Gonbidatuta zaudete denak.
Konferentziako gidoia.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Urteko 25. Igandea (A)
EBANJELIOA
Ni ona naizelako
ezinikusia didazu?
+ Jesu
Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik 20, 1-16
Egun haietan Jesusek bere ikasleei esan
zioten;
«Izan ere, Jainkoaren erregetzarekin
mahasti-nagusiarekin bezala gertatzen da. Goizean goiz bere mahastirako langile
bila atera zen. Eguneko lanaren ordainetan zilarrezko txanpon bana emateko
tratua egin ondoren, mahastira bidali zituen langileak.
«Goizeko bederatziak aldera berriro atera zen
eta, beste batzuk plazan lanaren zain ikusirik, esan zien: “Zoazte zuek ere
nire mahastira, eta ordainduko dizuet bidezko dena”. Eta haiek ere joan egin
ziren.
«Atera zen berriro hamabiak aldera eta
hirurak aldera, eta gauza bera egin zuen.
«Arratsaldeko bostak aldera ere atera zen eta,
bertan batzuk geldi aurkiturik, esan zien: “Zertan zaudete hemen egun osoan
lanik egin gabe?” Erantzun zioten: “Ez gaitu inork lanerako hartu”. Hark,
orduan: “Zoazte zuek ere nire mahastira”.
«Iluntzean, nagusiak mahastiko arduradunari
esan zion: “Deitu langileei, eta emaiozu bakoitzari bere soldata, azkenekotik
hasi eta lehenengora”.
«Etorri ziren, bada, arratsaldeko
bostetakoak, eta zilarrezko txanpon bana jaso zuten. Lehenengo ordukoek, txanda
iritsi zitzaienean, besteek baino gehiago jasoko zutela uste zuten; baina haiek
ere zilarrezko txanpon bana jaso zuten.
«Orduan, nagusiagatik gaizki-esaka hasi
ziren; eta esan zioten berari: “Azkeneko hauek ez dute ordubete besterik lan
egin eta guri adina ordaindu diezu, egun osoko nekea eta beroa jasan ditugunoi
adina!” Baina nagusiak erantzun zion haietako bati: “Adiskide, ez dizut
bidegabekeriarik egiten; ez al dugu tratua zilarrezko txanpon batean egin? Tori
dagokizuna eta zoaz; zuri adina eman nahi diot azkeneko honi ere. Ezin ote dut
neure diruaz nahi dudana egin? Ala ni ona naizelako ezinikusia didazu?”
«Horrela, azkenekoak lehenengo izango dira
eta lehenengoak azkeneko».
Jaunak esana.
HOMILIA
2014ko irailaren 21a
EZ DESITXURATU JAINKOAREN ONTASUNA
Bere
ibilbide profetikoan barna, behin eta berriz azpimarratu du Jesusek nola
komunikatu behar dugun berak Jainkoaz duen esperientzia: «atzeman ezineko
ontasun-misterio» bezala, alegia; gure kalkulu guztiak hausten dituena bezala.
Haren mezua hain iraultzailea da, non, hogei menderen ondoren ere, kristau
batzuk ez baitira gai hura seriotzat hartzeko.
Jainko
On horretaz izan duen esperientzia hori gizon-emakume guztiei kutsatzeko,
mahasti-jabe baten jokabide harrigarri batekin konparatu du Jesusek bere
jarduera. Bost alditaraino irten da mahasti-jabea bera mahastirako langileak
hartzera. Ematen du ezer gutxi zaiola axola lanaren etekina. Nahi duen gauza
bakarra, langile bakar bat ere ez gelditzea lanik gabe beste egun bat gehiago.
Horregatik,
eguna bukatzean, ez die ordaindu talde bakoitzak egin duen lanaren arabera.
Haien lan-orduak oso desberdinak izan diren arren, «denario bana» eman die
guztiei: soil-soil, Galileako familia batek, bizitzeko, egun batean behar
zuena.
Lehen
taldeko bozemaileak protesta egin du, berei, inork baino ordu gehiago lan egin
dutenei, bezalako tratua eman dielako azken ordukoei, eta mahasti-jabeak hitz
miresgarri hauekin erantzun dio: «Inbidia al duzu ni ona naizelako?» Zeure
kalkulu kaxkar horietan oinarrituz, ez al didazu utzi behar ona izaten
afaltzeko beren ogia behar dutenekin?
Zer
iradoki edo adierazi nahi digu Jesusek? Jainkoarentzat ez ote dute balio guk
geure mundu honetan erabiltzen ditugun zuzentasun- eta parekotasun-irizpideek?
Ez ote da egia, guk egingo genukeen ez bezala jokatu nahi duela Jainkoak:
jendearen merezimenduak neurtzen jardun ordez, bere atzeman ezineko
Onberatasunean gure errotiko salbazio-beharrari erantzun nahi diola?
Aitortu
behar dut, egundoko pena sentitzen dudala pertsona onekin topo egin eta ikusten
dudanean nola imajinatzen duten askotan Jainkoa: alegia, gure bekatuak eta
merezimenduak zehazki idazten ariko balitz bezala, egun batean bakoitzari berea
juxtu-juxtu emateko. Imajina al daiteke, betikotasun osoan lan hori egiten
ariko litzatekeen halako pertsona baino gizatasun gabekorik?
Jainkoagan,
baldintzarik gabeko Adiskide horrengan, sinestea, imajina daitekeen
esperientziarik askatzaileena izan daiteke, bizitzeko eta hiltzeko indarrik
adoretsuena. Ostera, Jainko zorrotz eta mehatxugile baten aurrean bizitzea,
neurosi arriskutsuena eta suntsitzaileena bihur daiteke pertsona batentzat.
Ikasi
beharra dugu ez nahasten Jainkoa geure eskema hertsi eta zikoitzekin. Ez genuke
desitxuratu behar haren Ontasun atzeman ezina, Jesusek Jainkoaz agertu dizkigun
zinezko ezaugarriak Itun Zaharreko Jainko zorrotz baten ezaugarriekin nahastuz.
Jesusengan agertu zaigun Jainko Onaren aurrean, konfiantza da erantzun bakarra.
José Antonio Pagola
HOMILIA
2011ko irailaren 18a
BEGIRATU
GAUXOTIA
Argi hitz egin zien Jesusek
ikasleei: «Bila ezazue Jainkoaren Erreinua eta haren zuzentasuna». Hori zen
funtsezkoa harentzat. Halaz guztiz, ikasleei ez zitzaien buruan sartzen Jesus
Jainkoaren zuzentasunaren bila zebilela, beste maisu batzuk bezala, Israelgo legeak
eta tradizioak betez. Are gehiago, behin batean oharpen larria egin behar izan
zien: «Zuen zuzentasuna lege-maisuena eta fariseuena baino handiagoa ez bada,
ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan». Alabaina, zer esan nahi zuen Jesusek
Jainkoaren zuzentasunaz hitz egitean?
Kontatu zien parabola batek
ahozabalik utzi zituen. Mahasti-jabea behin eta berriz atera zen herriko
plazara langileak hitzartzera. Ez zuen ikusi nahi inor lanik gabe. Lehenengo
taldeak hamabi orduz egin zuen lan. Lanera azkena joandakoek, berriz, hirurogei
minutuz soilik egin zuten lan.
Halere, eguna sartzean, guztiei
denario bana emateko agindu du jabeak: familia bakar bat ere ez iluntze
horretan afaririk gabe. Guztiak harritu dira erabakiaz. Nola kalifikatu hain
lan desberdinagatik sari berdina eskaini dien jabearen jarduera hori? Ez ote da
arrazoizkoa egun osoan lan egin dutenen protesta?
Hitzartutako soldata hartu dute
langile hauek, baina, azkenekoei eman dien tratu eskuzabal hori kontuan izanik,
gehiago eskatzeko eskubidedun sentitu dira. Ez dute onartu berdin jasotzea.
Hona haien kexua: «guri bezala eman diezu». Mahasti-jabeak hitz hauekin
erantzun dio taldeko bozeramaileari: «Zure begiak gaiztoa izan behar al du,
ni ona naizelako?» Esaldi honetan bildu da parabolaren irakaspen nagusia.
Jesusen ustez, bada begiratu
gaizko, gaixoti eta kaltegarri bat, Jainkoaren ontasuna atzematea eta
guztientzat duen maitasun mugagabeaz poztea eragozten diguna. Ezin sinetsi dugu
Jainkoaren zuzentasuna, hain juxtu, honetan datzala: gure kalkulu guztien
gainetik dagoen maitasunaz gu tratatzean.
Hau da Jesusek agertu digun
Albiste Handia, inoiz ere burura etorriko ez zitzaiguna eta, halere, hain
beharrezkoa genuena entzutea. Ez dadila agertu inor ere Jainkoaren aurrean bere
merezimenduak eta eskuratutako eskubideak aurkeztuz. Denoi egiten digu harrera
ona eta denok salbatzen gaitu, baina ez geure ahaleginengatik, baizik atzeman
ezineko bere errukiagatik.
Hau zuen Jesusek bere kezka:
ikasleen begiak gai ez izatea bere Ontasun horrengan sinesteko. Egun batean
esan zien: «Zure begia txarra bada, zu zeu guztia egongo zara ilunpean. Eta
zugan den argia iluna bada, a zer iluna!» Ahaztu egin dugu kristauok. A zer
argia sartuko litzatekeen Elizan, ausartuko bagina Jainkoaren Ontasunean
sinesten, erdizkatu gabe geure begiratu gaixotiaz! A zer pozak blaituko lukeen
fededunen bihotza! A zein indartsu jarraituko geniokeen Jesusi!
José Antonio Pagola
HOMILIA
2008ko irailaren 21ea
BORONDATE ESKANDALAGARRIA
Udazkena
zen segur aski, eta Galileako herrietan mahatsa biltzen ari ziren buru-belarri.
Bere lurrik ez zuen jendea ikusten ari zen Jesus enparantzetan, eguneko soldata
irabazteko, lanerako nork hartuko zain. Nola lagundu, ordea, jende gaixo hari
Jainkoak gizon-emakume guztiez duen borondate misteriotsua suma zezan?
Parabola
txundigarri bat kontatu zien Jesusek. Hala, ahal zituen langile guztiak
lanerako hartu zituen jaun batez hitz egin zien. Jauna bera etorri zen
enparantzara behin eta berriz, ordu desberdinetan. Eguna bukatzean, lanaldia
erabat desberdina izan zen arren, guztiei denario bana eman zien: bizitzeko
familiak behar zuena.
Lehen
lanaldikoek protesta egin zuten. Ez ziren kexu diru gehiago edo gutxiago hartu
izanaz. Hau da iraingarri iruditu zitzaiena: jaunak «guri bezalako tratua
eman die azken lanaldikoei». Protesta egin zutenen bozemaileari eman zion
erantzuna harrigarria da: «Inbidia izan behar ote duzue ni ona naizelako? »
Parabola
hain iraultzailea da, non, segur aski, hogei menderen ondoren ere, ezin ausartu
baikara hura aintzat hartzen. Egia ote da Jainkoa hain ona izatea, haren
aurrean inolako merezimendurik eta egintzarik ez dutenekin ere? Egia ote da
haren Aita-bihotzak inolako pribilejiorik ez behar izatea, mahastian lan egin
dutenen lan handiago edo txikiagoan oinarritua den pribilejio-beharrik ez
izatea?
Gure
buru-eskema guztiak koloka gelditzen dira Jainkoaren maitasun aske eta
atzemanezin hori agertzean. Horregatik, eskandalagarri gertatzen zaigu,
merezimenduz beterik ageri den «jende jainkozaleaz» Jesus ahaztu eta, hain zuzen,
Jainkoaren aldetik inolako sarirako eskubiderik ez dutenengana hurbiltzen dela
ikustea: Elkargoa betetzen ez duten bekatariengana edo tenplurako bidea
ezagutzen ez duten prostituituengana.
Gu,
sarritan, geure kalkuluekin ibiltzen gara, Jainkoari guztiekin on izaten utzi
nahi ezta. Ez dugu jasaten guztiekiko haren ontasun mugagabea. Bada halakorik
merezi ez duen jenderik, gure ustez. Uste izaten dugu Jainkoak nori berea,
merezi izan duena, eman beharko liokeela, eta hura bakarrik. Baina eskerrak
Jainkoa ez den gu bezalakoa. Bere Aita-bihotzez, Jainkoak badaki guk uko egiten
diogun jende horrekin ondo konpontzen.
José Antonio Pagola
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.