitak.
Izan ere, nire izenean bizpahiru lagun nonbait biltzen badira, han
nago ni beraien artean».
Jaunak esana
HOMILIA
2014ko irailaren 7an
GURE ARTEAN DAGO
Jesusen
hitzak, Mateok dakartzanak, joan-etorri handikoak dira kristau-elkarteen
bizitzarako; halaz guztiz, arreta txikia eskaintzen diete askotan iruzkingileek
eta predikariek. Hona Jesusen promesa: «Nire izenean bi edo hiru lagun
elkartuko diren lekuan, han nagoke ni haien artean».
Jesusek
ez ditu buruan ospakizun jende-jendetsuak, Erromako San Pedro plazakoak
bezalakoak. Bi edo hiru bakarrik badira ere, han dagoke bera haien artean. Ez
da beharrezkoa han hierarkia egotea; ez da beharrezkoa jende asko egotea
elkarturik.
«Elkarturik
egotea» da garrantzizkoa, eta ez barreiaturik, eta ez mokoka bata bestearen
aurka: ez daitezela bizi batak besteari izena nola kenduko. «Jesusen izenean»
bilduak izatea da funtsezko gauza: haren deia entzutea, Jainkoaren Erreinuaz
duen hark duen egitasmoarekin bat egitea. Talde txikiaren erdigunea Jesus bera
izatea.
Jesusen
presentzia bizi eta egiazko honek animatu, gidatu eta sostengatu behar du haren
jarraitzaileen elkarte txikia. Jesusek arnastu behar ditu taldetxoaren otoitza,
ospakizuna, egitasmoak eta jarduerak. Presentzia hau da kristau-elkarte bizi
baten giltzarria.
Kristauok
ezin bildu gara nolanahi, gaur egun, geure talde eta elkarteetan: ohituraz,
hala egiten delako, eginbehar erlijioso bat betetzeko. Asko edo, agian, gutxi
izango gara. Garrantzizkoa Jesusen izenean elkartzea da, hark tira egiten
digulako eta mundua gizakoiago egiteko haren egitasmoari aurrera eragiteko.
Biziberritu
beharra dugu Jesusen elkartea garelako ustea. Haren Ebanjelioa entzuteko
elkartzen gara, haren oroitzapenari bizi-bizi eusteko, haren Espirituak guztiok
kutsatu gaitzan, haren pozari eta bakeari geure artean harrera ona eskaintzeko,
haren Berri Ona hots egiteko.
Kristau-fedearen
etorkizuna, hein handi batean, kristauon baitan dago, geure elkarte jakinetan,
ondorengo hamarraldietan, egingo dugunaren baitan. Ez da aski Frantzisko aita
santuak Vatikano inguruan egin lezakeena. Ezin jarri dugu geure esperantza
ondorengo urteotan ordenatuko den apaiz-taldetxoan ere. Jesu Kristo da gure
esperantza bakarra.
Geure
kristau-elkarteen erdigunetzat behar dugu hartu Jesus; hark bakarrik ematen ahal dio indarra gure
fede ahitu eta errutinazkoari; ark bakarrik erakar ditzake gaur egungo
gizon-emakumeak; hark bakarrik sor dezake fede berri bat federik eza nabari
zaion gaurko mundu honetan. Elizaren erdi-erdiko guneak eraberritze premia
gorrikoa da. Erreformarako dekretuak beharrezkoak dira. Baina ezer ez, Jesu
Kristoren errotikotasunera itzultzea baino beharrezkoagorik.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2011ko irailaren 4a
JESUSEN IZENEAN ELKARTURIK
Ematen
duenez, erromatar inperioaren baitan kristautasunak izan zuen hazkundeak iturri
hau izan zuen: Jesusen izenean etengabe sortzen ziren talde txiki eta kasik
ezdeusak, hau da, haren Espirituak animaturik eta haren urratsei jarraiki
bizitzeko elkartzen ziren haiek.
Dudarik
gabe, joan-etorri handikoa izan zen Pauloren, Pedroren, Bernaberen eta beste
misiolari eta profeten esku hartzea. Baita alde askotan irakurtzen ziren gutun
eta idazkiak ere. Halaz guztiz, gertaera erabakitzailea fededunen fede xumea
izan zen, izenez ezagutzen ez ditugun haiena, hau da, Jesusen oroitzapena
egiteko, haren mezua entzuteko eta Jaunaren afaria ospatzeko biltzen ziren
haien fedea.
Ez
dezagun pentsa elkarte handiak zirenik; hain zuzen, auzokoen, familiartekoen
edo adiskideen taldeak ziren, haietako baten etxean bilduak. Mateoren
ebanjelioak kontuan du zertzelada hori, Jesusen hitz hauek jasotzen dituenean: «Bi
edo hiru lagun nire izenean bilduak direnean, han nagoke ni haien artean».
Teologo
gutxik baino gehiagok pentsatzen du kristautasunaren geroa, mendebaldean, indar
handiko talde txikiak jaiotzearen baitan dagokeela: Jesusek erakarririk,
Ebanjelioaren inguruan elkartuko diren haien baitan; hain zuzen ere,
jarraitzaile berriak sortzeko Kristok duen egiazko indarra esperimentatzeko
biltzen diren haien baitan.
Kristau-fedeak
ez du izango jada sostengutzat ingurumari soziokulturalik. Eliza utzi ez
dutenen fedeak euskarri dituen lurralde-egiturak gainditu egingo dituzte
gizarte modernoaren moldeak, jendearen mugikortasunak, kultura birtuala
gizartean sartu izanak eta asteburua bizitzeko erak.
Kristautasunaren
sektorerik argitsuenak Ebanjelioan kontzentratuz joango dira, fedea eragiteko
biltegi edo indar erabakitzaile izateko. Kontzilio II.a kontzilioak berak dio:
«Ebanjelioa... bizi-iturri da Elizarentzat iraungo duen aldi guztirako». Aro
orotan eta gizarte orotan da Ebanjelioak du sortzen eta eraikitzen Eliza, eta
ez guk.
Inork
ez du etorkizuna ezagutzen. Inork ez du errezetarik ezer bermatzeko. Gaur egun
sustatzen ari garen ekimen asko laster galduko da, ez baitu euspenik izango
gizarte, sekularizatu, askotariko eta indiferentearen indarrari aurre egiteko.
Urte gutxi barru funtsezko gauzatan soilik ari ahal izango gara.
Agian,
inoiz ez bezalako indarrez oldartuko da Jesus gizarte fedegabe eta buru-ase
honetan, kristau-talde koxkor eta xumeen bidez, jendearen sufrimenduari irekiak
eta bizitza gizatarrago baten alde lan egiteko prest diratekeen taldetxoen
bidez. Dena da posible Jesus tartean denean. Oso adi egon beharko genuke haren
deiari.
Jose Antonio Pagola
HOMILIA
2008ko irailaren 7a
JESUSEN IZENEAN ELKARTU
K.o.ko 70ean Jerusalem suntsitu izanak krisi
sakona eragin zuen judu-herrian. «Jainkoaren etxea» zen haientzat tenplua.
Handik gobernatzen zuen Jainkoak, bere legea ezarriz. Tenplua suntsiturik, non
aurkitu orain Jainkoaren presentzia salbatzaile hura?
Lege-maisuak
honela erreakzionatu zuten: Legea aztertzeko egiten zituzten bileretan bilatuko
zuten Jainkoa. Ananias rabbi famatuak, 135. urte inguruan hil zenak, argiro
zioen: «Legeko hitzak aztertzeko bi lagun elkartzen diren lekuan, han dago
Jainkoaren presentzia (“Shekina”)».
Judaismotik
zetozen Jesusen jarraitzaileek beste era batean erreakzionatu zuten. Jesusi
egozten dizkion hitza batzuk gogorarazten dizkie bere irakurleei Mateok; bere
jarraitzaileen artean bere presentzia bizirik mantentzeko oso inportanteak
dira: «Nire izenean bi edo hiru lagun bildurik dauden lekuan, han nagoke ni
haien artean».
Ez da ohituraz, legea egiteko edo
esana betetzeko egiten den bilera. Topaketa honetako giroa beste gauza bat da.
«Jesusen izenean elkartzen diren» haren jarraitzaileak dira, hark
erakarririk, haren espirituak arnasturik. Jesus da topaketa horren zergatia,
iturria, hatsa, bizia. Jesus, berpiztua, presente da han.
Esan beharrik ez, kristauen
igandeko bilera krisia sakonean dagoela. Askori jasanezineko gertatzen zaio
meza. Ez du jadanik pazientziarik egintza horretan parte hartzeko, zeinetan
sinboloen esanahia ezezagun gertatzen baitzaio, zeinetan bere bizitzari ez
doazkion hitzak entzun behar izaten baititu askotan.
Jende batek meza-mota hau
bakarrik ezagutzen du: modu taldekoian aurkeztua, elizjendeak arautu eta
gidatua, zeinetan herria era pasiboan egon ohi baita, bere isiltasunera edo
bere erantzun mekanikoetara mugatua, edukiari dagokionez ulertzen ez duen
hizkuntzarekin bat egin ezinik. Hori ote «Jaunaren izenean elkartzea»?
Nolatan gerta daiteke igandeko
bilera galduz joatea ezer gertatuko ez balitz bezala? Ez ote da Eukaristia
kristautasunaren erdigune? Nolatan gertatzen da Hierarkiak ezer ez planteatzea,
ezer ez aldatzea? Nolatan gertatzen da kristauok isilik gelditzea? Nolatan
halako pasibotasuna eta erreakziorik eza? Non eragingo ote ditu Espirituak bi
edo hiru lagunen topaketak, Jaunaren izenean elkartzen erakutsiko digutenak?
Jose Antonio Pagola
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.