Joan den Urriaren 2an, Kepa Apostolu deunaren parrokian, Jose Antonio Pagolak “Volver a Jesucristo. Iniciar la reacción” izenburuko itzaldia eman zigun.
Hemen sakatuz hartaz goza dezakezue.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------------
José Antonio Pagolaren homiliak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, José Antonio Pagolaren homiliak irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan A Zikloa, B Zikloa edo C Zikloa aukeratu, zikloaren homiliak irakurtzeko.
-----------------------------------------------------------------------------------------------------------
Jaunaren Bataioa (B)
EBANJELIOA
Zu
zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin.
+
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Marcos liburutik 1, 7-11
Denbora haietan, Joan Honela hots egiten
zuen:
«Nire ondoren dator ni baino ahaltsuago dena,
eta ni ez naiz inor makurtu eta haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere.
Nik urez bataiatu zaituztet; hark, ordea,
Espiritu Santuaz bataiatuko zaituzte».
Egun haietako batean, Jesus etorri zen
Galileako Nazaretetik, eta Joanek bataiatu egin zuen Jordanen. Jesusek,
uretatik ateratzerakoan, zerua urratzen ikusi zuen eta Espiritua, uso-tankeran,
beregana jaisten.
Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Zu zaitut
neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin».
Jaunak esana.
HOMILIA
2015ko urtarrilaren 11an
ENTZUN ESPIRITUAK ZER DUEN ESATEN
Lehen
kristauek konbentzimendu osoa zuten, ezen Jesusi jarraitzeko ez dela aski urez
bataiatua izatea edo antzeko erritu bat. Jesusen Espiritu Santuak blai eginik
bizi behar du haren jarraitzaileak. Horregatik, hainbat eratara jaso dira
Ebanjelioetan Bataiatzailearen hitz hauek: «Nik urez bataiatu zaituztet, baina
hark (Jesusek) Espiritu Santuaz bataiatuko zaituzte».
Ez da
harritzekoa, lehen kristauek, beren krisialdietan, modu berezian gogoratu izana
ezen Espiritua gidari, sostengu eta indar izanik bizi beharra zutela.
Apokalipsi liburuak, Domiziano enperadorearen agintepean Elizak bizi izandako
urte kritikoetan idatzia den hark, behin eta berriz errepikatu die kristauei:
«Belarririk duenak entzun dezala zer dien esaten Espirituak Elizei».
Bizitzen
ari garen inoiz ez bezalako kultur aldaketa hau inoiz ez bezalako leialtasuna
ari zaigu eskatzen kristauoi gaur egun Jesusen Espirituarekiko. Krisiari buruz
estrategiak eta errezeta automatikoak asmatzen hasi aurretik, hau aztertu beharko
genuke: zer harrera ari gara egiten gaur Jesusen Espirituari?
Haziz
doan sekularizazioaz behin eta berriz lantuka jardun ordez, hau dugu aztertu
beharra: zein bide berriren bila ari da gaur Jainkoa gure garaiko
gizon-emakumeekin egoteko?, nola behar dugu berritu fedea hausnartu, esan eta
bizitzeko modua, gizakiak bihotzean sumatzen dituen galderei, duda-mudei eta
beldurrei Jainkoaren Hitzak erantzun ahal diezaien?
Azken
punturaino moldaturiko egitasmoak landu aurretik, eraldatu beharra dugu egungo munduarekiko
geure begirada, geure jarrera eta geure harremanak. Jesusen antzekoago izan
beharra dugu. Haren Espirituak molda gaitzan utzi beharra. Jesusek bakarrik
eman diezaioke Elizari beste aurpegi bat.
Jesusen
Espirituak bizi-bizi eta eragile jarraitzen du gaur ere jendearen bihotzean,
Elizatik erabat urrundu direnekin nolako harremanak dituen geure buruari
galdetzen ez badiogu ere. Guztientzat, «Jesusen Eliza» izaten ikasteko ordua
iritsia da, eta hark bakarrik irakats diezaguke hori.
Ez
gaitezen mugatu krisiaz hitz egitera. Ari dira sortzen egoerak, zeinetan
ebanjelioaren muinak oihartzun-hots berria izan baitezake. Eliza hauskorrago,
ahulago eta umilago batek ekar dezake Jesusen Espiritua modu egiazkoagoan
ulertua eta onartua izatea.
José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain
HOMILIA
2011ko urtarrilaren 8an
JESUSEN ESPIRITUA
Judu-herriak
krisialdi handia bizi zuen une batean agertu zen Jesus Galilean. Denbora asko
zeraman Jainkoaren urruntasuna sentituz. Zerua «itxia» zegoen. Ematen zuen ezin
ikusizko murru antzeko batek eragozten ziola Jainkoarekin komunikatzea. Inor ez
zen gai haren ahotsa entzuteko. Ez zuten jada profetarik. Ezin zuen inork hitz
egiten Espirituak eraginda.
Hauxe
zuten gauzarik gogorrena: Jainkoa beraietaz ahaztu egin zela uste izatea.
Israel herriaren arazo Jainkoari bost axola ote zitzaion. Zergatik zegoen
ezkutuan? Zergatik hain urrun? Apika, jende askok zuen gogoan antzinako profeta
baten otoitz hau: «Ai zerua urratu bazeneza eta jaitsiko bazina!»
Markosen
ebanjelioa entzun zuten lehenengo kristauak harriturik geldituko ziren, noski.
Markosek kontatzen duenez, Jordan ibaiko uretatik irtetean, bataioa hartu
ondoren, Jesusek «zerua urratzen ikusi zuen»
eta «bere gainera Jainkoaren Espiritua
jaitsi zela» sentitu zuen. Azkenean, posible zen Jainkoarekin topo
egitea. Bazen lurrean Jainkoaren Espirituak hartua zuen gizon bat. Jesusen
zeritzan eta Nazaretetik zetorren.
Jesusen
gainera jaitsi den Espiritu hori bizia kreatzen duen Jainkoaren hatsa da,
bizidunak berritzen eta sendatzen dituena, guztia eraldatzen duen maitasuna.
Lehen kristauek ez zuten nahi Bataiatzailearen ikasletzat har zitzaten. Jesusen
Espirituak bataiatutzat zuten beren burua.
Espiritu
hori gabe dena itzalia da kristautasuna. Galdu da Jainkoarekiko konfiantza.
Fedea ahuldua. Iraganeko pertsona huts bilakatzen da Jesus, bizirik gabeko
letra bihurtzen da Ebanjelioa. Maitasuna hoztu, eta Eliza erakunde erlijioso
bat gehiago baizik ez.
Jesusen
Espiriturik gabe, askatasuna itoa da, poza itzalia, ospakizuna ohitura huts
bihurtua, elkartasuna hautsia. Espiriturik gabe, misioa ahaztu egiten da,
esperantza hil, beldurra handitu, Jesusi jarraitzea erdipurdiko gauza erlijioso
bihurtzen da.
Gure
arazorik nagusiena Jesus ahaztu izana da, haren Espirituaz ez arduratzea. Oker
handia da antolatzearekin, lanarekin, debozioarekin edo mila eratako
estrategiarekin lortu nahi izatea Espirituagandik bakarrik jaio daitekeen hura.
Sustraietara itzuli beharra dugu, Ebanjelioa bere freskotasun eta egiatasun
osoan berreskuratu beharra, Jesusen Espirituan bataiatu beharra.
Ez
dezagula engaina geure burua. Espiritu honi ez badiogu uzten biziberritu eta
birsortu gaitzan, kristauek ez dugu izango garrantzizko inolako ekarpenik gaur
egungo gizartearentzat, hain barnetasun gabea eta maitasun solidariorako hain
gaitasun gabea eta hain esperantza-beharrean den honentzat.
José Antonio Pagola
José Antonio Pagola Itxaldiaren Bideoak ikusteko:
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Iruzkinen argiltapenak blogaren administratzailaren onarpena eskatuko dute.