Gonbidatuta zaudete denak.
Konferentziako gidoia.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Gurutz Santuaren Gorespena (A)
EBANJELIOA
Halaxe izan behar du jasoa Gizonaren Semeak.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 3, 13-17
«Ez da inor
zerura igo, zerutik jaitsi zena baizik, Gizonaren Semea. Eta Moisesek
basamortuan brontzezko sugea hagan jaso zuen bezala, halaxe izan behar du jasoa
Gizonaren Semeak, harengan sinesten duten guztiek betiko bizia izan dezaten.
«Izan ere,
Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion,
harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan.
Zeren Jainkoak ez baitzuen Semea mundura bidali mundua kondenatzeko, haren
bitartez salbatzeko baizik.
Jaunak esana.
HOMILIA
2014ko irailaren 14a
GURUTZILTZATUARI FEDEZ BEGIRA
Kristauok
gaur ospatzen dugun jai hau ulertezina da; are gehiago, zentzurik gabea,
Gurutziltzatuagan kristau-fedeak duen esanahia ezagutzen ez duenarentzat. Zer
esanahi izan lezake «Gurutzearen Gorapena» deitzen dugun jai batek, modu
bero-beroan «konforta», erosotasuna eta ongizaterik gorenena bilatzen duen
gizarte batean.
Batek
baino gehiagok egingo du galdera: nolatan bizi daiteke gaur oraino gurutzea
goratzen jarraitzea? Ez al da gainditua jada, oinazea era gaixoti horretan
goratuz bizitzea eta sufrimenduaren bila ibiltzea? Ardaztzat Kalbarioko
hilzoria eta Gurutziltzatuaren zauriak dituen kristautasuna elikatzen jarraitu
behar al dugu?
Egia
esan, arrazoizko galderak dira, argibide bat merezi dutenak. Kristauok
Gurutziltzatuari begira jartzen garenean, ez dugu goratzen, ez oinazea, ez
tortura, ez heriotza; baizik eta gure bizitza eta gure heriotza azkeneraino
partekatu nahi izan dituen Jainkoaren maitasuna, hurbiltasuna eta solidaritatea
goraipatu nahi ditugu.
Ez da
sufrimendua salbatu gaituena, baizik Jainkoaren maitasuna, Jainkoa gizakiaren
historia dolorezkoarekin solidarizatu izana. Ez da odola, egia esateko, gure
bekatua garbitu duena, baizik seme-alabatzat onartu gaituen Jainkoaren maitasun
imajinaezina. Bere maitasuna erarik hobenean agertu digun gertaera da gurutzeko
heriotza.
Gurutzearen
handitasunari begira jartzea, ez da berari auskalo zer ahalmen edo indar
misteriotsuren bat egoztea, baizik Jainkoaren beraren indar salbatzailea
aitortzea da, Jesus gizon egitean, mundua berekin adiskidetzera irten denean.
Jada
haurrak ezin besarkatu dituzten beso horiek zabalik eta jada lepradunak ezin
ferekatu dituzten eta gaixoak ezin bedeinkatu dituzten esku horiek ikustean,
kristauok Jainkoa «kontenplatzen» dugu, besoak zabalik, hainbat sufrimenduz
hautsia den gure bizitza pobre hau onartzeko, besarkatzeko eta sostengatzeko
prest.
Heriotzak
itzali duen aurpegi horretan, jada prostituituei samurtasunez ezin begiratu
dien begi horietan, hainbat abusuren eta injustiziaren biktimengatik bere
haserrea ezin oihukatu duen aho horretan, bekatarientzat bere barkazioa ezin
ahoskatu duten ezpain horietan, gizadiari dion bere maitasun imajinaezina ari
zaigu agertzen Jainkoa, beste inolako keinuz baino argiago.
Horregatik,
Gurutziltzatuari leial izatea, ez da gurutze eta sufrimendu bila ibiltzea,
baizik berak bezala bizitzen saiatzea eskaintza- eta solidaritate-jarrera,
onartuz, beharrezkoa izanez gero, ondorioz izan ditzakegun gurutzeko heriotza
edo bestelako gaitzak. Gurutziltzatuari leial izate hau ez da oinaze-irrika,
baizik esperantza-agiria. Bizitza «gurutziltzatu» baten azkena, Jesusek bizi
izan zuen bezala bizi izandakoaren zoria, piztuera da bakar-bakarrik.
Jose Antonio Pagola
HOMILIA
2008ko irailaren 14a
MAITASUNAREN GORAPENA
Gaur
kristauok jai bat txundigarria eta harrigarria ospatzen dugu. Zer zentzu izan
dezake «Gurutzearen Gorapenaz» hitz egiteak, itxuraz gozamena eta
ongizatea goratzean baizik pentsatzen ez duen gizartean? Ez ote da Gurutzea
Goratze hori oinazea laudatzea, sufrimena eta umilazioa aintzatzea, gizartean
aszesi gaixotia eragitea, bizi-pozaren aurka joatea?
Halaz
guztiz, fededun batek, Gurutziltzatuari begira jarri eta fedearen begiz
Gurutzearen baitako misterioa sakontzen duenean, egundoko maitasuna hautematen
du soilik, gure bizitzan eta heriotzan azkeneraino bat egin nahi izan duen
Jainkoaren samurtasun ulertezina. Era harrigarrian dio hori San Joanen
ebanjelioak: « Hartaraino maite izan du Jainkoak mundua, non bere Seme
bakarra eman baitu, honengan sinesten duen orok, galdu ez, baizik betiko bizia
izan dezan» Jainkoaren maitasun sinestezina agertu digu Gurutzeak. Jadanik
ezin apartaraziko gaitu harengandik ez ezerk, ez inork.
Jainkoak
gurutzean sufritu nahi izan badu, ez da sufrimena maite izan duelako, baizik
gutako inori halakorik opa ez diolako. Gurutzean hil nahi izan badu, ez da izan
zoriontasuna gutxietsi duelako, baizik guztiontzat zoriona nahi eta bilatzen
duelako, batez ere gizartean ahaztuenak eta umiliatuenak direnentzat. Jainkoak
gurutzeko hilzoria nahi izan badu, ez da izan bizia mespretxatu duelako, baizik
eta hartaraino maite izan duelako bizia, non guztiok egun batean hartaz
bete-betean gozatzea nahi baitu.
Horregatik,
Kristoren Gurutzea beste inork baino hobeto ulertzen dute gizarteko
gurutziltzatuek, hau da, beren ezintasunean umilazioa, mespretxua eta
zuzengabekeria jasaten dutenek edota maitasun-, alaitasun- eta bizi-premian
bizi direnek. Horiek gaur Gurutzearen Goratzea ospatuko dute, ez oinazearen eta
heriotzaren jai bezala, baizik maitasunaren eta biziaren misterio bezala.
Zeri
heltzen edo atxikitzen ahal gintzaizkioke baldin eta Jainkoa izaki ahaltsu eta
buru-ase huts bat izango balitz, lurreko boteretsuen oso antzeko bat, nahiz
hauek baino indartsuago izan? Nor izan genezake kontsolamendu, Jainkoa
biktimekin eta biktimen baitan sufritzen ari dela jakingo ez bagenu? Nolatan ez
dugu, ba, goratuko Jesusen gurutzea, jakinik hartan Jainkoa gurekin eta
guregatik sufritzen ari dela?
Jose Antonio Pagola
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.